BAT 99 - 2016 (2) Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011)

 

     

 

Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011) (I)

BAT 100 2016 (3)

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

____________________________________________________________________________________

Euskararen bilakaeraren argi-ilunen gurpilean: hazkundetik garapen iraunkorrera bidean

Patxi Baztarrika

Laburpena: Mitxelenak  “Euskararen bide luze bezain malkarrak” izan zituen hizpide 1977an, “Euskararen liburu zuria” izeneko libururako idatzi zuen artikulu gogoangarrian. Harrezkero, ibilbide oparoa izan du euskarak. Euskararen biziraupena genuen urte haietan kezka eta helburu; gaur egun, berriz, ez dago jokoan euskararen  biziraupena (ez hainbat belaunalditara begira behintzat): bizi-indarra dugu erronka gaur. Beheranzko joera irauli eta hazkundean jarri du euskara euskal gizarteak. Euskararen bilakaera hazkunde jarraitua izatea lortu dugu azken laur hamarkadetan. Bidea, baina, ez da amaitu. Behar dugu jarraitu. “Bide luze bezain malkar” horietan hizkuntza politika eraginkorra eta aurreragarria egin nahi badugu, badira gogoan hartu beharko genituzkeen zenbait arrisku. Arrisku horien artekoak dira, esate baterako: hizkuntza politikaren xedea oker identifikatzea (hizkuntza politikaren subjektua ez baita hizkuntza, hiztuna baizik);  azken 30 urteetan euskararen egoerak izandako bilakaera behar bezala ez aitortzea; dena egina dagoela pentsatzea; euskaraz jakiteari eta euskara erabiltzeari gizartean aitormen desberdina egitea: hainbat hiztunen artean euskara batuaren balioa apaltzea; euskara aniztasunarekin ez identifikatzea; testuinguru soziala aldatu dela ez ikustea; euskararen biziberritze prozesua periferiatik irudikatzea eta “gutarrentzat” bakarrik diseinatzea.

Arriskuak arrisku, honaino iristen asmatu dugu. Eta honaino iritsi izana gizartearen eskutik ibili garen seinale da. Hauxe da, bada,  nik gaur azpimarratu nahi nukeen ideia nagusia: euskararen hazkunde eta garapen iraunkorra, euskara gizarte osoak bere egitetik bakarrik etor daitekeela, sekula ez ghettotik. Euskara biziberritzearen arrakastarako ezinbestekoa izan da, eta ezinbestekoa izango da, adostasun sozial eta politiko zabala.

Hitz gakoak: Euskara, hazkunde, iraunkor, biziraupen, bizi-indar, arrisku, ghetto, adostasun

-------------------------------------------------------------------------------------------------------

Euskararen transmisioa eta gaitasuna eta aurrera begirako erronkak

Iñaki Martinez de Luna

Laburpena: Lanketa honen jomuga bikoitza da; euskararen transmisioa zein gaitasuna zenbatekoak eta nolakoak diren aztertzea, eta horien emaitzen balantzea egitea. Eginkizun hori burutzeko, zailtasun batzuei aurre egin behar izan diegu, hala nola aztergaiaren kokapen eta definizio kontzeptual zehatzik ezari eta gauzatze tekniko egokirako mugei. Hurrengo lerroetan ahaleginduko gara esandako arazoak zein diren eta, horiek bideratze aldera, egin diren hautuak argitzen. Zehatzago, analisia aurrera eramateko Hizkuntza Indarberritze prozesua hartu dugu ipartzat eta horretara erdiesteko makulu gisa sozializazioaren paradigma; horien muina eta ñabardurak azalduko ditugu, pauso horiek ematea ezinbestekoa baita transmisioaren eta gaitasunaren azterketa zein balorazioa erdietsi ahal izateko.

Hitz gakoak: Hizkuntza transmisioa, hizkuntza gaitasuna, gaitasun erlatiboa, sozializazioa, hizkuntza indarberritzea, elebitasuna.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hainbat gogoeta hizkuntza-gaitasunaren inguruan

Iñaki Iurrebaso

Laburpena: Artikulu honetan hizkuntza-gaitasuna aztertzeko garaian, erabilerarekin duen harreman estutik abiatzea proposatzen da: erabilera da hizkuntza-gaitasunaren motorra eta, era berean, hizkuntza-gaitasuna da erabilerarako zorua. Ikuspegi horretatik abiatuta, hizkuntza-gaitasunak berez duen continuum izaera azpimarratzen da eta euskarazko gaitasuna ez ezik gaztelaniazkoa/frantsesezkoa ere aintzat hartu beharra proposatzen da. Azkenik, ikuspegi horretan oinarrituta ikerketarako tresna metodologikoak (ahozko hizkuntza-gaitasuna aldagaia, besteak beste) proposatzen dira. 

Hitz gakoak: Euskara; hizkuntza-gaitasuna; erabilera, metodologia, Inkesta Soziolinguistikoa

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hizkuntzaren transmisioan eragirten ari diren faktoreen azterketa

Patxi Juaristi

Laburpena: Arrakasta eta aurrerapausoekin batera, euskararen transmisioak baditu hutsuneak, arazoak edota gabeziak. Artikulu honetan, euskararen transmisioan eragiten dute faktore batzuk aztertzen dira, dauden ahuldadeak eta indarguneak hobeto ulertzeko helburuarekin. Zehatzago esanda, aztertzen duguna zera da: ideologiek, familiak, eskolak, unibertsitateak, euskaltegiak, aisialdiko eta eskolaz kanpoko jarduerek, hedabideek eta kultur produktuek transmisioan duten eragina.

Hitz gakoak: Euskara; hizkuntza-gaitasuna; erabilera, metodologia, Inkesta Soziolinguistikoa

-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Euskal herritarren portaera linguistikoen motibo subektiboen bilakaera (1991-2016), eta aurrera begirako bideak

Xabier erize

Laburpena: Lan honen helburuak bi dira: (i) euskal herritarren portaera linguistikoen motibo subjektiboen bilakaera (1991-2016) aztertzea eta aurrera begirako bideak identifikatzea, bai hizkuntza-plangintzan bai ikerketan; eta (ii) herritarren motibo subjektiboak euskal ikerketa eta praktika soziolinguistikoan finkatzeko justifikazioan aurreratzea. Kontzeptu nagusiak Ekintza soziala (Max Weber), Motiboa (Max Weber), Hautu linguistikoa eta Erresonantzia izan dira. Ondorio nagusia da herritarrek euren motibo subjektiboak dituztela euskararekin eta erdararekin egiten dutena egiteko. Honek ondorioak ditu bi arlotan: hizkuntza-politika publikoetan eta gizarte mugimenduetan. Hizkuntzaren sustatzaileek ez dituzte herritarren motiboak aurresuposatu behar. Galdetu behar dizkiete herritarrei, modu sistematikoan, eta kontuan hartu plangintzan zein ikerkuntzan. Sustatzaileen esku dago euskararen aldeko giro positiboa elikatzea eta aukera linguistikoen berdintasuna sustengatzea, herritarrekiko erresonantzia positiboak lortze aldera.

Hitz gakoak: Ekintza sozial linguistikoa; Motibo subjektiboak; Hautu linguistikoa; Erresonantzia; Hiztunen agentzia; Proiekzio soziolinguistikoak.

----------------------------------------------------------------------------------------------------

Jarrera eta motibazio kontzeptuen haratago… Hizkuntza kultura, praktikak eta emozioak

Jone Miren Hernández

Laburpena: artikuluak helburu bikoitza du. Alde batetik, erreparatzea azken hamarkadetan hizkuntzaren dimentsio subjektiboak izandako garapenean, eta bestetik, ibilbide honen ondorioz, irudikatzea aurrera begira planteatu daitezkeen erronka eta eginkizun berriak. Ariketa hau, nagusiki, gizarte antropologiatik eta teoria feministatik burutuko da. Izaera partziala duen ariketa da, beraz. Gainera, hizkuntzaren dimentsio subjektiboak ertz asko eduki ditzakeela jakinik, kasu honetan hiru aspektutan jarriko da arreta: (1) hizkuntza kulturaren garapenean, (2) identitatea eta praktika gorpuztuetan (3) eta ekintzen (performancea) eta emozioen arteko loturan. 

Hitz-gakoak: hizkuntza kultura, hizkuntza identitatea, praktika, performancea, emozioak.

---------------------------------------------------------------------------------------------

Hizkuntza portaeren motibo subjektiboez hausnarketa

Nekane Arratibel, Asier Irizar, Joxpi Irastorza

Laburpena: Norbanakoaren jarrerak eta motiboek zeresan handia dute portaera linguistikoei dagokienez, baina inguruaren/gizartearen eraginak ere badu zeresanik arlo horretan. Hori dela eta, euskararen normalizazioari begira, behetik gorako prozesuekin batera, goitik beherako prozesuak ere beharrezkoak dira. Kontua ez da “ni” eta “gizartea”, baizik eta “gu”, barruak eta kanpoak bat egingo duten espazioa. Ildo horretatik euskararen inguruan diskurtso berri bat eraikitzeko beharraz hitz egiten da, berdintasunetik abiatuta eraikitako diskurtsoa, baina ba al dago horretarako baldintzarik? Zer ulertzen dugu berdintasunaren diskurtsoaz?

Hitz gakoak: jarrerak, portaera linguistikoa, motibo subjektiboak, berdintasun diskurtsoa

EranskinaTamaina
bat99_azala_weberako2.jpg26.22 KB