Euskara Nafarroa Garaian: iraupenetik garapenera?

Batetik, euskararen erabilera sustatzeko jarrerak indartu behar dira (inkestetan agertzen diren "indiferenteak" irabazi, besteak beste). Era berean, gaur egun euskararen garapenaren aurka aktibatuta dauden zenbait indar eta faktore gainditu egin behar dira (euskararen aurkako hizkuntza politika ofiziala, eta euskararen aurkako beligerantzia nahiz gerra psikologikoa, agerikoa edo gordea). Bestetik, euskaldunon hizkuntza komunitateak hiztun berriak irabazi behar ditu (euskaldun berriak “hizkuntza-linbotik” hizkuntza komunitate egituratu batera ekarri) eta gune soziologiko eta demografiko nagusietan errotu behar du (Iruñerrian, esaterako).

Sinplifikatuz, esan daiteke nafar euskaldunak bi ekosistema oso ezberdinetan bizi direla. Batetik, euskaldunen %41,3 herri oso euskaldunetan bizi dira (*2), populazioaren %70 baino gehiago elebiduna duten 34 udalerritan, hain zuzen (*3). Bestetik, %52,3 bertako euskara historiako une ezberdinetan galdutako eskualdean bizi dira (gehienak Iruñerrian, Nafarroako euskaldun guztien %38 hiriburuan eta inguruko udalerrietan bizi baita

Iruñerrian biltzen da Nafarroako populazioaren %50,3. Bertako euskararik ez duen ingurune honetan (*5) (eta Iruñerriaz gain, Lizarran, Tafallan, edo Zangozan, adibidez) elebidunen dentsitate baxua da ezaugarri nagusia (%9,2 Iruñerrian). Dentsitate baxua eta hiztun askoren tipologia (erdal elebidunak) oztopoak dira euskararen erabilera tasa altuagoa izan dadin. Hala ere, Soziolinguistika Matematikoak azaldutakoari jarraiki (Alvarez Enparantza - Isasi Balantzategi, 1994), euskararen kale erabilerak frogatu du euskaldunen komunitatea neurri batean, bederen, trinkotuta dagoela

Bestalde, erdal elebakar asko bizi dira euskararekin inolako loturarik izan gabe. Izan ere, euskaldunen hizkuntza komunitatea txikia da eta trinkotzeko beharrak (euskaldunekin bizi euskara erabili ahal izateko) komunitate hori endogamiko eta ikusezin egiten du populazio erdaldunaren zati handi batentzat. Hala ere, ikusezintasunaren arrazoia ez da soilik euskaldunon hizkuntza komunitatearen ezaugarri horietan bilatu behar: euskara arlo publikotik baztertzeko lan kontzientea egin da azken urte hauetan.

Ezinbestekoa da egiten den hori guztia, baina ez da nahikoa. Hori baino askoz gehiago beharko da iraupen hutsetik garapenera joan nahi izanez gero: bestelako hizkuntza politika bat, atxikimendu sozial sendoagoa, hiztunen masa kritikoa, bitarteko ekonomikoak, euskaldunon hizkuntza komunitatea trinkotzea, babes legala eta ofizialtasuna, gune euskaldunen garapena, eragileen arteko elkarlana, eta euskararen aurkako jarrera indargabetzea.

Euskararen aurkako jarreraz eta are beligerantziaz ari gara. Jarrera hori, gainera, aktiboa da, eta pentsamendutik edo ideologiatik harago, praktikan gauzatu eta gorpuztu egiten da: hizkuntza politika ofiziala bera da horren isla edo froga argiena, baina baita zenbait hedabidetan egonkor samarra den diskurtsoa ere, edota eremu pribatutzat jo ohi diren espaziotan agertzen edo azaleratzen ari diren esanak eta eginak. Euskararen inguruko auzian, azkeneko urteotan bereziki, gerra psikologikoaz ere mintza gintezke Nafarroan.

Asko beldur ziren ikastetxeetako eskolatze datuek ez ote zuten okerrera eginen, baina ez da halakorik gertatu oraingoz. Gurasoentzat horren garrantzitsua den seme-alaben hezkuntza eredua hautatzean ez da mezu pozoituen eragin handirik ikusten, baina ezin dugu jakin zenbat haur izanen genituzkeen orain euskaraz ikasten garai bateko euskarazko irakaskuntzaren aldeko mezu instituzionalak jarraitu izan balu, adibidez.

Euskararen berreskurapenerako edo garapenerako proposatzen den formulazio teoriko edo soziolinguistikoa edozein dela ere (Fishmanen 8 urratsak, Txepetxen eredua eta haustura puntua…), edo hizkuntzaren normalizaziorako estrategia edozein dela ere (politikaren garrantzia, aitaren etxea, amaren sua, komunikazioa, estetika…), euskararen egoerarekiko eta etorkizunarekiko indiferente sentitzen den multzo horren galbahea pasa beharko da, euskararen erabilera soziala hedatu eta orokortu nahi bada, behintzat.

Euskararen aldeko diskurtsoaren topiko batek dio nafarrek euskararen aldeko jarrera zabala dugula, hizkuntzarekiko atxikimendu zabala dagoela gurean. Horren isla dira matrikulazio-datuak, euskararen aldeko agerraldi jendetsuak, edota zenbait inkestek erakutsitako emaitzak. Aldeko jarrera horren ondoan, ordea, beren burua indiferente gisa agertzen direnak ditugu. Eusko Jaurlaritzaren 2001eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, hain zuzen ere, nafarren %35 (*9). Ikuspegi kuantitatibotik, hortaz, kontuan hartzeko moduko taldea da.

Hizkuntzaren erabilera soziala hainbeste faktorek arautzen eta baldintzatzen badute (legezkoak, politikoak, ideologikoak, praktikoak, teknikoak, korpusari dagozkionak, ezagutza, motibazioa…), indiferenteak euskarara hurbilduko dituen errezeta prestatzeko saski guztietatik hartu beharko dira osagaiak, euskaldunon hizkuntza komunitatearen erakarpen-indarra gero eta handiagoa izan dadin.

Gure ustez hiru izan daitezke euskara lehen hizkuntza duten hiztunak gero eta gehiago izateko faktoreak (gogoratu erroldak hiru urte bete arte ikasitako hizkuntza jotzen duela lehenengo hizkuntzatzat): bikote mistoek ere euskara transmititzea, haur eskolen lana, eta guk aipatutako euskaldun berrien transmisioa. Bakoitzaren pisua eta garrantzia ezagutzeak azterketa sakonagoa eskatuko luke.

Etorkinek ekarri duten aldaketa demografikoak eragina izanen du etorkizuneko datuetan, azken urteotan handitzen ari baita Nafarroara etortzen direnen kopurua. Beraz, etorkinak euskal komunitatera erakartzeko lan handiagoa eta orokorragoa egin ezean, zaila izanen da euskal komunitatea kopurutan lortzen ari den hazkundea populazio osoarekiko pisu erlatiboan ere lortzea. Oraingoz ezin gara oso baikorrak izan; izan ere, txikiak, isolatuak, eta Nafarroa osorako egituratu gabeak baitira etorkinak euskararen mundura hurbiltzeko egin diren egitasmoak.

SARRERA

Euskara hizkuntza bizia da, baina oso egoera ahulean dago, eta ez dauka etorkizuna ziurtatua. Horixe izan liteke, labur-laburrean, euskararen egoeraren diagnostikoa Nafarroa Garaian. Bidenabar esanda, eta bistakoak diren aldeak ukatu gabe, Euskal Herriko lurralde osorako balio lezakeen diagnostikoa da.

BAT aldizkariko zenbaki honetan Nafarroa Garaian euskararen errealitatearen argazkia osatzeko hainbat lan jasoko direnez, gure honetan ez gara saiatuko alorrez alorreko argazki xehea egiten. Aitzitik, argazki panoramiko orokor eta labur antzeko bat eginen dugu sarrera honetan, eta gaurko egoeran nahiz etorkizunean giltzarri izan litezkeen zenbait alderdi nabarmentzen saiatuko gara. Bide batez, hausnarketarako zenbait elementu aipatuko ditugu.

Hasierako esaldi laburra osatze aldera, esan dezagun Nafarroan badagoela euskara egunero erabiltzen duen eta erabili nahi duen hizkuntza komunitate bat, baina hizkuntza komunitate horrek barne-bizitasuna, kuantitatiboki zein kualitatiboki, ahula duela. Kuantitatiboki ahula da, Nafarroan egunero gertatzen diren interakzio linguistiko guztien %95etik gora (*1) erdaraz gertatzen direlako; alegia, nafarron hizkuntza produkzio ia oso-osoa gaztelaniazkoa delako. Kualitatiboki ere ahula da, euskarazko harremanak gehienbat periferikotzak jotzen diren eginkizunetan kokatzen direlako: esparru informalak, etxe-giroa, kalea…; hau da, gizartearen dinamikan erabakigarriak diren guneetatik kanpo, eragin soziologiko eta demografiko txikia duten guneetan.

Azaldutakoa bezalako egoera gutxituak ezin dira luzera egonkorrak izan. Konstatazio soziolinguistiko horrek Nafarroako egoeraren irakurketa ezkorra ekartzen du, Nafarroan, erabileraren garapen nabarmenik ikusten ez denez, garenak eta gauden bezala iraganean bezala etorkizunean ere irauteko itxaropena urruntzen baitu. Egia da demografikoki eta geografikoki nolabaiteko hedapen txikia gertatu dela Nafarroa Garaian, baina erabilera funtzionalari dagokionez ezin da gauza bera esan.

Euskarak funtzio horiek berreskura ditzan erabilera soziala eremu pribatutik publikora hedatu behar da. Eta hedapen horrekin batera, hainbat prozesu jarri behar dira martxan (hedapen funtzionalaren beraren baldintzatzat jo ditzakegunak). Batetik, euskararen erabilera sustatzeko jarrerak indartu behar dira (inkestetan agertzen diren "indiferenteak" irabazi, besteak beste). Era berean, gaur egun euskararen garapenaren aurka aktibatuta dauden zenbait indar eta faktore gainditu egin behar dira (euskararen aurkako hizkuntza politika ofiziala, eta euskararen aurkako beligerantzia nahiz gerra psikologikoa, agerikoa edo gordea). Bestetik, euskaldunon hizkuntza komunitateak hiztun berriak irabazi behar ditu (euskaldun berriak “hizkuntza-linbotik” hizkuntza komunitate egituratu batera ekarri) eta gune soziologiko eta demografiko nagusietan errotu behar du (Iruñerrian, esaterako).

Aipatutako elementuak gako garrantzitsuak dira Nafarroan euskal komunitateak bizi duen egoera ulertzeko, eta haren etorkizuneko erronkak irudikatzeko. Baina Nafarroa Garaiko egoera linguistiko konplexuan badira beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar direnak: Nafarroako euskaldunen errealitate heterogeneoa (sekulako aldea dago herri erabat euskaldunetik eskualde erdaldunetara) edo herri txikiek hiriburuarekiko duten mendekotasuna, esaterako. Horien guztien inguruan hausnarketa egiteko baliagarri izan litezkeen zenbait ideia harrotuko ditugu datozen lerrootan.

NAFARROA GARAIKO EUSKALDUNON HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN BI EKOSISTEMAK

Nafarroa heterogeneoa da

Nafarroa Garaia unitate administratibo gisa aztergai izateak bertako euskaldunon hizkuntza komunitatearen egoera mozorrotzen du, bertan egoera erabat heterogeneoa baita. Lurralde osoko ezaugarri komun bakanetakoa da Gobernu Autonomoak euskararen erabilera sustatzeko ezartzen dituen oztopoak. Hori alde batera utzita, Nafarroako herri euskaldunen deskripzio soziolinguistikoak antza handia izan dezake Goierrikoarekin, esaterako; eta Iruñerrian eta Bilbon edo Enkarterrietan gertatzen diren gauza askok azalpen antzekoak izan ditzakete.

Bi ekosistema eta tipologia berezi bat

Sinplifikatuz, esan daiteke nafar euskaldunak bi ekosistema oso ezberdinetan bizi direla. Batetik, euskaldunen %41,3 herri oso euskaldunetan bizi dira (*2), populazioaren %70 baino gehiago elebiduna duten 34 udalerritan, hain zuzen (*3). Bestetik, %52,3 bertako euskara historiako une ezberdinetan galdutako eskualdean bizi dira (gehienak Iruñerrian, Nafarroako euskaldun guztien %38 hiriburuan eta inguruko udalerrietan bizi baita (*4)).

Euskaldunen gainerako %6,4 tipologia bereziko udalerrietan bizi dira: helduek edo zaharrek bertako euskara jaso zuten eta oraindik badakite, baina XX. mendean familiaren bidezko transmisioak huts egin zuen. Herri horietan irakaskuntzaren bidez haurrak eta gazteak berriro euskalduntzen ari dira, baina haurren eta zaharren adin multzoen artean talde oso erdalduna agertzen da. Transmisioaren etenaren dataren arabera adin tarte erdaldun hori zabalagoa edo txikiagoa da. Tipologia bereziko herri hauetako batzuk dira, esaterako, Aezkoakoak, Ultzamakoak edo Arakilgoak.

Azken tipologia berezi hori alde batera utzita, beraz, Nafarroako euskaldun gehienak goian aipatutako bi ingurune nagusi horietako batean bizi dira. Bataren eta bestearen ezaugarriak oso ezberdinak dira.

BERTAKO EUSKARA GORDE DUEN ESKUALDEA

Populazioa %70 baino gehiago elebiduna duten udalerrietan, esan bezala, Nafarroako euskaldunen %41,3 bizi da. Nafarroako populazio osoaren %6 baino ez da, ordea. Herri oso txikiak dira gehienak; izan ere, handienek (Bera, Leitza, edo Elizondo) 3.000 biztanle inguru baitituzte. Txikiak izatearen ondorioz, Nafarroako hiriburuarekiko mendetasun handia daukate arlo askotan (administrazioa, merkataritza, aisialdia, lan mundua…). Salbuespena izan daiteke Bortzirietako edo Goizuetako herritarrek, adibidez, Gipuzkoarekin duten lotura. Bestalde, herri txiki horietako udalen eskumenak eta ahalmen ekonomikoa ere mugatuta daude. Udalerrien eremua gainditzen duten esparruetan, euskararen erabilpenari dagokionez, defizit handiak daude (unibertsitatea, komunikabideak, administrazio autonomikoa…), baina udalerri mailako esparru askotan eta gertuko komunitatean, ordea, eta leku batetik bestera aldeak badaude ere, euskara ohiko komunikazio hizkuntza da.

BERTAKO EUSKARA GALDU DUEN ESKUALDEA

Euskaldunen dentsitate txikia eta hizkuntza leialtasuna
Iruñerrian biltzen da Nafarroako populazioaren %50,3. Bertako euskararik ez duen ingurune honetan (*5) (eta Iruñerriaz gain, Lizarran, Tafallan, edo Zangozan, adibidez) elebidunen dentsitate baxua da ezaugarri nagusia (%9,2 Iruñerrian). Dentsitate baxua eta hiztun askoren tipologia (erdal elebidunak) oztopoak dira euskararen erabilera tasa altuagoa izan dadin. Hala ere, Soziolinguistika Matematikoak azaldutakoari jarraiki (Alvarez Enparantza - Isasi Balantzategi, 1994), euskararen kale erabilerak frogatu du euskaldunen komunitatea neurri batean, bederen, trinkotuta dagoela, hiztun elebidunek beste elebidunak bilatzen dituztela haien harremanak gauzatzeko eta, aukera izanez gero, askotan, euskara erabiltzen dutela komunikatzeko. Baieztapen hori ulertzeko, ezin da ahaztu eskualde honetan erdal elebakarrek duten pisua.

Adin tarte gazteetan berreskurapena

Bertan eskualde euskaldunetik etorritako euskaldun asko bizi direla ahaztu gabe, esan daiteke eskualde honen ezaugarri nabarmenena dela euskarazko irakaskuntzari esker adin tarte gazteenetan gertatu den berreskurapena. Populazio euskalduna oso gaztea da: 2001. urtean Iruñerriko 6-11 urteko haurren %23,5 (*6) elebiduna zen (% 9,2 adin tarte guztiak kontuan hartuta).

Erabilera espezializatua

Ezagutza handiagoa da haurren eta gazteen artean, eta erabilera ere, neurri batean, haurrekin lotuta doa. Horrela agertu zen 2001eko kale neurketan (*7) . Beraz, esan daiteke nolabaiteko espezializazioa dagoela euskararen erabileran tipologia honetako udalerrietan: euskara irakaskuntzan eta haurren aisialdian erabiltzen da, batez ere.

Bestalde, erdal elebakar asko bizi dira euskararekin inolako loturarik izan gabe. Izan ere, euskaldunen hizkuntza komunitatea txikia da eta trinkotzeko beharrak (euskaldunekin bizi euskara erabili ahal izateko) komunitate hori endogamiko eta ikusezin egiten du populazio erdaldunaren zati handi batentzat. Hala ere, ikusezintasunaren arrazoia ez da soilik euskaldunon hizkuntza komunitatearen ezaugarri horietan bilatu behar: euskara arlo publikotik baztertzeko lan kontzientea egin da azken urte hauetan.

Bertako euskara gorde duen eskualdearen pisu demografikoa kontuan hartuta, bistakoa da Iruñerrian dauden joera soziolinguistikoek (eta Iruñerriaren ispilu diren beste herri erdaldunduak: Lizarra, Tafalla…) Nafarroa osoan euskararen garapen-indarra baldintzatzen dutela.

IRAUPENA / GARAPENA

Euskara hizkuntza bizia da Nafarroan, sarreran ere hala esan dugu. Neurri batean bederen euskaraz bizi den eta hala bizi nahi duen hizkuntza komunitatea badago, eta Xabier Erizek (Erize, 1997) dioen moduan, hizkuntza komunitate horren historia galera baten historia baino gehiago iraupen baten historia da. Euskaldunon hizkuntza komunitateak, euskarak, hizkuntza ordezkapenaren osagai guztiak izan dituen prozesu baten aurrean, mendeetan zehar iraun du eta gaur egun ere badirau, bizirik.

Iraupen horri erreparatuta, erraza —edo erosoa— izan liteke pentsatzea “euskarak orain arte iraun badu, aurrerantzean ere iraunen du”. Kontuan izan behar da, ordea, prozesu eta eraldaketa sozialak —soziolinguistikoak barne— gaur egun inoiz baino azkarrago gertatzen direla edo gerta daitezkeela. Luze iraun du euskarak, eta ez da noski berehalakoan desagertuko, baina gaur egun Nafarroan euskararen egoeraren nondik norakoak eta ezaugarriak kontuan izanda, etorkizunerako batere bermerik ez duela aitortu behar da. Eutsi badio, besteak beste nafar euskaltzaleen arnasari, nafar euskaldunen leialtasunari, eta euskal hizkuntza komunitatearen barne-bizitasunari esker izan da. Zaila da esaten, ordea, hurrengo hamarkadetan izanen dugun gizarte-eredu eraldatuan noraino iraunen duten euskararen euskarri horiek.

Izan ere, iraupena ez da garapena. Bizirik irauteak ez du esan nahi hizkuntza komunitatea nahikotasunez trinkotzen, hedatzen eta egituratzen ari denik. Azken 20 urteotan Nafarroan euskarak duen egoeraz behin baino gehiagotan “ez aurrera ez atzera” esan izan da, eta horrela ulertu behar dela uste dugu. Bistan denez, gaur egun iraute hutsa ez da etorkizunerako bermea. Azken hamarkadetan nolabaiteko aurrerapen demografiko eta geografikoa gertatu bada ere, ez dugu hori nahikotzat jotzen normalizazio prozesu batean behar den garapen erritmoa kontuan hartuta.

Garapen hitza anbiguoa gerta liteke, noski, zabal eta zehaztugabe samarra izaki. Normalizazioa esanen diote batzuek, berreskurapena, hedatzea, biziberritzea… Betiere, garapenak gutxienez gaurko hizkuntzaren estatusa zeharo aldatzea ekarriko luke, eta hizkuntza komunitateak, euskaldunon hizkuntza komunitateak gure kasuan, hiztunak (demografia), lurraldea (geografia) eta funtzio sozialak (gizartea) nabarmenki irabaztea.

Garapen hitzari jartzen zaizkion abizenak gorabehera, bada gure ustez azpimarratu beharreko ideia bat: aldaketa sakonik ezean, Nafarroa Garaian garapenik ez. Euskalgintza eta euskaltzaleak, oro har, hainbat frontetan eta hainbat moldetan sekulako ahalegina egiten ari badira ere, ozta-ozta eusten dio euskarak bere presentzia eta erabilera sozialari. Zertxobait aurrera zenbait eremutan, zertxobait atzera beste batzuetan, “ez atzera ez aurrera” edota “atzera eta aurrera”, baina betiere normalizazioaren atalasetik edo haustura puntutik beherago, minimoen oso azpitik.Ezinbestekoa da egiten den hori guztia, baina ez da nahikoa. Hori baino askoz gehiago beharko da iraupen hutsetik garapenera joan nahi izanez gero: bestelako hizkuntza politika bat, atxikimendu sozial sendoagoa, hiztunen masa kritikoa, bitarteko ekonomikoak, euskaldunon hizkuntza komunitatea trinkotzea, babes legala eta ofizialtasuna, gune euskaldunen garapena, eragileen arteko elkarlana, eta euskararen aurkako jarrera indargabetzea.

EUSKARAREN AURKAKO JARRERA AKTIBOA

Hizkuntza baten estatusa aldatu nahi izanez gero, euskararena esaterako, erabaki sozial eta politiko bat behar da, gizarteko eragile guztiak inplikatuko dituena. Horretarako, herritarren atxikimendua eta borondatea ezinbestekoak izanen dira; euskaldunona, jakina, eta baita erdaldunena ere.

Gaur egun, bestalde, euskararen estatusari buruzko jarrera ezberdinak daude Nafarroa Garaiko gizartean. Hainbatentzat euskararen garapena —deitu normalizazioa, deitu berreskurapena, edo deitu nahi den bezala— helburu esplizitua da. Besterik da helburu hori noraino barneratua dagoen eta eguneroko jardunean horrekiko koherentziaren norainokoa, baina gizatalde edo sektore sozial zabal baten helburu aitortua eta gardena bada.

Bestalde, euskara bere horretan, alegia, gaurko muga demografiko, geografiko, eta sozialean utzi nahi duenik ere bada. Euskararen espazioa murriztea gertaera historiko “naturaltzat” edo “halabeharrezkotzat” hartu ohi dute sarritan joera hori dutenek, eta ez dute inolako garapenaren beharrik ikusten edo sentitzen. Nafarroan pisu politiko eta soziologiko handia duen PSN alderdiak, adibidez, esplizituki adierazi du ez duela euskara Nafarroa osoan garatzeko helbururik, eta ez duela euskara normalizatzeko planteamendurik. Horrelako jarrerak, nolanahi ere, praktikan eta batez ere desoreka hain handia denean, azken buruan galera dakar. Hizkuntzari hiltzen uzten zaio, azken batean, zarata txikiarekin bada ere.

Baina bada, noski, are bortitzagoa eta gordinagoa den jarrera bat Nafarroa Garaian, aski ezaguna: euskararen aurkako jarrera aktiboa, azken urteotan bereziki indartu dena.

Hizkuntzen ukipen egoera gertatzen denean, eguneroko bizitza sozialean hainbat erabaki hartu behar izaten ditu hiztunak: hizkuntza bat edo bestea erabili, non, norekin, noiz, nola… Erabaki horiei dagokienez, lehian ditugun bi hizkuntzen gaurko estatusa ontzat jotzen dutenek askotan erabaki librea aipatzen dute. Hau da, hiztunak libreki erabakitzen omen du une bakoitzean zein hizkuntza erabili, non, norekin, noiz, nola, bai baitauka horretarako askatasuna.

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Hizkuntzen erabilera gertakari soziala da, eta hainbat arauk eta konbentziok erregulatzen dute. Agerikoak edo isilekoak izan litezke, baina elkarrizketa xumeena eta informalena ere arau sozialen menpe dago, eta hizketaldia gizartearen testuinguruan gertatzen den neurrian, gizarte-harremanetan gertatzen diren faktoreek alde batera edo bestera bultzatuko dute hiztuna.

Faktore horien artean, Nafarroari eta euskarari dagokienean, bada azpimarratzeko moduko bat, akaso Euskal Herriko gainerako lurraldeetan hain nabarmena ez dena. Euskararen aurkako jarreraz eta are beligerantziaz ari gara. Jarrera hori, gainera, aktiboa da, eta pentsamendutik edo ideologiatik harago, praktikan gauzatu eta gorpuztu egiten da: hizkuntza politika ofiziala bera da horren isla edo froga argiena, baina baita zenbait hedabidetan egonkor samarra den diskurtsoa ere, edota eremu pribatutzat jo ohi diren espaziotan agertzen edo azaleratzen ari diren esanak eta eginak. Euskararen inguruko auzian, azkeneko urteotan bereziki, gerra psikologikoaz ere mintza gintezke Nafarroan.

Euskararen garapenaren kontrako lan horren helburu nagusia euskara arlo publikotik erabat ezabatzea da. Laurogeita hamargarren hamarkadan Nafarroan martxan jarritako hainbat ekimenen ekarpena, hain zuzen ere, euskara bizitza publikoari begira jartzea izan zen. Askotan ekimen ahulak izan ziren eta lorpen txikikoak, baina ekimen eta urrats horiek guztiek mendeetako joera norabidez aldatu zuten: gero eta euskara gehiago ikusten zen administrazioko bulegoetan eta gure paisaia linguistikoan, adibidez.

Nafarroako Gobernuaren jarduna

Haatik, hamarkada honetan Nafarroako Gobernua gidatzen dutenen helburua kontrakoa izan da: euskara espazio publikotik erabat baztertzeko lan sistematikoa egitea. Iruña izen ofiziala errepideetako errotuluetatik ezabatzea zerbait sinbolikoa da, helburu sakonago baten sinboloa: euskara sutondora (museora ezin bada) itzularaztea. Nolabait esateko, izenarekin batera, izana ere ezabatu nahi da. Bataila-eremua zona erdaldundua da, bertan gertatu baita berreskurapenik biziena.

Zaila da, nolanahi ere, euskararen erabilera zokoratzeko ahaleginak izanen dituen ondorioak asmatzea. Asko beldur ziren ikastetxeetako eskolatze datuek ez ote zuten okerrera eginen, baina ez da halakorik gertatu oraingoz. Gurasoentzat horren garrantzitsua den seme-alaben hezkuntza eredua hautatzean ez da mezu pozoituen eragin handirik ikusten, baina ezin dugu jakin zenbat haur izanen genituzkeen orain euskaraz ikasten garai bateko euskarazko irakaskuntzaren aldeko mezu instituzionalak jarraitu izan balu, adibidez. Argi dagoena da egoera honetan euskal komunitateak oso zaila duela gizartean gertatzen ari diren aldaketak eta joera berriak bere onerako bideratzea, edo, gutxienez, horietan bere ahotsa entzunaraztea: kontsumoarekin lotutako aisialdi ohitura berriak (merkataritza-gune handiak); haurren sozializazioan pisu handiagoa hartzen ari diren eragileak (haur eskolak, komunikabideak, kultur kontsumoko gaiak -familiaren eraginaren kalterako-)… Prozesu horietan guztietan euskal komunitatea periferian dago.

Hizkuntzaren inguruko erabakiak hartzeko garaian —eta askotan egin behar izaten da hori eguneroko bizitzan—, erdararen aldeko balantzan aipatu ditugun faktore horiek ere egon badaude, eta ez da nolanahikoa daukaten pisua. Ez bakarrik euskaldunak euskara edo gaztelania hautatu behar duen garaian, baita euskarari espazioa eman liezaioketen erabakiak hartzeko garaian ere, erabakiaren subjektua edozein dela ere: enpresa batek publizitatea egin behar duenean, herritarrek edo edonolako erakundek administraziora jo behar duenean, entitate batek zerbitzu bat edo beste kontratatzeko garaian…

Honatx, labur azalduta, euskararen aurkako jarrera eta beligerantzia horren ezaugarri eta elementu batzuk:

  • Euskararen aurkako korronte hori ebidentea eta bistakoa da batzuetan; gordea, subliminala eta isilpekoa beste askotan. Agerikoa denean, gutxienez badago diskurtsoaren lehian sartzeko aukera, bestelako elementuak ere agerian jarriz. Gordea eta isilpekoa denean, diskurtso eta ideologia horrek bere bidea oztopo handirik gabe egin dezake.
  • Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika ofiziala. Europako hizkuntzen kudeaketa hutsa bihurtu dute, euskara gehienez hizkuntza horien maila berean jarriz.
  • Eremu pribatuan ere, erdi gordeka, euskararen aurkako praktika eta politika bat gauzatzen ari da. Enpresen munduan, esaterako. Azken aldian behin baino gehiagotan aditzen dira euskararen inguruan gisa honetakoak: inoren curriculumean euskara agertzea negatiboki baloratzea, publizitatean euskara agertzeko ausardiarik eza, foru administraziora euskaraz egindako dokumentuak bidaltzeko beldurra, euskal kutsua duen esaldiak jartzeagatik zigor-mehatxuak… Gaitzerdi anekdota hutsa balira, baina hori baino gehiago ote den pentsatzeko zantzuak badaude, eta benetan kezkagarria da.
  • Oraindik ere lehen hitza euskaraz egiteko beldurrak eta konplexuak arruntak dira oso. Ez da inoren gustukoa izaten arrotz sentitzea, are gutxiago nor bere etxean. Horixe gertatzen zaio, ordea, espazio edo eremu erdaldunduetan lehen hitza euskaraz egiten duen euskaldun askori. Maiz, begirada okerra ez bada, harridura antzematen da solaskidearengan, eta euskalduna arrotz sentitzen da ondorioz. Herritar askok euskararen gainean duten arroztasun sentimenduaren isla suma liteke gertaera horietan, baina baita euskaldunak sarri askotan bere buruarekiko eta bere hizkuntza eskubideekiko duen konfiantza eskasa ere.

Euskararen inguruan aipatu berri dugun aurkako jarrera aktibo horrek, bistan denez, eragin handia izan dezake herritarrengan; besteak beste, eta agian indar bereziz, indiferentetzat jotzen dugun talde sozial zabalean.

INDIFERENTEAK (*8)

Inoiz Nafarroan euskara garatuko bada gaur egungoa baino hizkuntza politika eraginkorragoa eta osoagoa beharko da, oso bestelakoa. Hori, ordea, nekez gauzatuko da arrakastaz hizkuntza politika horren objektua edo gaia diren herritarren atxikimendurik edo aldeko jarrerarik gabe.

Errealitate soziolinguistikoa aldatuko bada, eta zehazki euskararen estatusa aldatuko eta normalizatuko bada, lurralde jakin horretan bizi diren herritarrak, oro har, izanen dira aldaketa hori baliatu, gozatu, edo nozituko dutenak. Euskal hiztunak, jakina, baina baita erdaldunak ere. Inkesta soziolinguistikoetan euskararen alde agertu ohi direnak, baina baita aurkakoak eta indiferenteak ere. Azken horiek, indiferenteak alegia, hizkuntza gatazkaren inguruko eztabaida sozialean oharkabean gelditu ohi dira. Euskararen auziak ez ditu bereziki hunkitzen, eta bazter samarrean gelditu ohi dira hizkuntzen auziaren gaineko lehia dialektikoan eta eztabaida publikoan.

Baina hala izanagatik, multzo garrantzitsua da oso, eta haien jarrera eta jokabidea erabakigarriak izanen dira euskararen etorkizunean. Izan ere asko dira, eta euskararen balantza alde batera edo bestera bultza dezakete. Euskararen berreskurapenerako edo garapenerako proposatzen den formulazio teoriko edo soziolinguistikoa edozein dela ere (Fishmanen 8 urratsak, Txepetxen eredua eta haustura puntua…), edo hizkuntzaren normalizaziorako estrategia edozein dela ere (politikaren garrantzia, aitaren etxea, amaren sua, komunikazioa, estetika…), euskararen egoerarekiko eta etorkizunarekiko indiferente sentitzen den multzo horren galbahea pasa beharko da, euskararen erabilera soziala hedatu eta orokortu nahi bada, behintzat. Iraupen hutsak, akaso, ez luke indiferenteen hainbesteko beharrik izanen.

Haien atxikimendua lortzeko, ordea, gizatalde horren errealitatea eta pisua ikusten jakin behar da, eta haien logikaren eta errealitatearen pertzepzioa ulertu. Euskaltzaleak sarritan euskararen balizko galera tragedia gisa bizi du. Hondamendia izanen litzateke euskara galtzea. Indiferente gisa sailkatu ditugun horiek guztiek, berriz, ez lukete larritasun maila horrekin biziko hizkuntzaren desagerpena. “Pena” izanen litzateke horietako askorentzat, agian, baina ez tragedia.

Indiferenteen multzoaz ari gara, bada, gure ustez euskararen etorkizunean gizatalde edo esparru sozial erabakigarria izanen delako. Talde hori, nolanahi ere, ezaugarri sozial, ideologiko, eta politiko oso ezberdinak dituzten gizabanakoek osatutako multzo askotarikoa da, ez homogeneoa. Ezingo da, beraz, subjektu uniforme eta bakarra balitz bezala tratatu, baina saia gintezke abstrakzio moduko bat egiten eta talde honen baitan ikus litezkeen zenbait ezaugarri eta zenbait errealitate marrazten:

  • Euskararen aldeko diskurtsoaren topiko batek dio nafarrek euskararen aldeko jarrera zabala dugula, hizkuntzarekiko atxikimendu zabala dagoela gurean. Horren isla dira matrikulazio-datuak, euskararen aldeko agerraldi jendetsuak, edota zenbait inkestek erakutsitako emaitzak. Aldeko jarrera horren ondoan, ordea, beren burua indiferente gisa agertzen direnak ditugu. Eusko Jaurlaritzaren 2001eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, hain zuzen ere, nafarren %35 (*9). Ikuspegi kuantitatibotik, hortaz, kontuan hartzeko moduko taldea da.
  • Diskurtso egituraturik eta egonkorrik eza: indiferentea izateak berak dakarren ondorioa da, beharbada. Euskararen auziaren inguruko gogoeta edo hausnarketa faltak jarrera jakinik ez izatea ekar dezake, eta baita diskurtso edo pentsamendu egituraturik edo finkorik ez izatea ere. Hala izanez gero, erraza da hor kokatzen den gizabanakoak unean uneko korronte sozial edo politiko nagusiarekin bat egitea.
  • Euskara arroztasunez bizi dute. Nafarroako eremu oso zabal batean euskararen arrastorik sentitu gabe egin daiteke egun osoa, baita urte osoa ere. Are gehiago, horrelakoxea da nafar askoren eta askoren eguneroko bizitza: ez dute euskara aditzen, ikusten, edo sentitzen. Euskara ikusezina da haientzat, eta, espero litekeen moduan, arrotza gertatzen zaie. Jarrera indiferenteak, neurri handi batean bederen, baduke zerikusia arroztasun sentimendu horrekin, baduke zerikusia euskararekin ukipenik eta harremanik batere ez izate horrekin.
  • Erdaldunak eta euskaldunak. Zalantzarik gabe, indiferenteen gizataldean erdaldunak dira nagusi. Nagusi bai, baina ez bakarrak. Bai baitira euskararekiko indiferenteak diren euskaldunak ere, hizkuntzarekiko aparteko atxikimendurik ez dutenak. Euskararen galera tragediatzat hartzea ez baita euskaldunon ezaugarria, euskaltzaleona baizik. Euskaltzale euskaldun edo erdaldun izan.
  • Indiferenteen multzo zabal bat egoteak ez du nahitaez ahulezia izan behar, indar-gunea ere izan liteke. Esate baterako: identitate nafarra sentimendu indartsua da herrialde honetan, identitate hori beti berdin bizitzen edo ulertzen ez den arren. Euskara ere nafar identitatearen osagai gisa ulertzen bada, eta hala barneratzen bada, ideia horrek potentzial ikaragarria dauka, bat egin dezakeelako nafar herritar askoren artean, eta gaur egun euskararekiko indiferentetzat jotzen ditugun askoren artean, oso errotuta dagoen sentimendu eta identitate horrekin.
  • Hizkuntzen lehiaren aurreko hautua. Nafarroan azken urteotan euskararen garapenaren inguruko datu on askorik ez daukagu. Badira batzuk, hala ere, eta horietako bat D ereduko matrikulazioa da, baldintzarik kaskarrenetan eutsi eta are igo ere egin delako. Igoera horretan, indiferenteen multzoan koka genitzakeen hainbat gurasoren erabakiak badu zerikusia. Guraso horiek ez dira bereziki euskaltzaleak, edo besterik gabe ez dira euskaltzaleak, baina prezio berean, euskararen aldeko hautua egiten dute, umeak euskarazko ereduan matrikulatuz. Ikusteko dago, ordea, lehian ingelesa sartuz gero, adibidez, zer gertatuko litzatekeen. Hautu horretan alde batetik gaztelania eta euskara jarriz gero, eta beste aldetik gaztelania eta ingelesa, zer gertatuko litzateke? Nora lerratuko lirateke guraso indiferente horiek? Ikusteko dago, esan dugu, baina Nafarroako Gobernuko agintariek sumatu dute, antza denez, dilema hori planteatzea haien helburuen mesederako izan litekeela, eta bide hori jorratzeko ahaleginetan ere hasiak dira (*10).
  • Nola ekarri indiferenteak euskararen aldekoen multzora? Badu euskalgintzak zer hausnartu, indiferenteen zama euskararen aldera ekarri nahi badu. Azken aldi honetan diskurtsoan jarri da azpimarra askotan, baina hori baino gehixeago beharko da ziur asko. Indiferenteen multzoaren izatea askotarikoa denez, diskurtsoak ere halakoa beharko du, baina diskurtso hutsak ez ditu gauza guztiak konponduko. Hizkuntzaren erabilera soziala hainbeste faktorek arautzen eta baldintzatzen badute (legezkoak, politikoak, ideologikoak, praktikoak, teknikoak, korpusari dagozkionak, ezagutza, motibazioa…), indiferenteak euskarara hurbilduko dituen errezeta prestatzeko saski guztietatik hartu beharko dira osagaiak, euskaldunon hizkuntza komunitatearen erakarpen-indarra gero eta handiagoa izan dadin.

NAFARROA GARAIKO EUSKALDUNON HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN INDARRA HIZTUN BERRIAK ERAKARTZEKO.

Nafarroako euskaldunon hizkuntza komunitatea hiztunak irabazten ari da, baina oso erritmo motelean (15 urtean populazioaren %2). Hiztun berri horiek, batez ere azken urteotan, eskolatik eta neurri txikiago batean euskaltegietatik etorri dira, eta horri erantsi behar zaio azken belaunaldietako euskaldun berriek seme-alabei euskara transmititzen ari zaizkiela. Irabaziak, beraz, belaunaldi gazteenetan gertatzen ari dira.

Hiztun berriez gain, bestalde, euskaldunen eta erdaldunen artean koka litekeen beste multzo bat ere badugu, aski zabala, zailtasunez euskaraz mintzo direnena, hain zuzen. Garrantzitsua da euskaldunon hizkuntza komunitatea osatzen duten horiei guztiei, hiztun berriei nahiz zailtasunez mintzo direnei, erabilerarako espazioak ematea.

Azken hamarkadetan hiztun kopurua hazi da

Azken hamarkadak aztertzen baditugu, Nafarroa Garaiko euskaldunon hizkuntza komunitateak gero eta hiztun gehiago ditu (*11) . Jakina denez, hiztun gehiago izatearen arrazoia ez da aldaketa demografiko batean bilatu behar (azken urteotako aldaketa demografiko garrantzitsuenak, inmigrazio berria, kontrako norabideko eragina izan du: euskaldunen proportzioa jaistea); hiztun berriak erdal komunitatetik heldu dira euskal komunitatera bi bide hauetatik: haurrak eskolaren bidetik eta helduak euskaltegien bidetik. Komunitate linguistikoa sendotzeko horren garrantzitsua den hiztunak berreskuratzeko joera hau nolakoa den aztertzea funtsezkoa da egoera orokorraren argazkia osatzeko.

Hiztun berrien jatorria eta lehenengo hizkuntza

2001eko erroldako datuen arabera urte hartan Nafarroa Garaian 20.519 pertsona euskaldunek zeukaten euskara bigarren hizkuntza, euskaldun guztien %31,5. Beraz, Nafarroako euskaldunen heren batek ez du euskara ikasi hiru urte bete aurretik.

Gehien-gehienek gaztelera izan dute lehenengo hizkuntza; izan ere, 99 euskaldun bakarrik dira gaztelera ez den beste ama hizkuntza bat dutenak. Beste modu batez esanda, Nafarroako euskal komunitateak oso indar txikia dauka gaztelera lehen hizkuntza ez duten hiztunak erakartzeko: hiztun mota horien %0,9 besterik ez dira ongi mintzo euskaraz (*12) .

Hiztun berrientzat espazioak, euskaldun izaten jarrai dezaten

Euskara etxean ikasi ez dutenentzat erabiltzeko guneak lortzea ezinbestekoa izaten da euskaldun izaten jarraitu ahal izateko. Gune euskaldunagoetan bizi direnek errazago badute ere, hiztun berri gehienak bizi dira euskal hiztunen dentsitate txikia duten herrietan (Iruñerrian bizi diren 25 urtetik gorako ia 6.500 euskaldun berriak, esaterako). Horientzat zaila da euskararen erabilerarako faktore garrantzitsuenak (Aizpurua, 1995) aldekoak izatea (*13) ; hau da: hiztun sare euskaldunean kokatzea eta erraztasun erlatiboa euskararen aldekoa izatea, hots, elebidun orekatuak edo euskal elebidunak izatea (*14).

Hiztun berrien garrantzia belaunaldi berrien erabilera sozialerako

Zailtasunak zailtasun, oso garrantzitsuak izan dira euskararen hiztun berri horiek, euskaldunago etorri diren belaunaldi gazteagoen erabilera soziala errazteko, irakaskuntzan eta aisialdian, batez ere. Euskaldunen piramidea, Euskal Herriko gainerako lekuetan bezala —Ipar Euskal Herrian izan ezik—, oso gaztea da. Adibide gisa esan dezagun 2001. urtean Nafarroa Garaian 5-9 urtekoen %24,3 zela euskalduna, eta %10,2 35-44 urtekoen artean. Beraz, haur eta gazteek behar dituzten hiztun helduak ez dira beti nahikoak izan eta testuinguru honetan euskaldun berrien ekarpena oso garrantzitsua izan da.

Guraso euskaldun berrien transmisioa

Bestalde, daturik ematerik ez badugu ere, euskal komunitatearen berreskurapenaren ardatz sendoena hainbat guraso euskaldun berriei esker gorpuzten ari da, edonork ezagutzen baititu euskaldun berriek sortutako familietako seme-alaba euskaldun zaharrak. Horrela, kantitateaz gain, hiztunen tipologia ere hobetzen ari da. Esku artean ditugun datuekin prozesu hori kuantifikatzerik ez badugu ere, argi dago gehiago direla euskara lehenengo hizkuntza dutenak haurren artean (2001ean Nafarroan erroldatutako 5-9 urteko haurren % 13,2), helduen artean baino (2001ean Nafarroan erroldatutako 35-44 urtekoen artean % 7,4 (*15) ) . Gure ustez hiru izan daitezke euskara lehen hizkuntza duten hiztunak gero eta gehiago izateko faktoreak (gogoratu erroldak hiru urte bete arte ikasitako hizkuntza jotzen duela lehenengo hizkuntzatzat): bikote mistoek ere euskara transmititzea, haur eskolen lana, eta guk aipatutako euskaldun berrien transmisioa. Bakoitzaren pisua eta garrantzia ezagutzeak azterketa sakonagoa eskatuko luke.

Euskaraz zailtasunez mintzo direnen taldea eta haien tokia

Aipatu dugu euskara erabiltzeko sarea lortzea ez dela erraza euskara ikasten dutenentzat. Erraztasun falta horren froga garbia zailtasunez mintzo direnen kopuruak dira: 2001. urtean 41.191 pertsona zeuden Nafarroa Garaian, euskara lehenengo hizkuntza izan gabe, euskaraz zailtasunez mintzo zirenak (*16) (populazio osoaren %7,7). Horietatik 241ek bakarrik zuten gaztelera ez den beste bat lehenengo hizkuntza (datu honek berresten du euskaldun berrien kasuan ikusitako indar txikia euskaldunon hizkuntza komunitateak gazteleradunena ez den beste komunitateetako hiztunak erakartzeko) (*17) .

Nafarroan, bada, asko dira, zailtasunez bada ere, euskaraz zer edo zer esaten dakitenak. Hiztun hauek lausotzen dituzte euskal komunitatearen mugak. Komunitate horren gunean erabat konpetenteak eta funtzionalki aktiboak diren hiztunak badaude ere, euskaldunen eta erdaldunen arteko espazioan gaitasun mugatuko hiztunak daude. Espazio zabala da, eta zaila definitzen: etsigarria, ikasten saiatu diren eta erabat lortu ez dutenena delako, ala itxaropentsua, Nafarroan euskararen erabileraren sustapen erreala lortuz gero, multzo horrek euskal komunitatearen hazkundea ekar dezakeelako.

Euskaldunen portzentajearen bilakaera

Atal honen hasieran esan dugu Nafarroa Garaian gero eta euskal hiztun gehiago daudela. Populazio osoarekiko proportzioa, aldiz, ia ez da aldatu azken errolda arte (askoren ustez hazkunde etsigarria egindako ahalegina kontuan hartuta): 1986an biztanleen %10,18 mintzo zen ongi euskaraz, 1991n %10,20, 1996an 10,93 eta 2001ean 12,13. Etorkinek ekarri duten aldaketa demografikoak eragina izanen du etorkizuneko datuetan, azken urteotan handitzen ari baita Nafarroara etortzen direnen kopurua. Beraz, etorkinak euskal komunitatera erakartzeko lan handiagoa eta orokorragoa egin ezean, zaila izanen da euskal komunitatea kopurutan lortzen ari den hazkundea populazio osoarekiko pisu erlatiboan ere lortzea. Oraingoz ezin gara oso baikorrak izan; izan ere, txikiak, isolatuak, eta Nafarroa osorako egituratu gabeak baitira etorkinak euskararen mundura hurbiltzeko egin diren egitasmoak.

AZKEN HITZA

Artikulu honetan guk aipatutako aztergaiez gain, jakina, beste hainbat ere kontuan har daitezke; aurreko lerrootan, nolanahi ere, gure ustez funtsezkoak diren zenbait elementuren gaineko gogoeta egiten saiatu gara, gure irudiko neurri handi batean Nafarroa Garaiko euskaldunon hizkuntza komunitatearen etorkizuna erabakiko dutelako.

AIPAMEN BIBLIOGRAFIKOAK

Aizpurua, X. (1995) Euskararen Jarraipena, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza

Alvarez Enparantza J.L. eta Isasi Balantzategi X. (1994) Soziolinguistika Matematikoa, Bilbo, UEU

Erize Etxegarai, X. (1997) Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa 1863-1936, Iruñea, Nafarroako Gobernua

------------------------------------

OHARRAK

(*1) %95eko kopuru hori ez da neurketa jakin baten emaitza, estimazio subjektibo bat baizik. Euskaldunen portzentajea populazioaren %12 ingurukoa izanda, nolanahi ere, euskararen erabilera ezin da hori baino askozaz handiagoa izan.

(*2) Artikuluan aipatutako datuen iturria 2001eko errolda da (Nafarroako Gobernuaren Estatistika Institutua, www.cfnavarra.es), horiek baitira Nafarroako Gobernuak argitaratutako azkenak. Jakina denez, hizkuntzei buruzko datuetan 2 urtetik gorako populazioa hartzen da kontuan.

(*3) Honakoak dira bertako euskara gorde duten eta populazioaren %70 baino gehiago euskalduna duten 34 udalerriak: Araitz, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Ezkurra, Goizueta, Igantzi, Ituren, Labaien, Larraun, Leitza, Lesaka, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Urdiain, Urrotz (Malerreka), Zubieta eta Zugarramurdi.

(*4) Iruñerrian honako udalerri hauek kokatu ditugu: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Iruñea, Noain, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur Txikia.

(*5) Ingurune honetan gaur egun egiten den euskara bertakoa da, noski. "Bertako euskararik ez duen ingurunea" aipatzen dugunean esan nahi dugu eskualde honek, garai batean, bestelako egoera soziolinguistikoa izan zuela: bertako herritar gehienek (asko, bederen) euskara erabili eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen zuten. Hizkuntzaren ordezkapena gertatu eta gero, eskualde hau berreskurapen geografikoa da euskararentzat.

(*6) Datuak adin-multzoka lantzerakoan Iruñerriko hiru udalerrirenak falta izan ditugu: Aranguren, Beriain eta Noaingoak, hain zuzen (lege foralak zona ez euskaldunean kokatu zituen hiruak). Iruñerrian pisu handia ez badute ere, kontuan hartu beharrekoa da populazio osoaren eta adin-tarte baten datuak erkatuta agertzen direnean.

(*7) 2001. urteko kale erabilerako datuak Iruñerrian: erabilera guztira %2,8; haurren adin multzoaren erabilera %4,5. "Haurrak ez daudenean euskararen erabilera %1,3ra jaisten da Iruñean, haurrak daudenean baino 5 puntu gutxiago." (Bat 43, 78. orr.)

(*8) “Indiferenteak” ez da, akaso, hitz oso egokia. Aseko gaituen euskarazko ordainik ez dugu aurkitu, ordea, eta horrelaxe eman dugu. “Axolagabe” hitza erabili izan da hainbat idatzitan eta zenbait inkestatan, baina “indiferente” hitzak ez daukan konnotazioa —utzikeria edo—sumatzen diogu. Izanen da termino egokiagorik, eta ez gara gure aukera honen egokitasunean tematuko, baina bego oraingoz horretan.

(*9) Euskararen erabilera sustatzeari buruz galdetzen zaienean, Nafarren %35ek aukeratzen dute "ez alde, ez aurka" erantzuna (2001eko III. Soziolinguistikako Inkesta, Eusko Jaurlaritza).

(*10) Iruñeko Udalak sustatutako ingelesezko haur eskola berriak dira bide horren adierazle.

(*11) 51.444 euskaldun 1986. urtean (2 urtetik gorako populazioaren %10,18) eta 65.119 euskaldun 2001. urtean (populazioaren %12,13). Iturria zentsu eta errolda ofizialak dira. Euskalduntzat jo ditugu euskaraz ongi mintzatzeko gauza direnak (atal honetan eta artikulu osoan).

(*12) 2001eko erroldan 11.012 pertsona zeuden lehen hizkuntza ez gaztelera ez euskara zeukatenak.

(*13) Euskararen Jarraipena Inkesta Soziolinguistikoa, 1991, Eusko Jaurlaritza.

(*14) 1996ko inkesta soziolinguistikoaren datuei begiratuta, Nafarroako eremu mistoan 16-24 urteko gazteen %78 zen erdal elebiduna (iturria: Mikel Arregi, UEUren Iruñeko ikastaroetan aurkeztutako datuak).

(*15) Datu hauetan sartu ditugu euskara bakarrik izan dutenak lehenengo hizkuntza eta euskara eta gaztelera batera izan dituztenak.

(*16) Multzo hau ohiko "erdi-euskaldunen" edo "ia-euskaldunen" tipologia baino murritzagoa da, mintzamena baita kontuan hartzen den gaitasun bakarra. Beraz, bakarrik ulertzen dutenak (asko ala zerbait izanda ere) multzo honetatik kanpo daude.

(*17) 2001eko erroldak zioen zailtasunez mintzo zirela Nafarroan 45.288 pertsona. Horietatik 41.191 baldin badira euskara lehenengo hizkuntza izan ez dutenak, gainerakoek (4.097) komunitatearen galera izanen lirateke: euskara lehen hizkuntza izan hiru urte bete aurretik eta gero ezin ongi mintzatu (euskara lehen hizkuntza izan duten guztien %8,4).

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Dabid Anaut, Rosa Ramos
Urtea: 
2006