EUSKARA ERABILTZEKO ESKUBIDEA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

Nafarroan, euskal hiztunok hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ditugunean, euskara esparru publikoetan (*1) erabiltzeko, entzuteko eta ikusteko aukera aldarrikatzen dugu. Ildo horretatik, Nafarroan pisu handiko bi administrazio daude: batetik, Nafarroako Gobernua eta, bestetik, Iruñeko Udala. Bada, bi erakunde horiek garatzen dituzten hizkuntza politikek Nafarroa osoan dute isla eta eragina. Horrexegatik, hain zuzen ere, saiatuko gara batean eta bestean gertatzen dena islatzen.

Euskararen Foru Legea Nafarroako hizkuntza normalizaziorako lege markoa da (*6). Hona hemen bere helburuak:

1. Hiritarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko duten eskubi¬dea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea.
2. Euskararen berreskurapen eta garapena begiratzea, bere erabil¬pena sustatzeko neurriak adieraziz.
3. Euskararen erabilpen eta irakaskuntza bermatzea, boronda¬tezko¬tasun, mailakatze, eta begirune irizpideei jarraiki, hau guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera. (*7)

Horrela, 1986an euskarari buruzko Foru Legea onetsi zen (UPNk kontra eman zuen botoa) (*19), eta 1988an, 159/88 Foru Dekretua onartu zen. Horren bidez, euskara irakaskuntzan sartu zen A, B, eta D izeneko hezkuntza ereduen bitartez. Dena dela, 1994era arte itxaron behar izan genuen, harik eta administrazio publikoan euskararen erabilera arautu zuen lehen foru dekretua onetsi arte. Onartu eta hilabete gutxira aldatu zuten.

Horrenbestez, 372/00 eta 29/00 Foru Dekretuak onartzearekin, Nafarroako Gobernua gure herrialdeko hizkuntza politika errotik aldatzen hasi zen. Egia da ez dagoela hizkuntza politika ideala, lurralde eta gizarte bakoitzak bere berezitasunak dituelako, baina Europak ezin du onartu hizkuntza garapen eta normalizazio prozesuan atzera pausoak ematea, hizkuntza sendoari bere estatus abantailatsua itzultzeko. Hori onartezina da (*25).

Foru Gobernuari buruzko beste adibiderik ematekotan, aipatuko dut euskaraz ez dakiten langileak bidali izan dituela jendeari harrera egiteko lanpostuetara, eremu euskalduneko herrietan. Esate baterako, Berako liburutegiko arduraduna, Bortzirietako euskara mankomunitateak salatua (*28). Era berean, jakinarazpen ofizial batzuk gaztelania hutsez bidaltzen dituzte eremu honetako administrazio eta ikastetxeetara.

Nafarroako Administrazioa osatzen duten hamaika departamentuetatik, zortzitan ezein lanpostutan ez da euskaraz jakitea betebehar gisa baloratu. Bi departamentutan baizik ez dago itzulpen zerbitzua, bat Hezkuntzan eta bestea Lehendakaritzan, azken hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren itzulpenari atxikia. Osasun Departamentuan, 8.000 lanpostutik 53tan besterik ez da euskaraz jakitea eskatzen.

Euskara funtzio publikoan sartzeko betebehar gisa ez baloratzea justifikatzeko argudio erabilienetako bat hauxe da: administrazioak profesional onak behar ditu eta ez euskaraz dakiten profesionalak. Eta hori, nahiz-eta auzitegiek Nafarroako administrazioari gogorarazi behar izan zioten euskara plus bat dela. Horrela, Nafarroako Auzitegi Gorenaren arabera, hizkuntza bat jakitea ez da erabili behar beste lanpostu batzuetarako sarbidea murrizteko, hori penalizazioa litzatekeelako (*38).

Horrek esan nahi du halako ikasle kopuru zehatz batek eskatu behar duela hezkuntza eredua, administrazioak eskari hori aseko badu. Ez baldin bada ikasle ratioa betetzen, administrazioa ez dago behartua legez gizarte eskaria asetzera. Eremu euskaldunean, gutxienez sei ikasle behar dira; eremu mistoan eta ez euskaldunean, hanabost ikasle landa eremuetan eta hogei, aldiz, hiriguneetan. Ratio horiek soilik dagozkie euskara erabiltzen duten hezkuntza ereduei: A, B, eta D ereduei, jakina. Gaztelania hutsezko G ereduak ez du halakorik bete behar eta pertsona bakar batentzako hezkuntza esparruak era daitezke eredu horretan (*47).

Euskara eta gaztelania dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi hizkuntzak. Euskara unibertsitatean sartzeko, Gobernu Kontseiluak, Hizkuntza Plangintzarako Batzordeak proposatuta, irakaskuntza jardueretan euskara erabiltzeko plangintza onetsiko du (*51). Plangintza Batzordeko zazpi kideek, hala nola ikasleen ordezkariek, dimititu egin zuten errektore-taldeak proposamen gehienak atzera bota ondoren

Azkenik, euskarak administrazio birtualean duen erabilerari eta lekuari dagokienez (Nafarroako Gobernuko web orrian), Euskara Kultur Elkargoa Fundazioak demanda tartekatu zuen, eta Nafarroako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzitegiko epaileek eman berri duten epaian onartzen dute ezerk ere ez duela eragozten Nafarroako Gobernuko web orria bere osoan euskaraz idazteko aukera, baina erabakimena kontseilariaren esku dago. Horrenbestez, ondorioztatu beharra dago web orria gaztelania hutsez adierazteko erabakiak ez duela Antolamendu Juridikoa hausten.

Baina, hala ere, udalaren erantzun zentzugabea hauxe izan da: gaztelania-ingelesa eskola elebiduna sortu dute, nahiz-eta eskaririk batere ez den izan. 2005eko abuztuan eta 2006ko otsailean, prentsan agertu da udalak baduela gaztelania-ingelesezko eskola berria sortzeko asmoa, gizarteak huraxe euskaraz izatea eskatu arren (*66).

Nafarroan euskal hiztunen eskubideak gutxitzearen hizkuntza politika honek herritarren, Nafarroako Parlamentuaren, eta Europaren kritikak jaso ditu. Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoak ondokoa aipatzen du Nafarroan egindako bisitari buruzko txostenean: Eskualdeko botere betearazleak eta tokiko botere batzuk euskararen erabilerari buruzko legeak eman eta erabilera hori espazio geografiko jakin batzuetara murrizten ari dira. Jarduera horrek antz handiagoa dauka ghetto batekin, garapen- eta normalkuntza-politika batekin baino.

EUSKARA ERABILTZEKO ESKUBIDEA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

1.SARRERA

Bat soziolinguistika aldizkariko arduradunek Nafarroa Garaiko hizkuntza politika eta hizkuntza eskubideen gorabeherak aztertzea eskatu zigutenean, ohiko galderak egin nizkion nire buruari eskubidearen kontzeptuaren inguruan. Zer dira (hizkuntza) eskubideak? Non ditugu gure (hizkuntza) eskubideak? Arauetan? Edo gure baitan? Zeintzuk dira gizakiaren (hizkuntza) eskubideak? (Hizkuntza) eskubideak mugatuak dira edo denboraren arabera mugagabeak?

Gizaki orok eskubide berberak ditugu, horrela dio Nazio Batuen Giza Eskubideen Deklarazioak, baina, hala ere, gizon-emakumeok ez ditugu eskubide berberak leku guztietan. Giza eskubideen deklarazioak bizitzaren aldeko eskubidea babestu arren, munduan estatu jakin batzuek, demokratikoek barne, heriotza zigorra legeztatua daukate. Estatu anitzetan emakumeek dituzten eskubideak ez dira gizonezkoak dituzten berberak, eta horrek berdintasunerako eskubidea urratzen du.

Gizakiak eskubide jakin batzuk indarrean jartzeko duen ahalmenaren gaineko giza eta gizarte egituren aurrean, indar edo botere politikoaren jarrerari eta jarduerari lotuta dago eskubideen errekonozimendua. Hots, gure eskubideak bermatzen dira botere politikoak onartzen eta barneratzen dituen heinean. Lurralde bateko botere politikoak bere administratuei adierazpen askatasunerako eskubidea onartzen ez dien bitartean, nahiz-eta teorikoki denok eskubide hori izan, praktikan herrialde horretako biztanleek ezin dute askatasun osoz nahi dutena adierazi.

Horrexegatik, idazki honetan euskara Nafarroako esparru publikoan erabiltzeko eskubidea aztertuko dugu, batez ere praktikaren ikuspegitik. Nafarroan, euskal hiztunok hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ditugunean, euskara esparru publikoetan (*1) erabiltzeko, entzuteko eta ikusteko aukera aldarrikatzen dugu. Ildo horretatik, Nafarroan pisu handiko bi administrazio daude: batetik, Nafarroako Gobernua eta, bestetik, Iruñeko Udala. Bada, bi erakunde horiek garatzen dituzten hizkuntza politikek Nafarroa osoan dute isla eta eragina. Horrexegatik, hain zuzen ere, saiatuko gara batean eta bestean gertatzen dena islatzen.

2.GAUR EGUNGO TESTUINGURUA LEGERIARI DAGOKIONEZ

1978an, Espainiako Konstituzioa onestearekin batera, atea ireki zitzaion ordura arte Espainiako nazio-estatuak bazterturik zituen hizkuntzen koofizialtasunari (*2). Aldi berean, estatuaren barne egitura erabat zentralista izatetik deszentralizatua izatera pasa zen administrazioan eta eskumenetan, Autonomia Erkidegoak sortzearen bidez. Marko berri horretan, autonomiek eskumena dute bakoitzak bere hizkuntzak normalizatzeko. Nafarroan, 1979ko hauteskundeetan aukeratutako Parlamentuak betebehar argia izan zuen eratu zen une beretik, hots, Foru Amejoramendua Madrilekin negoziatzeko oinarriak ezartzea (*3).

Euskarari dagokionez, negoziaziorako oinarriek ez zuten gure hizkuntza ezertarako aipatu, baina ulertzen zen oinarri horietako osagai zela (era materialean) (*4) Parlamentuak 1980ko azaroan hartutako ebazpena (*5). Ebazpen horrek euskararen koofizialtasuna ezarri zuen gaztelaniarekin batera Nafarroa osoan. Dena dela, 1982ko otsailaren 24an, Foru Hobetzearen 9. artikuluaren behin betiko idazketa taxutu, baina ez zuen ezertarako kontuan hartu ebazpen hura. Honatx artikulu horrek nola arautzen duen Nafarroako hizkuntzen kontua:

1. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala.
2. Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu, eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.

2.1.Euskararen Foru Legea

Euskararen Foru Legea Nafarroako hizkuntza normalizaziorako lege markoa da (*6). Hona hemen bere helburuak:

1. Hiritarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko duten eskubi¬dea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea.
2. Euskararen berreskurapen eta garapena begiratzea, bere erabil¬pena sustatzeko neurriak adieraziz.
3. Euskararen erabilpen eta irakaskuntza bermatzea, boronda¬tezko¬tasun, mailakatze, eta begirune irizpideei jarraiki, hau guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera. (*7)

Hasieran behintzat, ez dago deus esatekorik helburu horien kontra, baina ezin dira Nafarroako lurralde osoan aplikatu. Legeak berak, Foru Hobetzearen 9. artikuluan oinarriturik, hiru geografia eremu ezarri ditu eta eremu horietan desberdinak dira herritarren eskubideak euskararen erabilerari eta irakaskuntzari dagokienez.

Eremu euskalduna (*8). Geografiari begira, Nafarroako iparraldea hartzen du, hau da, mendialdeko herri gehienak. Eremu honetan, hiritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkun¬tza ofizialean harrera izateko eskubidea dute (*9) . Hezkuntzari dagokionez, ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-boterea edo tutoretza daukan pertsonak, edo hala badago¬kio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean (*10). Azken buruan, esan dezakegu eremu euskaldunean euskarak ofizialtasunezko lege marko teorikoa duela.

Eremu mistoa (*11). Nafarroako lurraldearen erdialdea hartzen du eta bere udalerrien artean hiriburua dago, Iruñea, alegia. Iruñean daude zentralizaturik administrazio autonomikoaren zerbitzuak. Nafarroako bizilagun gehienak eremu honetan bizi dira, baita euskaldun gehienak ere. Eremu honetan, hiritar guztiek euskara nahiz gaztelera erabil¬tzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko (*12). Ohartu zaitezte eremu euskaldunarekiko dagoen desberdintasunaz, hots, eremu mistoan ez dago hautatutako hizkun¬tza ofizialean harrera izateko eskubiderik. Hezkuntzari doakionez, eskari nahikoa frogatu behar da, administrazio publikoak euskarazko irakaskuntza mailaz maila, gero eta gehiago bermatuko badu (*13).

Eremu honetako egoera juridikoa oso korapilatsua da. Izan ere, bi artikuluk baizik ez dute eremu mistoa arautzen, 17garrenak eta 25garrenak, eta idazketa lausoa da, hainbat interpretaziotarako aukera ematen duena. Horrek badu eraginik; praktikan euskarak derrigorrezko hezkuntzan baizik ez du lekurik, eta ez arazorik gabe, gainera. Administrazio publikoan, berriz, esan daiteke ia ez duela tokirik.

Eremu ez euskalduna (*14). Gutxi gorabehera, Nafarroako maparen hegoaldeari dagokio. Eremu honetan aitortu egiten da hiritarrek Nafarroako Adminis¬trazio Publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea dutela. Azken hauek interesatuei gaztelerarako itzulpena eska diezaiokete (*15). Hezkuntzari dagokionez, euskararen irakaskuntza bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo partzialki finantzatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraiki eta eskarien arabera (*16).

Azkenik, euskarari buruzko Foru Legeak bere hirugarren tituluan euskararen lekua aipatzen du komunikabide sozialetan. Alde horretatik, hauxe dio: Administrazio Publikoek bultzatuko dute euska¬raren mailaz mailako presentzia komunikabide sozial, publiko, eta pribatu¬etan. Horretarako, eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak ekonomi eta materiale laguntza-planak gauzatuko ditu (*17).

3. PRAXIA (*18)

Jarraian azalduko ditugun egoeren bidez, aise ikusiko dugu nola interpretatzen eta aplikatzen den arauen markoa Nafarroan eta Iruñeko Udalean. Zehazki, praktika aztertuko dugu, arlo horretan ikusiko baitugu zein den euskara erabiltzeko eskubidearen egoera Nafarroan.

3.1.Oharra

Gaiari heldu baino lehen, ezin dut aipatu gabe utzi, badela denborazko mugarri bat hizkuntza politikari dagokionez, hots, XXI. mendearen hasiera. Izan ere, hizkuntza politika bat egin zen data hori baino lehenago eta arras bestelakoa ondoren. Horrela, 1986an euskarari buruzko Foru Legea onetsi zen (UPNk kontra eman zuen botoa) (*19), eta 1988an, 159/88 Foru Dekretua onartu zen. Horren bidez, euskara irakaskuntzan sartu zen A, B, eta D izeneko hezkuntza ereduen bitartez. Dena dela, 1994era arte itxaron behar izan genuen, harik eta administrazio publikoan euskararen erabilera arautu zuen lehen foru dekretua onetsi arte. Onartu eta hilabete gutxira aldatu zuten.

2000ko martxoan, Oinarriak plataformak (*20) 48.000 sinadura aurkeztu zituen Nafarroako Parlamentuan (Nafarroako erroldaren %10). Zehazki, plataformak Euskararen Legearen aldaketa eskatu zuen, Nafarroa osoan euskararen koofizialtasuna aitor zedin. Horren aurrean, UPNk bi mailaotan eman zuen erantzuna: lehenengoa, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak eta funtzioak aldatu zituen (*21). Une horretatik aurrera hizkuntza politika hizkuntza jakin bati –vascuenceari dagokion gaia izatetik hizkuntza guztiei orokorrean loturiko gaia izatera pasa zen. Horrela, Foru Gobernuaren iritziz, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren helburua ez da euskararen aplikazioa eta garapena koordinatzea, gaztelaniaren ez beste hizkuntzen aplikazioa eta garapena koordinatzea baizik. Eta, zehazki, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak hartzen ditu, bereziki ingelera, frantsesa, eta alemana. Bigarrena, Foru Dekretu berria onartu zuen (372/00 FD), administrazioan euskararen erabilera arautzeko. Dekretu horrek murriztu egin zituen jadanik eskuratuak zeuden eskubideak eta, horregatik, auzitara eraman zuten IUk, EAk, EAJk, eta Batzarrek elkarrekin; era berean, batera errefusatu zuten ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK eta EHNE sindikatuek eta horren kontra ere jo zuten Euskara Kultur Elkargoak, CCOO sindikatuak, Nafarroako herritarrak zatituta dauden hiru hizkuntza eremuetako 58 udalek (86.000 herritarren ordezkaritza zutenak), hainbat herritarrek, eta abarrek (*22). Epaiak (*23) dekretua baliogabetu zuen forma akatsak zirela medio, eta Gobernua horretaz baliatu zen, behin akats formalak zuzenduta, eduki bereko arau berria onartzeko: 29/2003 Foru Dekretua (*24). Gaur egun, azken dekretu horren kontrako salaketa egina dago auzitegietan.

Horrenbestez, 372/00 eta 29/00 Foru Dekretuak onartzearekin, Nafarroako Gobernua gure herrialdeko hizkuntza politika errotik aldatzen hasi zen. Egia da ez dagoela hizkuntza politika ideala, lurralde eta gizarte bakoitzak bere berezitasunak dituelako, baina Europak ezin du onartu hizkuntza garapen eta normalizazio prozesuan atzera pausoak ematea, hizkuntza sendoari bere estatus abantailatsua itzultzeko. Hori onartezina da (*25).

3.2.Administrazio publikoa

Estaldura desberdina du Nafarroako administrazio publikoetan euskara erabiltzeko eskubideak, zein hizkuntza eremutan gauden edo bizi garen.

Eremu euskaldunean. Legearen arabera, hiritar guztiek dute euskaraz zuzentzeko eta harrera izateko eskubidea, baina praktikak esaten digu oso modu desberdinean betetzen dela, administrazio eskuduna nor den. Oro har, eremu honetako udalerriek sortu dituzten zerbitzu mankomunitateak dira euskara erabiltzeko eskubidea bermatzera bideratutako beharrak zehazteaz arduratzen direnak, bai eta euskararen sustapenaz ere. Nolanahi ere, zenbaitetan udalen batek entzungor egin die mankomunitate horien gomendioei eta lanpostu jakin batzuen hizkuntza eskakizunak murriztu ditu (*26). Halaber, Foru Gobernua eta udalerriak bat zetozen mankomunitateek eta udalerriek sortutako eta garatutako jardueren finantzaketan, euskara eremu honetan sustatzeko xedez. 2005ean, udalerri horietako ordezkariek salatu dituzte Gobernuak bere kabuz dirutan egin dituen mozketak. Izan ere, mozketa horiek direla eta, udalak orain behartuak daude bere diru ekarpena %25etik gora handitzera, lanpostuak eta jarduerak mantenduko badituzte (*27).

Foru Gobernuari buruzko beste adibiderik ematekotan, aipatuko dut euskaraz ez dakiten langileak bidali izan dituela jendeari harrera egiteko lanpostuetara, eremu euskalduneko herrietan. Esate baterako, Berako liburutegiko arduraduna, Bortzirietako euskara mankomunitateak salatua (*28). Era berean, jakinarazpen ofizial batzuk gaztelania hutsez bidaltzen dituzte eremu honetako administrazio eta ikastetxeetara.

Eremu mistoan, hiritar guztiek euskara erabil¬tzeko eskubidea dute administrazioari zuzentzeko, baina administrazioa ez dago behartua euskaraz harrera egitera. Hizkuntza erabiltzeko eskubideak –Legearen ikusmoldean bederen (Euskararen Legea)- ez du behartzen euskaraz erantzuna ematera eremu mistoan (*29).

Hori, euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza berariazkoa ez dagoenean. Izan ere, halakoetan, delako ordenantza horrek xedatutakoa aplikatu behar da udal zehatz horretan, bai eta udal horren administrazioari dagokionean ere. Nafarroan, eremu mistoko hainbat udalerrik badute ordenantza. Hauek dira: Iruñea, Berriozar, Barañain, Antsoain, Burlata, Etxauri, Uharte, eta Oltza Zendea.

Eremu ez euskaldunean, herritarra euskaraz zuzendu dakioke administrazioari berekin gaztelaniazko itzulpena badakar. Agerian dagoenez, eremu honetan administrazioari euskaraz zuzentzea garesti gerta dakioke herritarrari.

3.3.Administrazio autonomikoa

Nafarroak 10.421 kilometro koadro ditu luze-zabaleran eta ia 600.000 biztanle. Autonomia mailako zerbitzu gehienak eremu mistoan daude. Alde horretatik, eta administrazio autonomikoaren irudiari dagokionez, administrazio horrek hauxe dio: gaztelaniaz idatzi behar da Nafarroako administrazio publikoen eraikinetako errotulazioa, eremu honetan kokatuak badaude (*30). Horrela, Lizarrako ospitaleko langileek Nafarroako arartekoaren bitartekaritza eskatu behar izan dute, Nafarroako Gobernuak uko egin diolako hiri horretako ospitaleko errotulazioa ele bitan jartzeko eskaerari, eta gaztelania hutsez dagoelako (*31). Aurretik, Lizarrako Udalak berak errotulazioa ele bitan jartzeko mozioa onetsi zuen, baina Gobernuak ere ez du erantzun eta ez du deus ere esan. Bestalde, Ezkabako tunelak ireki zirenean (azpiegiturako obra), Burlatako udal barrutiko Udalak –eremu mistoa- eskatu zuen tuneleko errotulazioa ele bitan jartzeko. Erantzuna hauxe izan zen: araudi indardunen arabera, Herrilan Departamentua behartua dagoela informazio panelak eta bide seinaleak soil-soilik gaztelaniaz paratzera (*32). Bere aldetik, Nafarroako Gobernuaren egoitzan bertan identifikazio plakak gaztelania hutsez daude, eta Parlamentuak berak Gobernua premiatu du egoera hori aldatzera. Dena dela, epaileen iritziz, gaztelania hutsezko plaka bat dator 29/03 Foru Dekretuan xedatutakoarekin (*33).

Herritarrentzako harrerari dagokionean, eremu mistoko herritar batek harrera euskaraz jasotzeko eskaria eginik, hauxe izan zen epaileen erantzuna: ezezkoa eman behar zaio eskatzailearen eskaerari, eremu euskaldunean bizi ez den herritar baten eskaera delako. Eremu euskalduneko herritar batek espresuki eskatuko balu, administrazioak ele bitan egin beharko lioke harrera, gainontzeko kasuetan ez (*34). LAB sindikatuak, bere aldetik, Nafar Gobernuko 2005eko plantilla organikoaren aurkako errekurtsoa jarri du. Arrazoia hauxe da: Nafarroako Administrazioa osatzen duten hamaika departamentuetatik, zortzitan ezein lanpostutan ez da euskaraz jakitea betebehar gisa baloratu. Bi departamentutan baizik ez dago itzulpen zerbitzua, bat Hezkuntzan eta bestea Lehendakaritzan, azken hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren itzulpenari atxikia. Osasun Departamentuan, 8.000 lanpostutik 53tan besterik ez da euskaraz jakitea eskatzen. Bestalde, euskara jakitea merezimendu gisa baloratzeari dagokionean, ingelerarekin, frantsesarekin edo alemanerarekin konparatzen da. Horrela, Ekonomia Departamentuan soilik hiru lanpostutan baloratzen da euskara eta hamazazpitan, aldiz, ingelesa, frantsesa, edo alemanera (*35). Alde horretatik, hizpidera ekarri behar ditugu Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilariaren hitzak. Izan ere, defendatu duen administrazioko araudi indardunaren arabera, zilegi da euskararen ezagutza aintzat ez hartzea Foru-zaingoaren barnean sarjentu, kabo, eta inspektore-orde postuetarako egin diren azken lehiaketa-oposizioetan eta, aldiz, oposiziogileei puntuazioa ematea Europako Batasuneko hiru hizkuntza ofizialetako bat jakiteagatik (ingelesa, frantsesa, edo alemanera) (*36).

Baina hori guztia ez da harritzekoa Nafarroako Gobernuburuak artikulu baten bidez hauxe esan zuenean (*37): desberdintasun sozialak konpontzeko modua –hizkuntzari dagokionez- ez da euskararen ezagutza neurrigabe merezimendu gisa baloratzea edo betebehar gisa eskatzea, baizik eta aukera berdintasuna bermatzea, merezimenduari eta gaitasun pertsonalari lehentasuna ematea eta ahulenei laguntzea: hortaz, errenta apaleneko euskaldunei bekak (esate baterako) bermatzea unibertsitatean sartzeko, nahiz-eta eskolak gaztelaniaz eman. Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak jakitea aholkatzeko moduko tresna izateaz gain, beharrezkoa ere bada gure herriaren ekonomia eta gizarte garapenerako. Horrekin batera, komenigarria izanen da, eta komenigarria baizik ez, Espainiako hizkuntza guztiei harrera ematea, gure kasuan euskarari, gure kultur aberastasun handiaren beste oinarri bat den heinean.

Euskara funtzio publikoan sartzeko betebehar gisa ez baloratzea justifikatzeko argudio erabilienetako bat hauxe da: administrazioak profesional onak behar ditu eta ez euskaraz dakiten profesionalak. Eta hori, nahiz-eta auzitegiek Nafarroako administrazioari gogorarazi behar izan zioten euskara plus bat dela. Horrela, Nafarroako Auzitegi Gorenaren arabera, hizkuntza bat jakitea ez da erabili behar beste lanpostu batzuetarako sarbidea murrizteko, hori penalizazioa litzatekeelako (*38).

3.4. Hezkuntza ez-unibertsitarioa

Euskarazko hezkuntza era teorikoan bermatua dago eremu mistoan eta euskaldunean. Eremu ez euskaldunean, Nafarroako Gobernuaren arabera, ez dago herritarren eskariari harrera egiteko betebeharrik. Ondorioz, eremu horretako gurasoek seme-alabak ikastolara eraman behar dituzte, haientzako euskarazko hezkuntza nahi badute (*39). Ikastola horiek linbo juridikoan daude. Izan ere, administrazioarentzat alegalak dira, haren iritziz eremu horretan euskarazko irakaskuntzak lege oinarririk ez duelako.

Arestian aipatu dugu eremu euskaldunean eta mistoan euskarazko hezkuntza era teorikoan bermatua dagoela. Zehazki, hauxe esan nahi dugu: legeak marko garantista ezarria badu ere, gobernuaren ekinbideak aldez edo moldez hizkuntza eredu horien garapen egokia oztopatzen duela. Esaterako, Baztanen eta Sakanan –eremu euskalduneko ibarrak- G ereduaren (gaztelania hutsezkoa) salbuespenezko aplikazioak gora egin du, aldi baterako bizitokia dela kausa, etorkinen seme-alabekin (*40). Antsoainen -eremu mistoko udalerria-, hala nola Iruñeko Errotxapea auzoan, D ereduko haurrek barrakoietan ikasi behar dute (*41), eta hara, ikasgela batzuk hutsik daude handik hurbil-hurbil dagoen Cardenal Ilundain izeneko ikastetxe publikoan, I hezkuntza eredukoan (*42) (ingelesa-gaztelania). Oposizioko taldeen kritikak ikusita, Nafarroako Gobernuko hezkuntza Kontseilariak hauxe adierazi zuen: turista asko uda pasa joaten dira Lizarrara, bungalow ederretara, eta ez dira moduluetatik (barrakoiak) oso desberdinak, eta beste ikastetxe batzuetan, haurrek “txalezitoak” deitzen diete modulu horiei (*43). D ereduko bi ikastetxe publiko horietako gurasoek erabaki zuten haurrak eskolara ez eramatea 2005-06 ikasturtearen hasieran, 936 ikasle guztira. Guraso Elkarteak erabaki hori hartu zuen ikasleek esparru egokiak ez dituztelako eta segurtasunean akats larriak daudelako, bai eta Hezkuntza Departamentuaren jarreragatik ere, bere horretan segitzen baitu arazoei konponbiderik batere eman gabe (*44). Ikastetxeko klaustroak bat egin zuen erabaki horrekin.

Kolokatasunarekin batera, aipatu behar da erakunde publikoek ez dutela inolako kanpainarik egiten euskarazko matrikulazioaren alde. Azken urteotan, gobernuz kanpoko taldeak egiten ari dira kanpaina horiek eta Foru Administrazioak ez du inolako dirulaguntzarik ematen. Halaber, saiatu dira euskarazko irakaskuntza duten ikastetxeak behartzen Foru Gobernuak berak argitara ematen dituen liburuak erabiltzera (*45).

Administrazioak laguntzen ez badu ere, nabarmendu behar da D eredua dela azken urteotan Nafarroan gehien errotu dena (*46).

Azkenik, ez diot atal honi bukaera eman nahi ratioez mintzatu gabe. Ratio horien arabera, administrazioak gelak sortzen ditu gizarte eskariarekin bat. Horrek esan nahi du halako ikasle kopuru zehatz batek eskatu behar duela hezkuntza eredua, administrazioak eskari hori aseko badu. Ez baldin bada ikasle ratioa betetzen, administrazioa ez dago behartua legez gizarte eskaria asetzera. Eremu euskaldunean, gutxienez sei ikasle behar dira; eremu mistoan eta ez euskaldunean, hanabost ikasle landa eremuetan eta hogei, aldiz, hiriguneetan. Ratio horiek soilik dagozkie euskara erabiltzen duten hezkuntza ereduei: A, B, eta D ereduei, jakina. Gaztelania hutsezko G ereduak ez du halakorik bete behar eta pertsona bakar batentzako hezkuntza esparruak era daitezke eredu horretan (*47).

3.5.Ikastolak

Gizarte ekimenak sortutako ikastetxe pribatuak dira ikastolak, eta beren titularitatea ikasleen gurasoetan datza. Ikastetxe horiek duten arazorik mingarriena Nafarroako Ikastolen Elkarteko hamabost ikastoletatik bostek duten alegaltasun egoera da. Bost horietatik lau eremu ez euskaldunean daude eta bat, berriz, eremu euskaldunean (*48). Eremu ez-euskalduneko lau horiek ez daude legeztatuak, nahiz-eta gaur egun eremu horretako nafarrek euskal irakaskuntzarako duten eskubidea bermatzeko modu bakarra izan. Horrela, eremu horretako herritarrek bi bazterkeria jasaten dituzte Nafarroako gainerako herritarren aldean, hots, ezin dute euskaraz ikasi sare publikoan eta diru iragazkia sortzen da seme-alabei euskarazko hezkuntza eman nahi dieten gurasoentzat. Honatx beste egoera laidogarri batzuk:

1. Gizarte ekimeneko ikastetxeei, bere inbertsioen %50 finantzatzeko lege agindua dagoen arren (*49), ikastolek 45 milioitik gora euro inbertitu dituzte azken urteotan, baina Foru Administrazioak inbertsio horien %10 besterik ez du eman.

2. 2002an, Nafarroako Parlamentuak uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legea onetsi zuen, irakaskuntza ez-unibertsitarioa hobetzeko neurriak arautzen dituena. Lege horretan eta Parlamentuak aginduta, xedapen iragankor bakarra garatu zen, eta horren bidez, zilegi da ikastola alegalei finantzaketa publikoa ematea. Baina, ondoren, elkarren artean kontraesankorrak diren bi xedapen eman dira, lege hori garatzeko. Hori dela eta, 2003an, beste lege bat onetsi behar izan zen, hots, 21/03 Legea. Azkenean, abuztuaren 1eko 133/2003 Ebazpenak garatu zuen Parlamentuaren agindu hura (*50), Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusiak emandakoa, baina lau ikastetxe alegaletako zuzendarien arabera, zailagoa da dirulaguntza horretan sartzea beste edozein ikastetxe itunduri eskatutakoa baino.

3. Nafarroako ikastola alegaletako irakasleei ez zaie aitortzen ikastetxe horietan izan duten esperientzia kontratazioetarako kalkuluak egiterakoan, eta halakorik ez zaie gertatzen gainerako ikastetxe pribatuetako irakasleei.

3.6.Irakaskuntza Teknikoa eta Lanbide Heziketa

Europako Kontseiluak Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartak Nafarroan duen aplikazioari buruz esaten duen moduan, Adituen Batzordeak in situ egindako bisitan bildu dituen datuek diote irakaskuntza teknikoaren eta lanbide heziketaren arloan, D eredua –hau da, Espainiak hartutako konpromisoari dagokiona- ez dagoela erabilgarri eremu euskaldunean. Itxuraz, soilik ikastetxe batek ematen du Iruñean irakaskuntza teknikoa eta lanbide heziketa, eta ez du era horretako irakaskuntzarik eskaintzen euskaraz. Horrenbestez, horrelako irakaskuntzaren aldeko apustua egiten duten ikasle euskaldunek gaztelaniara pasatu behar dute fase horretara iristean.

3.7.Unibertsitatea

Euskara eta gaztelania dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi hizkuntzak. Euskara unibertsitatean sartzeko, Gobernu Kontseiluak, Hizkuntza Plangintzarako Batzordeak proposatuta, irakaskuntza jardueretan euskara erabiltzeko plangintza onetsiko du (*51). Plangintza Batzordeko zazpi kideek, hala nola ikasleen ordezkariek, dimititu egin zuten errektore-taldeak proposamen gehienak atzera bota ondoren (*52). Horrela, gaur egun, parametro hauei lotuta dago euskara Unibertsitatean:

• Irakaskuntza. Hogeita lau titulazio, eta horietatik bi baizik ez dira osorik euskaraz ematen: Irakaslea Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, biak ziklo laburrekoak, hau da, hiruna urtekoak. Gainerako titulazioetan badago irakasgai bat edo beste euskaraz emateko aukera.
• Irakasleria. Ez dago berariazko politikarik euskarazko hizkuntza eskakizuneko irakasleak kontratatzeko.
• Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Ez dago hizkuntza eskakizunik eta ezein lanpostutan ez da euskara betebehar gisa eskatzen. Merezimendu gisa baloratzen denean, Europako Batasuneko hizkuntzek adinako balioa hartzen du, eta, zenbaitetan, Europako hizkuntza horiek baloratzen dira, baina euskara ez.

3.8.Hedabideak

Irrati eta telebista publiko bana sortzeko eskumenak izanik ere, Nafarroako Gobernuak ez du orain arte eskumen hori erabili. Bestalde, Foru Gobernuak ere ez du EITBren (Euskal Irrati eta Telebista Publikoa) harpena erraztu, eta hargailu pribatuen bidez iritsi dira seinaleak Nafarroara.

Euskararen Legeak (*53) euskararen presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan bultzatzeko agindua dakar, baina orain arte, batere eragingarriak ez diren dirulaguntzak banatu besterik ez du egin. Gainera, azken urteotan murriztu egin dira. Hala eta guztiz ere, gizartean euskararen alde dagoen jarrera irmoagatik, gizarteak berak hainbat komunikabide bultzatu ditu zailtasun handi-txikiak gorabehera. Alde horretatik, guztiz adierazgarria da Euskalerria Irratiaren egoera. Nafarroako hiriburuan euskaraz aritzen den irrati bakarra da. Dagoeneko, hamabost urtetik gora eman ditu lanean, urtez urte erakutsi du bere bideragarritasun ekonomikoa eta, oraindik ere, ez dago lege barnean, horretarako behar den administrazio-baimena ez duelako.

Halaber, lege barrenetik kanpo egotera irits daitezke Xaloa Telebista eta Ttipi-Ttapa Telebista, hots, Nafarroatik eta Nafarroarako euskaraz aritzen diren euskarazko telebista bakarrak (zehazki, eremu euskaldunean). Kate bakoitzak 16.000 ikusle ditu. Horrela, onartua dago tokiko telebista digitalaren Espainiako Plan Teknikoa eta, horren arabera, Nafarroari bost mugape egokitu zaizkio, guztiak eremu euskaldunetik kanpo. Ondorioz, Xaloa eta Ttipi-Ttapa telebistak lege estaldurarik gabe daude, emititzeko kanalik gabe, alegia (*54).

Azkenik, euskarak administrazio birtualean duen erabilerari eta lekuari dagokienez (Nafarroako Gobernuko web orrian), Euskara Kultur Elkargoa Fundazioak demanda tartekatu zuen, eta Nafarroako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzitegiko epaileek eman berri duten epaian onartzen dute ezerk ere ez duela eragozten Nafarroako Gobernuko web orria bere osoan euskaraz idazteko aukera, baina erabakimena kontseilariaren esku dago. Horrenbestez, ondorioztatu beharra dago web orria gaztelania hutsez adierazteko erabakiak ez duela Antolamendu Juridikoa hausten.

Egoera hori ikusita, hara zer gomendatu duen Europako Kontseiluko Ministroen batzordeak: ikuspegi egituratua har dezatela, euskara Nafarroako komunikabide elektroniko pribatuetan eta publikoetan sustatzeari begira, bai eta oro har Nafarroako irrati nahiz telebista saioetan ere (*55).

3.9.Hiriburua

Nafarroako herritarren %40 inguru bizi da Iruñean. Aldi berean, euskaldun gehien dituen udalerria da. Udal ordenantzaren xedea da ele bitako harrera eta irudia bermatzea. Dena dela, ordenantza onetsi zen bai, baina udal gobernu taldeak behin eta berriz utzi du bete gabe.

Zehazki, ordenantza ez da bete udalaren irudiari dagokionez, ezta euskarazko udal zerbitzua bermatzeko udal langileek behar dituzten hizkuntza eskakizunei doakienez ere. Hori dela eta, herritarrek udala etengabe auzitara eraman eta, ondorioz, hainbat kondena ezarri zaizkio udalari, bere araudia bera ez betetzeagatik eta, era berean, errekerimendu judiziala egin zaio, ordenantza betearazteko. Adibidez, nabarmenduko dugu auzitegien bitartez udala behartua dagoela hiriko kaleak, eraikin publikoak (*56), esparru publikoak (*57), foiletoak (*58) eta abar ele bitan errotulatzera (*59). Aldi berean, epaileen presioz, udalak lanpostu gehiagotan eskatu behar izan du euskaraz jakitea, euskarazko harrera bermatzeari begira, zehazki lautik hogeita hamaseira (*60).

Hala ere, epaileen bideak bere mugak ditu, eta bide horretatik, udala bere politika aldatzera behartua egon bada ere, udaleko gehiengo politikoak (UPNren eta CDNren esku) hiru aldiz aldatu du ordenantza, araua gobernu taldearen ikuspegi politikora egokitzeko, bai eta epaiak betetzetik libratzeko ere. Horrela, aldaketa horiek euskara baloratzeko betebeharra ezabatu dute A eta B (*61) mailei dagozkien lanpostuetan eta, bestetik, elebitasunaren kontzeptua berrinterpretatu dute. Horrela, gaur egun, Iruñeko Udalaren arabera, elebitasuna informazioa bi hizkuntzetan ematean datza baina elkarren artean bereizitako euskarrietan (*62). Ordenantzaren hirugarren aldaketak ezabatu egin du batzorde mistoak sortzeko agindua. Horren xedea izan da udal gobernu taldearen eskuetan soil-soilik gelditzea euskaraz jakin behar duen langile kopurua, hala nola Iruñea hitzaren finkapen toponimikoa. Organo hori politikoa da, noski. Era berean, aldaketa horren bidez, euskara ikasteko mailak parekatu dira halako lanpostu jakin bateko lan guztiak egiteko behar den hizkuntza gaitasunaren mailarekin.

Azkenik, haur eskolak aipatuko ditugu. Iruñeko Udalak eskumenak ditu haur eskolak sortu, sustatu, kudeatu, eta koordinatzeko, betiere derrigorrezko eskolatze adinetik beheko haurrentzat. Alde horretatik, udal ordenantzak hauxe dio: euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntza eredua hautatzeko duten eskubidea (*63). Udalak espresuki eta hiru bide desberdinez jakin badaki zein den euskarazko haur eskoletarako eskaria (*64), %60tik gora (*65). Baina, hala ere, udalaren erantzun zentzugabea hauxe izan da: gaztelania-ingelesa eskola elebiduna sortu dute, nahiz-eta eskaririk batere ez den izan. 2005eko abuztuan eta 2006ko otsailean, prentsan agertu da udalak baduela gaztelania-ingelesezko eskola berria sortzeko asmoa, gizarteak huraxe euskaraz izatea eskatu arren (*66).

4. AMAIERA

Puntu honetan ez dugu ondorio zehatzik landuko. Euskarari Nafarroan ematen zaion tratamenduak era askotako ondorioak ditu bai ikuspegi politikotik, juridikotik, eta soziolinguistikotik. Baina, idazki honen xedea egungo argazki bat ateratzea izan da. Sei urteko argazkia, XXI. mendea jaio zenetik, alegia. Hala ere, euskararen esparru publikoa txikiagotu da, eta ukaezina da horrek talka egiten duela euskara elkarbizitzarako alorrean erabiltzeko, sustatzeko, babesteko, eta garatzeko oinarriekin.

Nafarroan euskal hiztunen eskubideak gutxitzearen hizkuntza politika honek herritarren, Nafarroako Parlamentuaren, eta Europaren kritikak jaso ditu. Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoak ondokoa aipatzen du Nafarroan egindako bisitari buruzko txostenean: Eskualdeko botere betearazleak eta tokiko botere batzuk euskararen erabilerari buruzko legeak eman eta erabilera hori espazio geografiko jakin batzuetara murrizten ari dira. Jarduera horrek antz handiagoa dauka ghetto batekin, garapen- eta normalkuntza-politika batekin baino. Halaber, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Euro-kartak ezartzen duen ikuskapen prozedurari jarraipena emanez, ondokoa gomendatzen du: aurreikus dezatela III. zatiak euskarari eremu mistoan ematen dion babesa era egokia aplikatzeko aukera, Nafarroako legeriak arautzen duen bezalaxe. Hots, euskara ofizialtasunarekin babestu behar dela eremu mistoan.

Horrela gaude, gaur egun, Nafarroa Garaian.

----------------------------------

OHARRAK

(*1) Esparru publikoak gizarte elkarbizitzarako alorrak dira guretzat, hau da, administrazioa, hedabideak, kalea, azalera handiko saltegiak eta abar. Alde horretatik, Arartekoak, 03/291 espedientean, gogora ekarri die erakundeei kapital publikoa duten elkarteen erregimen pribatua ezin dela erabili herritarren eskubide eta interesak ez babesteko.

(*2) 3. artikulua.
1.- Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute.
2.- Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagozkien eran.
3.- Espainiako hizkuntza moeta ezberdinen aberastasuna kultur ondare bat da eta hura babes eta begirunegarri izango da.

(*3) Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eratu du Nafarroako Foru Komunitatea, hots, herritarrek onetsi ez duten estatutu bakarra da. Herritarrek berretsiak izan dira Espainiako Estatuko gainerako Autonomia Erkidegoak, baina Nafarroako autonomia estatutua bulegoetan negoziatu zen eta Espainiako Kongresuak onetsi zuen. Inoiz ez zaie horri buruzko galderarik egin Nafarroako herritarrei.

(*4) MONREAL ZIA,G. Origen de la Ley del Vascuence en Navarra. 15 años de la Ley del Euskara en Navarra. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria. Eusko Ikaskuntza.2001

(*5) Ebazpenak hauxe zioen: “gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza ofizialak izanen dira. Aipatu printzipioa Nafarroako Foruen Itzulketarako Oinarrietan eta Foru Eraentzaren Hobetzean hartuko da kontuan, eta Foru Parlamentuak erabateko eskumena izanen du, lege baten bidez arautzeko.” RODRÍGUEZ OCHOA, JM. Aplicación y desarrollo normativo de la LFV. 15 años de la Ley del Euskara en Navarra. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria. Eusko Ikaskuntza. 2001

(*6) 1986ko abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/86 Foru Legea. Nafarroako Parlamentua. Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 1986ko azaroaren 17a

(*7) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 1.2 artikulua.

(*8) Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arantza, Arano, Arakil Arbizu, Areso, Aria, Arribe, Arruazu, Auritz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erroibar, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkurra, Garaioa, Garralda Goizueta, Hiriberri, Igantzi, Imotz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lesaka, Luzaide, Oitz, Olazti, Orbaizeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Sunbilla Ultzama, Urdazubi Urdiain, Urrotz (Doneztebe), Uharte-Arakil, Ziordia, Zubieta eta Zugarramurdi.

(*9) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 10.1 artikulua

(*10) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 24.1 artikulua

(*11) Abartzuza, Agoitz, Antsoain, Artzibar, Atarrabia, Atez, Barañain, Bidankoze, Bidaurreta, Burgi, Burlata, Deierri, Eguesibar, Erronkari, Espartza, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Garde, Gares, Goñerri, Gesalatz, Gorza, Iruña, Itza, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Lezaun, Lizarra, Lizoainibar, Odieta, Olaibar, Oltza, Ollaran, Orontze, Orotz-Betelu, Otsagi, Sartze, Uharte, Urzainki, Uztarroze, Xulapain, Zabaltza, Ziritza eta Zizur.

(*12) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 17. artikulua

(*13) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 25.1 artikulua

(*14) Nafarroako gainerako udalerriek osatua.

(*15) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 18. artikulua

(*16) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 26. artikulua

(*17) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 27. artikulua

(*18) Saiatu naiz artikulu honetan sartzen ekintza politikoaren adibide esanguratsuak eta adierazgarriak. Nire iritziz, nahikoa dira euskaldunok bizi behar dugun testuinguru publikoa zein den ulertzeko. Inolako zalantzarik gabe, kasuen zerrenda askoz ere handiagoa da hemen agertutakoa baino.

(*19) Foru Gobernuan 1991z geroztik.

(*20) Oinarriak euskararen alde lan egiten duten erakunde kulturalak, sozialak, sindikalak eta politikoak barne hartzen dituen plataforma da.

(*21) 228/2000 Foru Dekretua, ekainaren 19koa eta 85/2002 Foru Dekretua, apirilaren 22koa

(*22) Diario de Noticias egunkaritik ateratako informazioa 01/03/06.

(*23) Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak emandako epaia, 2002ko ekainaren 22koa, 200/01 errekurtsoa ebatzi zuena.

(*24) Bi dekretuek (372/00 eta 29/03) murriztu egin dituzte euskaldunek eskuratuta zeuzkaten eskubideak aurreko egoeraren aldean, 135/1994 FD.

(*25) Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak Nafarroara egindako bisitaren gaineko txostena, 2003ko martxoaren 28an. 18. or.

(*26) Lesakako Udalak murriztu egin ditu udaleko kontu-hartzaile eta idazki lanpostuetarako ezarriak zeuden hizkuntza eskakizunak. Euskara Kultur Elkargoak auzitegietan errekurritu du erabaki hori.

(*27) Gara. 2004/12/21; Diario de Noticias 2004/12/23

(*28) Auzitegiek ez zuten demanda aintzat hartu, ez baitzuten Mankomunitatearen legitimitatea onartu.

(*29) 1218/2004 epaia, /2004/12/16koa, Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak emandakoa.

(*30) Nafarroako Gobernuko abokatuak emaniko erantzuna Euskara Kultur Elkargoak tartekatu zuen demandari. Nafarroako Gobernuko plaka elebitan idazteko eskatu zuen Elkargoak. 254/2004 zenbakia duen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

(*31) Arartekoaren 05/107/S espedientea

(*32) Diario de Navarra, 04/12/30.

(*33) 1054/2005 epaia

(*34) Zergadunari Laguntzak eta Argibidea emateko Zerbitzuaren ebazpena. 05/05/18

(*35) Gara, 05/06/25; Diario de Noticias, 2005/06/28

(*36) Diario de Noticias, 03/03/2005

(*37) SANZ, M. Política Lingüística. Diario de Navarra. 4/09/03

(*38) 5. Funtsa. 1218/2004 zenbakia duen epaia, 2004/12/16koa, Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzitegiak emandakoa.

(*39) Eremu euskaldunean lau ikastola alegal daude eta, guztira, 500 ikasle inguru dituzte: Tuterako Argia, Irunberriko Arangoiti, Lodosako Ibaialde, eta Bianako Erentzun.

(*40) Teorian, G ereduak (gaztelania hutsez) ez du lekurik, euskarak eremu horretan duen izaera ofiziala ikusita. Hala ere, badago hiru eredu horietako batean ikastetik libre geratzeko aukera, ikaslea eremu horretan aldi baterako bizitzen ari bada. Halakoetan, badago G ereduan ikasterik.

(*41) Eta hori, nahiz-eta Nafarroako errenta per capita Europako batez bestekoa baino %4 handiagoa izan.

(*42) I eredua, berrikitan Nafarroako Gobernuak sortua, ingelesa eransten duena.

(*43) Diario de Noticias, 2005/06/01

(*44) Diario de Noticias, 2005/09/06

(*45) El País, 00/12/12.

(*46) Diario de Noticias, 2005/04/16; Gara. 2005/04/17.

(*47) Iruñeko Donibane auzoan 18 haur zeuden izena emanik, baina ez zen gela sortu. Errotxapea auzoan 48 ikasleren eskaria zegoen, eta gela bakarra dago haietako 25entzat. Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak emaniko datuak. Euskal irakaskuntza publikoaren aldeko erakundea da Sortzen-Ikasbatuaz.

(*48) Berako Labiaga ikastola ez dago legeztatua, Gobernuak dioelako leku arazo batek eragozten duela ikastetxearen esparru fisikoa 1004/91 Errege Dekretura egokitzea. Dekretu horren bidez ezarriak daude irakaskuntza ez unibertsitarioak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betebeharrak. 1995etik aurrera, ikastetxeak bizirik dirau gainontzeko ikastolek, Nafarroako Ikastolen Elkartearen bidez, emaniko laguntzari esker.

(*49) Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legea 1996 urtealdirako. Hamaseigarren Xedapen Gehigarria. Hitzarmena: 214/1998 Foru Agindua.

(*50) 133/2003 Ebazpena, http://www.cfnavarra.es/bon/039/03903011.htm

(*51) 110/03 Foru Dekretuaren 120. artikulua.

(*52) Diario de Noticias, 2005/05/25

(*53) Euskarari buruzko 18/86 Foru Legearen 27. artikulua

(*54) Alde horretatik, begiratu Nafarroako eremu euskaldunerako txostena tokiko telebisten erregulazio berriari buruz. Euskara Kultur Elkargoa. 2005eko urtarrila.

(*55) EUROPAKO KONTSEILUA, MINISTROEN KONTSEILUA. RecChL (2005) 3 gomendioa, Ministroen Batzordeak emandakoa, Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Euro-kartak Espainian duen aplikazioari buruz (Ministroen Kontseiluak 2005eko irailaren 21ean onetsitako gomendioa, ministroen ordezkarien 938. bileran).

(*56) 46. Ebazpena. 02/01/11. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

(*57) 952. Ebazpena 04/08/24. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

(*58) Gora jotzeko helegitea (204/01). 02/10/14. Administrazioarekiko Auzien Auzitegia

(*59) 3300. Ebazpena de 18/09/02. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

(*60) Kontuan hartu behar da udalak bertan 1998an egindako azterlanaren arabera, 140 lanpostutarako aurreikusten zela euskaraz jakitea, euskarazko harrera bermatzeko.

(*61) NAO, 03/09/02

(*62) NAO, 04/01/23

(*63) Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 26. artikulua.

(*64) Honatx hiru bideak:
1- Haur eskolen eskariari buruzko txostena. Iruñea. Gregorio Urdaniz, Iruñeko Udaleko soziologoa. 2001eko abenduak 17
2- Alkatetzari zuzendutako idazkia, 51087 erregistro zenbakia duena. 2003ko azaroaren 10a;
3-Arartekoa bitartekari izateko eskaera, 03/269 espediente zenbakia jasoa.

(*65) Haur eskoletan aurre-matrikulatzeko garaian egindako zundaketa soziologikoa. Justo de La Cueva, soziologoa. 2003ko martxoa.

(*66) Diario de Navarra 05/08/3; Gara 05/08/10; Berria 05/08/10. Diario de Noticias 2006/02/10

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Iulen Urbiola
Urtea: 
2005