Jarrera, portaera, motibazioa eta partehartzea enpresetako euskara planetan

Datozen lerro hauen bitartez azalduko dugu langileen jarrerak, portaerak, motibazioak, parte hartzeak... enpresetako euskara planetan duten garrantzia eta EMUN Koop. E.n azken urte hauetan egin izan diren ikerketen eta saiakeren berri ere emango dugu. Horretarako, plana abian duen enpresa batean jarreraren eta portaeraren gainean egindako ikerketa-lan bati buruzko emaitza eta ondorioak azalduko ditugu

Prozesu motibazionaletan jarreraren garrantzia ukaezina da. Jarrerak, motibazioan gertatzen diren gizabanakoen arteko ezberdintasunen berri ematen digu, eta zalantzarik ez dago jarrerazko oinarri egonkor bat behar dela ekintza konkretu bat (euskara erabiltzea kasu) denbora luzean aurrera eramateko motibazioa mantentzeko. Beraz, motibazioak jarrerazko oinarri sendoa duela ezin uka.

Motibazioa eta jarrera garrantzitsuak direla ezin da ukatu, baina ezin da portaera jakin bat motibazio terminotan bakarrik azaldu. Badaude beste faktore batzuk, físiko eta fisiologikoak, norbanakoarenak eta egoerazkoak, prozesuaren nolakotasunean eta ondorioetan ere eragiten dutenak. Motibazioa beraz, ez da portaeraren jatorri bakarra.

Ekintza arrazoituaren teoriari egindako errebisioaren haritik, zenbait jokabide ezin izaten dugu kontrolatu, eta noski, aipatu dugun langilea, gai izango al da, edo gai al da, euskararekiko duen intentzio hori kontrolatzeko? Hau da, kanpoko erraztasunik ba al du portaera hori burutzeko? Erabiltzeko trebetasunik, motibaziorik… ba al du? Inguruak baimentzen dio euskaraz egin ahal izatea?

Hau da, talde esperimental bat genuen, hamar langilez osatua, eta beste hamarrek kontrol taldea osatzen zuten. Lehenengo taldekoek eguneroko jarraipena izango zuten, eta bigarrenekoek ez zuten jarraipenik izango. Kontrol taldea osatzen zuten hamar langileekin banan-banan egon ostean, konpromiso-taula bat bete genuen; hilabeteko konpromisoak, hain zuzen ere. Talde esperimentaleko langileei, berriz, egin behar zutena banan-banan adierazteaz aparte, guk prestatutako ohar bat uzten genien mahai gainean, lanean hasi baino lehen, konpromisoa gogorarazteaz gain, nolabaiteko pertsuasio eta kanpo-kontrola eta jarraipena eginez.

Konpromisoen betetze mailari dagokionean ere nabari-nabaria da jarraipena jasan zutenek, kanpoko eragina nozitu zutenek, neurri handiagoan bete zituztela hartutako konpromisoak jarraipenik jasan ez zutenak baino.

Langileek euskaraz duten gaitasuna, dituzten beharrak, euskararekiko duten jarrera eta portaera… halako continuum batean kokatzen jakin behar dugu; izan ere, ohiturak aldatzea lortuko badugu, inoren ezaugarri eta beharretara egokitutako motibazio ekintzak prestatu eta burutu beharko ditugu, jarrera horiek portaera erreal bilakatzeko motibazio ekintzen norabidean asmatu behar dugu.

Elkarrizketetatik jasotako hainbat hitz eta esaldi klabe eta hitzezkoak ez diren beste hainbat gakori esker, motibazioaren araberako hiru tipologia identifikatu genituen, indiferentea, borondatetsua, eta eragilea deitu diegunak. Tipologia horiek ez diote zuzen-zuzenean pertsona konkretu bati egiten erreferentzia, baizik eta pertsona konkretu batek euskararekin harremanean, erabileraren aspektu batean edo gehiagotan duen jarrera eta portaerari baizik.

Elkarrizketetan jasotakoaren arabera borondatetsuen multzoa da nagusi; alegia, elkarrizketatuak oro har ados daude euren sailean abian dagoen euskara planarekin, aldeko iritzia dute, baina zerbait egitea egokitzen zaienean ez dira gehiegi “bustitzen”, alegia, euskararen erabileraren norabidean pausoak ematea kosta egiten zaie.

Hastapeneko lerroak gogoratuz, motibaziorik gabe ez dago mugimendurik, ezta aktibitate psikikorik ere, eta ez da posible portaera gertatzea, ez da posible portaera aldaketarik izatea; ezinezkoa da euskararen erabilera korapilotik askatzea motibaziorik ez badago, zerbaiten bultzadarik ez badago.

Horregatik pertsonen jarrera, portaera intentzioak, eta portaerak ezagutu behar ditugu norabide horietan suspertze-ekintzak abian jartzeko.

1. SARRERA

Enpresetako euskara planetan gabiltzan teknikarion kezka nagusienetako bat da langileen jarrera eta portaeretan eragitea, euren eguneroko lanean euskaraz jardun daitezen edo euskara gehiago erabil dezaten bultzatzea, alegia.
Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle Olga Estevek (2000) jardunaldi batean halaxe zioen: hizkuntza bat ikasteko eta garatzeko eraikinaren oinarria “nahi izatea da”, interesa edukitzea, motibatuta egotea. Horrelakorik ez badago, ezin daiteke eraikuntza bat jaso.
Egia esan, euskararen munduan, oro har, eta konkretuki plan hauetan, hutsune handia dugu motibazioaren arloan, izan ere, erabilerarekin eta ezagutzarekin alderatuta, ez da behar beste aztertu eta behar bezala landu ere ez, noski. Motibazioaz aritzean era orokorrean jarduten dugu, motibazio ekintzez hitz egiten dugu, zein inportantea den motibatzea, baina, aldian aldiko, unean uneko ekintzak pentsatu eta abian jartzen ditugu kontuan izan gabe zertarako, nola, nori zuzenduak izango diren, zelan ebaluatuko ditugun emaitzak eta ondorioak, etab.

Datozen lerro hauen bitartez azalduko dugu langileen jarrerak, portaerak, motibazioak, parte hartzeak... enpresetako euskara planetan duten garrantzia eta EMUN Koop. E.n azken urte hauetan egin izan diren ikerketen eta saiakeren berri ere emango dugu. Horretarako, plana abian duen enpresa batean jarreraren eta portaeraren gainean egindako ikerketa-lan bati buruzko emaitza eta ondorioak azalduko ditugu, alde batetik, eta bestetik, EMUNeko motibazioko barne proiektuko zenbait kidek jarrera eta portaera irudikatzeko bi enpresatan elkarrizketen bitartez jaso izan dituzten diskurtso mota desberdinez baliatuta, jarrera eta portaera tipologien proposamena egingo dugu. Bukatzeko, bi ikerketa-lan horiei buruzko ondorioak eta aurrera begirako proposamena azalduko dugu.

2. MARKO TEORIKOA

Zer nolako harremanak daude jarreraren, portaeraren, eta partehartzearen artean?
Giza portaeraren azterketan kontzeptu gutxik sortu dute prozesu motibazionalak adinako interesa eta motibazioak beste espektatiba. Siguán-ek (1979) dioen bezala, motibaziorik gabe ez dago mugimendurik, ezta aktibitate psikikorik ere, eta ez da posible portaera gertatzea.

Motibazioari buruzko definizio gehienak bat datoz ondokoan: hainbat gauza egitearen ala ez egitearen kausak, edo egiten diren ekintza horiek modu batera ala bestera egiteagatik interesatzen den prozesuen multzoa inplikatzen duela motibazioak.

Prozesu motibazionaletan jarreraren garrantzia ukaezina da. Jarrerak, motibazioan gertatzen diren gizabanakoen arteko ezberdintasunen berri ematen digu, eta zalantzarik ez dago jarrerazko oinarri egonkor bat behar dela ekintza konkretu bat (euskara erabiltzea kasu) denbora luzean aurrera eramateko motibazioa mantentzeko. Beraz, motibazioak jarrerazko oinarri sendoa duela ezin uka. Horrela, Gardner-en esanetan (1985) hizkuntza bat ikasteko-erabiltzeko motibazioa hiru elementuren konbinaketa da: a) ikasteko-erabiltzeko nahia, guraria, edo desioa; b) helburu hori lortzeko egiten den ahalegina edo esfortzua, eta c) helburu hori lortzeko aldeko jarrerak.

DESIOA
 
AHALEGINA
 
ALDEKO JARRERAK
 

 

Gauzak horrela, motibazioak portaeraren kausazko faktoreetan pentsatzera bultzatzen bagaitu ere, askotan zentzu deskribatzaile hutsaz erabiltzen da. Norbait euskara ikasteko oso motibatua dagoela esaten denean, esate baterako, pertsona horren portaera deskribatuz egiten da baieztapen hori (adibidez, euskara ikasteko ikastaro batean izena ematea). Halere, deskribapenak inoiz ezin ditu azalpenak ordezkatu, nahiz eta oso zehatza izan. Portaerek aktibitate psikikoaren oinarrian dagoen prozesuzko egituraren zantzuak edo aztarnak besterik ez dizkigute ematen, fidagarriak ala ez izan daitezkeenak. Baina portaerek inoiz ez dute portaera arrazoien azalpen zentzudunik ematen. Aurreko adibidean, euskara ikasteko motibazioaz egindako inferentzia okerra izan daiteke eta bere portaerak beste kausa batzuk izan oinarrian, adibidez, nagusiaren aurrean irudi ona ematea.

Bistan da, zenbait asmo, proiektu, edota plan aurrera eraman ahal izateko, kontuan, oso kontuan hartu beharrekoak direla jarrerak, alegia, izugarrizko eragina dutela hartzen ditugun erabakietan. Era bateko ala besteko jarrera izateak ere eragina duenez, bistan da gure enpresetako euskararen erabilera planetan ere kontuan hartu beharreko aldagaia dugula. Izan ere askotan gertatu ohi da enpresetako erabilera planetan izena eta izana bat ez etortzea. Enpresetako euskara plan bat martxan jartzerakoan, ohikoa da plan horren diseinua egitea, eta, jakina, hori burutzeko informazioa jasotzea. Informazio hori biltzeko, besteak beste, langile guztiei galdetegi bat betetzea eskatzen zaie, eta, galderen artean, planari buruzko jarrera eta euskararen erabilera areagotzeko zenbait eremutako edo zenbait eginkizunetako balorazioa egitea. Inkesta horretatik jasotako emaitza (%97k jarrera ona) positiboa izanagatik, plana martxan jartzearekin batera ohartu gara, ordea, jarrera bat azalduagatik portaera beste bat dela.

Motibazioa eta jarrera garrantzitsuak direla ezin da ukatu, baina ezin da portaera jakin bat motibazio terminotan bakarrik azaldu. Badaude beste faktore batzuk, físiko eta fisiologikoak, norbanakoarenak eta egoerazkoak, prozesuaren nolakotasunean eta ondorioetan ere eragiten dutenak. Motibazioa beraz, ez da portaeraren jatorri bakarra.

Marko honetan kokatuko litzateke Fishbein eta Ajzen-en (1975) Ekintza Arrazoitu/Planifikatuaren teoria, eta gure lanaren oinarri izan dena. Zer dela eta gertatzen da esanaren eta izanaren arteko alde hori? Fishbein eta Ajzen (1975) saiatzen dira, beren Ekintza arrazoituaren teoriarekin, subjektuaren portaera aurresaten eta definitzen. Portaeratik hurbilen dagoen aldagaia subjektuak portaera horrekiko adierazten duen “intentzioa” da. Beraz, autore horientzat, aurren-aurreneko eginkizuna jokabidearen intentzioa aurreikustea da. Portaera intentzio hori, era berean, bi aldagaiz mugaturik agertuko da. Aldagai bat jarrera dugu, eta bestea arau subjektiboa.

JARRERA
 
 
 
PORTAERA - INTENTZIOA
PORTAERA
ARAU SUBJEKTIBOA
 
 


Jar dezagun adibide bat. Demagun enpresako gune jakin batean langile batek euskara erabiltzeak ondorio negatiborik behintzat ez duela izango pentsatzen duela, eta ondorioak ongi ebaluatu ostean, jarrera positiboa duela esandako jarrera objektuarekiko. Demagun, halaber, helburu horren lorpenak balore positiboa duela subjektuarentzat eta baita bere ingurukoentzat ere. Beraz, eta autore horien aburuz, langile horrek izango duen portaera intentzioa aurresan ahal izango genuke. Hau da, azaltzen duen jarrera, izango duen portaeraren parekoa izango da, euskara erabiltzeko ez du inongo beldurrik izango, ez du trabarik aurkituko, eta ondorioz euskara neurri handi batean erabili egingo du inongo eragozpenik gabe.

Hala ere, jarrera objektu guztiak ez dira izaera berekoak. Batzuk kontrolagarriagoak dira, besteak kontrolagaitzagoak. Portaera askok ihes egiten dio, partzialki bada ere, kontrol horri, eta pertsonak kontziente dira horretaz. Konparazio baterako, erretzeari uztea edo euskara zenbait eremu eta egoeratan erabiltzea kontrolagaitz gertatzen zaigu; borondate ona edo intentzioa, izan badugu, baina beste zerbaitek ez digu aurrera egiten uzten. Asko izan daitezke arrazoiak.

Azken urte hauetan, Fishbeinen eta Ajzenen 1975eko Ekintza arrazoituaren teoria beste ekarpen inportante batzuekin aberastu da. Hor ditugu, adibidez, ekintza planifikatuaren teoria, batetik, eta inplementazio edo praktikan jartzeko intentzioari dagokiona, bestetik.
Portaera pertsonaren kontrolpean dagoenean, Akzio arrazoituaren ereduak ez du arazorik planteatzen. Baina, portaera askok ihes egiten dio, partzialki bada ere, kontrol horri, eta pertsonak kontziente dira horretaz. Mota horretako portaerak aurrera eramateko orduan, izan ere, pertsonak hautemandako kontrolak ere eragin egiten baitio intentzioari. Hau da, euskara maila hobetzeko aldeko jarrera posiblea alde batera utzita, subjektuak lorpen horri emandako balioa eta inguruak emandakoa ere alde batera utzita, bere intentzioan hori lortzeko posibilitate subjektiboak ere pisua izango du.

Ekintza arrazoituaren teoriari egindako errebisioaren haritik, zenbait jokabide ezin izaten dugu kontrolatu, eta noski, aipatu dugun langilea, gai izango al da, edo gai al da, euskararekiko duen intentzio hori kontrolatzeko? Hau da, kanpoko erraztasunik ba al du portaera hori burutzeko? Erabiltzeko trebetasunik, motibaziorik… ba al du? Inguruak baimentzen dio euskaraz egin ahal izatea? Portaera intentzioan ez ezik, portaera errealean ere izango al du langile horrek kontrol ahalmen hori? Gorago ere esan dugu jarrera objektu batzuk kontrolagarriagoak direla, eta beste batzuk, aldiz, kontrolagaitzagoak. Galdetegi batean euskararen aldeko jarrera azaltzea ez da batere kontrolagaitza; ez da hain kontrolagarria, ordea, gure planetan gertatzen den bezala, zenbait pertsonarekin dugun hizkuntza erabilera ohitura aldatzea, kontrolagarri izateko baldintzarik egokienak izanda ere.

Horrela, ekintza arrazoituaren lehen ereduari beste aldagai bat erantsi zaio, eta, hala, ekintza planifikatuaren teoria gauzatu da. Aldagai horrek, “hautemandako kontrolak”, aurreko biekin batera intentzioari eragiteaz gainera, portaerari ere zuzenean erasango dio. Grafikoki honela azalduko genuke:

JARRERA
 
 
 
ARAU SUBJEKTIBOA
PORTAERA - INTENTZIOA
 
PORTAERA
 
HAUTEMANDAKO KONTROLA    

Hautemandako kontrolaren eragina bi faktore hauen menpe legoke: a) kanpoko faktorea, zeina portaera burutzeko kanpoko erraztasun, aukera eta abarri dagokion; eta b) barneko faktorea, zeina portaera burutzeko trebetasunari, motibazioari, desirari eta abarri dagokion.

3. LEHENENGO IKERKETA: KANPOTIK EGINDAKO KONTROLAK, JARRAIPENAK ERAGINIK BA AL DU GURE KONPROMISOAK BETETZERAKOAN?

Gure hipotesia hauxe zen: uste edo pentsatzen den hori egingo dela baieztatzeko, inplementatu egin behar da ?abian jarri, alegia?. Gainera, jarrera batek, gero izango den jokabidearen ingurukoa izango bada, behintzat, kanpoko kontrol edo jarraipen baten eragina izan beharko du, neurri handi batean. Gure ustez, norberak hartzen dituen konpromisoen jarraipena egiteak, jarraipenik ez egiteak baino betetze maila altuagoa izatea ekarriko du. Halaber, iruditzen zitzaigun zenbait ohitura aldatzen hasteko ?hain errotuta dauden gaztelaniazko harremanak euskaraz izan daitezen bideratzeko, gure kasuan? baliagarria ere izan zitekeela hori.

Enpresan euskararekiko motibazio eta inplikaziorik handienetarikoa zuen departamentura jo genuen. Zoriz hamarreko bi talde osatu genituen: bata kontrol taldea, bestea esperimentala. Bi taldeei konpromiso zerrenda berbera aurkeztu zitzaien; 29 konpromisoko zerrenda, hain zuzen ere.

Talde bateko kideei hilabeteko konpromisoak aukeratzeko esan genien. Beste taldekoei, hilabetean, egunero-egunero (19 egunetan), fitxa bat bete zezaten eskatu genien, nork bere konpromisoak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko. Hau da, talde esperimental bat genuen, hamar langilez osatua, eta beste hamarrek kontrol taldea osatzen zuten. Lehenengo taldekoek eguneroko jarraipena izango zuten, eta bigarrenekoek ez zuten jarraipenik izango. Kontrol taldea osatzen zuten hamar langileekin banan-banan egon ostean, konpromiso-taula bat bete genuen; hilabeteko konpromisoak, hain zuzen ere. Talde esperimentaleko langileei, berriz, egin behar zutena banan-banan adierazteaz aparte, guk prestatutako ohar bat uzten genien mahai gainean, lanean hasi baino lehen, konpromisoa gogorarazteaz gain, nolabaiteko pertsuasio eta kanpo-kontrola eta jarraipena eginez. Egunero, beren konpromiso-taula bete eta aurreko eguneko konpromisoen betetze mailaren estimazioa egin behar zuten.

Labur esanda, ikusi nahi izan genuen kontrol taldeak, inolako jarraipen eta kanpo eraginik gabe zenbat konpromiso hartzen zuen, eta ea zenbateraino betetzen zituen. Beste taldean, berriz, jarraipen zehatza egin eta ea konpromiso kopuru handiagoa eta konpromiso maila altuagoa zuten ikusi nahi izan genuen, gure usteak baieztatzeko ala ezeztatzeko.

3.1 EMAITZAK

Hartutako konpromiso kopurua

Gure usteak baieztatuz, jarraipena jasandakoek talde esperimentalekoek, alegia, kontrol taldekoek edo jarraipena jasan gabekoek baino ia hiru aldiz konpromiso gehiago hartu zituzten, batez beste.

Konpromisoen betetze maila.

Konpromisoen betetze mailari dagokionean ere nabari-nabaria da jarraipena jasan zutenek, kanpoko eragina nozitu zutenek, neurri handiagoan bete zituztela hartutako konpromisoak jarraipenik jasan ez zutenak baino.

3.2 ONDORIOAK

Gure jarrera eta portaera aldatzea ez da batere erraza, eta gutxiago hain barneratuta daukagun gaztelaniaren morrontzatik irtetea. Baina posible, izan, bada. Gure hipotesiari jarraiki, konpromisoak hartzeaz gain, horien jarraipena eginez gero, emaitzak hobeak dira. Enpresa askotako langileen artean ohikoa da honelakoak entzutea: “Halako eta halako beste halako eta halakorekin gaztelaniaz egiten ohitu da, eta ohitura hori aldatzea oso zaila da”. Jakina zaila dela; izango ez da ba! Baina, inola ere ez ezinezkoa. Egiten dugunaren eta egin dezakegunaren artean dagoen jauziaz ohartzea ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Eta nahikoa ez denez, kanpoko eragileok egin beharko dugu sator lana, akuilu lana nolabait.

Langileek euskaraz duten gaitasuna, dituzten beharrak, euskararekiko duten jarrera eta portaera… halako continuum batean kokatzen jakin behar dugu; izan ere, ohiturak aldatzea lortuko badugu, inoren ezaugarri eta beharretara egokitutako motibazio ekintzak prestatu eta burutu beharko ditugu, jarrera horiek portaera erreal bilakatzeko motibazio ekintzen norabidean asmatu behar dugu.

4. BIGARREN IKERKETA: DISKURTSO MOTEN IDENTIFIKAZIOAZ EUSKARAREN GAINEKO JARRERA ETA PORTAERA TIPOAK IDENTIFIKATZEA

Ondoren azalduko dugun ikerketa-lan honetan, aurreko atalean esandakoa abiapuntu hartuta, gure helburua izan da euskararen inguruan eraikitzen diren diskurtsoak, eta jarrera eta portaera tipologia desberdinak identifikatzea. Izan ere, tipologia horiek identifikatuz gero, aukera izango baitugu dagokionari dagokion motibazio-ekintza proposatzeko, gure helburua aurretiko jarrera eta portaeran aldaketa bat ematea baldin bada, behintzat. Eta tipologia diogunean ez gara pertsonez ari, pertsona horrek euskararen erabilerari dagokion hainbat arlotan izan ditzakeen jarrera eta portaera motez baizik.

Bi enpresatan, zoriz aukeratutako sail banako hamarna langileri elkarrizketa irekia egin genien. Horretarako aurrez prestatutako gidoi bat (norberak lanean, lagunartean, familian, aisialdian... zein hizkuntzatan egiten duen norabideko galderak) erabili genituen aipatutako elkarrizketak egiteko. Proba bi enpresatan egiteko arrazoia bien arteko konparaketa eta kontraste lana egitea izan zen.
Ikerketa motibazionalerako erabiltzen diren tekniken artean inkesta, elkarrizketa irekia, eta eztabaida taldea aztertu ondoren, geure lanerako, motibazioaren arabera sailkapenak egiteko, elkarrizketa irekia erabiltzea erabaki genuen.

Motibazioaren araberako multzoak egiteko komenigarria da pertsonek esaten edo adierazten dutena zuzenean aztertzea: motibazioak, baloreak, sinesmenak, ideiak, nahiak, helburuak… Zuzenean aztertuta, esaten dena eta esaten ez dena –keinuak, tonua…– jasotzeko aukera izaten da eta hori, inkestaren bidez ez da jasotzen osotasunean.

Pertsonen ekintzak barne-dimentsio baten adierazpenak dira eta jendearen jarreraren eta portaeren azterketan –gure kasuan euskararen erabilera– funtsezkoa da barne dimentsio hori jasotzea (baloreak, ideiak, pentsamenduak, etab.)

4.1 EMAITZAK

Elkarrizketetatik jasotako hainbat hitz eta esaldi klabe eta hitzezkoak ez diren beste hainbat gakori esker, motibazioaren araberako hiru tipologia identifikatu genituen, indiferentea, borondatetsua, eta eragilea deitu diegunak. Tipologia horiek ez diote zuzen-zuzenean pertsona konkretu bati egiten erreferentzia, baizik eta pertsona konkretu batek euskararekin harremanean, erabileraren aspektu batean edo gehiagotan duen jarrera eta portaerari baizik.

Hona hemen gure ustez diskurtsoen bitartez jaso ditugun tipologia horien ezaugarriak:


Indiferentea: diskurtso horren ekoizleek egoera dagoen horretan onartzen dute, ez dute aldaketa beharrik sentitzen. Euskara erabiltzea norberaren aukera dela diote. Arazorik edo lanik ez dute nahi, bestearekiko errespetua aldarrikatzen dute eta euskara/gaztelania kategoria desberdinetan sailkatuta ikusten dute.

Borondatetsua: euskara euren identitatearen oinarria dela diote eta euren burua euskalduntzat dute. Hizkuntz ohiturak aldatzea nekeza dela onartzen dute. Esfortzua egitea euskararekin lotzen dute eta horretarako prest daude neurri batean. Euskara enpresan erabiltzeko gogoa dute eta euskara erabiltzeko plangintzaren beharra eta enpresa planean txertatuta egon behar dela aipatzen dute. Euskara gehiago ez erabiltzearen errua besteena dela diote.

Eragilea: euskara gure hizkuntza, gure eskubidea eta altxor unibertsala dela esaten dute. Nortasun sentimendua, euskaldun izatea, maitasun sentimendua euskararekin lotzen dute. Inplikazio handia duten pertsonak dira, ardura eta konpromisoa euren ezaugarriak dira eta euskara erabiltzeko esfortzua eta lana egin behar dela onartzen dute. Euskaraz eroso daude, euskara beharrezkoa dela ikusten dute. Belaunaldi berriek lana euskaraz egingo badute barrutik bidea erraztu egin behar zaiela diote. Euren burua euskaraz hitz egitera behartuta ikusten dute eta gaztelaniak dituen aukera berak aldarrikatzen dituzte euskararentzat.

4.2 ONDORIOAK

Bi enpresa hauetan proba gisa egindako elkarrizketetan jasotako erantzunekin hainbat ondorio atera ditugu.

  • Elkarrizketetan jasotakoaren arabera borondatetsuen multzoa da nagusi; alegia, elkarrizketatuak oro har ados daude euren sailean abian dagoen euskara planarekin, aldeko iritzia dute, baina zerbait egitea egokitzen zaienean ez dira gehiegi “bustitzen”, alegia, euskararen erabileraren norabidean pausoak ematea kosta egiten zaie.
  • Elkarrizketetan ez da kontrako jarrerarik agertu; izan ere, oso zaila baita inork negatiboki berba egitea horrelako gai baten inguruan eta euskara-teknikariaren aurrean.
  • Multzoak (indiferentea, borondatetsua, eta eragilea) ez dira guztiz erabatekoak, izan ere denek dute bestearenetik zerbait; hau da, pertsona batek izan ditzake jarrera indiferenteak eta baita borondatetsuak ere, edo zenbait alderditan portaera eragilea ere bai.
  • Elkarrizketa hauen bidez, pertsona bakoitzaren jarrera eta portaera zantzuak identifikatu ditzakegu eta ondorioz norabide horretan hainbat ekintza antolatu ditzakegu ordura arteko jarreran eta portaeran aldaketak eragiteko.
  • Elkarrizketa taulan jasotako jarrera eta portaera guztiak ez dira maila berekoak, noski; horrela, ekintza bat betetzea samurragoa izango da batzuetan eta zailagoa beste batzuetan. Esaterako, pertsona batek euskarazko telebista piska bat ikusten badu eta euskaraz gutxi hitz egiten badu, zailagoa egingo zaio euskaraz gehiago hitz egitea euskarazko telebista gehiago ikustea baino, batak besteak baino esfortzu txikiagoa eskatzen duelako, batak besteak baino gaitasun maila handiagoa eskatzen duelako...
  • Probak aipatutako bi enpresetan egin ditugu eta, bien arteko konparaketa eginez gero, ez dago alde esanguratsurik, beharbada, aukeratutako guneak antzekoak direlako. Beraz, antzeko erantzunak jaso ditugu bietan.

5. ONDORIO NAGUSIAK

Ajzen eta Fishbeinen (1975) haritik, jarrera indiferentetik konpromisoren batzuk hartzeko intentziora, borondatera pasatzeko eta konpromisoak hartzeko intentziotik, benetan egitera pasatzeko, joko honetan parte hartzea ezinbesteko faktorea dugu. Alferrik izango da dena “egiten hasten” ez bada eta egiten hasteko norberari dagokion botika aurkitu eta ahora ematean lortu behar dugu, aldaketarik ikusiko badugu.

Guk identifikatu ditugun diskurtso tipologiak, hau da, indiferentea, borondatetsua, eta eragilea Ajzen eta Fishbeinen Ekintza arrazoituaren teoriarekin lotu dezakegu, era honetan:

JARRERA
 
 
 
PORTAERA - INTENTZIOA
PORTAERA
ARAU SUBJEKTIBOA
 
 

 

JARRERA / INDIFERENTEA
INTENTZIOA / BORONDATETSUA
PORTAERA / ERAGILEA

Jarrera indiferentziaren mailakoa litzateke, portaera intentzioa borondatearen mailakoa, eta portaera, portaera erreala, eragilearen mailakoa.
Hastapeneko lerroak gogoratuz, motibaziorik gabe ez dago mugimendurik, ezta aktibitate psikikorik ere, eta ez da posible portaera gertatzea, ez da posible portaera aldaketarik izatea; ezinezkoa da euskararen erabilera korapilotik askatzea motibaziorik ez badago, zerbaiten bultzadarik ez badago.

Horregatik pertsonen jarrera, portaera intentzioak, eta portaerak ezagutu behar ditugu norabide horietan suspertze-ekintzak abian jartzeko. Jarreran eragiteko, intentzio hutsa baino harantzago joateko, kanpo kontrola edo eragina ezinbestekoa izango dugu.

Gure bigarren ikerketa lanean identifikatu ditugun euskararekiko diskurtso tipologiak (indiferentea, borondatetsua, eta eragilea), continuum batetan kokatzen baditugu, jarrerarekin, portaera intentzioarekin, eta portaerarekin pareka genitzake. Diskurtso indiferentea duen pertsonaren kasuan euskara erabiltzeko jarrera positiboa ager daiteke, baina gehienetan horretantxe geratuko da, jarrera hutsean, eta gehienez ere portaera intentzioan.

Diskurtso borondatetsua duenaren kasuan, erabilerarekiko jarrera positiboaz gain badago portaera intentzio garbia, eta kasu batzuetan portaera erreal ere bihur daiteke. Ez erabiltzearen kausa-egozpenak kanpoko faktoreetan jartzen dituzte hauek (ingurua, beste lankideak…).

Bukatzeko, erabilera erreala, hau da, jarreratik portaerarekiko jauzia egiteko probabilitate gehiena diskurtso-eragilekoek dute.

Hau ikusirik, esan dezakegu diskurtso indiferente eta borondatetsua dutenen euskara erabilera bultzatu nahi bada, kanpo faktoreen eragina ia nahitaezkoa dela hauen jarrera portaera bihurtu dadin. Euskara teknikaria zein diskurtso eragilea duen lankidea izan daitezke kanpotik, nolabait, eragin dezaketenak. Eragile horien lana berebizikoa da jarreratik edota intentziotik portaerarako bide horretan.

Baina aldaketak ez dira gaurtik biharrera gertatuko. Ezin dugu eskatu gaur diskurtso indiferentea duen hori bihar eragile izatea. Prozesu horrek denbora behar du eta ez da prozesu automatikoa izaten.

6. AURRERA BEGIRAKO PROPOSAMENA

Aurreko guztiak kontuan izanda, EMUNeko motibazioko barne proiektuko kideek egin dutena da pertsonaren euskara maila eta diskurtsoetan oinarritutako tipologia eta erabilera atalak gurutzatu eta egoera bakoitzarentzako motibazio ekintza desberdinak proposatu. Hauxe da izan ere gure erronka; langileen jarrerak, portaera intentzioak eta portaera errealak identifikatzea eta dagokionari behar duena ematea, behar duen antidotoa ematea euskararen erabileran dagoen puntutik urrats bat gehiago ?txikia izanagatik? eman dezan. Batzuekin, agian, euskararekiko jarrera ez hain baikorra leuntzea lor dezakegu, beste batzuekin euren hizkuntza ohituretan aldaketatxoren bat ematea, eta beste batzuekin, zenbait motibazio ekintzen bitartez, indiferente edota borondatetsu diren diskurtsoekiko kanpoko eragina sor dezakete.

Elkarrizketetan jasotako hitz gakoen bitartez tipologia bakoitzeko erantzunak dira beheko taulan ageri direnak. Dena den argitu beharra dago esaldi gakoak errepikatu egiten direla eta guztiak multzokatu egin ditugula taula errazte aldera: ez dut sekula irakurri, parte hartzen dut, nahiko eroso sentitzen naiz... Era honetan euskararen erabilerari dagokion item bakoitzean langileak adierazten duen jarrera eta portaerak identifika ditzakegu eta langilearen euskara gaitasunarekin gurutzatuz gero, gai izan gaitezke bakoitzari berea emateko, euskararekiko duten jarrera eta portaerak continuum batean jarrita, erabileran pauso bat gehiago emateko norberak beharko lukeen “ekintza suspertzailea” eskainiz.

Diskurtsoak eta esaldi gakoak

Elkarrizketako galderak
INDIFERENTEA
BORONDATETSUA
ERAGILEA
Sekula egunkari, herri-aldizkari edo bestelakorik euskaraz irakurri al duzu? Ez dut sekula irakurri Zertxobait irakurtzen dut Maiz irakurtzen dut
Euskaraz idazteko ohiturarik ba al duzu? Ez dut sekula idatzi Zertxobait idazten dut Maiz idazten dut

Komunikabideak euskaraz ikusten/entzuten al dituzu?
Ez dut sekula Ikusi/entzun Zertxobait ikusten/ entzuten dut Maiz ikusten / entzuten dut
Inoiz saiatu al zara euskara ikasten edo hobetzen? Ez dut ikasteko ahaleginik egin Ikasten ahalegindu naiz Ikasi dut
Etxean, lagunartean, enpresan zein da zure harreman hizkuntza ohikoena? Ez dut berba egiten Berba egiten dut Beti berba egiten dut

Erdara nagusitzen den guneren batean jabetzen zara egoeraz eta aldatzen saiatzen zara?
Hizkuntza harremanean egoera aldatzeko ahaleginik ez dut egin Hizkuntza harremana aldatzen ahalegindu naiz Egoera aldatu dut
Euskara planari buruzko informazio nahikorik jasotzen al duzu? Zure inguruko euskaldunak ezagutzen dituzu? Ez zait interesatzen Interesatzen zait Informazioa jasotzen dut
Euskara planeko taldeetan inoiz parte hartu duzu? Ez dut parte hartu Parte hartu dut Parte hartzen dut
Lanean, etxean… euskaraz hitz egiterakoan gustura sentitzen zara? Ez naiz eroso sentitzen Nahiko eroso sentitzen naiz Eroso sentitzen naiz

Aurrez esan bezala, aldagaiak gurutzatuta ondokoa bezalako taula ateratzen zaigu; esaterako, euskara ez dakien pertsona bati eta sekula idatzi ez duenari, bere jarrera alda dezan, erantzun laburreko lehiaketetan parte hartzea edo euskara dakien bati eta sekula idatzi ez duenari hileroko berripaperean protagonista izan dadin ekarpenen bat egiteko proposatuko diogu. Eta horrela beste egoera guztietan.

Hemen aurkezten diren ekintzen adibideak EMUNeko teknikariok urtez urte bildutako praktika onenen zerrenda duzue, horrela emanak ezer asko esaten ez dutenak. Mezularia, bota puntuba, idazlaguna...guk sortutako motibazio ekintzei jarritako izenak dira.

Euskara maila eta diskurtsoen araberako motibazio ekintzak

Euskara maila
Ez dut sekula idatzi
Zertxobait idazten dut
Maiz idazten dut
Ez dakit


• Hiztegi pertsonalak


• Ereduak(ohar, e.mail…)


• Erantzun motzeko lehiaketak


• Bonoak

• Hiztegi pertsonalak


• Ereduak(ohar, e.mail…)


• Erantzun motzeko lehiaketak


• Bonoak


• (...)

 
Erdizka dakit (ikasten, alfabetatu gabeak…)

• Mezularia


• Erantzun motzeko lehiaketak eta bonoak


• Oporretako postalak


• Idazlaguna


• (...)

• Mezularia


• Esloganak


• Bota punttuba


• Ipuin bukaerak


• Itzulpen errazak


• Ezagutza handitzekoak


• Postalak


• (...)

• E-mailak (eredu lagungarrik)


• Mezularia


• Aurrekoak


• Berripapereko atalen bat idatzi)


• (...)

Badakit


• Idazlaguna


• Berripapererako ekarpenak


• (...)

• Konpromisoak


• Aktetan puntu bat euskaraz


• Ipuin lehiaketak


• (...)


• Berripaperak


• Aktak


• Txostenak


• Euskararen Egunekoak


• Kanpainak


• Ipuin lehiaketak


• Poliki, Umorea


• (...)

Ez da lan makala, baina noski, ohitura, iritziak... zail direlako, euskararen erabilera planak ehun metroko lasterketak ez baino, maratoiak direla konbentzitu behar dugu, bestela bidean erreko gara, egindako bidea erreko dugu.

BIBLIOGRAFIA

Esteve, O. (2000). HUHEZIn ikas-estrategien inguruan antolatutako mintegia.


Fishbein, M. & Ajzen, I. (1975) Belief, attitude, intention and behavior: an introduction to theory and research. Reading, Addison Wesley.


Gardner, R.C. (1985) Social Psychology and second language learning:The role of attitudes and motivation. London: Arnold.


Irastortza, Joxpi (2003). KAP. Euskararen aldeko jarrera Enpresetako Euskara Planetan. Mondragon Unibertsitatea.


Etxeberria, Maite (2004). Diskurtsoetatik jokabideetara: analisia eta ekintza plana. Hiznet.


Siguan, M. (1979). Hitzaurrea. In J. Arnau: Motivación y conducta. Barcelona: Fontanella.

OHARRA

1. EzTauMusik (Euskararen Trena Martxan)Motibazio taldeko kideak: Koldo Urrestarazu, Urrate Etxaburu, Asier Iriondo, Maite Etxeberria, Oihane Zabaleta, Anaida Agirre eta Joxpi Irastorza.
 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Nekane Arratibel, Joxpi Irastortza
Urtea: 
2005