Euskararen erabileraren IV. kale neurketa. Emaitza nagusiei buruzko zenbait gogoeta

Ez dakigu Iparraldeko podere publikoek hemengo euskararen egoera txarra ontsa neurtu dutenetz, baina 2001-2006ko Euskal Herriko hitzarmenari esker eraikitzen edo indartzen diren neurri eta ekintza berriek itxaropen dirdira bat ekarten digute

Lerro labur horietan Euskararen erabileraren kale neurketaren emaitza nagusien txostena ez dugu artoski aztertu nahi, baina zenbait gogoeta eta galdera baizik egin. Ipar Euskal Herriko datuak erabiliko ditugu bereziki.

1) INKESTAREN BALDINTZEZ

Lehenik inkestaren baldintzei buruzko galdera bat etortzen zaigu. Nola banatua izan den biztanle kopurua adinaren arabera, haurren, gazteen, helduen eta adinekoen taldeetan? Haur taldea zein adinera, etab? Eta beraz beha ziren inkesta egileek ondotik galdetu duteajendeari zein zen haren adina, jakinez neurketa «hizketan ari direnari ezer galdetu gabe» egina izan zela ? Beraz kale neurketa horren berezitasun bat da datuak objektiboak direla, baina duda bat dago hiztunen adinaz.

Bigarren galdera, interesgarriagoa, da Xabier Aizpurua-rena metodologiaz: «500 biztanletik beherako herriak neurketatik kanpo utzi dituzue… 500 biztanletik beherakoak baztertzean gune euskaldunenetako herri oso euskaldunak ere ezabatzen dira[1] ». Olatz Altuna-ren erantzuna hori da: «Arrazoia ez zen emaitzak aldatuko zirela, kalean jenderik ez zela topatzen baizik. Iparraldean ere milatik gorakoak neurtzen ditugu eta sarritan arazoak izaten ditugu. Hor ez dut uste desbideraketa handirik egongo denik» [2]. Behar bada, baina hori frogatzeko da eta beraz inkesta berezi bat egin behar da 500 biztanletik beherako herrietan. Ezin egingarri baldin bada inkesta mota beste bat egitekoa da. Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Beherean adibidez, elkarrizketen ehunekoak %6 baino gorago euskaraz izan daitezke herri horietan, Baiona-Angelu-Biarritz hiri elkargoan gutiago.

2) ADIN TALDEKO EMAITZEZ

Iparraldeko datu orokorrak emanik dira txosten honetan. Dakigun bezala euskararen egoera biziki desberdina da Iparraldean zehar eta beraz tokiko emaitzen aztertzea interesgarria litzateke, herrien eta hirien arteko konparaketa egiteko. Datu xehatuak argitaratzeko dira lurraldearen arabera (inkestak 31 udalerri neurtu ditu Lapurdin, 4 Nafarroa Beherean eta 3 Zuberoan).

Iparraldean euskarazko elkarrizketen ehunekoen beherakada orokorrak irauten du (1993: 6,5%, 1997: 6,3%, 2001: 5,8%). Beherakada horrek hiru adin taldeak hunkitzen ditu, haur taldetik kanpo (haur kopurua 1993: 5,1%, 1997: 4,9%, 2001: 5,2%). Horrek erakusten du hedatzen den euskararen irakaskuntzak bere lehen ekarpena emaiten duela, jakinez familia transmisioa apaltzen ari dela. 1996ko Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestak gorakada hori erakutsi zuen baina hemen berriz horren froga badugu neurketa tresna desberdin batez. Iparraldeko euskaldun kopurua tipitzen ari da, euskarazko kale elkarrizketak ere, irakaskuntza garatzen ari denik ere.

3) BUKATZEKO

Emaitza nagusien txostenaren azken esaldiak azpimarratzen du «komunitateak erakusten duen gogoa eta praktikak korrespondentzia eskatzen du(eta) eragile politiko eta administratiboen aldetik». Ez dakigu Iparraldeko podere publikoek hemengo euskararen egoera txarra ontsa neurtu dutenetz, baina 2001-2006ko Euskal Herriko hitzarmenari esker eraikitzen edo indartzen diren neurri eta ekintza berriek itxaropen dirdira bat ekarten digute.

Iparraldeko hizkuntza politika egokiena bideratu nahian, esparru euskaldunetan euskarazko harreman sareak indartzeko dira. Iduri luke alor horretan egin ahalak eskasak izan zirela oraino. Esparru formaletan ez da bat ere erraza izanen, euskararen irakaskuntzatik kanpo. Kostaldean ere euskal hiztun komunitate baten sortzea zaila daiteke. Inkestei buruzko beste neurketa objektibo mota nahi genituzke, familia transmisioaz, guraso euskaldun berrien transmisioaz, etab., lurraldeka eta udalerrika.

 


 

[1] Ikus «Euskararen erabilera» mahaingurua, Larrun 56. zenbakia, 2002-06-30, Argiako webgunea, www.argia.com. Xabier Aizpurua, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Ikerketa eta Plangintza arduraduna, Olatz ALTUNA, SEI elkarteko ikerketa saileko burua, Iñaki MATINEZ de LUNA, EHUko soziologia irakaslea, eta Rosa RAMOS, euskara teknikaria, partaideak ziren.

[2] Iparraldeko 158 udalerrietarik 95-ek 500 biztanle baino gutiago baditute (udalerrietarik %60,1); 262 311 biztanleetarik 22 022 biztanle badituzte, %8,4 (1999ko errolda, datuak Euskal Herriko Garapen Kontseiluak emanak).

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Battittu Coyos
Urtea: 
2002