Zenbakia

Donostria-Baiona Eurohiria

PDF formatuan eskaintzen da.

HITZAURRE GISA 47 ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Oraingo zenbakian “Baiona-Donostia Eurohirian euskarak zer” da aztergai nagusia dosierraren atalean, eta bestelako artikuluak “Gurean” izeneko bigarren atalean ditugu. Baiona-Donostia Eurohiria zer den eta euskararekin nola lotzen den jakiteko daude lehen artikuluak eta baita zenbait adituren iritziak ere. Hitzaurrean adieraziko dira, batipat, sortzen ari diren zenbait gauza berri (aipaturiko Eurohiria, esate baterako), azken urteotan sorturiko zenbait gauza zaharren ondoan. DOSIERRA atalean sartzen den lehen artikuluak Eurohiria Europako Batasunean (EB) nola eta zertarako sortu zen adierazi nahi du, Eurohiriaren Liburu Zuria laburtuz. EBren garapenean itxuraz kontraesanekoak diren zenbait joera azaltzen dira gaur egun; horien artean: 1) batasuna lortzea zentzu guztietan, nahiz eta esparru batzuetan bakarrik nabaritu oraingoz; 2) horretarako behar diren maila ezberdineko azpilurraldeak sortu; 3) hau guztia, gaur egun dirauten muga tradizionalak ezabatuz, teorian praktikan baino gehiago bada ere.


Donostia-Baiona Eurohiria planaren aurkezpena

Larraitz Garmendia
Oharra: Artikulu hau Baiona-Donostia Eurohiriaren Liburu Zuriaren txostenaren laburpena da, eta Baiona-Donostia Eurohiriaren Aholkularitza Bulegoak argitaratu du (agency@eurocity.gipuzkoa.net). Eurohiria aurkezten duen beste txostenik ez dugu aurkitu. Hizkuntzaren inguruko gaiez hausnarketa egiteko mintegi bat burutu zen 2002ko maiatzean Donostian eta Baionan; gaiaren inguruan Maria-Jose Azurmendik egindako gogoeta aldizkari honetan bertan duzu. ABIAPUNTUA: bi lurralde mugakide Abiapuntutzat bi lurralde errealitate desberdin eta “urruneko�» ditugu… nahiz mugakide. Hain gertu eta hain urrun daudenak. Muga tarteko duten bi lurralde, goi-mailako erabaki politiko baten ondorioz (Europa eraikitzeko prozesua), etorkizun “komuna�» eta ustez hobea izatera behartuta daudenak. Europar estatu nagusiaren lehen hipotesia da hemen abiapuntutzat hartzen duguna.


Eurohiriaren hizkuntza-egoera, 2001eko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera

Jon Aizpurua, Xabier Aizpurua
SARRERA Eurohiria Gipuzkoako 17[1] udalerrik eta Lapurdiko 25ek[2] osatzen dute; guztira, beraz, 42 udalerrik. Eurohirian 15 urtetik gorako 504.000 lagun bizi dira, horietako gehienak (%68,6) Gipuzkoan, %18,8 Baionak, Angeluk, eta Miarritzek osatzen duten hiri-aglomerazioan (BAMen, hain zuzen) eta %12,3 Lapurdiko mendebaldean. Aurrerantzean, hiru gune horiek bereiziko ditugu datuen irakurketa egiteko. Izan ere, ezaugarri oso desberdinak dituzte, jarraian ikusiko dugun bezala.


Euskara eta euskal eurohiria: Ipar Euskal Herriko ikusmolde bat

Erramun Baxok
1992an, Iparraldea antolaketa dinamika batean sartu zen Euskal Herria 2010 prospektibaren bidez, eta denbora berean gure nortasun kolektiboa berriz definitu genuen, euskarari eta euskal kulturari lehen tokia emanez. Dinamika honen guztiaren bilakaera hiru idazkitan aurki daiteke: lurralde antolaketaren eskema, Baiona-Angelu-Biarritz elkarteko 2001 egitasmoa, eta euskal eurohiriaren liburu zuria (Le Schéma d’aménagement linguistique, 1996; District BAB, projet 2001: le Livre blanc de l’Eurocité Basque, 1997). Urraspide hau laburbilduz, esan dezakegu lurralde antolaketak hizkuntz politika hitzartu bat eman digula. Baina gero, hirigintzak muga gainditu duelarik, Eurohiriaren egitasmoarekin ohartu gara Euskal Herriak ez daukala eremu guztia estaltzen duen hizkuntzarik. Hizkuntzen dinamikaz gogoeta sakona egin behar dugu muga kultural hori gainditzeko.


Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan (2002)

Maria-Jose Azurmendi
SARRERA “Bayonne-San Sebastian Eurocité Basque / Euskal Eurohiria / Eurociudad Vasca�» izeneko erakundeak baditu hamar urte, nahiz eta gutxi izan orain arte egin duena eta gutxi izan ezagutzen dutenak ere. Europako Batasunean (EB) bultzatzen ari diren herrialde mugakideen arteko lurraldetasunen artean bat Euskal Eurohiri hau da; kasu honetan, Bidasoa mugaz bi aldeko herrialdeek jasotzen dute: Baiona-Angelu-Miarritze mutur batean, Hendaia-Hondarribia-Irun erdigunean, eta Donostia beste muturrean. 1999. urtean mugaz bi aldeko agentzia bat sortu zuten Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren garapenarako. Agentziaren zeregina da, besteak beste: informazioa bildu eta zabaldu, gogoetak egin, eztabaidak egiteko deialdiak zabaldu, helburuak lortzeko laguntza eman, etab. Horrela, aurretik beste zenbait alorretan egin bezala, “hizkuntzekiko�» ere eztabaida-gune izateko asmoarekin, 2002. urtean bi eguneko mintegia antolatu zen, dagokien erakunde guztiei eta hizkuntzaren arloko aditu batzuei deia zabalduz: “Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan�» deitu zena, hain zuzen ere. Ekintza honi buruz mintzatuko da artikulua, gehienbat.


Baiona-Donostia Eurohiria: gune eleaniztuna

Gotzon Egia
IPARRALDEAREN HEGOA, HEGOALDEAREN IPARRA Orain hamar bat urte abiatu zen, lehenengoz, Baiona-Donostia Euskal Eurohiria sortzeko eta gauzatzeko proiektua. Artean, Europa Batuaren garapena gaur baino atzerago zegoen, mugak muga ziren oraindik, eta mugaz gaindiko lankidetza proiektu batek jende gehienaren begietara ez zuen zentzu handirik, ez eta aurrera egiteko ikuspegi argirik ere. Gerora, Europa eraikitzeko prozesuan, garrantzi handiko bi erabaki hartu dira Europako Batasunaren barnean: bata, estatuen arteko muga politiko eta administratiboak ezabatzea, eta bestea, euroa ezartzea. Egun, estatuen arteko muga zaharren bi aldeetara dagoen Euskal Eurohiriak zentzu berri bat izan dezake: mugaren hegoaldean nahiz iparraldean Eurohiriak biltzen dituen lurraldeen borondate hutsaz gaindi, badago alde biak definitzen dituen izatasun bakar bat, Europarena alegia.


Eleaniztasunaren erronkak eurohirian: komunikazio etenak eta mugaz gaindiko joera berriak

Aitzpea Leizaola
Mugaldea behatoki aparta da hizkuntzen erabilera eta funtzioak ikertzeko: mugaz gaindi hedatzen diren hizkuntz komunitateak, estatu mugakideek hizkuntza nazional gisa hautatukoen arteko harremanak... Azken hauei dagokionez, mugak definitzen du euren eremua administrazio alorrean, hezkuntzari eta orokorrean eguneroko bizitzari dagokionez ere. Banaketa hau, ordea, ez da inoiz zehatza ez definitiboa izaten, muga politikoek nekez egiten baitute bat kultur eta hizkuntz komunitateekin, euskaldunok ondo dakigun moduan. Jarraian, mugaldea eta mugaz gaindiko hizkuntz jarduna izango dugu hizpide. Lehenik eta behin, border studies delakoan antzemandako hutsunea izan du abiapuntu honako lan honek. Zuzenki hizkuntzaren ikerketarekin lotuta ez dagoen arren, harrigarria da ikerketa lerro honetan orain artean ganorazko ikerketarik egin ez izana hizkuntz jardunaren inguruan. Bada beste hutsune aipagarri bat ere: erakunde supranazional deiturikoak, hau da, Europar Batasuna gisako nazioz haratagoko erakundeak, zientzia politikoen zein antropologiaren eskutik ikertzerakoan, hizkuntzari arreta gutxi eskaini izan dio. Oro har, mugaz gaindiko testuinguruetan hizkuntzaren inguruan dagoen ikerketa falta ikusirik, txalotzekoa da gisa honetako zenbaki monografikoak prestatzea. Bestalde, mugaldean burututako antropologia doktoregorako lekuan lekuko lanak bultzaturik, lan honen xedea ikertzeke dauden zenbait gertaera agerian jartzea da. Egungo egoera soziolinguistikotik abiatuta euskal eurohiria deritzon mugaz gaindiko esparruan kokatuko gara. Lehen hurbilketa honetan, batik bat, hezkuntzari lotutako hizkuntz jarduerak eta mugaz gaindiko harremanak izango dira ardatz.


‘MUGAZ GAIN’

Arantxa Alkorta, Jügen Wolff, Petra Zimmermann
SARRERA TANDEM izenez ezagutzen den metodoak, guztira, 25 ikastetxe eta onarpen publikoa duten elkarteei, eta unibertsitateko 15 proiekturi ematen die izena. Hizkuntzen ikasketan elkartrukea oinarritzat duen metodologia didaktikoa da Tandem. Ez da, ordea, elkartrukea soilik egiten; ikastaroak antolatzen dira lurralde ezberdinetako bi talde batera bilduz: esate baterako, Donostian alemaniera ikasi nahi duten euskaldun nahiz erdaldunak, eta gaztelera ikasten ari diren alemanak (tamalez, euskara ikastera bizpahiru aleman besterik ez dira etortzen urtero) egunero 2 orduko jardunaldietan biltzen dira, ordubetez gaztelera eta beste ordubetez alemaniera lantzeko. Ikastaro hauetan ekintza kulturalak nahiz bestelako eztabaidak izan daitezke mintzagai.


Baiona-Donostia Eurohiria eta euskara

Jokin Apalategi
Azken urteetan, eurohiriaz barra-barra ari gara Euskal Herriaren herrialde desberdinetan ditugun erakunde unibertsitario eta ikerketa jakintsuen kolektiboek eratutako hainbat batzarretan. Baina, hain erabilia delako, hain zuzen, beharrezko deritzot kontzeptu horrekin zer ulertzen den galdetzea edo hori darabilgunok esanahai bera adierazteko darabilgun jakitea. Gure “herritar ulermenean�», hurbileko herriarenean, euskaldunok bere baitan atxikitzen gaituzten estatuen barnean, alegia, hiria, hasteko eta behin, tokiaren adierazle gertatzen da, geofisiko izenda dezakegun gune jakin bat. Are toki jakin horretan bizi den jendetza bezala ere konpreni liteke, luzamenez. Eta honela ari garenean, berehala, hiritar kontzeptua jaurtitzen dugu toki jakin horretan bizi den norbanakoa seinalatuz. Baina ulermen modu hau erreferentzia egiten badugu, zertara dator eurohiriaren aipamena? Orain arte toki desberdin zirenak, nola hedaduran geofisikoki hala jendetzan toki unitate erraldoiago bat eraikiz, bateratzen ditugula esanahi al da? Hori bada guztia, ez luke merezi hainbat batzar gai horren inguruan egiteak!


Eurohiria eta euskararen normalizazioa

Jakes Bortairu
Euskararen normalizazioak, Euskal Herriko hizkuntza lurralde honetako biztanleentzat eguneroko komunikazio tresna bihurtzeko prozesu soziolinguistiko bezala ulerturik, norabide estrategiko batzuk inplikatzen ditu. Hala nola, euskal hiztunak ugaldu, hizkuntzaren funtzio sozialak irabazi, erabilera sustatu, edota lege eta arau juridikoak sortu. Norabide horiek gauzatzeko hainbat tresna edo baliabide eskuratu eta baldintzak bete behar dira. Horien artean batzuk ezinbestekoak dira: herriaren borondatea eta inplikazioa, botere publikoen engaiamendu irmoa, hizkuntz politika finkatzeko eta eramateko tresna instituzionalak, lurraldeko botere gune identifikatua, dirua, eta abar. Galdera, beraz, hauxe da: eurohiriaren sortzea behar guzti horiei begira lagungarria izan daiteke ala normalizazioari oztopo gehiago sortuko dizkio?


Euskara Donostia-Baiona Eurohirian

Felix Etxeberria
1.-EUSKARA ESKOLETAN   EAE   Ereduen eboluzioak bide berdinetik jarraitzen du azken 20 urteotan. D eredua igo eta B eredua mantenduz (gutxi gorabehera haur hezkuntzako ikasleriaren % 30 izanik), joera garbia azaltzen da urtetik urtera. Datu hauek adierazten dutenez, eskolan hasten diren umeen % 90 eredu elebidunetan ari dira, hau da, euskara era trinko edo ertainean (B eta D ereduak); A ereduan ari direnak, aldiz, % 10era ez dira iristen. Gipuzkoari dagokionez, Donostia hiriaren antz handiena duen lurraldean, haur hezkuntzan hasitako ikasleen kopurua, B eta D ereduan, % 97 da, 2002-2003 ikastaroan.


Euro-hiriak zein erronka dakartza euskararen normalizazioan Lapurdi eta Gipuzkoarentzat?

Xabier Garagorri
Baiona eta Donostia artean dauden herri, giza- eta hizkuntza-talde hain desberdinak kontuan hartuta, etorkizunari begira gutasun edo komunitate sentimendua izango duen eurohiri bat osatzea nahi bada, horko biztanleriaren arteko harremanak erraztuko dituen komunikazio sare sendoa eraiki beharko da. Era guztietako komunikazio sareaz ari naiz: errepide, garraio, media, industria, merkataritza eta beste hainbat zerbitzuez. Hemen hizkuntzaren bidezko komunikaziora mugatuko gara, baina komeni da era guztietako komunikazio azpiegiturek hizkuntzaren bidezko komunikazioa baldintzatzen dutela jabetzea. Eta beste alde batetik begiratuz, elkarren arteko gutasuna sortzeko azpiegitura materiala eta funtzionala beharrezkoak dira, baina horrekin batera giza baliabideek hizkuntzaren bidezko komunikazioa ez badute konpartitzen, azpiegitura hori aparatu hutsa besterik ez dela jabetzea ere beharrezkoa da.


Donostia-Baiona Eurohiria eta euskara

Eguzki Urteaga
Donostia-Baiona eurohiriaren eraikuntza progresiboak, nahiz eta une honetan nahiko birtuala izaten jarraitzen duen, erronka berri batzuk sortzen ditu euskararen berreskurapen eta ondoren normalizazioan, bai Gipuzkoan, bai Lapurdin. Izan ere, Donostia eta Baiona arteko megalopoliaren eraikuntzak 50 kilometro ingurutan zeharkatuko litzatekeen 600.000 biztanleko hiri bat sortuko luke. Gaur egun, Gipuzkoako Diputazioa eta Baiona-Angelu-Biarritze Hiri Elkargoa lanean dabiltza egitasmo hau errealitate bilaka dadin, eta proiektua gauzatzen laguntzeko mugaz gaindiko agentzia bat sortu dute. Hainbat lankidetza alor izendatuak izan dira, hala nola, garraioak eta ingurugiroa, baina euskara ez da agertzen nahiz eta bi herrialdeen arteko osagai amankomuna izan. Geroantzean pentsa daiteke hizkuntzek, eta bereziki euskarak, arreta berezia ukango dutela. Perspektiba horretan komeni da euro-hiri horrek dakartzan erronkak izendatzen joatea.


Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)

Pello Jauregi Etxaniz
SARRERA Hamar urte pasa dira 1992. urtean Jose Mari Iraola lasartearrak “Euskara eta gazteak Lasarte-Orian» ikerlan bikaina egin zuenez geroztik. Zertan aldatu dira kontuak bitarte horretan? Horri erantzun nahian egin dugu aurten izen bereko ikerlana. Funtsean, orduko galdera eta diseinu berari eutsi diogu oraingoan, datuak ahalik eta gehien alderatu ahal izateko. Ikerlana galdesortaren bidez egin zen 2002ko apirilean, Lasarte-Oriako 13 eta 24 urte bitarteko 167 lagunen lagina hartuta. Lagin honen konfiantza-tartea % 95,5 izan da, eta errore-tartea % 7.


Etorkinak eta euskara: hausnarketarako oharrak

Asier Baglietto, Itsaso Garmendia, Pablo Suberbiola, Mikel Urdangarin
Etorkinen presentzia nabarmendu egin omen da gure gizartean. Behin eta berriro azaltzen zaigu gaia komunikabideetan, euskalgintzaren bileretan, administrazioaren lan-ildoetan. Hain zuzen ere, Nafarroako udalerri bateko euskara-teknikariak gaia jorratzea proposatu zion UEUko Soziolinguistika sailari, eta horren ondorioa izan zen “Etorkinak eta euskara: hizkuntza integrazio sozialerako bide�» izenburuarekin antolatutako ikastaroa[1]. Proposamena jasota, hainbat galdera egin genizkion gure buruari: errealitate berri honen aurrean, zein neurri hartu ditugu orain artean? Zer nolako integrazioa ari gara bultzatzen? Eta euskaldunok, ba al dugu zereginik integrazio lan honetan? Nola uztartu kultur aniztasuna eta euskararen normalizazioa? Eta erantzunen bila jo genuen zenbait aditurengana.


Euskal gaztetxoen jarrerak euskararen etorkizuna aurresaten

Nekane Larrañaga
1. GAZTETXOEN EUSKARA ERABILERA EZAGUTZAREN AZPITIK Azken urteetan euskararen normalizazio bidean, irakaskuntzaren bidez, euskararen ezagutza zabaltzen egin dira batez ere ahaleginak. Ondorioz, asko gehitu da euskara eta euskaraz ikasi izan duten gaztetxoen taldea; baina badakigu, gazte hauen artean euskararen ezagupena hainbat ez dela ugaritu hizkuntza honen erabilpena. Eta jakina, gazteek erabiltzen ez duten hizkuntzak ez du oso argi bere etorkizuna. Euskal Herriko, eta batik bat Euskal Autonomi Erkidegoko, 13/14 urtetako ia gaztetxo guztiak iritsi dira, etxean nahiz eskolan jasotako euskararen bidez, euskara ikastera –hizkuntza hau ondo ez bada ere erdizka ezagutuz-.