BAT 100 - 2016 (3) Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1681-2011) (II)

 

    

 

Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011)

BAT 100 2016 (3)

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

____________________________________________________________________________________

Mintzajardunaren egoera eta azken urteotako bilakaera. Aurrera begirako erronkak

Mikel Zalbide

 

Laburpena:  Kontzeptu nagusiak, metodologiazko aukerak eta terminologiazko hautuak zehaztu dira ekarpenaren hasieran. Eskueran ditugun datu demolinguistikoak (V. inkesta, kale-neurketa) kontuan izanik jendearen 2011ko mintzajarduna eta mintzajardun horren 1991tik 2011rako bilakaera hizkuntza-soziologiaren argitan ulertzeko saioa egin da. Perspektiba espazialari dagokionez Euskal herri osoa, hiru esparru geoadministratibo eta, horien barruan, bederatzi lurralde-eremu bereizi dira. Espazio soziofuntzionalari dagokionez jardungune nagusietan (zenbait rol-harremanetan) ageri den aldakortasuna ere berariaz zehaztu da, analisi horri adin-tarteen ikuspegia erantsiz. V. inkestaren emaitzak gogoan izanik jendeak nagusiki euskaraz egiten duen (E4), bietara berdintsu (E3) ala bien baturaz (ET= E4 + E3) argitu da bertan, analisi horiek kale-neurketaren ondorio argienez aberastuz. Arnasguneen definizio-saioa egin da gero, oraingo egoera eta azken urteotako bilakaera-zantzuak zehaztuz: arnasgune beteak eta erasanak bereizi dira batetik; euskarazko E4, E3 edo ET jardunak lurraldeka, jardunguneko eta adin-piramidean ageri dituen atzera-aurrerak (mintzaldaketa, indarberritzea) esplikatzen lagundu dezaketen elementuak zehaztu dira gaingiroki, bestetik. Mundu zabaleko osasun-neurpideak kontuan hartuz, eta hemengo egoera gogoan izanik, hizkuntza-soziologiaren kontzeptu nagusietan ainarrituriko EODA aplikazioa prestatu da. Hiru atal nagusi (G, J, U) eta hamalau osasun-maila ditu EODA horrek. Beste atalak ondo kontuan hartzen baditu ere, J atalean du EODAk muingune-barizentroa: hots, eguneroko jardun arruntak eta belaunez belauneko jarraipen-kateak gure artean ageri duen aldakortasun-espektro zabalean.

Aurrera begirako erronka nagusiak, eta erronka horiei egoki erantzuteko zenbait proposamen, eskaintzen da azkenik: a) Eskolaz kanpoko erabilera ardatz izango duen lehentasun-eskema eratzea: “lehenik ikasi, gero egin” ordez “eginez ikasi”; b) konpartimentazio soziofuntzional iraunkor (diglosia) berria sortzea; c) BZ5, BZ6a eta BZ6b osasun-mailako arnasguneei lehentasun argia aitortzea hitzez eta, bereziki, egitez; d) (BZ-6c) mailako ingurumenak (BZ-6b) mailara itzultzen saiatzea; e) erdara (arras) nagusi den (BZ-6d) eta (BZ-6e) lekuetan (tartean hiriburu gehienetan) euskarazko harreman-sareak eta hiztun-taldeak (berr)eskuratzea, berariazko hizkuntza-plangintzaren ondoan bide batezko euskalgintza sortuz eta zabalduz; f) horretarako guztirako, orain arte bezain funtsezkoa izango da beti hiritarren gogo-nahia. Hori ez da, ordea, aski: gogoaz eta borondate zabalaz gainera, gizarte-onarpen zabaleko euskalgintza koherentea eraikitzen asmatu behar da. Lekuan lekuko ahalmen-beharrak aintzakotzat hartuz, belaunez belauneko jarraipena ardatz izango duen paradigma diseinatu, luze-zabal adostu eta aplikatzea eskatzen du horrek. Herri-agintarien funtsezko eginkizunari itzal egin gabe hautapen alternatiboen zernolakoak eta argi-itzalak neurtzen eta lehentasun-bideak formulatzen jakitea. Luzera begirako jarraitasunez eta talde-giroan jardungo duen buru-langile taldea behar da, besteak beste, argitze- eta diseinu-lan horretarako. Erabat horretan zentratuko den aztergunea, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko gogoeta-etxea, ezinbesteko baliabidea du euskalgintza zuhur orok.

 

Hitz gakoak: Euskarazko jarduna, euskal hiztuna, mintzajarduna, mintzaldaketa, hiztun-taldea

-------------------------------------------------------------------------------------------------------

“Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Aurrera begirako erronkak”. Mikel Zalbideren txostenari iruzkinak

Olatz Altua Zumeta

Laburpena: Mikel zalbidek egindako lan sakonari buruz arituko naiz, gehigarri gisako honetan. Txosten mardula ekarri digu mikelek, bikain josia eta erreferentzia ugariz hornitua. Neure ekarpenean sei hari muturri helduko diet, nagusiki: 1.- euskal hiztunaren definizioari. Zer da “euskal hiztuna, eta zer ez” 2.- erabilera aitortua eta kale-neurketaren erabileraren alderaketari, 3.- erabilera indizea lortzeko galderari, 4.- analisi geoterritorialari,  5.- eraginkortasun-indizeari, eta, 6.-  euskal hiztunen ezaugarri  eta joera batzuei

Hitz gakoak: euskal hiztuna, kale-neurketa, erabilera-indizea, analisi geoterritoriala, adin-tarteak, solas-taldeak.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Mikel Zalbideren testuaren inguruko hausnarketa marjinalak

Xabier Aierdi

Laburpena: Mikel Zalbide, Fishman abiapuntu hartuta, euskara indarberritzeko language planning huts bat ez dela nahikoa eta social planning-aren alde agertzen da. Beraz, jendartea helburu, soziolinguistika eta hizkuntzalaritzaz gain, soziologia ere behar da. Soziologiak, besteak beste, euskarari nola lagundu edo oztopatu diezaioketen aztertzeko, klase eta azpiklase sozialen hizkuntz-praktiken analisia ezinbestekoa du. Euskarak gizarte mugak ditu, mugak horiek bere geroa baldintzatuko dute eta zailtasunak leuntzeko eta arintzeko diagnosi egoki eta zientifikoa, neurri aproposak eta lidergo partekatua –instituzionala batik bat eta gizarte-ordezkariena- behar ditu. Euskararen gero emankorra ez da arrazoidun eta okertuen arteko liskarretan oinarrituko, ezta hautu ideologiko hutsetan . Zientzia eta borondatea behar dira. Zientzia asko.

Hitz gakoak: Gesselschaft,klaseak, mugak, praktikak, social planning.  

-------------------------------------------------------------------------------

“Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Aurrera begirako erronkak”. Mikel Zalbideren Txostenarei iruzkina

Lionel Joly

Laburpena: “Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Aurrera begirako erronkak” artikuluaren irakurketa kritikoa egiten du Lionel Jolyk. M. Zalbideren artikuluaren estruktura eta oinarri teoriko-metodologikoak aztertuz, azken 20 urteetan euskararen erabilerak izan duen bilakaerari buruzko irakurketa egiten du autoreak. Artikuluaren bukaeran etorkizuneko erronkak eta EHko egoera soziolinguistikoa aztertzean kontuan hartu behar diren ezaugarriak aipatzen ditu Lionel Jolyk.

Hitz gakoak: Soziolinguistika, euskararen erabilera, Mikel Zalbide, Arnasguneak, erabileraren aldagaiak.