"Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak" jardunaldia azaroaren 22an Donostian

Azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. Arnasguneek funtzio sozial ahalik eta gehienak euskaraz betetzeko aukerari eusten diote, eta ezinbestekoak dira hizkuntza-komunitatearen garapenerako. Hala berresten dute soziolinguistika arloko teoriek eta ikerketek.

Euskal Herrira begira jarrita, arnasgune bezala izendatutako herrietan, badago herri multzo bat gaur egun arnasgune izateko baldintzak bete arren benetako arnasgune izatetik urruntzen ari dena, batez ere euskararen erabilerari dagokionez. Herri horietako asko, gainera, eskualde-buruak dira, eta herri-tipologia horrek ere euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da.

Soziolinguistikaren eremuan ugari izan dira aipatutako gaiei eskainitako lanak: jardunaldiak, ikerketak eta artikulu zientifikoen berri izan da, tokiko errealitate zehatzen ingurukoak edo horien arteko alderaketaz ikuspegi zabalagoa landu dutenak. Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emandako datuak ere ezagutu dira duela gutxi, arnasguneen eta udalerri euskaldunen bilakaerari erne jarraitu eta esku hartzearen beharra azpimarratu dutenak.

Hau guztia kontuan izanik, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia elkarlanean gai honi eskaintzea erabaki dute. Lan-ildo horretan argia jartzen lagun dezaketen azken ikerketak ezagutu, aurrera egiteko dauden baldintzak baloratu eta gaia lantzen dihardutenen artean ikuspuntuak partekatzeko gune izan nahi du hitzorduak. Horretarako, hitzaldi-aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaile guztien arteko aurrez aurreko topaketarako espazioak izango dira.

ARNASGUNEAK ETA UDALERRI EUSKALDUNAK: GAURKO ETA BIHARKO ERRONKAK

IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

UEMA-Soziolinguistika Klusterra

2017ko Azaroak 22 – Karlos Santamaria Zentroa (Donostia)