NAFARROAKO EUSKAL IRAKASKUNTZA PUBLIKOA AURRERA

Ikasturte honen hasieran euskal irakaskuntzaren arazoak berriro ere agerian izan ditugu herrialde guztietan eta bereziki Nafarroan. Nafar Gobernuak UPN-PPren eskutik daraman hezkuntza politika bi ardatzetan eratzen da: batetik eremu pribatuarekiko babesa eta bultzada, eta bestetik euskarazko irakaskuntzaren kontrako erasoaldia. Bi ardatz horiek kontraesanean sartzen direnean bigarrena lehenesten du, zenbait adibidetan frogatu den bezala.

Ingelesaren ezarpenarekin, beren estrategiari jarraituz, euskara irakaskuntzan baztertu eta baldintzatu nahi izan zuten, ingelesa helburu eta baldintza egokietan euskarazko irakaskuntzan integratu beharrean. UPNk, ituna sinatu zutenen babesarekin, publikoan inbertitutako 30 mila eurorekin batera, pribatuan 150 mila euroko inbertsioa bideratzea lortu zuen. Ondorioz, A eredua jaitsi eta I eredua sortu zen: Cardenal Ilundain, Hello Rotxapea.

Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko elkartea den heinean, Euskal Irakaskuntza Publikoaren aldeko ekimena bultzatzen ari da. D ereduko ikastetxeetan ditugun kezkak jaso, arazo horien konponbidearen inguruan herri dinamikak sortu eta guztiak bilduz, nazio mugimendu bateratua osatzeko Hezkuntza Sailaren aurrean eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Ikasturte hasieran Patxi Larraintzar eta Ezkabako hezkuntza komunitatearen eta batez ere gurasoen borroka eredugarria izan da. Hala ere, ez da aski izan Nafar Gobernuak euskal eskolarekiko duen jarrera gogorra aldarazteko. Horregatik borrokan jarraitu beharra dago, baina ezin dugu utzi batzuengan bakarrik D eredu osoan dugun arazoa.

Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berezkoak dira eta, ondorioz, hiritar guztiek dute ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea Vascuencearen Legea (1986), 2. artikulua.

Lege horrek berak, hala ere, hiru eskualde zehaztu zituen hizkuntzaren inguruko arau desberdinak ezartzeko:

• Eskualde euskaldunean, Nafarroako mendialdean euskara ofíziala da. Hiru ereduak eskaintzen dira eta D eredua da nagusi. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Sailak noiznahi sortzen dituen arazoei aurre egiten ibili behar izaten dira (gaur egun, adibidez, Leitzako Institutuan atezain eta sukaldari erdaldunak jarri ditu).
• Eskualde mistoan Iruñerriaren zati bat, Pirinioetako bailarak, eta Lizarraldeko zati bat sartzen dira. Egoera honela laburbil daiteke: B eta D eredua eskatzen dutenentzat dira (teorian hori; galdetu, bestela, Patxi Larraintzarrekoei, Ezkabakoei edota Orkoiengoei); A eredua nahi dutenentzat, eta G eredua (gaztelaniaz bakarrik) baimendua dago. Argazkia aurkezte hutsarekin frogatuta gelditzen da Nafarroako berezko eta jatorrizko hizkuntza den euskara ezagutzeko aukera ez zaiela eskualde honetako nafar guztiei bermatzen eta askorentzat erabat ezabatuta dagoela eskubide hori.
• Eskualde ez-euskaldunean Lizarraldekoa da beste zatia, eta Oliteko, Tuterako, eta Zangotzako merindadeak biltzen dira. Legearen interpretazio zabala eginez, Nafar Gobernuak euskarazko lerroak zabal ditzake, baina eskualde honetako gurasoek sare publikoan D eredua irekitzeko egin dituzten eskari guztiei ezetza eman die eta ikastolei etengabeko oztopoak jarri dizkie.

EGUNGO EGOERAREN AZTERKETA

Ikasturte honen hasieran euskal irakaskuntzaren arazoak berriro ere agerian izan ditugu herrialde guztietan eta bereziki Nafarroan. Nafar Gobernuak UPN-PPren eskutik daraman hezkuntza politika bi ardatzetan eratzen da: batetik eremu pribatuarekiko babesa eta bultzada, eta bestetik euskarazko irakaskuntzaren kontrako erasoaldia. Bi ardatz horiek kontraesanean sartzen direnean bigarrena lehenesten du, zenbait adibidetan frogatu den bezala. Esaterako, ikastola “alegalak” juridikoki pribatuak badira ere, ekonomikoki ito nahi ditu: Zangotza, Lodosa, Irunberri, Tutera.... Publikoan Antsoainen edo Arrotxapean gertatzen dena aipa dezakegu: 400 ikaslerentzako den Ezkaba ikastetxean 800 ikasle baino gehiago sartzen dituzte; Arrotxapea auzoko Patxi Larraintzar Ikastetxe Publikoa 18 ikastaldeko eraikuntza izanik, egun 31 ikastalde daude. Bitartean Cardenal Ilundain auzoko beste ikastetxe publikoan I eredu ilegala ezarri dute 27 ikastaldetarako eta 20 baino ez ditu hartzen.

UPN-PPren politika propioa dela pentsa liteke, ideologia atzerakoia komuna izanik, pribatu katoliko kontserbadoreei laguntzearen aldekoa. Baina PSN alderdiak aktiboki edo pasiboki egin du politika berbera urteetan zehar, bera izan baitzen pribatuari kontzertuen bidez finantziazioa handitzen hasi zena. Ondoren UPN-PPk, errekonbertsioa bultzatuz, inbertsioa eta finantziazioa handitu zuen eta gaur egun publikoarekin alderatuz egoera ezin hobean daude. Hala ere, orain artekoa nahikoa ez balitz, prozesuak jarraitu egiten du irakasleen homologazioarekin, inbertsio berriekin eta abarrekin (kiroldegiak...), diru publikoa barra-barra horretarako erabiliz. Estrategia horren ondorioz, eskola publikoa ghetto bihurtu nahi izan dute, ijitoen ghettoa, etorkinen ghettoa eta batez ere euskaltzaleen ghettoa.

Inbertsio faltak sortzen dituen arazoengatik, jendarteak euskarari bizkarra emango ziola uste bazuten, ez dute lortu. Nafarrek, euskal herritar orok bezala, oztopo guztien gainetik, beren seme-alabentzat euskal irakaskuntza aukeratzen dute urtez urte.

Euskararen inguruarekiko erasoa orokorra izan da: Administraziorako Euskararen Erabilpenaren Dekretua, Iruñeko Udalaren Ordenantzak, komunikabideen baimenak... Irakaskuntzarako beste Dekretu bat behar zuten, baina ezin izan zuten aurrera atera, egin zen presioarengatik. Ingelesaren irakaskuntza euskararen prestigio soziala ahultzeko trikimailu moduan erabili nahi izan zuten Hizkuntza Ereduen Dekretu Zirriborroan, baina huts egin zuten hezkuntza komunitateak egindako presioari esker. Ingelesaren ezarpenarekin, beren estrategiari jarraituz, euskara irakaskuntzan baztertu eta baldintzatu nahi izan zuten, ingelesa helburu eta baldintza egokietan euskarazko irakaskuntzan integratu beharrean. UPNk, ituna sinatu zutenen babesarekin, publikoan inbertitutako 30 mila eurorekin batera, pribatuan 150 mila euroko inbertsioa bideratzea lortu zuen. Ondorioz, A eredua jaitsi eta I eredua sortu zen: Cardenal Ilundain, Hello Rotxapea.

Ildo estrategiko honek irakaskuntza publikoan ezezik baditu ondorioak ikastoletan ere, denontzat baitira eskola-liburu arrotzak erabiltzeko Dekretuak, Humanitateen Dekretuak, eta orokorrean LOCEk ekarri dituenak.

Derrigorrezko Hezkuntzaz gain, ildo bera ezartzen da hezkuntzaren beste maila guztietan ere. Izan ere, 0-3 zikloa ez dago arautua eta eskaintza publiko murritza bada, euskaraz ez dago ezer. Iruñeako Udalak martxan jarri dituen azken haur eskolak gaztelaniaz edo ingelesez ari dira lanean, euskaraz dagoen eskari zabalari muzin eginez. Lanbide Heziketa eta NUPeko euskararen bilakaera ere estrategia honen isla nabarmena da.

Bestalde, aipatu behar da kalitatearen inguruan sortu den kultura neoliberalean balore aurrerakoiak ahaztu egiten direla ere: elkartasuna, berdintasuna… Zer esanik ez ikastetxeetan behar-beharrezkoa dugun Hezkuntza Proiektua garatzeko baldintzez ari garenean. (Autonomia)

  • IHPak (Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak) definitzeko aholkularitza zerbitzurik eza.
  • Aholkulariak formatzeko goi irakaskuntzaren falta. Unibertsitateak ez du beharra asetzen.
  • Hezkuntza Proiektua garatzeko baliabide mota guztien eskasia nabarmena: ekonomikoa, formazio aldetikoa, eta langile baliabideen ingurukoa.
  • Murgiltze ereduari laguntza eskasa baino ez zaio ematen. Euskal Eskola Publikoetan bikoizketak luxu bilakatu dira. Giza baliabideen beharra handia da.
  • Laguntza didaktikoa eta formazio pedagogikoa ez da egokia Hizkuntza Proiektua garatzeko Hezkuntza Proiektuaren ardatz dugun D ereduko ikastetxeetan.

Indar politikoei dagokienez, ikuspegiak ezkorra badirudi ere, gizartean islatzen den egoera ez da horrelakoa. Horren seinale dira Antsoainen eta Rotxapean eramaten ari diren borroka, inorena ahaztu gabe.

ESKOLA PUBLIKO ETA EUSKALDUNAREN ALDEKO EKIMENA

Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko elkartea den heinean, Euskal Irakaskuntza Publikoaren aldeko ekimena bultzatzen ari da. D ereduko ikastetxeetan ditugun kezkak jaso, arazo horien konponbidearen inguruan herri dinamikak sortu eta guztiak bilduz, nazio mugimendu bateratua osatzeko Hezkuntza Sailaren aurrean eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Proposamen irekia da, alderdi, sindikatu, eta hezkuntza arloko elkarteen elkarlanari zabalik eta bi ardatz hauetan oinarriturik:

1. Eskola publikoak pairatzen duen utzikeria.
2. Euskal irakaskuntzari egiten zaion eraso etengabea.

Ikasturte hasieran Patxi Larraintzar eta Ezkabako hezkuntza komunitatearen eta batez ere gurasoen borroka eredugarria izan da. Hala ere, ez da aski izan Nafar Gobernuak euskal eskolarekiko duen jarrera gogorra aldarazteko. Horregatik borrokan jarraitu beharra dago, baina ezin dugu utzi batzuengan bakarrik D eredu osoan dugun arazoa.

IRUÑERRIAN DAGOEN EGOERA

• Errotxapean eskola berria orain!: Iaz Errotxapean soberan zeuden eskaerak auzoetako ikastetxeetara bideratu ziren, baina Patxi Larraintzarreko masifikazioa konpondu ez ezik, beste ikastetxeetara ere zabaldu zen masifikazio arazoa. Une honetan, Patxi Larraintzarreko maila txikiko ikasleak lau lerrotan banatuta daude, eta, espazio falta dela eta, zenbait ikastalde behin-behineko barrakoietan sartu behar izan dira.
D ereduaren eskaera honen aurrean, Hezkuntza Sailak Errotxapean zegoen beste ikastetxea egokitu eta I eredua ezarri zuen (Iruñerria osoari eskainiz)

• Antsoainen eskola berria orain! eta Ezkaba ikastetxea eraberritzea eskatzen dugu. Egun, Ezkaba ikastetxeak, 400 ikaslerentzat izanik, 800 baino gehiago hartzen ditu. Ikastetxe berriaren zain urteetan gaude, eta, gainera, Ezkaba ikastetxea bera zaharkituta dago.

• D eredua Orkoiengo San Migel ikastetxean. Sanduzelai bi lerroko ikastetxea izan arren, ikasturte honetan 3. lerroa ireki behar izan dute. Bitartean, Orkoien eta Oltza Zendeako gurasoak (Udaletxe eta ikastetxearen oniritziarekin batera) D ereduko lerroa irekitzearen alde ari dira, baina urtero Sanduzelaiko ikastetxera joan behar izan dute.

• Bustintxurin ikastetxea behar da! Bustintxuriko auzo berrian etxebizitzaz bete da eta oraindik ez dago eskolaren berririk.

• Berriozarren eskola berria orain! Eta elkarbizitza hobetzeko neurri eraginkorrak. Berriozarren biztanleriaren igoera nabarmena izan da azken hamar urteetan. Hala eta guztiz ere, betiko ikastetxean sartzen dituzte ikasleak, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, ikasle etorkin kopuru handia, eredu linguistiko guztiak…beste arazo askoren artean, elkarbizitza arazoak ere sortuz.

• Zizur Nagusian Erreniega Ikastetxearen zabaltze lanak orain! Zizur Nagusian A eta G ereduko ikastetxe bat eta D ereduko beste bat dago. Biztanleriaren igoera dela eta, hirugarren ikastetxea eraiki behar omen dute (zein eredutan?). Aldi berean, D ereduko eskaerari erantzuteko, Erreniega ikastetxean 3. lerroa ireki behar izan zen. Horrek espazio falta nabaria ekarri du, eta gainera berehala 4. lerroa ireki beharra aurreikusten da. Horregatik, Erreniega ikastetxea handitzeko premia agerian gelditzen da.

• Mendillorrin Institutua orain! Mendillorrin LHko ikastetxeak bete-beterik daude eta urtez urte D ereduko matrikulazioa gora doa. Hala eta guztiz ere, Bigarren Hezkuntzarako Instituturik gabe jarraitzen dute eta hemengo ikasleek Iruñeako beste auzoetan ikasi behar dute. Aldi berean, masifikazioa nabaritzen ari da BHko ikastetxeetan, Eunaten, Biurdanan, Iturraman, eta datozen urteetan arazoa larriagotu egingo da.

• Euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroa osoan. Ezin ditugu ahaztu D eredua aukeratzeko legeak berak jartzen dituen oztopoak Nafarroako zonalde handi batean eta horren barruan Iruñerriko hegoaldean (Noain, Mutiloa, Taxoare, Aranguren).

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Kalen Astiz
Urtea: 
2006