LAN-MUNDUA: GAURKO EGOERA ETA ASMOAK

Datuak ongi ulertzeko EUSTATek enpresatzat zer hartzen duen argitu behar dugu: enpresa da langileak dituen edozein pertsona juridiko edo fisiko (*1). Beraz, kontzeptuak bere barnean, industria- eta merkataritza-enpresa arruntez gain, administrazioko hainbat entitate, fundazioak, ikastetxeak, era guztietako zerbitzu-enpresak eta elkarteak ere jasotzen ditu: lan-mundua ez da, beraz, enpresetara edo esparru sozio-ekonomikora murrizten soilik.

Hainbat arrazoirengatik, beraz, eskola eta administrazioa aparte tratatzea komeni da eta, ondorioz, ez dira artikulu honetan berriro aipatuko: arreta esparru sozio-ekonomiko horretan ipiniko dugu. Hirutatik urrundik handiena da, bai enpresa- eta bai langile-kopuruz, baita heterogeneoena (enpresak -lege-izaeraz, enpresa-tamainaz, jardueraz, euskararen presentziaz eta beharraz- oso dira desberdinak…).

Hiru dira euskararen erabilerari buruz hona ekarriko ditugun adierazle orokorrak, barne eta kanpo-harremanak bereizi gabe. Lehenengoak euskararen erabilera 100 langiletik gorako enpresetako jarduera-adarraren arabera ematen du.

Hurrengo bi taulek, ordea, enpresa txikietan egindako inkesta batean jasotako datuen berri ematen dute. Konparazio gisa, enpresa handietako emaitzak eskuin aldera jaso dira. Ahozkoan zein idatzian enpresa handiek batez bestean enpresa txikiek baino euskara gehiago erabiltzen dutela diote: hainbati deigarria egingo zaio ondorio hori.

EAEn dauden 15 langiletik gorako enpresak 6.221 dira: horietatik %2 inguruk du erabilera-plana abian. Plangintza formalean sartutako enpresa horiezaz gain beste hainbatek euskararen aldeko neurriak hartuta dauzkate, enpresa barneko hizkuntzari edota enpresaz kanpokoari begira. Azkenik, enpresa gutxi batzuek, normalean euskararen kultura-munduarekin lotutatoek, sorreratik bertatik funtzionatu dute euskaraz.

Enpresen lege-izaera kontuan harturik, nabarmena da ekonomia sozialaren edo kooperatiben pisu erlatiboa: plana izan dezaketen enpresak kontatuta, unibertso horren %5era iristen ere ez den enpresa-multzo horrek plan horien herena pasatxo prestatu du. Analisi geografikoan ere berriro islatzen da lehentasun hori: Debagoiena, kooperatiba-munduan bereziki garrantzitsua, da plan gehien dituen eskualdea, hiru hiriburuen aurretik.

Enpresa txikien kasuan, gainera, eskueran dituzten giza eta diru-baliabideak handiagoetan baino murritzagoak direla kontuan harturik, planean eta, batez ere, eskaintzen diren era guztietako laguntzetan beharrezko egokitzapenak egin beharko dira. Horrezaz gain, enpresa-multzo jakinei begira, berariazko ezaugarrien arabera, helburu espezifikoak garatzea gerta daiteke beharrezko. Hainbat kasu aipa daitezke: besteak beste, saltoki handiak, denda-kateak eta frankiziak; txikizkako saltokiak eta ostalaritza; finantza eta aseguru-etxeak.

Besteren artean, organizazio pribatuetako euskara-planak ebaluatzeko, egiaztatzeko eta, hala badagokio, horren aitortza emateko irizpideak finkatu eta zabaldu behar dira, organizazio pribatuetan indarrean dauden kalitate-sistemekin bat etorriz. Kontua ez da emaitzak bere hutsean neurtzea; neurketa hori egiteaz gainera, emaitza horietara iristeko martxan jarri diren prozesuak ere aztertzea komeni izango da, planak beren aberastasun osoan ulertuko badira.

Agente sozio-ekonomiko batzuek euskararen erabilera areagotzeari dagokionean eragin biderkatzaile nabarmena izan dezakete: gogora etortzen dira, adibidez, merkataritza-ganbarak, enpresa-elkarteak, arlo profesional jakinetako lanbide-elkargoak eta sindikatuak, besteak beste. Erakunde horiekin, horretarako aukera ematen dutenean, euskararen erabilera hainbat lekutan bultzatzeko akordioetara irits daiteke, bakoitza bazkide ugarirengana heltzen baita, berez langile gutxiko enpresak izan arren.

HPS ari da hau guztia era egokian bideratzeko legegintzaldi berriko lan-programa taxutzen: ondo daki ezin dela berehala dena egin, baina era berean badaki, orain arte egindakoaz baliatuz ekintza horiek garatzeko urrats gehiago ematen hasi behar duela, legegintzaldi honetan zehar lan-munduan aurrera egin ahal izateko. Esan behar da, azkenik, lan-programa hau ez dela proposamen itxi bat: eragile desberdinekin harremanak sendotu ahala, arestian adierazitakoari hainbat ñabardura erantsi eta hainbat aldaketa egin beharko zaizkio, dudarik gabe.

 

1. NONDIK ETORRI GAREN

 

Abian dugun euskara biziberritzeko saio honetan, euskarari lan-munduan ere leku egokia ematea izan da eta da euskaltzaleen kezketariko bat. Lehen neurriak euskaraz funtzionatzen zuten ikastetxeei eta horien irakasleen hizkuntza-trebetasunari begira hartu ziren, Franco hil aurretik. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) normalizazio-legeak (Legebiltzarra 1982) administrazio-munduari begirako oinarrizko norabideak ezarri zituen eta irakas-mundurakoak berretsi eta sendotu. Lan-munduaren bestelako atalei dagokienez, neurri praktiko eraginkorrak batez ere 1990 ingurutik aurrera hasi ziren indarrean jartzen, lehenago saio bakanak izan baziren ere.

Garapen historikoari buruzko xehetasun gehiago eskuratzeko badaude hainbat azalpen, bai administraziorako (Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordea 2004, 1998, Aurrekoetxea 1996, Kultura Saila 1996), bai enpresetarako (Euskararen Aholku Batzordea 2005: 25-28; Unanue & Intxausti 2002; www.euskara.euskadi.net (lan-mundua\sarrera eta, oro har, horren jarraian dagoen bibliografia)) eta bai, azkenik, eskola-mundurako (adibidez, Gardner & Zalbide 2005, Zalbide 1990, 1999, 2000). Horiek horrela, ez gara garapen historiko horretaz luzatuko.

 

2. LAN-MUNDUA ZER DEN

 Aurrera egin baino lehen, lan-mundutzat hartzen duguna zehaztu behar dugu. Jarraian azalduko diren zenbakiak EUSTATek emandako datuetan oinarritu dira. Datuak ongi ulertzeko EUSTATek enpresatzat zer hartzen duen argitu behar dugu: enpresa da langileak dituen edozein pertsona juridiko edo fisiko (*1). Beraz, kontzeptuak bere barnean, industria- eta merkataritza-enpresa arruntez gain, administrazioko hainbat entitate, fundazioak, ikastetxeak, era guztietako zerbitzu-enpresak eta elkarteak ere jasotzen ditu: lan-mundua ez da, beraz, enpresetara edo esparru sozio-ekonomikora murrizten soilik. Garrantzitsua da, gainera, gero ikusiko ditugun arrazoiengatik, enpresa eta establezimendua (*2) bereiztea: enpresa batek EAEn fabrika bakar bat izan dezake edo, txikizkako salmentan dabiltzan hainbat denda-kateren moduan, denda andana: bi kasuetan enpresa bakar batez ari gara; lehenengo kasuan, ordea, establezimendu bakarra badago ere, bigarrenean establezimenduak ugari dira. Besterik berariaz adierazten ez den bitartean ondoko azalpenetan enpresa hartuko da kalkulu-unitate.

EAEko lan-munduaren egitura deskribatzean hiru dira oinarriz erabiliko ditugun aldagaiak: lan-enpleguaren estratua (enpresaren tamaina, langile-kopuruaren arabera), enpresa-kopurua, eta enpresa horiek duten guztizko langile-kopurua. Lehenengo aldagaia beste biekin gurutzatuz gero, hona hemen, EUSTATen datuen arabera, EAEko egoera.

 

1. taula: EAEko enpresa-kopuruak eta langile-kopuruak, enpresaren tamainaren arabera

Tamaina, langiletan Enpresa-kopurua Langile-kopurua
=<2 119.883 142.530
3-5 21.205 78.041
6-9 7.109 50.822
10-14 3.700 43.103
15-19 1.867 31.152
20-49 3.110 96.254
50-99 1.061 73.861
100-249 522 79.873
250-499 160 54.197
>= 500 92 170.210
Guztira 158.709 820.043

 Iturria: EUSTAT. (www.eustat.org) 2004 (*3)

Salbuespenak salbuespen, lan-munduaren oinarrizko ezaugarriak hauexek dira:

  • zenbat eta langile gehiago duten, hainbat eta urriagoak dira enpresak;
  • enpresek tamaina bakoitzean guztira ematen duten enpleguari dagokionez, ordea, ez dago joera argirik;
  • tamainaz eta kopuruz (eta zer esanik ez, horretara begiratuko bagenu, lege-izaeraz, jardueraz eta kapitalaren jatorriaz) oso multzo heterogeneo baten aurrean gaude.

Euskararen erabilera areagotzeko ahaleginei dagokienez, lan-mundu zabal horretan hiru azpi-multzo bereiztea komeni zaigu: administrazioa, eskola, eta mundu sozio-ekonomikoa. Zehatz ditzagun apur bat hiru multzo horiek:

  • Administrazioa: multzo honetan sartzen dira bai 86/1997 Dekretuari jarraiki, gehienetan AEBEMET metodologiaz baliaturik, erabilera-plana prestatu behar duten administrazio-entitateak (EAEko administrazio orokorreko entitateak, Foru-aldundiak, udalak, eta abar) bai Estatuaren administrazioa.
  • Eskola: lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak, publikoak zein pribatuak, sartzen dira multzo honetan. Plana egitekotan normalean Ulibarri eta Euskaraz Bizi programek (*4) definitutakoaz baliatzen dira.
  • Esparru sozio-ekonomikoa: aurreko bi multzoetan berariaz jasotzen ez diren entitate guztiek osatzen dute multzo hau. Azken multzo honetan sar ditzagun, gainera, 86/1997 Dekretuaren (Jaurlaritza Kontseilua 1997) esparru nagusian sartzen ez diren enpresa publikoak.

Lehenengo bi multzoak hainbat parametroren arabera nabarmenki bereizten dira hirugarren multzotik:

  • Enpresa-multzo txikiak dira:
  • Lehenengoan, administraziokoan, 350 bat enpresa edo gutxiago egon daitezke, gehienbat udalak.
  • Bigarrenean, agian, beste hainbeste. Ikastetxeen kopurua, jakina, handiagoa da (mila inguru, kontatzeko irizpidearen arabera), baina legalki ikastetxe publikoak Eusko Jaurlaritzaren establezimenduak baino ez dira eta, beraz, enpresa bakar baten moduan kontatu behar dira; pribatuan ere irakasmaila desberdinetako ikastetxeek enpresa bakarra osa dezakete. Langiletan esanda, 29.000 pasatxo dira edozein eskola-egunetan irakaslanean ari diren irakasleak.
  • Plangintzarako lege-marko espezifikoa dute, derrigorrez betebeharreko hainbat puntu zehazten direlarik (hizkuntza-eskakizunak, planaren edukia…).
  • Bi multzo horietako entitate askok jadanik egina du bere plangintza: bi multzoetan plana egin behar duten unitateen (kasuen arabera, enpresen edo establezimenduen) %40 inguruk egina du kasuan kasuko plana.
  • Oro har, planen mamikuntzarako giza baliabide zein baliabide ekonomiko gehiago izan dute eskueran hirugarren multzokoek baino.

Hainbat arrazoirengatik, beraz, eskola eta administrazioa aparte tratatzea komeni da eta, ondorioz, ez dira artikulu honetan berriro aipatuko: arreta esparru sozio-ekonomiko horretan ipiniko dugu. Hirutatik urrundik handiena da, bai enpresa- eta bai langile-kopuruz, baita heterogeneoena (enpresak -lege-izaeraz, enpresa-tamainaz, jardueraz, euskararen presentziaz eta beharraz- oso dira desberdinak…).

3. NON GAUDEN

Hartzen ditugun zenbakiak hartzen ditugula, esparru sozio-ekonomikoan euskararen presentzia oro har aski mugatua dago: horretan inor harritzeko moduko daturik ez, jakina. Egoeraren pintzelada batzuk eman ditzagun jarraian, eskueran dauden zenbait datu gogora ekarriz. Bi eratako datuetan ipiniko dugu arreta: erabilerari buruzkoetan batetik eta planen hedapenari buruzkoetan bestetik.

 3.1. Erabilerari buruzko datuak

Erabilerari buruzko datuak jasotzean, perspektiba arras desberdinak har ditzakegu: horrela, enpresaren arduradunen bati edo langileei galde dakieke edo, enpresaz kanpoko hizkuntzaren kasuan, gainera, bezeroari edo hornitzaileari. Hona hemen ditugunak, hiru datu-mota bereiziz. Bakoitza aurkeztu ahala erabilitako perspektiba ere jasoko dugu:

  • enpresa-mota jakin batzuen jarduerari buruzko adierazle zenbait, barne/kanpo edota lana/zerbitzua bereizi gabe;
  • zerbitzu-hizkuntzari buruzko adierazleak;
  • enpresaren barne-hizkuntzari buruzko adierazleak.

Hiru kasu horiek bata bestearen atzean aztertuko ditugu.

Adierazle orokorrak

Hiru dira euskararen erabilerari buruz hona ekarriko ditugun adierazle orokorrak, barne eta kanpo-harremanak bereizi gabe. Lehenengoak euskararen erabilera 100 langiletik gorako enpresetako jarduera-adarraren arabera ematen du.

 

2. taula: euskararen erabilera enpresa handietan, jarduera-adarraren arabera, arduradunen iritziz

0157Ngardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2003a).

 

Bigarren taulan (eta, oro har, eskala berbera erabiltzen duten beste taula guztietan) erabilitako zenbakiek (0tik 10eraino) euskara-erabilera adierazten dute modu orokorrean: 0k euskara inoiz ez dela erabiltzen esan nahi du; 10ek, ordea, euskara beti erabiltzen dela. Eskalaren behealdean egonda ere, batek baino gehiagok emaitzak puztutzat emango ditu agian.

Hurrengo bi taulek, ordea, enpresa txikietan egindako inkesta batean jasotako datuen berri ematen dute. Konparazio gisa, enpresa handietako emaitzak eskuin aldera jaso dira. Ahozkoan zein idatzian enpresa handiek batez bestean enpresa txikiek baino euskara gehiago erabiltzen dutela diote: hainbati deigarria egingo zaio ondorio hori.

 

3. taula: euskararen erabilera txikizkako salmentan ahozko komunikazioan

0257NGardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2003b, 2003a).

 

4. taula: euskararen erabilera txikizkako salmentan idatzizko komunikazioan

0357NGardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2003b, 2003a).

 

Zerbitzu-hizkuntzari buruzko adierazleak

Ikus ditzagun, jarraian, zerbitzu-hizkuntzaz ditugun datuak. Bosgarren taula bi jarduera-adarri dagokionean bezeroek duten iritzia jasota dago; seigarrenean, ordea, enpresa handietako arduradunek beren enpresen hizkuntza-jardueraz duten iritzia.

 

5. taula: euskararen erabilera lan-munduko zenbait jarduera-adarretan, bezeroen ustetan

0457NGardne

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2001).

 

5. taulan agertzen diren zenbakiak lortzeko, inkestaren laginean zeuden euskaldunei galdetu zitzaien zein hizkuntza erabiltzen zuten eta emaitzak unibertso osoaren gainean kalkulatu ziren, erdaldunak barne.


6. taula: euskararen erabilera enpresatik kanpoko harremanetan, enpresa handien ustetan

0557NGardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2003a).


Barne-hizkuntzari buruzko adierazleak

Enpresa barneko hizkuntzari dagokionez, azkenik, bi grafiko jasoko dira jarraian: bata, langileen ustea islatzen duena, besteak enpresa handien arduradunena.

7. taula: enpresa barneko hizkuntza, langileen ustetan


0757NGardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2001).

 

7. taulako emaitzak lortzeko 5. taulan erabilitako prozedura berbera erabili zen: euskaldunei soilik galdetu eta emaitzak unibertso osoaren gainean kalkulatu, erdaldunek beti erdaraz egiten dutelakoan.

8. taula: enpresa handietako barne hizkuntza, arduradunen ustetan

0757NGardner

Iturria: HPS. Eusko Jaurlaritza (2003a).


Deigarria da, enpresa handietan enpresaz kanpoko euskara-erabilera enpresa barrukoarekin konparatzen dugunean, ahozkoak eta idatziak duten pisu desberdina.

3.2. Planen hedapenari buruzko datuak

EAEn dauden 15 langiletik gorako enpresak 6.221 dira: horietatik %2 inguruk du erabilera-plana abian. Plangintza formalean sartutako enpresa horiezaz gain beste hainbatek euskararen aldeko neurriak hartuta dauzkate, enpresa barneko hizkuntzari edota enpresaz kanpokoari begira. Azkenik, enpresa gutxi batzuek, normalean euskararen kultura-munduarekin lotutatoek, sorreratik bertatik funtzionatu dute euskaraz. 9. taulan, beraz, agertzen da hiru enpresa-multzo horietako lehenengoa: enpresa plandun horien banaketa, izaeraz eta eskualdez. Lehen zutabean, Ekonomia Sozialean, kooperatibak jaso dira; bigarrenean, enpresa pribatuenean, sozietate anonimoak, mugatuak eta antzekoak kontatu dira; hirugarren multzoa, ordea, saski-naski bat da, aurreko bi zutabeetan erraz jaso ezin daitekeen beste guztia: fundazioak, sindikatuak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta abar.

9. taula: enpresa-plana duten 15 langiletik gorako entitateak, izaeraz eta eskualdeka

0857NGardner

Iturria: HPS. Datuak 2005ekoak dira, nagusiki dirulaguntza-deialdietatik hartuta.

 

Enpresen lege-izaera kontuan harturik, nabarmena da ekonomia sozialaren edo kooperatiben pisu erlatiboa: plana izan dezaketen enpresak kontatuta, unibertso horren %5era iristen ere ez den enpresa-multzo horrek plan horien herena pasatxo prestatu du. Analisi geografikoan ere berriro islatzen da lehentasun hori: Debagoiena, kooperatiba-munduan bereziki garrantzitsua, da plan gehien dituen eskualdea, hiru hiriburuen aurretik. Denboran zehar egindako aurrerapenaz jabetzeko, ikus datu zaharragoetan oinarritutako antzeko taulak (Unanue & Intxausti, 2002: 117-8): bilakaera positiboa da.

4. NORA HEMENDIK AURRERA

Legegintzaldi berriaren hasierarekin batera egin ohi den bezala Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza oraingoan ere bere lan-ildoak berraztertzen eta berbideratzen ari da: besteren artean, esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilerari bultzada berezia eman nahi dio, erabileraren belaunez belauneko katean maila garrantzitsua delakoan, heldutan lo-orduez kanpo denbora gehien lanean pasatzen baitugu. Bultzada horren nondik norako nagusiez jabetzeko badago agiri baliotsua: ikus Euskararen Aholku Batzordea 2005: 59-77. Liburu horren atalburu horretan oinarriturik zerrendatuko ditugu jorratu beharreko lan-arlo edo -lerroak.

Bederatzi dira, guztira, arlo horiek:

  • enpresetako erabilera-planak ugaldu;
  • euskara-planak diseinatu;
  • zerbitzuen eta baliabideen eskaintza areagotu;
  • eragileei informazioa eman;
  • agente sozio-ekonomikoen inplikazioa areagotu;
  • herri-administrazioen parte-hartzea koordinatu;
  • lege-garapena bultzatu;
  • lanbide-heziketa garatu;
  • etengabeko prestakuntza garatu.

Azter ditzagun banan-banan lan-ildo horiek.

Enpresetako erabilera-planak ugaldu

Bistan dago enpresa handietan zein txikietan euskararen erabilera areagotzeko planak gehiago zabaldu behar direla:

  • Idatzizko komunikazioan (hizkuntza-paisaia, idatzi laburrak, argitalpenak eta publizitatea behinik behin), oro har, eta bezeroekiko ahozko komunikazioan (harrera-hizkuntza) euskararen erabilera sustatuz. Mota guztietako enpresetarako baliagarria, hasiera batean bederen.
  • Enpresa bateko langile euskaldunen ehunekoak gutxieneko atalasea gainditzen duenean, euskararen erabilera lan-hizkuntza gisa sustatuz.

Enpresa txikien kasuan, gainera, eskueran dituzten giza eta diru-baliabideak handiagoetan baino murritzagoak direla kontuan harturik, planean eta, batez ere, eskaintzen diren era guztietako laguntzetan beharrezko egokitzapenak egin beharko dira. Horrezaz gain, enpresa-multzo jakinei begira, berariazko ezaugarrien arabera, helburu espezifikoak garatzea gerta daiteke beharrezko. Hainbat kasu aipa daitezke: besteak beste, saltoki handiak, denda-kateak eta frankiziak; txikizkako saltokiak eta ostalaritza; finantza eta aseguru-etxeak. Azkenik, berariazko lege-markoa dutelako, epe jakinerako betebehar zehatzak ezartzen dizkiena, enpresa publikoen kasua ere aipa daiteke. Edozein modutan ere, oinarrizko helburua arlo honetan euskararen erabilera-plana garatua duten enpresen kopurua ugaltzea da.

Euskara-planak diseinatu

Enpresek beren euskara-plana egoki garatu ahal izateko, jakinarazi behar zaie zer den, bakoitzaren ezaugarriak (tamaina eta euskaldunen ehunekoa, bereziki) kontuan harturik, arrazoizko helburutzat jo behar dena: hor badago HPSk berandu baino lehen eutsi nahi dion definizio-lana, planak lehenengo aldiz osatzera doazen enpresei, ereduka bildurik, helburu-multzo egokiak proposatzeko. Eredu horiek, gainera, bertako langileekin, bezeroekin, eta hornitzaileekin lor daitezkeen helburuak proposatu behar dituzte, horien kudeaketa egokia lortzeko beharrezkoak diren antolamendu-egiturak ere seinalatuz.

Zerbitzu eta baliabideen eskaintza areagotu

Aurreko legegintzaldietan HPSk gai honetan hainbat urrats emanda bazituen ere, badago oraindik zeregin franko. Hiru azpi-multzotan bana dezakegu arlo honetako lana, bakoitzak bere eginkizunekin:

  • baliabideen aldetik ondoko lan-ildoak zabaldu edota jarraitzea;
  • giza baliabideak prestatzeko eta trebatzeko ondoko lan-ildoetan sakontzea;
  • erabilera-maila egiaztatzea eta aitortzea.

Arinki besterik ez bada ere, azter dezagun izenburu bakoitzaren azpian zer egon daitekeen.

Baliabideen aldetik ondoko lan-ildoak zabaldu edota jarraitzea

  • euskaraz lan egiteko tresna edo erreminta informatikoak eskaintzen jarraitzea;
  • lan-munduko agiri arautuen bilduma osatzea;
  • ohiko eta zabalkunde handiko agirien ereduak eskaintzea;
  • euskaraz idazteko oinarrizko azalpenak ematea;
  • euskara-planekin lotutako berariazko erremintak eskueran jartzea;
  • zerbitzu eta baliabideen katalogo bateratua prestatzea;
  • ezaugarri bereziko kasuetarako eskaintza berezituak prestatzea;
  • aholkularitza, oro har, eskaintzea.

Kasu bakoitzean baliabideak zein euskarritan eskaini behar diren berariaz argitu behar bada ere, bistan dago web-guneak (ikus www.euskara.euskadi.net-en barnean lan-mundua izeneko eremua) orain baino eginkizun zabalagoa izango duela.

Giza baliabideak prestatzeko eta trebatzeko ondoko lan-ildoetan sakontzea

  • enpresetako beharrei egokitutako euskara-ikastaroak eskaintzea;
  • etengabeko lan-prestakuntza euskaraz bultzatzea;
  • euskara-planen hobekuntza eta elkar trukerako foroak bultzatzea.

Erabilera-maila egiaztatzea eta aitortzea

Besteren artean, organizazio pribatuetako euskara-planak ebaluatzeko, egiaztatzeko eta, hala badagokio, horren aitortza emateko irizpideak finkatu eta zabaldu behar dira, organizazio pribatuetan indarrean dauden kalitate-sistemekin bat etorriz. Kontua ez da emaitzak bere hutsean neurtzea; neurketa hori egiteaz gainera, emaitza horietara iristeko martxan jarri diren prozesuak ere aztertzea komeni izango da, planak beren aberastasun osoan ulertuko badira. Arestian aipatutako helburu-ereduen sorta definitu ahala, errazago eutsi ahal izango zaio egiaztatze-sistemaren gai konplexu horri.

Eragileei informazioa eman

HPSk hizkuntza-normalizazioaren prozesuaz informazioa gizarteari oro har eta esparru sozio-ekonomikoko eragileei bereziki ematen zaiela ziurtatu nahi du, eraldaketa-prozesu horren partaide direla konturaraziz. Besteren artean bi eratan bereziki egin daiteke hori:

  • batetik, langileei zein bezeroei begira, enpresak normalizazio-prozesuan parte hartzean lor ditzakeen abantailak azpimarratuz eta parte-hartzearen kontrako argudioak desegiteko arrazoiak emanez;
  • bestetik, praktika egokien eta onen berri zabalduz.

Agente sozio-ekonomikoen inplikazioa areagotu

Agente sozio-ekonomiko batzuek euskararen erabilera areagotzeari dagokionean eragin biderkatzaile nabarmena izan dezakete: gogora etortzen dira, adibidez, merkataritza-ganbarak, enpresa-elkarteak, arlo profesional jakinetako lanbide-elkargoak eta sindikatuak, besteak beste. Erakunde horiekin, horretarako aukera ematen dutenean, euskararen erabilera hainbat lekutan bultzatzeko akordioetara irits daiteke, bakoitza bazkide ugarirengana heltzen baita, berez langile gutxiko enpresak izan arren.

Herri-administrazioen parte-hartzea koordinatu

Premiazkoa da beti mugatuta dauden baliabideak hobeto aprobetxatzearren hiru mailetako arduradun publiko nagusien jarduna koordinatzea, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek zeinek zer egin behar duen (eta elkarrekin noiz) sendoago finkatzea, hain zuzen ere. Ohar horrek bi esparruri begira bereziki balio du: batetik, esparru jakinetan martxan jartzen diren planak zabaltzeko antolatzen diren ekimenetarako eta, bestetik, ekimen horiek sustatzeko erabiltzen diren diru publikoen banaketa-irizpideetarako.

Lege-garapena bultzatu

Enpresetan euskarak eduki behar duen lekuari dagokionez, Euskararen Legeak (Eusko Legebiltzarra 1982: 3140 eta 3144) finkatu zituen oinarrizko norabideak; kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua jasotzen duen 6/2003 Legeak (Eusko Legebiltzarra 2003: 25306-9) horien eskubideak zehazten dituen neurrian, enpresek zerbitzu-hizkuntzari dagokionez nola jokatu behar duten ere argitasun handiagoz finkatu da. Bi lege horiek definitzen duten oinarrizko marko hori garatzea da hurrengo urratsa.

Lanbide-heziketa garatu

Arlo honetako eginkizun nagusia, lanbide-heziketako euskarazko eskaintza handitzea, Hezkuntza Sailari dagokio, jakina.

Etengabeko prestakuntza garatu

Etengabeko prestakuntzaren mundua oso sakabanatua dago: eragileak, publikoak zein pribatuak, ugari dira. Arlo honetako erronka euskara ere behar bezainbat kontuan hartzea da, bezeroen nahia orain baino hobeto eta sistematikokiago jaso eta eskari horri ahal den neurrian kasu egin.

Ondorioak

HPS ari da hau guztia era egokian bideratzeko legegintzaldi berriko lan-programa taxutzen: ondo daki ezin dela berehala dena egin, baina era berean badaki, orain arte egindakoaz baliatuz ekintza horiek garatzeko urrats gehiago ematen hasi behar duela, legegintzaldi honetan zehar lan-munduan aurrera egin ahal izateko. Esan behar da, azkenik, lan-programa hau ez dela proposamen itxi bat: eragile desberdinekin harremanak sendotu ahala, arestian adierazitakoari hainbat ñabardura erantsi eta hainbat aldaketa egin beharko zaizkio, dudarik gabe. Edozein modutan ere, ahalegin sendo berri bat egin nahi du HPSk arlo honetan: lan-munduan euskararen erabilera erritmo bizkorragoz sendotzeko garaia iritsi da.

BIBLIOGRAFIA

(Interneten kasuan kasuko agiria eskueran dagoenean horren erreferentzia ematen da)

1. Liburuak eta artikuluak

Aldekoa, J. & Gardner, N. (2002). Turning knowledge of Basque into use: normalization plans for schools in International Journal for Bilingual Education and Bilingualism 5 (6), 339-354 (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/dia6/en_2027/adjuntos/ULIBARRI-English.pdf).

Aurrekoetxea A. (1996). Administrazioa euskaraz: administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko lanak (http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/1021/eu_2394/adjuntos/arantza.pdf).

Euskararen Aholku Batzordea (2005). Esparru sozioekonomikoan euskara biziberritu eta hizkuntza-normalizaziorako hurbilpen sistematikoagoa eta eraginkorragoa izateko irizpideak eta estrategiak. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/7041/eu_2447/adjuntos/esparru_sozio_eko.pdf).

Gardner, N. & Zalbide, M. (2005). Basque Acquisition Planning in International Journal of the Sociology of Language, 174, 55-72.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Eusko Jaurlaritza (2001). Euskal Herriko Soziolinguistikako inkesta. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Eusko Jaurlaritza (2003a). Euskararen erabilera EAEko enpresa handietan. Argitaratu gabe.


Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Eusko Jaurlaritza (2003b). Euskararen erabilera EAEko saltokietan, tabernetan eta jatetxeetan. Argitaratu gabe.

Kultura Saila (1996). Euskararen erabileraren normalkuntza-prozesuaren ebaluazioa euskal herri-administrazioetan. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Unanue, A. & Intxausti, N. (2002). Kooperatibak eta euskara. Historia eta aro berri baten oinarriak. Eskoriatza, Lanki Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea / Emun Kooperatiba Elkartea.

Zalbide, M. (1990). Euskal eskola, asmo zahar bide berri in Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresua, 1, 211–271. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Zalbide, M. (1999). Normalización lingüística y escolaridad: un informe desde la sala de máquinas in Revista Internacional de los Estudios Vascos 43 (2), 355–424.

Zalbide, M. (2000). Irakas-sistemaren hizkuntz normalkuntza: nondik norakoaren ebaluazio-saio bat in Eleria 5, 45–61.

2. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian agertutako arauzko erabakiak

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordea (1998). 21/1998 Erabakia in Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 227, 21934-21940. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?e&F=19981127&S=1998227).

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordea (2004). 15/2004 Ebazpena in Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 174, 16844-16853. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?e&F=20040908&S=2004172).

Eusko Legebiltzarra (1982). 10/1982 Legea in Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 160, 3138-3146. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?e&F=19821216&S=1982160).

Eusko Legebiltzarra (2003). 6/2003 Legea in Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 172, 6116-6145. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?e&F=20031230&S=2003254).

Jaurlaritza Kontseilua (1997). 86/1997 Dekretua in Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 172, 6116-6145. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?e&F=19970417&S=1997072 ).



OHARRAK

(*1) Hona hemen EUSTATen definizioa, enpresarena: ‘Establezimenduen jarduerari legezko euskarria ematen dien unitate juridikoa, hau da, beregaineko lege-nortasuna duen edozein elkarte, erakunde, organismo, pertsona fisiko edo edozein erakunde publiko edo pribatu, zeinaren ardurapean eta zuzendaritzapean jarduerak egiten baitira EAEn kokatutako establezimendu batean edo batzuetan’. Iturria: www.eustat.es

(*2) Hona hemen EUSTATen definizioa, establezimenduarena: ‘Ondasun edo zerbitzuak produzitzen dituen unitatea, titular edo enpresa baten ardurapean, kokapen topografiko jakin batean dagoen toki, lokal edo elkarri lotutako lokal-multzo batean, ekonomia- edo gizarte-jarduera bat edo gehiago egiten duena. Bere ezaugarriengatik jarduera horiek leku finko batean egiten ez badira (garraioa, eraikuntza, alokairuak, garbiketa, arte-jarduerak, eta abar), establezimendua jarduera horiek antolatu edo koordinatzen diren lekua da. Besterik ezean, enpresa edo titularraren baltzu-egoitza edo legezko bizilekua ere izan daiteke’.

(*3) Jatorrizko datuetatik abiaturik, egileak artikulu honetarako taula guztiak egokitu ditu.

(*4) Xehetasun gehiagorako ikus www.ulibarri.info edo Aldekoa & Gardner 2002.

 

 

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Nikolas Gardner
Urtea: 
2005