EUSKARA NAFARROA GARAIKO ADMINISTRAZIOAN

Hizkuntza komunitate gutxituen kasuan hizkuntzaren erabilera instituzionala garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik: batetik, esan bezala, esparru publikoaren zati handia delako (gero eta esparru zabalagoa gure gizarte ereduan); bestetik, esparru publikoko gainerako erakundeen eredu eta bultzatzaile izan daitekeelako (lan mundua, merkataritza, komunikabideak…); eta, azkenik, instituzioek hizkuntzaren erabilera soziala sustatzeko egin behar duten eragile-lana koherentziaz burutzeko, dagokien esparruan erabiltzea ezinbestekoa delako.

Hainbat udal saiatu dira udal ordenantzen bidez euskararen estatus murriztaile hau nolabait zuzentzen. Batzuk ausartak izan dira, beste batzuk ez horrenbeste; batzuetan ordenantzak betearazteko indarra izan dute, beste batzuetan ez, baina, oro har, ekarpen interesgarria izan dira udal ordenantzak, legeak euskarari ofizialtasunik ematen ez dion eskualdean gazteleraren eta euskararen erabilera orekatuagoaren alde egin baitute.

Foru Administrazioan aipatu ditugun zailtasunak errepikatzen dira Estatuko Administrazioan, are modu nabarmenagoan, oraindik ere. Ele biko inprimakiak eta prozedurak zokoratzeko joera orokorra da, eta, gero, bezeroek ez dituztela erabiltzen argudiatzen dute, euskarararen erabilera are gehiago baztertzeko. Lanpostuak hornitzeko prozeduretan euskara balora dadin hainbat helegite jarri dira. Aldeko epaia lortuta ere (Doneztebeko INEM Bulegoko lanpostua hornitzeko prozeduraren kasua izan da urte hauetan ezagunena), zailtasun handiak daude dagokion erakundeak behar bezala bete dezan epaiak esandakoa.

Hala eta guztiz ere, udal ordenantzen balioa izan da foru legediak aitortutako estatus legala baino haratago joatea, gehienetan. Foru legediak ofizialtasuna aitortzen duen esparruko ordenantza batzuek administrazioko jarduera euskara hutsez egin ahal izateko hainbat bide jorratu dituzte; ofizialtasuna ukatzen duen esparruan, ordea, kutsu ofiziala eman diote euskarari, administrazioko erabilera publiko askotan gazteleraren erabilerarekin parekatu baitute.

Udal ordenantzak onuragarriak diren arren, ez dituzte, jakina denez, euskara sustatzeko zailtasun guztiak gainditzen. Lehenengo zailtasuna, eta handiena, da aginte organoek ordenantzak bete nahi ez badituzte ezer gutxi egin daitekeela praktikan. Hiritarrek helegiteak egin egiten dituzte bete daitezen, baina gaia deserosoegia denean ez da gehiegi kostatzen ordenantza aldatzea, koste politikoa ez baita orain arte oso handia izan. Bestalde, ordenantzen maila juridikoa mugatua da, eta horien gainean dagoen marko legalak ez du behartzen euskararen erabileraren aldeko neurri asko hartzera

Teknologia berriek aukera berriak eskaintzen dizkiete udalei. Alabaina, horietaz baliatzeko baldintza izaten da askotan beste administrazio batzuekin elkartzea. Elkartze horietan handiek markatzen dute erritmoa, eta udal euskaldunek (txikiak baitira) hizkuntza erabilerari buruz erabakitzeko ahalmena galtzen dute. Gaia garrantzitsua da, hiritarrekin zuzenean harremanetan egonen diren zerbitzuak edo udalaren lehenengo irudia nolakoak izanen diren, esaterako, horren arabera erabaki baitaiteke.

Zailtasunak, beraz, ez dira gutxi, baina, noski, Nafarroako udalerri euskaldunenak diren hauetan dago egoerarik hoberena euskararen erabilerari dagokionez. Are gehiago, zerbitzu hizkuntza izatetik haratago, lan hizkuntza izateko urratsak emanak daude hainbatetan. Dena dela, lan hizkuntza izatearen oinarria, gehienetan, langileen beraien borondatea da, oso leku gutxitan baitago arauek horrela aginduta edo agiri batean jasota.

Mota honetako udalerrietan ere aurkitzen ditugu Nafarroako herririk euskaldunenetan ikusi ditugun hainbat zailtasun: kontratupeko zerbitzuetan erabilera bermatzeko arauak jartzeko zailtasuna, udal bulegoetan baino zailagoa izatea bestelako zerbitzu "espezializatuetan" emandako zerbitzua euskaraz ere izan dadin bermatzea; langileak euskaraz trebatzeko laguntza ez nahikoa… Badituzte, ordea, beste berezko zailtasun batzuk

Ezin da jakin noiz gaindituko ditugun administrazioan euskararen erabilera sustatzeko jarritako traba eta oztopoak. Argi dago, bitartean, beste esparru batzuk irabazi beharko ditugula euskararen erabilera soziala eremu publikoan areagotzeko; baina ezin dugu ahaztu administrazioa bizitza publikoaren esparru garrantzitsua dela. Garrantzi horrengatik azpimarratu behar da gaurko testuinguru zailean administrazioan euskararen erabilera areagotzeko egiten ari diren ekimenen balioa, tokiko erakundeek edo partikularrek bultzatutako ekimenak izan.

Hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik iraun, bere baitan belaunaldiz belaunaldi hizkuntza transmitituko duten mekanismoak osasuntsu ez badaude. Hori esanda burura datorkigun lehenengo eragile soziala familia bada ere, argi dago, gaur egun, familia ez dela transmisioaren eragile bakarra. Ondoan hezkuntza, aisialdia, edo komunikabideak jarri beharko genituzke, gure ikuspuntua zabala eta errealista bada, bederen. Eragile horiek hizkuntza transmititu eta gero, hau da, hiztun berriek hizkuntza jaso eta gero, pertsonen arteko harremanetan erabili behar da jasotakoa, hizkuntza galduko ez bada. Baina ezinbesteko diren bi baldintza horiek (transmisioa eta pertsonen arteko harremanetan erabiltzea) ez dira nahikoak egungo gizarte konplexuetan hizkuntza komunitate baten biziraupena luzera begira ziurtatzeko: hizkuntzak gizarteko erabilera publikoetan ere presente egon behar du, eta erabilera publiko horien artean instituzioak, administrazio-erakundeak, funtsezkoak dira (*1).

Hizkuntza komunitate gutxituen kasuan hizkuntzaren erabilera instituzionala garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik: batetik, esan bezala, esparru publikoaren zati handia delako (gero eta esparru zabalagoa gure gizarte ereduan); bestetik, esparru publikoko gainerako erakundeen eredu eta bultzatzaile izan daitekeelako (lan mundua, merkataritza, komunikabideak…); eta, azkenik, instituzioek hizkuntzaren erabilera soziala sustatzeko egin behar duten eragile-lana koherentziaz burutzeko, dagokien esparruan erabiltzea ezinbestekoa delako.

Testuinguru orokorra hori bada ere, Nafarroa Garaiko instituzioek, administrazioak orokorrean, euskararen erabilerari dagokionez duten jokamoldea azaltzeko, kontuan hartu behar dugu Nafarroako erakunde publiko nagusiek ez dutela betetzen, inolaz ere, bete beharko luketen erabilera sustatzeko eragile-lana (geroago azalduko dudan bezala, hainbat udal eta mankomunitate salbuetsita). Beraz, erabileraren eta hizkuntza politikaren arteko koherentzia baino oinarrizkoagoa da arazoa: euskararen erabilera administrazio publikoan erabat zokoratuta dago, eta administraziotik kanpoko esparru publikoetan erabilera lagundu beharrean trabak jartzen dira (berriro hainbat udal eta mankomunitateren salbuespena azpimarratuta).

Egoera orokorra hori da, eta, askotan, praktika, hau da, eguneroko jarduera, hizkuntzari buruzko legeak eta arauak baino baztertzaileagoa da. Zorionez, administrazioa ez da euskararen erabilera sustatzean zeresana duen bakarra. Izan ere, gizarte ekimenak bere eskubideak ezagutzen eta aldarrikatzen ditu. Horrek bi ondorio nagusi izan ditu Nafarroan azken urte hauetan: lehenengoa, euskararen erabilerarekin lotutako jarduera askoren judizializazioa; bigarrena, inolako erantzunik lortzen ez duen aldarrikapenak sortutako frustrazioa. Lehenengoari dagokionez, Nafarroan lanpostuak betetzeko lehiaketa-oposaketak, plantilla organikoak, eta bestelako xedapen asko epaiaren zain daude, euskaldunen eskubideak errespetatzen ez dituztelako. Bide judiziala, ordea, ez da bukatzen, kasu gehienetan, epaia ateratzen denean, ondoren helegitea etorri ohi baita, edo, okerragoa dena, epaia bete behar duen erakundearen jarrera tematia: epaiak agintzen duena ez betetzeko jarrera edo indargabetutako testua beste xedapen antzekoarekin ordezkatzeko saioa, esaterako. Jarrera horiek aurretik nahasita egon ohi den gaia areago korapilatzen dute. BAT aldizkariaren zenbaki honetako beste artikulu batzuek egoera judiziala sakonago eta hobeki azalduko dutenez, nik, besterik gabe, azpimarratu nahi dut, askotan, epai eta xedapen berrien zurrunbiloan, borondate ona dutenek ere ez dakitela nola jokatu. Aipatutako bigarren ondorioari dagokionez, argi dago gizarte ekimena ez dela aldarrikapen hutsean geratu, eta jakin duela bide sortzaileagoak jorratzen. Hala ere, sormenak baliabideak behar ditu ekimenak gauzatzeko, eta, baliabideen urritasunean, justua dena ukatzen denean, zaila da hizkuntza komunitateak dituen eskubideen berri ozenki ematen jarraitzea eta, batera, hiztunek dituzten beharrak asetzeko lanean aurrera egitea.

Azaldutako egoera erakunde publiko gehienen jokaerarengatik sortu bada ere, ez da ahaztu behar Nafarroan euskarak duen estatus juridiko orokorrak ere muga handiak jartzen dituela administrazioan (baita beste esparru batzuetan ere) euskararen erabilera sustatzeko. Adibide asko aipa daitezke. Mingarriak izateagatik nabarmentzen diren bi ekarriko ditut hona: bat, euskara ez da ofiziala Nafarroako hiriburuan; bi, legez ezarritako zona 'ez euskaldunean' euskaldunek ez dute euskara erabiltzeko eskubiderik, legeak artikulu berean eskubidea eman eta kentzen baitu: "Aitortu egiten da hiritarrek Nafarroako Administrazio Publikoetara euskara zuzentzeko eskubidea dutela. Azken hauek interesatuei gaztelerarako itzulpena eska diezaiokete, edo 9. artikuluan aurreikusitako itzulpen zerbitzuak erabili." (*2)

Hainbat udal saiatu dira udal ordenantzen bidez euskararen estatus murriztaile hau nolabait zuzentzen. Batzuk ausartak izan dira, beste batzuk ez horrenbeste; batzuetan ordenantzak betearazteko indarra izan dute, beste batzuetan ez, baina, oro har, ekarpen interesgarria izan dira udal ordenantzak, legeak euskarari ofizialtasunik ematen ez dion eskualdean gazteleraren eta euskararen erabilera orekatuagoaren alde egin baitute.

FORU ADMINISTRAZIOA ETA ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

Nafarroako administrazio publikoan, orokorrean, euskararen erabilera baldintzatzen duten hainbat aspekturi buruz aritu eta gero eta erabilera bera zertan den azaldu aurretik, esan behar dut artikulu honetan, batez ere, tokiko administrazioek egindako lana eta aurrera begira dauzkaten erronkak aipatuko ditudala. Izan ere, administrazioa konplexua da. Tokiko administrazioaz gain, Nafarroan Foru Administrazioa (bere erakunde autonomoak barne) eta Estatuko Administrazioa daude (*3); alde tekniko edo burokratikoaz gain, alde instituzionala ere garrantzitsua da (Gobernua, Parlamentua, udalbatzak…); kudeaketa zuzeneko jardueraz gain, gero eta gehiago dira enpresen bidez bideratzen diren zerbitzuak… Beraz, puntu eta gai asko Nafarroako administrazioaren ikuspegi osoa emateko. Horrela, bada, esan bezala, tokiko administrazioak egindakoa azalduko dut, batez ere, horretan egin direlako ekimenik esanguratsuenak eta, bestalde, hori delako hobekien ezagutzen dudan esparrua.

Hala ere, aurrera egin baino lehen, euskarak Foru eta Estatutuko Administrazioan duen presentziari buruzko hainbat ideia orokor aipatuko ditut, labur:

FORU ADMINISTRAZIOA

1994. urtean argitaratu zen Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko lehenengo dekretua (*4). Urte hartan ere euskara eskakizuna zuten lanpostuen lehenengo zerrenda argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak (zona euskalduneko osasun zerbitzuei zegozkien) (*5). Bi horietaz gain, hirugarren ekimen bat landu zen urte hartan foru administrazioan, zenbait zirkuitu elebidun ezartzeari buruzkoa, herritarrek administrazioan euskara erabiltzeko eskubidea bermatzeko helburua zuena (testuak horretarako arduradunak eta epeak finkatzen zituen). Hala ere, ziriborroa ez zen argitaratu, ez zen inoiz indarrean jarri. Sustatzaileek agiria argitaratzeko nahiko indarrik ez zuten izan Nafarroako Gobernuaren barnean. Ordutik hona emandako urrats gehienek egoera okertu besterik ez dute egin. Honakoak izan dira urrats horien joera nagusiak:

- Euskara baloratzen den lanpostuen zerrenda murriztu eta mugatu. Euskara ez dakitenen eskubidea administrazio publikoan sartzeko jartzen da euskara erabiltzearen eskubidearen gainean (*6).
- Administrazioko langileek gero eta zailagoa dute euskara ikasteko baimenak lortzea. 1993. urtean euskara ikasteko baldintzak ezarri zituen Foru Dekretua (*7)argitaratu zen garaian ere ez zen erraza euskalduntze prozesuari ekitea beharrezko jarraikortasun eta bermearekin. Bestalde, inoiz ez da lortu lehentasunak markatzeko eta baliabideak hobeki aprobetxatzeko irizpideak finkatzea; edo, behin ikasita, euskaldundutako langilea erabilerari begira jartzeko estrategia saiatzea. Baina, azken urte hauetan, gero eta zailagoa da euskara ikasteko baimena lortzea eta horrek dakartzan eskubideak gauzatzea (ordutegiaren murrizpena edo ikastaro trinkoak egiteko ordezkapenak).
- Euskara ahozko harremanetan erabili ahal izatea salbuespena da, eta langile euskaldunen borondatearen mendean geratzen da euskaldunen eskubidea. Idatzizko harremanetan erdara da hizkuntza bakarra informazioa edo argitalpenak Nafarroa osoan banatu behar ez badira. Nafarroa osorako direnean, legearen araberako 'zona euskaldunean' ere banatu behar direnez, ele bietan argitaratzen dira baina euskarri bananduetan. Ohikoa izaten da, kasu horietan, euskarazko aleak kutxetatik atera gabe "ahaztuta" geratzea inork ez baditu erreklamatzen. Euskararen erabilera murrizteko 372/2000 Foru Dekretua argitaratu eta gero, Iruñean kokatutako erakundeetako errotulazio ofizialetik euskara kentzeko izandako sukarra bada nahiko adibide argia, Nafarroako Administrazio Foralean euskara ezabatzeko egindako ahalegin orokorraz ohartzeko.

ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

Foru Administrazioan aipatu ditugun zailtasunak errepikatzen dira Estatuko Administrazioan, are modu nabarmenagoan, oraindik ere. Ele biko inprimakiak eta prozedurak zokoratzeko joera orokorra da, eta, gero, bezeroek ez dituztela erabiltzen argudiatzen dute, euskarararen erabilera are gehiago baztertzeko. Lanpostuak hornitzeko prozeduretan euskara balora dadin hainbat helegite jarri dira. Aldeko epaia lortuta ere (Doneztebeko INEM Bulegoko lanpostua hornitzeko prozeduraren kasua izan da urte hauetan ezagunena), zailtasun handiak daude dagokion erakundeak behar bezala bete dezan epaiak esandakoa.

TOKIKO ADMINISTRAZIOA: UDALAK ETA MANKOMUNITATEAK

1. EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEKO ORDENANTZAK.

Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera administrazioan arautzeko sortutako marko legal kaskarrak (partziala, hutsunez betea eta askotan aldatua) ez du erraztu udalek haien esparruan egin beharreko lana. Marko legal sendorik gabe, udal agintean gertatutako aldaketa politikoak ordenantzen aldaketa ekarri du batzuetan (Olazti eta Iruñea, esaterako). Beste batzuetan prozedura administratiboa beharko lukeena baino gehiago luzatu da (hilabeteak edo urteak hasierako onespenetik behin betiko onespenera). Azkenik, izan dira ordenantzak bidean utzi dituztenak akordioa hartuta baina Aldizkari Ofizialean argitaratu gabe, edo, helegiteren bat ebatzi ezinik, testua indarrean jartzen duen behin betiko onarpenaren argitalpena egin gabe. Izan ere, ordenantzak onartzeko prozesu batzuetan utzikeria ikusten da, utzikeriari lotutako borondate txarraren proportzioa zein den ezin esan. Dena dela, argi dago tokiko administrazioaren beste esparru batzuetan dagoen prestasuna gutxitan ikusten dela euskararen erabilera arautzeko eta sustatzeko arloan. Ordenantzak sustatzen dituzten eragileen indar eskasaren sintomak dira aipatutako horiek guztiak; behin onartuta eta indarrean, betearazteko momentuan, bete daitezen baliabideak jartzeko momentuan, nabarmentzen den eskasi bera.

Hala eta guztiz ere, udal ordenantzen balioa izan da foru legediak aitortutako estatus legala baino haratago joatea, gehienetan. Foru legediak ofizialtasuna aitortzen duen esparruko ordenantza batzuek administrazioko jarduera euskara hutsez egin ahal izateko hainbat bide jorratu dituzte; ofizialtasuna ukatzen duen esparruan, ordea, kutsu ofiziala eman diote euskarari, administrazioko erabilera publiko askotan gazteleraren erabilerarekin parekatu baitute.


1.1. FORU LEGEDIAK OFIZIALTASUNA AITORTZEN DUEN ESKUALDEA ('ZONA EUSKALDUNA').

Asko dira oraindik Tokiko Administrazioko euskararen erabilera ordenantza baten bidez arautu ez duten udalak. Hainbatek barne araudiak edo akordioak izanen dituzte, baina, askotan, hizkuntzen erabilera zein izan behar den ez da inon jasotzen. Argitaratutako ordenantzak aztertuta, hiru multzo bereiz daitezke.

Lehenengo multzoan, Udal Euskaldunen Mankomunitateko kideak daude. UEMAren irizpideak jarraitzen dituzte Nafarroako hainbat udalek (Arantza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Goizueta, Leitza, Urdiain eta Zubieta). Dena dela, multzo honen barnean, aldeak badaude. Esaterako, euskara udal administrazioko hizkuntza bakartzat jotzen da Zubietan; Leitzan eta Goizuetan, aldiz, euskarari lehentasun osoa ematen zaio eta euskara hutsezko erabilerarako esparru zabalak ezartzen dira, baina gaztelera erabiltzea eskatzen dutenentzako ele biko harremana aurreikusten da.

Bigarren multzo batean, harremanetan bi aukera ematen dituzten ordenantzak (udalak) daude. Bi aukera horiek honakoak dira: gaztelera eta euskara batera erabiltzea, edo euskara bakarrik. Planteamendua da euskarari lehentasuna ematea eta horrela, hainbatetan euskara hutsezko erabilerari tartea egiten diote. Multzo honetan daude Ergoienak, Bakaikuk, Lakuntzak, Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranatzek (*8) argitaratutako ordenantzak.

Azkenik, Olaztik, Altsasuk eta Irurtzunek onartutako ordenantzen multzoa daukagu. Horietan bi hizkuntzen erabilera parekatua da irizpide nagusia. Altsasuko testuak, dena den, beste biek baino haratagoko helburuak dauzka; batetik, bi hizkuntzak erabilita ere, euskarari lehentasunezko trataera ematea arautzen baitu eta, bestetik, euskara laneko hizkuntza ere izan dadila helburutzat jotzen baitu (beste biek ez dute horrelakorik aipatzen).

Multzo bakoitzeko ordenantzetan ezberdina da euskarari ematen zaion trataera. Jakina da egoera soziolinguistikoa ez dela berdina aipatutako herri guztietan eta elebidunen kopuruak eta euskararen zabalpen funtzionalak markatzen dituztela, neurri handi batean, udalek onartzen dituzten arauak.

1.2. FORU LEGEDIAK OFIZIALTASUNA UKATZEN DUEN ESKUALDEA ('ZONA MISTOA' ETA 'EZ-EUSKALDUNA').

Honakoak dira esparru honetan euskararen erabilera arautzeko ordenantzak onartu dituzten tokiko administrazioak: Antsoain, Barañain, Berriozar, Burlata, Iruñea eta Uharteko Udalak, Erronkariko Ibaxaren Batzordea, eta Iruñerriko Mankomunitatea. Horietaz gain, beste batzuk ordenantzen testua lantzen edo onartzeko prozesua egiten ari dira (Atarrabia, Agoitz, Berriobeiti…).

Lehenago aipatu bezala, foru legediak euskararen ofizialtasuna ukatutako eskualdean garrantzitsuak izan dira ordenantzak, gehienetan euskara eta gaztelera hizkuntza propiotzat jo dituztelako eta biak zerbitzu hizkuntza izateko helburua aldarrikatu dutelako. Nolabait esateko, administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea administrazioaren jarrera aktiboarekin lotu nahi izan dute: administrazioak hainbat baliabide jarri hiritarrei erantzuteko eta administrazioa bi hizkuntzak erabiltzeko borondatea hiritarrei orokorrean zuzentzen zaienean. Jarrera horrek foru legediak euskarari ukatzen dion kutsu ofiziala ematen dio, neurri batean, bederen. Dena dela, egia da praktikan baliabideak jartzeko ahalegina ez dela berdina izan tokiko erakunde guztietan. Deigarria izan zen, adibidez, Iruñerriko Mankomunitateak hainbat urtez ordenantzaren aldaketa argitaratu izana, artikulu baten betetze data urtez urte atzeratzeko (eginbeharreko jakinarazpenak bi hizkuntzatan bidaltzea legearen araberako zona misto eta ez euskaldunean). Baina beste batzuetan, esaterako, neurriak jarri dira hainbat lanpostutan euskararen eskakizuna ezartzeko. Kasu horien adibide ona da Burlatako Udalak 2005. urtearen bukaeran argitaratutako ordenantzaren eranskina, non herritarrei zerbitzua euskaraz emateko hartu beharreko neurriak zehaztu diren, eta, horretarako, hizkuntza eskakizunak eta gauzatzeko irizpideak azaldu diren. Nafarroako Gobernuak alor honetan duen hutsunea kontuan hartuta, baloratu beharreko ahalegina da.

Tokiko Administrazioak bere esparruan egin behar duenaz gain, eskualde honetako ordenantza guztiek aipatzen dute, nahiko zehazki, udalerrian euskararen erabilera sustatzeko bultzatuko dituzten ekimenak (askotan ikuspegi partzialak badirela onartu behar da, dena den).

Udal ordenantzak onuragarriak diren arren, ez dituzte, jakina denez, euskara sustatzeko zailtasun guztiak gainditzen. Lehenengo zailtasuna, eta handiena, da aginte organoek ordenantzak bete nahi ez badituzte ezer gutxi egin daitekeela praktikan. Hiritarrek helegiteak egin egiten dituzte bete daitezen, baina gaia deserosoegia denean ez da gehiegi kostatzen ordenantza aldatzea, koste politikoa ez baita orain arte oso handia izan. Bestalde, ordenantzen maila juridikoa mugatua da, eta horien gainean dagoen marko legalak ez du behartzen euskararen erabileraren aldeko neurri asko hartzera, dakigunez (*9).


2. EUSKARAREN ERABILERA NAFARROA GARAIKO TOKIKO ADMINISTRAZIOAN.

Arauak arau, ordenantzak onartuta izan ala ez, zein neurritan bermatzen dira euskaldunen eskubideak Nafarroa Garaiko Tokiko Administrazioan? Zein da euskararen erabileraren egoera?

Berriro gogoratu behar dut ezin dela egoera bateratu batez mintzatu. Egoera ezberdinak mugatzeko marrak, dena den, beste esparru askotan bezala, ez du legeak ezarritako maparekin derrigorrez bat egiten. Egoera soziolinguistikoa eta elebidunen proportzioa argigarriagoak dira, dudarik gabe, Nafarroako Tokiko Administrazioko euskararen erabilera aztertzeko. Izan ere, batetik, udalerri euskaldunenak izanen genituzke (elebidunak %70etik gora) eta, bestetik, Iruñerriaren eredu soziolinguistikoarekin bat egiten dutenak (*10).


2.1. NAFARROAKO UDALERRI EUSKALDUNENAK: EUSKARA ZERBITZU HIZKUNTZA ERROTZEAREN ERRONKA ETA LAN HIZKUNTZA IZATEKO ZAILTASUNA.

Udalerri euskaldunetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin lan egin da azken urte hauetan, eta batzuetan erabilera eta erabiltzeko ohitura aski hedatuta daude. Hala ere, ezin esan oraindik erabat bermatuta dagoenik Tokiko Administrazioan euskara erabiltzeko eskubidea. Hainbat arazo eta oztopo daude, oraindik ere:

- Euskara gehiago erabiltzen da udal bulegoetan hortik kanpoko bestelako zerbitzuetan baino. Bestalde, gero eta gehiago dira kontratuaren bidez eskaintzen diren zerbitzuak, eta kontratu horietan ez da beti behar bezala lotzen nolakoa izanen den euskararen erabilera. Nolabait irudikatzeko, udalaren gunetik zenbat eta urrutiago orduan eta zalantza handiagoak euskara erabiltzeko eskubidearen bermeaz.
- Ahozko erabilera bermatuago dago idatzizkoa baino. Oraindik arazoak daude programa informatiko guztietan eta kontratek erabiltzen dituzten euskarri guztietan euskara erabil dadin. Bestalde, badira hainbat esparru bereziki "gogorrak" direnak euskararen erabilerari dagokionez: hirigintza da askotan horren adibidetzat jotzen dena.
- Gizartearen beste arloetan bezala, honetan ere, Nafarroako hiriburuarekiko mendekotasuna handia da. Adibiderik hoberena da Nafarroan gaur egun prozesuan dagoen idazkarien lekualdatze-lehiaketa. Irizpideak Iruñean erabaki ziren Nafarroa osorako, eta oso tarte txikia utzi zitzaien udalei idazkarien profila zehazteko.
-Teknologia berriek aukera berriak eskaintzen dizkiete udalei. Alabaina, horietaz baliatzeko baldintza izaten da askotan beste administrazio batzuekin elkartzea. Elkartze horietan handiek markatzen dute erritmoa, eta udal euskaldunek (txikiak baitira) hizkuntza erabilerari buruz erabakitzeko ahalmena galtzen dute. Gaia garrantzitsua da, hiritarrekin zuzenean harremanetan egonen diren zerbitzuak edo udalaren lehenengo irudia nolakoak izanen diren, esaterako, horren arabera erabaki baitaiteke. Horren adibidea da Nafarroan hedatzen ari den 012 telefono bidezko harrera zerbitzua. Udalek zerbitzu hori kontratatzea, gehienetan, atzera pausua izaten ari da euskararen tratamenduari dagokionez, irizpide orokorra pisu handiagoa duten udal erdaldunagoek jartzen baitute.
- Gero eta txikiagoa da Nafarroako Gobernuak ematen duen laguntza langileek euskarazko gaitasuna areago dezaten. Udal hauetako plantilla organiko gehienetan langile guztientzako euskararen eskakizuna ezarrita dagoen arren, kontuan hartu behar da eskakizuna gauzatzen dela lanpostua hutsik gelditzen denean, eta gaur egun badaudela langileak euskara ez dakitenak. Horiek trebatzeko bidea gero eta zailagoa da, Nafarroako Gobernuak udal langileak euskalduntzeko eta euskaraz trebatzeko diru-partida murriztea erabaki baitu (partida bera kolokan dago). Erabaki horrek, noski, Nafarroa osoko udalak ukitzen ditu.

Zailtasunak, beraz, ez dira gutxi, baina, noski, Nafarroako udalerri euskaldunenak diren hauetan dago egoerarik hoberena euskararen erabilerari dagokionez. Are gehiago, zerbitzu hizkuntza izatetik haratago, lan hizkuntza izateko urratsak emanak daude hainbatetan. Dena dela, lan hizkuntza izatearen oinarria, gehienetan, langileen beraien borondatea da, oso leku gutxitan baitago arauek horrela aginduta edo agiri batean jasota.

2.2. IRUÑERRIKO UDALERRIAK ETA HAIEN TIPOLOGIAREN ANTZEKOAK: EUSKARA ZERBITZU HIZKUNTZA IZATEKO ALDARRIKAPENA ETA ALDARRIKAPENA PRAKTIKAN GAUZATZEKO ZAILTASUNA.

Dudarik gabe Iruñerrian eta tipologia bereko beste udalerrietan (Lizarra, Gares, Agoitz…), euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin da erronka nagusia. Horietako udal batzuetan egoera txarra da eta urruti ikusten da horrelako helburua bete ahal izatea. Bestalde, Nafarroako udal asko planteamendu honetatik kanpo daude (Zangozaldean, Erriberan eta Erdialdeko udalerri gehienetan ez dago, esaterako, Euskara Zerbitzuak martxan jartzeko kezkarik, ezta euskaldunei gutxieneko harrera egiteko borondaterik ere). Hala eta guztiz ere, atal honetan, euskara erabiltzeko nolabaiteko borondatea azaldu dutenei buruz mintzatuko naiz. Mota honetako udalerrietan ere aurkitzen ditugu Nafarroako herririk euskaldunenetan ikusi ditugun hainbat zailtasun: kontratupeko zerbitzuetan erabilera bermatzeko arauak jartzeko zailtasuna, udal bulegoetan baino zailagoa izatea bestelako zerbitzu "espezializatuetan" emandako zerbitzua euskaraz ere izan dadin bermatzea; langileak euskaraz trebatzeko laguntza ez nahikoa… Badituzte, ordea, beste berezko zailtasun batzuk:

- Udal plantillak ez dira egoten ongi hornituta zerbitzuak euskaraz, behar den kalitatearekin, emateko. Horren ondorioz handia da itzulpenaren pisua eta harekiko mendekotasuna. Hainbat lekutan egoera kroniko bihurtzen ari da, euskararen eskakizuna euskara langai duten lanpostuetara mugatzen dutelako (euskara erabiltzearen eskubidearen aurretik administrazio publikoan sartzeko eskubidea jartzen dute, lehenago ere azaldu dudanez).
- Bezero euskaldunen presioa txikia da. Kontuan hartu behar da eskualde honetan euskaldun gehienak haur eta gazteak direla, administrazioarekin harreman txikia duten hiritarrak, hain zuzen. Bestalde, administrazioak berak duen jokamolde anbiguoak (*11) zalantza sortzen dio euskal hiztunari, ez baitaki nolako harrera izanen duen euskaraz mintzatzen bada.

EUSKARAK ADMINISTRAZIOAN LORTUTAKO ESPAZIOAREN GARRANTZIA.

Nafarroako administrazioan euskarak espazio txikia lortu du, orain arte. Mendeetako inertzia aldatzeko (erabateko bazterkeria) 90eko hamarkadan egindako lehenengo urratsak ahulduta geratu dira hamarkada honetan. Hainbat udal eta mankomunitate dira, sinesgarritasun gehiago edo gutxiagorekin, euskaldunekin euskara harreman hizkuntza izan dadin lan egiten ari diren administrazioko erakunde bakarrak.

Ezin da jakin noiz gaindituko ditugun administrazioan euskararen erabilera sustatzeko jarritako traba eta oztopoak. Argi dago, bitartean, beste esparru batzuk irabazi beharko ditugula euskararen erabilera soziala eremu publikoan areagotzeko; baina ezin dugu ahaztu administrazioa bizitza publikoaren esparru garrantzitsua dela. Garrantzi horrengatik azpimarratu behar da gaurko testuinguru zailean administrazioan euskararen erabilera areagotzeko egiten ari diren ekimenen balioa, tokiko erakundeek edo partikularrek bultzatutako ekimenak izan.


--------------------------------------------

OHARRAK

(*1) Hizkuntzak ez baditu esparru publiko eta formalak eskuratzen (arlo sozio-ekonomikoa, hezkuntza, kultur produkzioa, komunikabideak…) hiztunek beti aukeratu beharko dute zer egin: esparru horietatik kanpo egon, edo horietan parte hartzeko beste hizkuntza ikasi eta erabili. Dikotomia hori ezaguna dugu. Esaterako, Nafarroaren zati handi batean gertatutako euskararen galera geografikoaren aurreko fasea galera funtzionala izan zen; hain zuzen ere, administrazioak sortutako esparru publiko berri guztiak kanpoko hizkuntzaren eskutik gauzatzeagatik sortutako desoreka funtzionala.

(*2) Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 18. art., eskualde ez-euskalduneko erabilerari buruzkoa. 18. artikulu hori zinikoa da, benetan, horrelakorik badago.

(*3) Herritarrengan eragin txikiagoa badu ere, Europar Komunitatea ere aipatu beharko genuke administrazio publikoen zerrenda osoa egin beharko bagenu. Ez dugu, ordea, zerrenda zabalduko Nafarroako egoera azaltzea baita artikuluaren helburua. Europar Komunitateak sortutako erabilera administratiboak ez dira ezberdinak Nafarroan eta Euskal Herriko gainerako eskualdetan.

(*4) Hasiera batean 70/94 Foru Dekretua izan zen; hori 135/1994 Foru Dekretuak ordezkatu zuen lau hilabete geroago.

(*5) 154/1994 F.D. (1994ko irailaren 19ko NAO).

(*6) 203/2001 FDak moldatu zuen 1994an argitaratutakoa (154/1994 F.D.): 1994an zehaztutako Osasunbideko lanpostu horietaz gain, euskara langaia duten lanpostuak (euskara teknikariak, itzultzaileak..) besterik ez zituen jaso euskara eskakizuna dutenen zerrendan. Beste bakan batzuen kasuan euskara merezimendutzat hartzea ezarri zuen 203/2001 FDak. Ez zuen bermatu, inolaz ere, euskaldunek administrazioko zerbitzuak euskaraz jasotzeko daukaten eskubidea (hezkuntza arloko langileak zerrenda honetatik kanpo geratu ziren).

(*7) 195/ 1993 FD (1993ko uztailaren 9ko NAO).

(*8) Etxarri Aranatz UEMAko kidea den arren, bere ordenantzak multzo honetakoen antza dauka. Aipatu behar da 1. eta 2. multzoetako ordenantzak garai ezberdinetakoak direla: Zubieta, Leitza eta Goizuetakoak 93koak dira eta Etxarrikoak, esaterako, 99koak.

(*9) Marko legal orokorraren eragina gehienetan euskaren erabilera sustatzearen kontrakoa suertatzen da. 372/00 Foru Dekretua argitaratu zenean (euskararen erabilera administrazioan nabarmenki mugatzen zuena, ezaguna denez) kezka eta eztabaida (interesatua?) sortu zen, ea dekretuak indargabetzen zituen haren kontra egiten zuten ordenantzak, erabilera zabalagoa sustatzen zutenak, hain zuzen. Batzuek udal autonomia aldarrikatzen zuten, besteek maila legal handiagoko bati men egin beharra. Denborarekin eztabaida dekretuak sortu zuen nahasketan urtu zen. Egun udalerri gehienetan, Iruñearen salbuespen garrantzitsua eginda (ordenantzak zentsu murriztaile batez aldatu dira), dekretu aurreko egoera bera mantentzen da. Prozesu honetan gehien kaltetu den aldea izan da euskararen balorazioa lanpostuak hornitzeko lehiaketa-oposaketa prozesuetan (proportzioak murrizteko joera zabaldu zen 372/2000 FD argitaratu eta gero).
372/2000 Foru Dekretuak ordenantzetan izandako eraginaz, bestalde, deigarria da dekretua eta gero (eta hori ordezkatu zuen 29/2003 dekretua eta gero) aurretik onartutako ordenantzen oso testu antzekoak onartu direla, puntu batzuetan indarrean dagoen dekretuaren artikuluekin bat egiten ez dutenak. Hala ere, foru exekutiboak ez du haien kontra egin.

(*10) Banaketa hori eginda, populazio gutxiko hainbat udalerri geratzen dira ez batean ez bestean. Ikusi BAT aldizkariaren zenbaki honetako "Euskara Nafarroa Garain: iraupenetik garapenera?" artikulua.

(*11) Tokiko Administrazioaren hainbat ekimen euskararen erabilera sustatzeko ez dira sinesgarriak suertatzen, periferiatik, eta ez aginte-organoen erdigunetik, egiten direlako.

 

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Rosa Ramos
Urtea: 
2006