Uztailaren 12an aurkeztuko dira Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren emaitzak

Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak Euskal Herriko kaleetan euskara zenbat erabiltzen den adierazten du. Uztailaren 12an, goizeko 11:30ean, EHUko Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta eraikinean aurkeztuko dira ikerketaren 2016ko emaitzak prentsaurreko agerraldian.

Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren zazpigarren edizioa da aurkeztuko dena. Datu-bilketa zabalak aukera ematen du Euskal Herri mailako, lurraldeetako eta hiriburuetako emaitzak ezagutzeko; baita adinaren, sexuaren eta haurren presentziaren eragina aztertzeko ere.

Euskal Herriko Kale-Neurketako emaitza berriak eta argitaratu berri diren Inkesta Soziolinguistikoarenak eskura izanda, une egokia da euskararen erabileraren bilakaera, egoera eta norabidearen inguruko gogoeta egiteko. Horixe du helburu, hain zuzen, Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera antolatu duen EHUko Uda Ikastaroak. Uztailaren 20an eta 21ean burutuko den ikastaro honetarako izen-ematea zabalik da.