NAFARROAKO IKASTOLAK IRAGANETIK ETORKIZUNERANTZ

Artikulu honen lehen zatian saiatuko gara agertzen ikuspegi zabal batetik Nafarroako euskaltzaleok eta ikastolok XX. mendean zehar egindako lanaren kokapena, epe luzeagoek etorkizuna proiektatzen laguntzen dutelakoan. Halaber antzemanen dugu gaur egungo egoera eta NIEko ikastolek duten erronka instituzionala zein pedagogikoa.

1975-1979an ziurtasunik gabeko garai batera iristen gara. Baskongadetako beste ikastolek bere lekua aurkitzen duten bitartean, Nafarroakoen kontrako neurriak hartuko dira aipaturiko epean. Eraso horien aurrean, Euskal Herriko proiekzioa eman nahiak sorraraziko du NIE bera. Garai horretan hainbat ikastolak munizipalizatzea lortuko dute. 1979tik aurrera bai ikastola eta baita bere eskutik jaioko zen euskarazko irakaskuntza publikoa sendotzen joan ziren, erakundetzen joan ziren neurrian.

Historiak erakutsi digu ez direla sekula eskutik helduta joan ikastolen mugimendua eta boterea, ez behintzat norabide berean. Etengabeko desadostasun horren emaitza hauxe da: oraindik ere, XXI. mende honetan, bost ikastola ez daude lege barrenean, ezta guztien artean dituzten 600 ikasle inguru horiek ere. Hitz batez, “alegalak” dira.

Irakasle izateko ez da nahikoa irakasgai bati edo batzuei buruzko informazioa biltzea (metatzea), informazio hori aberatsa, sakona, eta bariatua izanik ere. Ez da gauza bera matematikaria edo matematika irakaslea izatea. Historialari on batzuk historia irakasle txar-txarrak izan ziren. Irakasleen prestakuntzak aldaketa handia izan du bere prestakuntza jarraituari dagokionez.

Prestakuntza esperientzia horiek eskatzen duten lan motak (informazioa, kontrastea, praktikan jartzea, emaitzen eztabaida eta ezarpena ikastolan) zerikusi handiagoa du lan “mintegiarekin”, egiten diren bezalako “ikastaroekin” baino. Horregatik, prestakuntza honetan ikastetxeko irakasleen edo irakasle multzo baten talde lanari ematen zaio lehentasuna eta ez banako prestakuntza espezializatu-espezializatuari.

Izan ere, kontua ez da soilik pentsatzea ikasgela barnean ematen diren eduki akademikoen indar instruktiboan, baizik eta ikastetxean lan egiten dugun guztiok -hezkuntza eragile garen aldetik eta elkarrizketaren bidez- daukagun hezkuntza ahalmenean (ez soilik ezagutzak transmititzea). Horregatik indartzen da hezkuntza komunitatearen ideia, ikaskuntza komunitatearen ideia, alegia. Beraz, baloratu egiten da prestakuntzaren zentzu komunitarioa elkarrizketa bidezko prozesuetan oinarriturik.

Ikastolen Konfederazioko prestatzaileen taldean prestakuntza ildo hori lantzen ari dira duela urte batzuetatik hona. Alde horretatik, prestakuntzarako esparru bateratu bat mamitzen dihardute, ikastoletan egiten ditugun prestakuntza ekintza guztiei koherentzia emateko. Ahalegin horri esker, munta handiko ekintzak iritsi zaizkigu, 2004/05 ikasturtean garatutakoa bezalakoak, gure irakasleak Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia berrietan teknikoki eguneratu zitezen

I- HAINBAT OHAR HISTORIKO

Aunitzetan gure erroak non dauden antzemateko hala nola gure lanak zer garrantzia izan duen aztertzeko epe luzexeagoak behar ditugu darabilzkigunak baino. Orain euskarak Nafarroan daukan egoera ez da betidanik izan duena eta gaur egungo Nafarroako Gobernuak euskararekiko daukan jarrera ez da beti izan duen bera. Artikulu honen lehen zatian saiatuko gara agertzen ikuspegi zabal batetik Nafarroako euskaltzaleok eta ikastolok XX. mendean zehar egindako lanaren kokapena, epe luzeagoek etorkizuna proiektatzen laguntzen dutelakoan. Halaber antzemanen dugu gaur egungo egoera eta NIEko ikastolek duten erronka instituzionala zein pedagogikoa.

XIX. mendearen bukaeratik Gerra Zibila bitarte Nafarroako Aldundiak, beste euskal lurraldeen antzera, euskara babesteko jarrera hartu zuen, hitzezko diskurtsoan bederen: Euskara-Linguae Navarrorum, kontserbatu behar zen altxorra. Nafar intelektual prestigiodunen eragina antzematen dugu aipaturiko epean, mende horretan Nafarroak ekoiztu zituen handienak: Juan Iturralde y Suit, Florencio Ansoleaga, Esteban de Obanos, Estanislao Arantzadi, Salvador Echaide, Ramón Irurozki, Fermin Iñarra eta, bereziki, Arturo Campión. Hauexek izan ziren Nafarroaco Euscarazco Elcargoa 1877an sortu zutenak eta Euskal Herriko antzeko beste elkarteei bidea ireki zietenak. Euskara publikoki defendatua izan zen garai horretan, hizkuntzan antzematen baitzuten foruen errestauraziorako bideetako bat.

Garai horretako Aldundia euskara iraunarazten saiatu zen; euskara katedrak paratzeaz gainera, Hego Euskal Herriko beste Aldundiekin batera Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia babestu zituen. Defentsa horrek, hala ere, gauzatze praktiko gutxi izan zuen Lehen Mailako Irakaskuntzan. Eusko Alderdi Jeltzaleak bultzatu eta euskaltzaleek gauzatutako Iruñeko, Lizarrako, eta Elizondoko Ikastolak ditugu ekimenik interesgarrienak irakaskuntzari begira, beti bezala gizarte ekimenetik gauzatuak, ez bide ofizialetik. Eskola hauen alderdirik aipagarrienak, gure aburuz, Hego Euskal Herriko beste Euskal Eskolekin, emakumeen bitartez bereziki, edukitako koordinazio pedagogikoa, eta Eskola Berriaren irizpide metodologikoen ezarpena ditugu. Hiru eskola esperientzi horiek, 1936an, hots, Gerra Zibilaren hasierarekin amaitu ziren, epe beltz bati ekin zitzaionean.

Nafarroa irakaskuntza esparruan ez ezik beste arlotan ere eskubide historikoen jabe izan da. Estatuaren aurrean horien aldarrikapena behin baino gehiagotan egin zuen: sutsuki, maisu-maistren izendapenak proposatzeko nafar udalek zuten eskuduntzengatik, eta zarata handirik atera gabe, egitez, bere hezkuntza organo gorenak, Hezkuntza Batzorde Nagusiak, alegia, zituen eginkizunak mantentzeagatik. 1941ean, hezkuntzazkoak ez ziren kultura eskuduntzak kudeatzeko Príncipe de Viana Erakundea sortu zuen Foru Aldundiak. Honek guztiak estreinako deszentralizazio kasua erakusten digu Estatu espainolean gertatzen ari zenarekin erkatuta, harrigarria, bereziki Gerra bukatua zela eta Estatuak totalitarismoaren jokabidea zuela kontuan hartzen badugu.

Estatu berriko hizkuntzekiko politikak erabat itxita jarraitzen zuen garaian, hau da, 1949an, euskara klaseak babestea erabaki zuen Aldundiak, irakaslearen kostua ordainduz eta egoitza utziz. Nafarroako Aldundia aurkituko dugu orain, “gure hizkuntzaren altxorra” babestu eta kontserbatu nahian. Horrelaxe, Nafarroako Aldundiak 1957an, bere goreneko kultur erakundearen barruan, hau da, Príncipe de Vianaren barruan, Euskararen Aldeko Saila (Bizkortze Saila eta Sustatze Saila izenak ere erabiliak izan ziren garaiko kideen aldetik) sortzea erabaki zuen. Honen babesean berriro ere ikastolak sortuko dira, baina indar berrituta oraingo honetan. Iruñean 1963 urtean jaio zen ikastolari finkoago mantenduko zen beste batek jarraituko zion 1965ean, Nafarroako euskal irakaskuntza esparrua berriro ere irekiz. Hala ere, erakunde honek beranduago aurrera eramandako norabidea zela eta, bere kideek 1972an dimisioa eskatu zuten; ordurako ikastolek bere irakaskuntza hazia botata zuten Nafarroako esparru osoan, 13 zirelarik. Ikastolen jaiotzak geldirik gabe jarraitu zuen.

Ondorengo epea hagitz interesgarria izan zen, nahiz eta gauzatze praktikoa ez zuen izan. Jende gutxik dakien arren 1972tik-1975eko epean, Nafarroako agintariek saiakerak egin zituzten hizkuntza arloko autonomia lortzen, ezaguna denez arrakastarik gabe. 1975-1979an ziurtasunik gabeko garai batera iristen gara. Baskongadetako beste ikastolek bere lekua aurkitzen duten bitartean, Nafarroakoen kontrako neurriak hartuko dira aipaturiko epean. Eraso horien aurrean, Euskal Herriko proiekzioa eman nahiak sorraraziko du NIE bera. Garai horretan hainbat ikastolak munizipalizatzea lortuko dute. 1979tik aurrera bai ikastola eta baita bere eskutik jaioko zen euskarazko irakaskuntza publikoa sendotzen joan ziren, erakundetzen joan ziren neurrian. Hala ere, Nafarroako ikastolak bere erakundetze prozesua erabat burutu ez dutela sartu dira XXI. mende berrian.

II.- GAUR EGUNGO EGOERA

1.- Nor gara

Ekonomia eta estrategia arloko arrazionalizatze mugimendu batzuen ondotik, hona hemen zeintzuk diren gaur egun Nafarroako Ikastolen Elkarteko bazkideak:

  • ANDRA MARI IKASTOLA (1970) ETXARRI ARANATZ
  • ARANGOITI IKASTOLA (1980) IRUNBERRI
  • ARGIA IKASTOLA (1984) FONTELLAS-TUTERA
  • BAZTAN IKASTOLA (1970) ELIZONDO
  • ERENTZUN IKASTOLA (1985) BIANA
  • IBAIALDE IKASTOLA (1985) LODOSA
  • IÑIGO ARITZA IKASTOLA (1971) ALTSASU
  • JASO IKASTOLA (1980) IRUÑEA
  • LABIAGA IKASTOLA (1974) BERA
  • LIZARRA IKASTOLA (1970) LIZARRA
  • PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA (1970) ATARRABIA
  • SAN FERMIN IKASTOLA (1970) ZIZUR TXIKIA
  • GARCES DE LOS FAYOS IKASTOLA (1970) TAFALLA
  • RINCÓN DEL CARMEN IKASTOLA (1976) ZANGOZA
  • TANTIRUMAIRU IKASTOLA (1974) LESAKA

Ikastola horietako gehienak kooperatibak dira eta, aldi berean, bigarren graduko kooperatiba eratzen dute, hots, NIE.

Hilean behin biltzen da bere zuzendaritza kontseilua eta bere batzarra. Ikastolei loturiko gaiak eztabaidatzen ditu Xabier Azanza Arbizuren presidentziapean eta Pello Mariñelarenaren zuzendaritzapean.

Maiztasun berarekin, ikastetxeetako zuzendariak Irene Lopez-Goñi arduradun pedagogikoarekin biltzen dira hezkuntza gaiak aztertzeko.

Aldi berean, NIE partaide da Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan (EHIK). Interes ekonomikoa duen europar elkartea da, Euskal Herriko bost federazioek osatutakoa. Ikastolen eragilea da.

2.- Gure izaeraren xedea


Estatutuen arabera, era elkartuan ikastolaren eredua bultzatzea, bai eta euskara eta euskal kultura ere, hala hezkuntzan nola gure ingurunean….

3.- Administrazio egoera

Historiak erakutsi digu ez direla sekula eskutik helduta joan ikastolen mugimendua eta boterea, ez behintzat norabide berean. Etengabeko desadostasun horren emaitza hauxe da: oraindik ere, XXI. mende honetan, bost ikastola ez daude lege barrenean, ezta guztien artean dituzten 600 ikasle inguru horiek ere. Hitz batez, “alegalak” dira.

Horietako lau daude legeak eremu ez-euskalduna esaten dion lurraldean. Guk, aldiz, premiaz berreuskaldundu beharreko eskualdea deitzen diogu.

Administrazio guztiek esan dute indarrean dagoen legeak eskualde horretako ikastetxeen legeztapena eragozten duela. Bitartean, administrazioak dirulaguntzak ematen dizkie eta Zangozako nahiz Tafallako ikastolak legeztatu ditu, bi horiek eremu birtual horretan egonik ere. Berako Labiaga ikastolari doakionez, hasieratik beretik legeztatzearen zain dago DBHko ziklo osoa. Horrek 400 milioi pezeta inguruko galera sortu du eta dirutza hori gurasoek berek jarri behar izan dute, bai eta Euskal Herriko gainerako ikastolek ere.

Hor aitzakia da ez duela kirol instalaziorik eta, hara, udalak erabakita, herriko udal instalazioak erabiltzen ditu herrian dauden gainerako ikastetxeek bezalaxe.

III. IKASTOLETAKO PRESTAKUNTZA PEDAGOGIKOA

Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunak garen aldetik, eskatu zaigun iruzkin labur honen bidez, pausoak ematen saiatuko gara gure herrialdeko euskarazko hezkuntzaren kalitatearentzat erabateko garrantzia duen proiektua gizartean zabaltzeko: ikastoletako hezkuntza komunitatearen prestakuntza, horixe baita abian jarri dugun azkenetako proiektua. Horretarako, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta partaide garen Konfederazioa gauzatzen ari diren prestakuntza ildo nagusiak azalduko ditugu. Baina bere osoan uler dadin, zilegi bekigu hezkuntza munduan oro har eta ikastoletan bereziki gertatzen ari den paradigma aldaketa aztertzea.

Hezkuntza albiste da egunotan eta, zehatzago, Alderdi Sozialistak LOE legearen bidez aurrera eraman nahi duen hezkuntza erreforma. Polemikak, eztabaidak, eta alderdi politikoen arteko enfrentamenduak agerian uzten dute hezkuntzak gizartean eta politikan duen garrantzi handia. Irakasleak hezkuntzako aldaketen eragile nagusiak izanik (baina ez bakarrak), deigarri gertatzen da ikustea zeinen leku txikia utzi zaion Legean kontu horri eta zeinen gutxi hartu den kontuan irakasleen iritzia legea egiterakoan. Nafarroan, gu, ikastolok, bi aldiz baizik ez gaituzte gonbidatu kontu hori eztabaidatzera eta bietan Eskola Kontseilua izan da gonbidatzailea.

Konstituzioa indarrean sartu zenetik hona gauzatu den munta handieneko hezkuntza erreforma 1990ean egin zen zalantzarik gabe, LOGSE legearen eskutik, eta alderdi berberak egin zuen. Lege hori benetako iraultza izan zen irakasleentzat, zalantzan jarri baitzuen goitik behera irakaslearen rola informazioen igorle huts gisa, ezagutzaren zabaltzaile huts bezala; azken finean, instruktore soil bezala. Ikaslearengan jarri zen azpimarra, ikaskuntza gertatzen den moduan eta, ondorioz, ikaskuntza horrek eskatzen duen irakaskuntza motan. Irakasle izateko ez da nahikoa irakasgai bati edo batzuei buruzko informazioa biltzea (metatzea), informazio hori aberatsa, sakona, eta bariatua izanik ere. Ez da gauza bera matematikaria edo matematika irakaslea izatea. Historialari on batzuk historia irakasle txar-txarrak izan ziren. Irakasleen prestakuntzak aldaketa handia izan du bere prestakuntza jarraituari dagokionez.

Irakasle gehienek izan duten maisutza tradizioaren arabera, beren prestakuntzaren ardatza osatu duten edukiak irakasgai zientifikoei, humanistikoei, edo teknologikoei lotuak egon dira. Aldiz, tradizio horretan oso murritza izan da psikopedagogiari eta praktikari utzi zaien tartea. Denboraldi labur samarrean, irakasleari halako gaitasun batzuk garatzea eskatzen ari zaio, baina ez zaio inolako prestakuntzarik eman gaitasun horiek garatzeko. Prestakuntza horrek curriculumaren eskakizun berriak hartu behar lituzke kontuan, irakaslearentzako rol berriak taxutu dituen eskola batean, dinamikoagoa eta konpromiso handiagokoa, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak gidatzen dituen profesionala den aldetik.

Azken hamarkadetan zabaldu diren ereduek bazter utzi dute prestakuntzaren eredu tradizionala. Horren arabera, adituak gai jakingarriei buruzko mintzaldiak ematen dizkio edo ikastaro bat ematen dio irakasle talde bati. Irakasleek txundituta entzuten dituzte adituaren azalpenak, baina informazioa, bistan denez, norabide bakarrekoa da.

Horrela, ikaslearengana bideratutako pedagogiek –hermeneutikak, fenomenologiak, eta pedagogia kritikoak- beren aztarna utzi dute irakaslearen prestakuntza jarraituaren egungo orientabideetan. Modu nabarmenean finkatu dira, eta esparru zabalagoa eta positiboagoa eratu dute irakaslearen garapen profesionalerako. Ikerketek erakutsi digute ez direla abiarazten irakasleek praktikan jartzen, eztabaidatzen, egokitzen, eta hobetzen ez dituzten esperientziak. Prestakuntza esperientzia horiek eskatzen duten lan motak (informazioa, kontrastea, praktikan jartzea, emaitzen eztabaida eta ezarpena ikastolan) zerikusi handiagoa du lan “mintegiarekin”, egiten diren bezalako “ikastaroekin” baino. Horregatik, prestakuntza honetan ikastetxeko irakasleen edo irakasle multzo baten talde lanari ematen zaio lehentasuna eta ez banako prestakuntza espezializatu-espezializatuari. Halaber, informazio bilera batzuk proposatzen dira adituarekin, eta baita praktikak kontrastatzeko bilerak ere, gero emaitzak aztertzeko.

Irakasleen prestakuntzari heltzen zaion ikuspegiaz gain, garrantzitsua da ikaskuntzaren esperientzien edukia ere. Gaur egun, “ikasten ikasi”, “ekiten ikasi”, “ikaskuntza bizitza osoan zehar” bezalako esperientziek rol erabakigarria bete dute irakaslearen lan eta gizarte rola berriro definitzeko eta horri balio handiagoa emateko. Ez dezagun ahaztu informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapen bizia eta etengabea, ezta gai horretan irakaslearentzako dagoen eskakizuna ere. Alde batetik, pedagogian eta horri lotutako jakintza adarretan (medikuntzan, psikologian, eta soziologian bereziki) egindako ikerketa zientifikoak ezagutzan eragin dituen aurrerapenak ekarpen nabarmenak ahalbideratu ditu prestakuntza jarraituko planen edukia berritzeko.

Prestakuntzako paradigma berriak, gainera, ondorioak ekarri ditu prestakuntzaren xede den “subjektua” zehazterakoan. Horrela, prestakuntza planen erakunde arduradunek dibertsifikatu egin dute prestakuntzaren hartzailea eta, orain, ez da bakarrik irakaslea, baizik eta komunitate horretako beste edozein eragile (gurasoak, eskolaz kanpoko ekintzen arduraduna, zerbitzuetako langileak –jantokia, autobusak, begiraleak eta laguntzaileak-) izan daiteke eta izan behar du prestakuntzaren subjektua.

Izan ere, kontua ez da soilik pentsatzea ikasgela barnean ematen diren eduki akademikoen indar instruktiboan, baizik eta ikastetxean lan egiten dugun guztiok -hezkuntza eragile garen aldetik eta elkarrizketaren bidez- daukagun hezkuntza ahalmenean (ez soilik ezagutzak transmititzea). Horregatik indartzen da hezkuntza komunitatearen ideia, ikaskuntza komunitatearen ideia, alegia. Beraz, baloratu egiten da prestakuntzaren zentzu komunitarioa elkarrizketa bidezko prozesuetan oinarriturik.

Horrexegatik, Nafarroako Ikastolen Elkartean irakasleak prestatzeko lantzen ari garen proiektuetan aipatutako ereduari ematen zaio lehentasuna.

Gainera, hezkuntzako proiektu on oro pixkana-pixkana ezarri behar da, eta doituz joateko jarraipena ere egin behar zaio, eta hori nekez gertatzen da ikasturte bakarrean. Horregatik, eskaintzen diren ikastaro edo mintegi mota guztiak oso bakanetan bukatzen dira urte bakar batean.

Gainera, NIEn eskaintzen dugun prestakuntza hezkuntza prozesu nabarienen bihotzera doa zuzenean eta, horrexegatik, Ikastolaren Curriculum Proiektua (eskola-sare osoa egituratzen duen antolaketa eragile orokorra) prestakuntzako helburu nagusia izan da duela urte batzuetatik hona. Horren barnean, beste gai batzuek ere hartu dute ikastolako profesionalen harrera (prestakuntzako subjektuak diren aldetik) eta, esaterako, informazioa biltzeko eta antolatzeko prozesuak, sormenak, zuzendaritzarako lanabesak eta abar prestakuntza jarraituaren xede ere izaten ari dira, beti ere Curriculumaren Proiektuarekin bat. Hezkuntza globalaren eskakizun berriek eraginda, duela urte batzuetatik hona badago ikastoletan eleaniztasuna garatzeko proiektu bat. Horrexek, komunikaziorako hizkuntza nagusi bezala euskara duten ikastetxeak diren aldetik, prestakuntza jarraitu bat sustatzen lagundu du ikastola bakoitzeko hizkuntzen proiektuarekin lotutako aspektuetan. Aurten, gainera, aipatutako kontuez gain, irakurtzearen inguruko proiektu berria ere ireki dugu, bai eta “irakurle on” orok izan behar dituen oinarrizko gaitasunei buruzkoa ere. Azken helburua gure ikastola guztietan Irakurtze Plan eraginkorrak egitea da.

NIEk lan talde egonkorrak ditu, nola halako maiztasunez biltzen direnak duela bost urtetik gora. Hona hemen: zuzendarien mintegia (ZUBI), orientatzaileena (OMI), kirol eta gorputz heziketako arduradunena (KIBI), informatika dinamizatzaileena (DIMI), hala nola mailetako irakasleen eta/edo irakasgai zehatzen mintegia. Azken horiek curriculum materiak eta ikasliburuak aldatzen direnean biltzen dira, eta prestakuntza bileretan ikasliburu horietako egileek berek parte hartzen dute.

Ikastolen Konfederazioko prestatzaileen taldean prestakuntza ildo hori lantzen ari dira duela urte batzuetatik hona. Alde horretatik, prestakuntzarako esparru bateratu bat mamitzen dihardute, ikastoletan egiten ditugun prestakuntza ekintza guztiei koherentzia emateko. Ahalegin horri esker, munta handiko ekintzak iritsi zaizkigu, 2004/05 ikasturtean garatutakoa bezalakoak, gure irakasleak Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia berrietan teknikoki eguneratu zitezen edo gurasoentzako prestakuntza eskaintza berria.

Bukatzeko, pozik esan diezaioket Nafarroako hezkuntza komunitateari ikastolek inplikazio maila handia dutela irakasleak prestatzeko ekintzetan eta, hezkuntza kontuetako arduradun orok dakien bezala, ongi prestatua dagoen irakaslea egiazko bermea da hezkuntzaren kalitaterako.

IV .- ETORKIZUNARI BURUZKO ERRONKAK

A) EGONKORTASUNA

Nafarroako ikastolen helburu nagusia bost ikastola alegalak legeztatzea eta haien bideragarritasun ekonomikoa lortzea da. Une honetan, itxaropenak handiak dira eta badago aukera aurreko hori 2006-2007 ikasturterako lortzeko.

Iruñerriko ikastoletan gora doa matrikulazio kopurua. Horrek hainbat aukera ireki ditu eta proiektu berri baten bideragarritasunari buruzko azterlana egin da. Elortzibar-Noain aldeko guraso talde bat zenbait aukera aztertzen ari dira. Esan liteke, urte askoan lan eta inbertsio handiak egin ondoren (42 milioi euro azken urteotan), Nafarroako ikastolen sarea finkatua dagoela.

Dena dela, gurea mugimendu dinamikoa da eta ikastolak hobetzeko eta handitzeko lanak aurreikusita daude hainbat ikastolatan: Bianan, Etxarri Aranatzen, eta Iruñeko Jason.

B) HEZKUNTZA

Nafarroako ikastolok hezkuntzan ditugun erronka batzuk beste edozein hezkuntza saretan edo eskolatan ere erronka dira, oro har. Beste erronka batzuk, ordea, geureak dira eta geure hezkuntza ereduarekin dute zerikusia.

Lehenbizikoei dagokienez, egungo eskola ereduak -“lantegi, asilo, eta espetxe konbinazio arraroa”, Hargreaves-en hitzetan (1994)- gainditu behar ditu mugatzen duten eta aurrera jotzea eragozten dioten egitura estuak. Etorkizunari begira, ikaskuntza zerbitzuen zentro komunitarioa bezala ikusten da eskola, gaur egun dugun ereduaren jarraitasun hobetua baino. Halaxe diote, behintzat, pedagogian aditu direnek.

Baina oinarrizko helburu komunitarioei erantzuteaz gain, eskola komunitario hori moldatu ere egin beharko da bere osatzaileen banakotasunetara. Bere hezkuntza proposamenak “kartan” eskaintzearekin batera, hezkuntza komunitate hori osatzen dutenen potentzialtasunak ahalik eta gehien garatzeko aukera eman beharko du.

Bigarrenei dagokienez, hainbat erronka garrantzitsuak dira guretzat. Alde batetik, gure auzolanak bere egokitasuna eta eragingarritasuna erakutsi du. Beraz, lan taldeetan aritzeko gaitasunak eta jomuga partekatuko ikaskuntzen lorpenek gure egiteko moduaren ezaugarria izaten jarraitu behar dute. Ondare sozial horrek aukera eman digu iritsi garen tokiraino iristeko eta, aldi berean, aurrera jotzea ere ahalbideratuko digu dagokigun tokia eginez. Ondare sozial horri ondare intelektuala eta emozionala erantsi behar dizkiogu, politikan eta gizartean aldatzen ari den Europa honetan lorpenak biderkatu ahal izateko eta gure burua indartsu sentitu ahal izateko. Sinergia hori epe laburrean aplikatu beharko dugu proiektu oso zehatzetan; esaterako: euskal curriculuma finkatzea, kulturaniztasuna arrakastaz txertatzea, gure hizkuntza eta hizkuntza-gaitasunak esparru eleanitzean garatzea, eskolan ere Europako konbergentziara moldatzen jakitea eta, azkenik, teknologia berrien potentzialtasunak hezkuntzan ahalik eta gehien garatzea.

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Irene Lopez-Goñi, Pello Mariñelarena
Urtea: 
2006