Nafarroako euskara teknikariekin tailerra, hizkuntza-aktibazioari buruz

Soziolinguistika Klusterrak Euskarabidearekin eta Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sarearekin batera antolatu du hizkuntza-aktibazioari buruzko tailer telematikoa. Bertan, Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa ikerketaren emaitzak izan dira hizpide.

Ikerketa-proiektu hori 2015-2019 urte bitartean garatu zen, eta bi emaitza nagusi utzi zituen: alde batetik, herritarrak euskararen jiran aktiba daitezen, garrantzitsu diren gakoak identifikatu ziren, eta, beste alde batetik, aktibazio-horretarako balizko prozesu bat proposatu zen.

Nafarroako euskara teknikariek ekarpenak egin dizkie ikerketa-ildoari, eta euren egunerokoan, tokian toki, dituzten erronkei aurre egiteko gakoak identifikatu ahal izan dituzte. Tarte atsegin eta emankorra izan da, eta gaian sakontzeko interesa berretsi da.

Ikerketaren bidez eskuratutako ezagutza baliagarri suerta daiteke tokian toki euskararen aldeko eragiletza sustatu duten taldeentzat: euskara batzordeak, elkarteak, administrazioko langileak eta bestelako eragileak. Horregatik, ikerketa-emaitza horiek hainbat euskarritan irakur daitezke: ikerketaren txostenak (hainbat hizkuntzatan), esku orri tolesgarria, baita artikulu zientifikoen formatuan ere (BAT Aldizkarian).

Aktibaziorako gakoak eta prozesua modu laburrean jasotzen dituen esku orriaren paperezko bertsioa jaso dute Nafarroako Euskara Zerbitzuek nahiz Euskarabideak. Egunerokoan kontsultagai izateko eta lana errazteko bokazioz sortu da esku orria; beraz, behar eta nahi duen orok eska dezake paperezko euskarrian.

Materialak eta informazio osagarria: http://www.soziolinguistika.eus/aktibazioa