Urtarrilaren 29an izango da HAUSNARTU Euskal Soziolinguisitika Lehiaketaren SARI-BANAKETA, Donostiako San Telmo Museoan

 

DEIALDI IREKIA

SARI-BANAKETA ekitaldia Donostiako San Telmo Museoan izango da urtarrilaren 29an, eguerdiko 12etan.

SARI-BANAKETArekin batera ahozkotasunaren inguruko mintegia egingo da Ines Garcia (EHU) eta Josune Zabala (Soziolinguistika Klusterra) irakasleekin.

10:00-11:30 Mintegia:

Ahozkotasuna: aisialdian eta lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko ekarpenak hezkuntzatik.

12:00 HAUSNARTU Sariak

Xabi Aizpurua Ugartek irabazi du HAUSNARTU Euskal Soziolinguisitka Lehiaketaren lehen saria  "Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia" lanari esker.

Bigarren sariduna Jaime Altuna Ramirez izan da "Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan" lanarekin, eta Haritz Etxeberriak hirugarren saria jasoko du "EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan" lanarengatik.

Ekitaldian bertan irabazleek euren lanak aurkeztuko dituzte. Nolanahi ere, ekitaldiaren aurretik gaurkotasun apartekoa duen gai baten inguruan mintegia antolatu du Klusterrak, goizeko 10:00etatik 11:3oetara. Gaia honakoa da: Ahozkotasuna: aisialdian eta lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko ekarpenak hezkuntzatik.

Mintegiaren sarrera eta HAUSNARTU lan sarituen laburpenak ondoren ikus daitezke

10:00-11:30

Ahozkotasuna: aisialdian eta lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko ekarpenak hezkuntzatik

 

Ines Garcia-Azkoaga (EHU-UPV) eta Josune Zabala (Soziolinguistika Klusterra)

 

“Tolosa: ahozko laborategia” ikerketaren hurrengo urratsa da BERBEKIN programa. Soziolinguistika Klusterra 2014-2015 ikasturteaz geroztik Bergarako ikastetxe guztietan bideratzen ari den ikerketa-formakuntza proposamen bat. Ikasgelako hizkuntzaren erabilera zein den eta nola kudeatzen den aztertzen ari gara egoera horietako elkarrekintzak hobeak eta ugariagoak izateko gako nagusiak zein diren jakiteko. Saio honetan aurkeztuko da programa honen oinarri teorikoa, eta partaideen arten gauzatuko da saio praktikoa ikerketa honetarako sortu diren lan-tresna batzuk esploratzeko eta aisialdian nahiz lan munduan nola eta zertarako aplika litezkeen aztertzeko.

12:00-12:15

HAUSNARTU VIII Euskal Soziolinguistika Lehiaketaren Sari-banaketa ekitaldia

  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Donostiako Udala

12:15-12:45

1. SARIA. Xabi Aizpurua Ugarte.   Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia

Laburpena: Euskaldunon hizkuntza komunitatearen arnasgune nagusiak udalerri euskaldunak izan arren, bertako ikastetxeetan gabezia nabariak daude egungo egoera soziolinguistikoa lantzerako orduan. Bai irakasleen aldetik, bai ikasleen ikuspuntutik, hutsuneak daudela aitortzen dute hezkuntzako eragileek. Lan honen funtsa gabezia horiek identifikatzea eta sailkatzea izan da batetik; baina, bestetik, ikastetxeetako egoera horri irtenbideak proposatu nahi izan zaizkio. Horretarako sortu da hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lantzeko balio duen irizpide didaktikoen bilduma.

12:45-13:15

2. SARIA. Jaime Altuna.   Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan 

Laburpena: Artikulu honetan nerabeen hizkuntza-erabileran ematen diren aldaketei hurbiltzeko proposamen bat aurkezten da. Hizkuntzaren antropologian eta haurtzaro eta nerabezaroaren etnografian oinarriturik, Donostiako 13 urteko sei gazterekin batera ikerketa bat garatu dugu gaztetxoen hizkuntza-mudantza fenomenoan sakondu nahian. Nerabezaroan ematen diren praktiken aldaketetatik abiatuta, hizkuntza aldaketen fenomenoa aztertzeko bide berri bat esperimentatzen saiatu gara gaztetxoen kolektiboari protagonismoa emanez. Hizkuntza-mudantza zehazki azaldu baino, hausnarketa bide berriak ireki nahi izan ditugu ikerketan modu aktiboan parte hartu duten gazteen hausnarketatik abiatuta. Bide hori hartuta, ondorio hauetara iritsi gara: ikastetxean gertatzen diren aldaketak baino ikastetxetik kanpo geratzen direnak pisu handiagoa hartzen dutela; talde identitateak garrantzia handia duen ezaugarria dela euskarari uko egitearen fenomenoan eta kode aldaketarako joera oso handia dela nerabeen artean.

13:15-13:45

3. SARIA. Haritz Etxeberria Azpiroz. EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan

Laburpena: Errealitate soziolinguistikoaren arabera gehien euskalduna duten udalerrietan, lan hizkuntza euskara izateko, indarrean dagoen Legediaren azterketa bat egin dugu. Bereziki, EAEn kokaturiko Administrazioen artean, erabili beharreko hizkuntza aztertu da. Horretarako,  Espainia eskumen banaketatik abiatuta, Estatuan eta Euskadiko Erkidego Autonomikoan, toki administrazio eremuan indarrean dagoen Legedia aztertu dira. Ondoren, Jurisprudentzia Konstituzionala eta Auzitegi arruten Jurisprudentziaren eboluzioa aztertu da. Jarraian, EAEn, kokaturiko administrazioek, euren arteko harremanetan, euskara balio eta eraginkortasun juridikoz erabiltzeko dauden oinarri juridikoak aztertu dira eta ondoren, arazo juridiko berdinei aurre egiteko, beste autonomia erkidegoek erabilitako formulak.  Guzti honetatik, euskarak Lege mailako arau berri baten beharra duela ondorioztatu dugunez, Udal Lege proiektuaren ezarpenak mahai gaineratu ditugu arazo hauek gainditu ditzakeen hausnartzeko.

 

Oharra: Ekitaldira bertaratzekotan eskertuko dizugu jakitera ematea urtarrilaren 27a baino lehen, kluster@soziolinguistika.eus helbidera mezua bidaliz edo 943 592 556 telefonora deituz. Eskerrik asko

Mintegian landuko den gaiari buruzko informazioa hemen ikus dezakezu

EranskinaTamaina
Ahozkotasunaz mintegirako informazioa.pdf104.91 KB