Hurrengo lau urteetarako ikuspegia lantzeko Hausnarketa Estrategikoa abiatu du Soziolinguistika Klusterrak

2016-2019 epealdiko plan estrategikoa amaitutzat eman ostean, erakundeak hurrengo urteetan jarraituko duen norabidean adosteko prozesua da hausnarketa estrategikoa. Klusterraren zuzendaritzak, bazkideek, babesleek, kolaboratzaileek eta langileek parte hartzeko denetariko hausnarketa gune eta uneak aurreikusi dira prozesuan. 2019ko azaroa eta 2020ko apirila arteko epea izango du hausnarketak.

Pasa den urtarrilaren 10ean Andoaingo Martin Ugalde Parkean, adibidez, Klusterra osatzen duten pertsona eta eragile sare zabalaren ordezkari gisa 45 pertsonak parte hartu zuten aurreko plan estrategikoaren balantzea eta aurrera begirako ikuspegia jorratzeko saioan. Saio honen eta hausnarketa prozesuaren dinamizaziorako Manah Manah enpresaren aholkularitza eta laguntza jasotzen ari da Soziolinguistika Klusterra.

Hurrengo aste eta hilabeteetan urrats berriak emango dira eta maiatzean egingo den Batzar Orokorrean plan estrategiko berria onartutzat ematea da asmoa.