Euskara biziberritzeko proiektuak Eleaniztasunari buruzko Nazioarteko I. Konferentzian Frisian

Fryske Akademy eta Afûk erakundeek, Ljouwert/Leeuwarden hirian 2018ko Europako Kultur Hiriburuaren programaren baitan antolatu dute Konferentzia. Lau egunetan zehar hizkuntzekin lotutako gai desberdinak landu dituzte De Harmonie aretoan. Apirilaren 23 eta 24an frisieraren ikuspegi historikoa eta literatura gaietan murgildu dira parte hartzaileak. Apirilaren 25 eta 26an, berriz, bi eguneko Nazioarteko Konferentzia egin da, Eleaniztasunaren inguruan.

Imanol Larrea eta Asier Basurtok parte hartu dute Soziolinguistika Klusterraren ordezkari gisa. Beste hizkuntza komunitateetan eta nazioarteko sareetan soziolinguistika arloan garatzen ari diren ikerketak ezagutu eta harremanak lantzeaz gain, azken urteetan Euskal Herrian egindako lau proiektu aurkeztu dituzte Konferentzian.

Imanol Larreak tokian tokiko hizkuntza-aktibazioaren gakoak aurkeztu ditu, alde batetik. Bestetik, Aldahitz proiektua eta Eusle metodologiaren inguruko aurkezpena ere egin du.

Asier Basurtoren lehen aurkezpena Jendaurrean Erabili proiektuaren ingurukoa izan zen. Eta bigarren saio batean, hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko metodoaren xehetasunak eta Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu zituen.

Konferentziaren egitarauari dagokionez, nazioarte mailako zenbait ikerlari erreferentek eman zituzten hitzaldi nagusiak; hala nola, Jim Cummins, Durk Gorter, Itesh Sachdev, Jasone Cenoz, Daniel Cunliffe, John Edwards eta Yaron Matras.

Horiez gain, Europa osotik heldutako ikerlarien aurkezpenak izan ziren. Saio paralelo laburretan landu ziren eleaniztasuna, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntzen biziberritzearen esparru desberdinak: hezkuntza, praktika eleanitzak, sare sozialak, sustapena, aholkularitza…

Soziolinguistika Klusterreko kideez gain, Euskal Herritik heldutako beste hainbat pertsonak parte hartu zuten Konferentzian. Han izan ziren DREAM ikerketa-taldeko zenbait kide (Jasonez Cenoz, Durk Gorter eta Karin van der Worp), EHUko Felix Etxeberria eta MUko Julia Barnes.

Bikain antolatutako Konferentzia izan zen; eduki aldetik erabat interesgarria eta harreman aldetik emankorra. Aurrera begira zabaltzeko ikerlerro posibleak aztertzeko eta beste hizkuntza-komunitateekin lankidetzari ateak zabaltzeko baliagarria izan zen.

Louwert (Leeuwarden) Europako Kultur Hiriburua da 2018an eta  frisieraren lurraldearen hiriburu izanik, toki berezia egiten ari zaio hizkuntza aniztasunaren gaiari. Testuinguru horretan ari da garatzen Lân Fan Taal proiektua. Proiektu hau da hizkuntzen inguruko ekimenak biltzen dituenoa. Euskararen biziberritzean diharduten eragileekin harremanak ere ugariak dira (neurri batean Donostia 2016ren baitan abiatutakoak). Etxepare Institutua, Euskaltzaleen Topagunea eta Donostia Kultura, esaterako, frisiarrekin batera ari dira lanean.