TOKIKO TELEBISTA NAFARROAN ETA TTIPI-TTAPAREN ESPERIENT

Gerora, ordea, Tokiko Telebista Digitalaren Plan Teknikoa onartu denean, Nafarroan ez dugu aukerarik izanen erabat euskaraz arituko den tokiko telebistarik izateko, ez bederen legez onartutako kontzesio bidez. Izan ere, prozedura honek momentuz telebista lokala izateko aukerarik gabe utzi ditu Nafarroako 225 udalerri, eta multzo horretan daude "eremu euskalduna" deituriko udalerri guzti-guztiak. Bakarrik 47 udalerri (%17) baliatu ahal izanen dira tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoaz.

Tokiko telebistez ari garelarik, ez da nahikoa alor teknikoak arautzearekin. Horretaz gain, bertze errealitate juridiko nola linguistikoak ere hartu behar dira kontuan ezinbertzean, bertzela, hartutako nazioarteko betebeharrak ez dira beteko, gutxiengoen eskubideak urratuko dira, eta barne eraentza edo ordenamendu juridikoa ez da aintzat hartuko.

Beharrezkotzat ikusten dugu Ministerioak Nafarroarako eskualde gehiago onartzea (eta tokiko telebista digitalaren zerbitzua herri gehiagotara zabaltzea), bertzeak bertze Plan Tekniko Nazionalak orain dagoen horretan ez dituelako betetzen ez hizkuntzen arloan dagoen barne eraentza juridikoa eta ezta Nafarroaren luze-zabalean dauden udalerrien premiak ere. Eta horrekin batera, Nafarroako Gobernuak dimentsio lokalera egokitu beharko luke tokiko telebista esleipenerako prestatu dituen baldintza pleguak.

Ikusteko dago zer eginen duen Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluak bi telebista hauekin, Espainian 2008tik aurrera emitituko duten tokiko telebista guztiek, legeak aurreikusitakoaren arabera, kontzesio baten jabe direla-eta era digitalean emititu beharko baitute. Gure kasuan, emititzen segitu ahal izateko kontzesioa eskuratzerik ez dugunez, Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluaren esku egonen da, hala erabakiko balu, bi telebista hauen itxiera agintzea.

Tokiko telebista digitala jartzeko Nafarroan abiatua den prozedurarekin, Nafarroako udalerrien %83a tokiko telebistarik gabe gelditu da, eta horien artean, eremu euskalduna deituriko udalerri guzti-guztiak.

Horixe da Nafarroak erakusten duen argazkia tokiko telebista digitalari dagokionez. Ez zuen hori ematen orain dela hiru urte. 2003an Nafarroako Gobernuak egin zuen planteamenduan, Nafarroa osorako zazpi eskualde aurreikusi zituen eta eskualde horien barnean Nafarroako udalerri guztiak zerrendatu zituen. Gerora, ordea, Tokiko Telebista Digitalaren Plan Teknikoa onartu denean, Nafarroan ez dugu aukerarik izanen erabat euskaraz arituko den tokiko telebistarik izateko, ez bederen legez onartutako kontzesio bidez. Izan ere, prozedura honek momentuz telebista lokala izateko aukerarik gabe utzi ditu Nafarroako 225 udalerri, eta multzo horretan daude "eremu euskalduna" deituriko udalerri guzti-guztiak. Bakarrik 47 udalerri (%17) baliatu ahal izanen dira tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoaz.

Demografiaren ikuspegitik, hau da, zerbitzuaren onuradun izanen den populazio-kopuruaren ikuspegitik aztertuz gero, Espainia/Nafarroa konparazioak datu mingarria uzten du begibistan: Espainian zerbitzurik gabe geldituko den populazioa %13 den bitartean, (Andaluzian %8) Nafarroan populazioaren %31 geldituko da tokiko telebista digitaleko zerbitzu publikorik gabe. Doblea baino gehiago.

Bertzalde, gainerako autonomia erkidegoetan ez bezala, eskualde bakoitzeko kontzesio bakarra esleituko da Nafarroan. Hau da, gehienez ere bost tokiko telebista digital izanen dira etorkizunean. Kontuan hartu behar da 2004ko martxoaren 12an Zientzia eta Teknologia Ministerioak Plan Teknikoa onartu zuenean, «Espainian 1.000 emisora baino gehiago izanen direla» adierazi zuela. Ondorioz, autonomia erkidego gehienetan eskualde bakoitzeko lau telebista edo gehiago esleituko dituzte. Nafarroan bat bertzerik ez.

Hau da, udalerrien %83 zerbitzu honetatik baztertua gelditu da eta horien artean sartzen dira eremu euskalduna deituriko udal guztiak. Eta bertzalde, Nafarroako populazioaren %31k ez du bere herrian telebista lokalik izanen.

Hasieran aipatzen nuen moduan, uste dut Nafarroako Gobernuak ongi planteatu zuela 2003an Gobernu zentralari egindako eskaera, baina orain, Plan Tekniko Nazionalaren aplikazioak Nafarroan sortuko dituen ondorioak berebiziko larritasuna sortzen digu.

Euskararen Foru Legeak mugatutako eremu euskalduna tokiko telebistarako zedarripenik gabe uzteko erabakiak 41/1995 Legearen 6. artikuluan jasotako oinarriak urratzen ditu, hau da: Espainiako mintzaira ezberdinen aberastasuna defendatzeko agindu konstituzionala. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan ezarrita baitago Estatuko mintzairak begirune eta babes berezia izanen duten ondasun kulturala direla.

Horretaz gain, Espainiako Estatuak Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestean hartutako konpromiso batzuk, 7. eta 11. artikuluei dagokienak, urratu egiten ditu; bai eta Gutxiengo Nazionalak Babesteko Hitzarmen-Markoaren 4. eta 9. artikuluak ere.

Aurrekoa kontuan hartuta, gure ustez, Estatuak hizkuntza aniztasunean eragina izanen duten alorrak arautzean, ezin du aipaturiko gaian hartu dituen nazioarteko betebeharrak eta Konstituzioak aitortzen duen errealitate eleanitza ez balira bezala jokatu.

Tokiko telebistez ari garelarik, ez da nahikoa alor teknikoak arautzearekin. Horretaz gain, bertze errealitate juridiko nola linguistikoak ere hartu behar dira kontuan ezinbertzean, bertzela, hartutako nazioarteko betebeharrak ez dira beteko, gutxiengoen eskubideak urratuko dira, eta barne eraentza edo ordenamendu juridikoa ez da aintzat hartuko.

Era berean, tokiko telebista digitalaren kontzesioak esleitzeko Nafarroan erabili den baldintza plegua ez zaigu egokia iruditzen telebista lokaletan erabiltzeko. Beharbada egokia izanen da lizentzia autonomikoa eskuratzeko deialdi batean, baina erabat gehiegizkoa iruditzen zaigu telebista lokaletaz ari garenean.

Bakar-bakarrik datu gutxi batzuk aipatzeagatik, erabat gehiegizkoa iruditzen zaigu, adibidez, Zangozako eskualdean, konparazio bat jartzeagatik (9.000 biztanle eskas dituen eskualdean), egunero-egunero gutxienez zortzi orduko programazioa eskatzea gutxieneko baldintza moduan. Inori ez zaio burutik pasatzen herri ttiki bateko osasun kontsultategiari hiriburuko ospital batek dituen zerbitzu maila berbera eskatzea. Horrek ez du zentzurik. Galizian, konparaziora, 32 ordu emititu beharko dute astean. Nafarroan 56.

Horrekin batera, Nafarroan indarrean dagoen baldintza pleguaren arabera, eremu euskalduna deiturikoan eskualderik balitz ere, derrigorrez, gaztelaniaz emititu beharko luke, eta izatekotan, positiboki baloratuko litzaioke programazio eleanitza eskaintzeko konpromisoa. Berriro Galiziako adibidea hartuz, han galegoz emititu beharko dute derrigorrez.

Bukatzeko, Ttipi-Ttapa Fundazioaren aldetik eskertuko genuke arazo honetan zer errana duten alde guztien aldetik ahalik eta borondaterik hoberena jartzea, bai Industria Ministerioaren aldetik eta baita Nafarroako Gobernuaren aldetik ere. Beharrezkotzat ikusten dugu Ministerioak Nafarroarako eskualde gehiago onartzea (eta tokiko telebista digitalaren zerbitzua herri gehiagotara zabaltzea), bertzeak bertze Plan Tekniko Nazionalak orain dagoen horretan ez dituelako betetzen ez hizkuntzen arloan dagoen barne eraentza juridikoa eta ezta Nafarroaren luze-zabalean dauden udalerrien premiak ere. Eta horrekin batera, Nafarroako Gobernuak dimentsio lokalera egokitu beharko luke tokiko telebista esleipenerako prestatu dituen baldintza pleguak. Ez balu horrela eginen, bakarrik komunikazio enpresa handienak diren telebista lokalek izanen dute bizirauteko aukera, eta bertako enpresa ttikiok desagertzera kondenatuak geundeke. Eta ez dezagun ahaztu, enpresa ttiki hauek bere herri eta eskualdeekin duten konpromisoa, normalean, balore segurua izaten dela luzera begira.

TTIPI-TTAPA: KONTZESIOA ESKURATZEKO AUKERATIK BAZTERTUTA, ORAIN ZER?

Ttipi-Ttapa telebista 1997an sortu zen eta gaur egun Bortziriak, Bertizarana, eta Malerreka eskualdeetako hemezortzi udalerritan sintoniza daiteke bere seinalea. Bere eguneroko lanarekin, Ttipi-Ttapa aldizkariak hogeita sei urte lehenago abiatu zuen informazio-lana osatu eta aberasten du Ttipi-Ttapa telebistak. Biak, aldizkaria eta telebista, irabazi asmorik gabeko fundazio batek kudeatzen ditu.

Azkeneko zortzi urteotan eta baldintza aski zailetan, gurea bezalako enpresa ttiki batentzat ez baita lan erraza etengabeko berrikuntza teknologikoetan inbertitzea eta aldi berean, hilero hamar soldata ordaintzeko haina ateratzea, hala ere, Ttipi-Ttapa gauza izan da bere eskualdean sakonki errotutako informazio eta enpresa egitura bat sortzeko eta garatzeko.

Gurea, azken finean, komunikazio talde ttiki bat da, hurbiltasuneko edukietan espeziali¬tatua, eta bere inguruan zuzeneko hamar lan¬postu ez ezik, informazio eta komunikazioen teknologi¬ekin zerikusia duen dinamika berritzailea sortu duena; komunikazio talde handietatik eta euren telebista kateetatik independiente den telebista, herritarren apor¬tazioekin eta berta¬ko udal eta man¬ko¬mu¬nitateen babesarekin sortua, eta plura¬lismoa, eskualde-integrazioa eta herri¬tarrak informazioaren gizartean parte hartze¬ko eskubidea defendatzen duena. Funtsean, berriki indarrean sartu den Tokiko Telebista Digitalaren Legeak desagertzeko bidean jarri duen telebista-eredu horretako partaide da Ttipi-Ttapa telebista.

Izan ere, 2004ko abenduaren 3ko 2268/2004 Errege Dekretua indarrean sartu izanak, biderik gabe utzi die Xaloa eta Ttipi-Ttapa telebistei euren egoera legala erregularizatzeko. Ikusteko dago zer eginen duen Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluak bi telebista hauekin, Espainian 2008tik aurrera emitituko duten tokiko telebista guztiek, legeak aurreikusitakoaren arabera, kontzesio baten jabe direla-eta era digitalean emititu beharko baitute. Gure kasuan, emititzen segitu ahal izateko kontzesioa eskuratzerik ez dugunez, Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluaren esku egonen da, hala erabakiko balu, bi telebista hauen itxiera agintzea. Edo beharbada, gauzak dauden honetan uztea deliberatuko du, kasurik egin gabe emititzen segitzeko kontzesiorik duten edo ez duten.

Horiek horrela, egoera honek bi telebista hauen prekarietatea azaleratzeaz gainera, desabantaila handiak ere ekarriko dizkie. Nagusienak bi hauek izanen lirateke: lizentziarik ez izanez gero, zenbait dirulaguntza eskuratzeko ezintasuna edo zailtasuna alde batetik, eta bestetik, onartutako frekuentziarik ez izatean, erabiltzen direnak momentu batean halabeharrez utzi beharra izatea kontzesioa duen telebista batek justuki frekuentzia hori erabiltzen hasten delako. Azkeneko hau gertatu berri zaio Ttipi-Ttapa telebistari, eta frekuentzia berrietan emititzen hasteak kasik 4.000 euroko inbertsioa egitera behartzeaz aparte, berebiziko kaltea ekarri die ikusentzuleei ere, batez ere pisu etxeetako antena-kolektiboak berregokitzen eta telebistetan frekuentziak sintonizatzen.

ETA EGOERA HONEK KONPONBIDERIK IZANEN DU NOIZBAIT?

Espainiako tokiko telebista digitalaren plan teknikoa biltzen duen 439/2004 Errege Dekretuaren arabera, 2008an kontzesioen prozesua erabat amaitua egonen da eta tokiko telebista guztiak digitalean emitituko dute. Errege Dekretuak aurreikusten duenez, orduan aukera berri bat egonen da Autonomia Erkidegoetan eskualde berriak definitzeko eta Ministerioari jakinarazteko. Kontuan hartu behar da, Nafarroako Parlamentuak 2004ko azaroaren 11ko plenoan aho batez onartu zuela “eskatzea Nafarroako Gobernuari Espainiako Gobernuaren aurrean beharrezko diren gestioak egin ditzala, gutxienez, beste bi demarkazio berri aurreikusteko Baztan, Bortziriak, Malerrekarako batetik eta Sakana, Larraun, Leitza, eta abarrerako bestetik, modu horretara, demarkazio berri horiek ase ditzaten dauden eskaerak eta beharrak”. Paperaren gainean, badirudi bigarren aukera bat irekiko dela orduan. Ikusiko dugu. Bitartean, lanean segitzea da gelditzen zaiguna.

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Jose Manuel Irigoien
Urtea: 
2006