Ulerrizketa eta Eusle metodologien mintegia (Gasteiz, 2019/10/30)

Aldahitz proiektua 2010. urtetik dago martxan Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean. Urriaren 30ean Gasteizko Goiuri Jauregian proiektu horretan gaur arte hizkuntza-ohiturak aldatzeko garatutako bi metodologiak gertutik ezagutzeko aukera izan da.

Goiz osoko lan mintegian, proiektuaren garapenean diharduen lantaldeak jardun du egindako lanaren berri ematen. Nerea Ibarluzea (Ahize-AEK) eta Estiñe Astorkiak (Artez) azaldu dute nola osagarritzen diren Aldahitzeko tresna metodologikoak sistema integral bat osatuz.

Pello Jauregik, proiektuaren zuzendariak, Ulerrizketa metodologiaren oinarriak eta erabiltzen dituen irizpideak azaldu ditu. Euskaraz ulermen maila ertaine dutenekin euskaraz egitea ahalbidetzen duen tresna da ulerrizketa. Berriki kaleratu den argitalpena, metodologia praktikan jarri duten pertsonen lekukotzak eta formazio gisa baliatzeko bideo-tutorialak ere aurkeztu dira saioan.

Proiektuaren koordinatzaile den Pablo Suberbiola Eusle metodologiaren aurkezpenaz arduratu da. Badira urte batzuk metodologia gisa argitaratua izan zenetik eta erabili zain duten lantokietako pertsonen lekukotzak ezagutzeko aukera ere izan da.

Amaitzeko Kristina Pavo (Emun) eta Juanjo Perezek (Elhuyar) bi metodologia hauetan oinarritutako esperientziak martxan jartzeko urratsak errepasatu dituzte, arrakastarako zenbait gako azpimarratzearekin batera.

140 pertsona inguru izan dira mintegian partaide. Euskara planak kudeatzen dituzten aholkularitzetako kideak, administrazio publikoko teknikariak, lan-munduko denetariko eragileak, hizkuntza-politikako eragile eta arduradunak...

Eusle eta Ulerrizketa metodologiekin lotutako mateialak (argitalpenak, bideoak...) eta mintegiko aurkezpen nahiz bideoak eskuragarri daude Soziolinguistika Klusterraren webguneko Aldahitz proiektuaren atalean.