Soziolinguistika EHUren uda ikastaroetan: matrikula zabalik

Urtero bezala, EHUren uda ikastaroen aurtengo edizioan bi aukera eskainiko ditu Soziolinguistika Klusterrak.

Batetik, uztailaren 4 eta 5ean Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Etxean Zer egin ahozko komunikazioa eskolan lantzeko? tailerra izango da. Bertan hizkuntza normalkuntzaren ikuspegitik, ahozko hizkuntza eskolan lantzeko garaian baliagarri gerta daitezkeen egiteko moduak aurkeztu eta esperimentatu nahi dira. Hala, gai honetan sakontzeko tresnak behar eta nahi dituen irakasle eta zuzendaritzako edota gainerako kideei begira jarrita sortutako proposamena da. Tailer honek “Ahozko komunikazioa eskolan: azken hamarkadako ikerketa eta esperientzia berriak” 2015eko ikastaroaren jarraipen praktikoa izan nahi du eta bidez batez, 2016 eta 2017ko udako tailerrean izandako eskarmentua berrekarri.

INFORMAZIO GEHIAGO ETA MATRIKULAZIOA: soziolinguistika.eus/ahozkotasunaikastaroa

Bestetik, Jendaurrean Erabili proiektuan lantzen denaren ildotik, Jendaurreko euskarazko komunikazioa: praktikatik ikasten ikastaroa eskainiko da Bilboko BIzkaia Aretoan, uztailaren 9 eta 10ean. Norabide anitzeko komunikazioaren eta hizkuntza aniztasunaren testuinguruan bizi garen honetan,komunikazio publikoan euskararen erabilera areagotzeko xedearekin bat egiten duten enpresa, elkarte, eta hedabideen arteko harremanetik eta elkarrekintzatik aurrera urratsak emateko aukerak zabaldu daitezke. Ikuspegi horri erantzuten dio ikastaroak. Jendaurreko egoeratan hizkuntzak erabiltzeko dauden praktikak ezagutu eta hauetan euskararen erabilera areagotzeko asmoa duten erakundeetako komunikazio arduradunei, euskara-aholkulariei, hedabideetako langileei eta ikertzaileei zuzentzen zaie egitaraua.

INFORMAZIO GEHIAGO ETA MATRIKULAZIOA: soziolinguistika.eus/jendaurreanikastaroa

EHUren uda ikastaroen eskaintza osoa, albisteak eta bestelakoak: www.uik.eus