HITZAURRE GISA 63 ZKIA.

Eskolak euskararen normalkuntzan duen garrantzia ezin ukatu badaiteke ere, maiz aipatzen dira eskolak esparru horretan dituen mugak. Horren ondorio eta lekuko dugu, esaterako, behin eta berriz aipatzen den euskararen ezagutza eta erabileraren arteko etena. Alegia, euskarazko eskolatzeak ez du bermatzen euskararen erabilera eskolatik kanpo (ez behintzat, nahi adinakoa).

Eten hori ez da gaurkoa, ordea, eta eskolek nahiz gainerako eragileek aspaldi sumatu zuten eskolatik kanpo erabilera-gune euskaldunak sortzeko beharra, eta gune horiek sortzeko asmoz, hainbat ekimen jarri izan dira abian: Hezkuntza munduko Euskaraz Bizi eta Ulibarri egitasmoak, Euskara Elkarteen nahiz Erakunde Ofizialen aisialdirako eta bestelako ekintzetarako eskaintzak ...

Eskola orduz kanpoko esparrua zabala bezain konplexua dela kontuan izanik, ale honetan eremu horren ikuspegi orokorra eskaintzeaz gain, bertan gauzatzen ari diren egitasmo nagusiak biltzen saiatu gara. Horrekin batera, eskola orduz kanpoko ekintzetan aritzen diren hezitzaileen ezaugarri eta formakuntza beharrei ere lekua egin diegu. Hezitzaile horiek euskararen erabileraren sustatzaile gisa duten zeregina garrantzi handikoa da, gazteen hizkuntza jarrerak, ohiturak, gaitasuna ... anitzak direlako, eta, horiek guztiek hizkuntzaren erabileran duten eragina gogoan izanik, aniztasun hori modu egokian kudeatzea ezinbestekoa da euskararen erabileran aurrerapausuak eman nahi baditugu.

BAT aldizkaria: 
63. 2007ko ekaina. Eskolaren erabilera eskola-orduz kanpo
Egilea(k): 
Inma Muñoa
Urtea: 
2007