Soziolinguistika Klusterrak VIII. Batzar Orokorra egin du

 


Bixente Zaraguetak, Aquariumeko presidenteak ongi etorria eman ondoren, Soziolinguistika Klusterrak, ekainaren 14an Donostiako Aquariumean egin du bere VIII. Batzar Orokorra. Batzar horretan parte hartu dute erakunde hauek: Emun Kooperatiba, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Artez Euskara Zerbitzua, Elhuyar Aholkularitza, AEK, Gipuzkoako Urtxintxa, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta Aztiker.
Estiñe Astorkia

 

Estatutuek Batzar Orokorrerako arautzen dituzten ohiko atal formalak aztertzeaz gain (aurreko urteko balorazioa, urteko plana eta aurrekontua, zuzendaritzaren osaketa…) Elkartearen estatutu berriak onartu eta Euskaltzaindia ohorezko bazkide izendatu da.

Batzar Orokorrean 2012-2015 Plan Estrategikoa aurkeztu da. Plan Estrategiko horren arabera, Soziolinguistika Klusterraren misioa soziolinguistika-ezagutza sortzea eta kudeatzea da. Eta bisioa, aldiz, honako hau: euskal hiztun komunitatearen erronkei, interesei eta beharrei eta euskal soziolinguistika ezagutza teorikoaren garapen beharrei erantzuteko diziplinarteko eta kalitatezko ikerketa, garapen, berrikuntza eta ezagutzeko kudeatzeko proiektuak lankidetzan burutzea.