Helburuak eta ibilbidea

 

 

 

Aldizkariaren helburu nagusia euskararen berreskurapen eta normalizazio lanetan diharduten eragileak soziolinguistikan eta glotopolitikan janztea da. Horretarako Euskal Herriko nahiz atzerriko (bereziki Europako) ekarpen esanguratsuak biltzen ditu.

BAT aldizkaria soziolinguistikan nahiz glotopolitikan espezializatutako aldizkaria da eta 1989an sortu zen Donostian. Bere sorreraz geroztik, urtero batez beste lau zenbaki eman ditu argitara, soziolinguistikaren eremuan Euskal Herrian zein atzerrian landutako eredu teorikoak, esperientziak eta erreferentziak eskainiz.

Soziolinguistika alor aski disziplinartekoa denez aldizkariak ahalegin berezia egiten du aniztasun horri bide ematen, bai gaiei dagokionez, bai egileei dagokionez. Honela, aldizkariaren orrietan jurilinguistikan katedradun denaren gogoeta sakonak edo normalizazio ekimen bat burutu duen eragile baten azalpen xehea topatuko dituzu.

Aldizkariaren helburua euskararen berreskurapen bidean eragile direnei oinarri teoriko espezializatua eskaintzea izan da, horregatik, besteak beste, honako edukiak lantzen eta argitaratzen ditu:

  • Euskararen normalkuntzan giltzarri diren gaien inguruko dossier Bereziak
  • Euskal Herriko nahiz mundu mailako adituen ekarpenak
  • Normalkuntza esperientziei buruzko lanak
  • Mundu osoko erreferentzia glotopolitikoak
  • Soziolinguistikan aditu direnei elkarrizketak
  • ...

Aldizkariak arreta berezia jarri nahi du, beraz, Euskal Herriko mugetatik kanpo, Europan bereziki, gertatzen denari eta burutzen ari diren esperientziei. Honela, aldizkariaren zenbaki askotan Euskal Herriari buruzko lanez gain atzerrikoak ere topatuko dituzu, dossierreko gaiaren inguruan atzerriko herri baten errealitateari.

Licencia de Creative Commons
Obra hau Creative Commons Aitortza-EzKomertziala-ObraDeribaturikGabea 4.0 Nazioarteko lizentziapean dago.