Leire Diaz de Gereñuk ISLRF-ren jardunaldietan parte hartu du Bretainian

Estatu Frantsesean inmertsio bidez irakasten duten eskolen formazioa eta ikerketa bultzatzen duen ISLRFk (Institut Supérieur des langues de la République Française) bi urtetik behin jardunaldiak antolatzen ditu. Aurten martxoaren 23 eta 24 bitartean Kemperren (Bretainian) burutu diren jardunaldiek esangura berezia izan dute, Diwan eskolen 40. urteurrenaren ospakizunen erdigune izan dira eta. Zorionak gure aldetik Diwan eskolei!

Leire Diaz de Gereñu EHUko ikerlariak Berbekin proiektuaren baitan burututako azpi-ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen. Proiektu hau Soziolinguistika Klusterraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean ari da gauzatzen 2014tik. Hainbat ikastetxetan hizkuntza arlokoak ez diren bestelako ikasgaietan baliatzen diren materialak aztertu dira galdera honi erantzun nahian: erabiltzen ditugun testu-liburuek zenbat eta nola laguntzen dute ahozko hizkuntzaren erabileran eta lanketan? Kenperren egindako aurkezpena hizkuntza arlokoak ez diren irakasleez osatutako mintegian egin da, eta, Berbekin proiektuaren emaitzek harrera ezin hobea izan du.

Hizkuntza gutxituen inmertsio bidezko pedagogia eta didaktikaren esparruetan egin diren aurrerapenez gain, jardunaldietan Diwanetako ikasle eta ikasle ohien hizkuntza jarrerak sakon lantzeko aukera izan dela azpimarratu behar da. Gazteak izan dira protagonista jardunaldiei amaiera eman dion mahai-inguruan, hizkuntzarekiko dituzten jarrera eta praktikak mintzagai zirela. Hala, irakasle, gazte eta adituen arteko eztabaida zolia eta aberasgarria izan da oso.