Zer egin

Euskararen normalizazioaren ikuspegitik modu egokian planteatu ezean, normalizazio prozesurako akabua izan litekeen faktore hau, inmigrazioa, aukera bezala ikusi behar da euskarazko hezkuntza eta helduen euskalduntzearentzat

Urte dezente dira kataluniarrek norbanakoen hizkuntz jokabidean eragiteko estrategia erakutsi zigutela: norbanakoen hizkuntz portaeraren aldaketa, nagusiki, gizartea hezurmamitzen duten erakundeen hizkuntz funtzionamenduaren aldaketaren ondorioa da, eta ez alderantziz

Gizartean euskarak gero eta presentzia "“publiko" handiagoa duen neurrian (bai arlo publikoan eta bai pribatuan), erakunde sozial, pribatu eta publikoen urrats horien hedatze masibotik espero daiteke, eta batez ere presentzia gero eta handiago horren ondorioz, norbanakoek beren bizitza pribatuan ere gero eta gehiago erabiltzea

Euskararen erabilpenaren datua alde batetik positiboa izanik ere —euskal hiztunen leialtasun handia erakusten duen aldetik—, kezkagarria da bi zentzu funtsezkoenetan: a) oraindik oso baxua da, eta b) hazkuntzaren erritmoa moteldu egin da.

Bi errealitate horien atzean kausa bera dago: euskaldunen proportzioa oso txikia da. Horregatik, erabilpenaren portzentajea hurbilduz doakion neurrian, ezinbestean joango da hazkuntza hori motelduz, motelagotuz gainera, aurrerantzean. Erabilpenaren aurreko neurketetan dagoeneko aurreikusten ziren emaitzak dira oraingoak, eta ez lukete inorentzat sorpresa izan behar.

Harrigarriagoa izan behar luke, ordea, datuen irakasbideei entzungor egin izanak, eta nolatan ez ditugun, eta ez dituzten, errealitate gordin horrekin koherentzian doazen neurriak hartzen. Nire ustez erronka garrantzitsuenak zein diren aipatuko ditut:

EUSKARAREN EZAGUTZA AREAGOTZEKO BIDEAK

Helduen euskalduntzea indartzea eta haurren euskarazko irakaskuntza hedatu eta hobetzea behar du euskararen ezagutzaren portzentajea handitzeko erronka horrek.

Hezkuntzako gaurko ereduen sistema gainditzen ez dugun bitartean, ordea, dozenaka urtetan atzeratzen ari gara gazteenei dagokien oinarrizko eskubidea betetzea, euskara ezagutzekoa alegia. Ausardia politiko handixeagoaz eman daitekeen urratsa da hau.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, berriz, ez dut uste administrazioaren izenean azken urteetan hainbeste zangotrabatze jarri dituztenen eskutik etor daitekeenik oraingo berpizte premia. Euskaltegiei neurriraketa izenez ezagutu den irizpidea —ikastordu kopuru jakin batetik gora ikasleak onartuz gero dirulaguntza kentzea— ezarri dieten arduradunek nekez emango diote sail honi behar duen bultzada. Arau horiekin euskara ikastera bultzatzeko propaganda egiteari eta hainbat ikastaro eskaintzeari uko egiteraino iritsi behar izan dute hainbat euskaltegik.

Euskara ezagutzearen eskubidea euskal herritar ororen eskubidea da batetik, eta bestetik, arlo publikoan batez ere, baina arlo pribatuan jardunez zerbitzu publiko bat ematen duten enpresetako langileak euskalduntzeko plan zorrotza behar da. Sail honen egungo egoeraren azterketa egin eta benetako helburuak finkatu behar dira horretarako.

Haurren matrikulazio garaian bezala helduenean ere administrazioaren bitarteko batzuk motibazio lanaren zerbitzura jarriz, eta, batez ere, euskalduntze alfabetatzeko sektoreko elkarteen arteko elkarlanetik etor daiteke berrindartzea; ahaztu gabe euskalgintza osoak alor honetan lagun dezakeena, estrategikoa den sektore hau amilduta dagoen prozesutik aterako bada.

Inmigrazioa

Euskararen normalizazioaren ikuspegitik modu egokian planteatu ezean, normalizazio prozesurako akabua izan litekeen faktore hau, inmigrazioa, aukera bezala ikusi behar da euskarazko hezkuntza eta helduen euskalduntzearentzat. Izan ere, etorkinek funtsean bi motibazio dituzte: lana eta integrazio soziala. Eta bistakoa da bi helburu horietan lagun diezaiekeela euskaldun izateak. Euskara dakien etorkinak ez dakienak baino lan aukera zabalagoak izango ditu, agian bertako ez euskaldunak baino handiagoak ere batzuetan. Bestalde, euskara jakinda bertako gizartean errotzeko aukerak areagotu egiten dira.

Urteak dira inmigrazioaren errealitatea geure artean dugula, baina oraindik euskalgintzak ez du estrategia egokirik garatu. Administrazioak are gutxiago: kasu batzuetan hizkuntz planteamendu ezaren ondorioz eta beste batzuetan intentzionalitate osoz, etorkinei euren seme-alabak erdarazko irakaskuntzan matrikulatzera bultzatzen zaie, eta EPAra zuzentzen direnean ere erdara baino ez zaie eskaintzen, normalean.

Nonahi entzuten ditugu faktore honen garrantziari buruzko baieztapenak, baina ematen zaion garrantziarekin koherenteak diren jokabideak ez dira ikusten, ez helduen euskalduntze alfabetatze mugimenduan, ez irakaskuntzan, ez administrazioaren aldetik ere, salbuespenak salbuespen. Geure ahuldadeak arrisku bezain aukera handi baten aurrean daude, eta horrelako egoeretan ekitea lehentasunezkoa da.

Ez da beranduegi oraindik, eta uste dut itxaropentsuak izan gaitezkeela, oraingoz. Baina nago gai honetan etorkizuna jokatzen dugula. Oraindik azken hamarkadetako inmigrazioaren hizkuntz eragina gainditu ez dugunean, hurrengo hamarkadetan etorriko den uholde berria jasotzeko eta integratzeko prestatu behar gara. Beste faktore batzuk ez bezala, honako hau erabakigarria izan daiteke hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik.

NORBANAKOEN ERABILERA AREAGOTZEKO BIDEAK

Ez naiz arituko hiztunak euskaraz hitz egitera eragiteko motibazio kanpainez eta kalitatezko eskaintza kulturalek norbanakoak euskararen mundura erakartzeko duten indarraz. Garrantzitsuak iruditzen zaizkit horiek, baina orain beste bi puntu azpimarratzea interesgarriagoa iruditzen zait:

Argota

Bakanak, eta bakan bezain garrantzitsuak izan dira gure artean gai honi buruzko ikerketak. Gazte hizkerarako argota biltzeak eta, batez ere, ezagutarazteko bideak modu egokian baliatzeak eragin erabakigarria izango du, zalantzarik gabe gazteen baina baita ere heldu askoren hizkuntz portaeran. Esango nuke eskura dugun bidea dela honako hau, batez ere komunikabideen artikulatze egokia eskatzen duena.

Erakunde sozial, pribatu eta instituzionalen erreferentzialtasuna

Urte dezente dira kataluniarrek norbanakoen hizkuntz jokabidean eragiteko estrategia erakutsi zigutela: norbanakoen hizkuntz portaeraren aldaketa, nagusiki, gizartea hezurmamitzen duten erakundeen hizkuntz funtzionamenduaren aldaketaren ondorioa da, eta ez alderantziz. Bide hori lehenagotik ere landua zen Euskal Herrian, bai enpresetan hizkuntz normalkuntza planak burutzen diharduten aholkularitzen eskutik eta bai udaletako euskara teknikarien aldetik, batik bat merkataritza munduko egitasmoetan.

Baina bide horrek estrategia kategoria eta egitasmo orokorraren dimentsioa Euskararen Unibertsoaren mugimenduaren eskutik eta batez ere Kontseiluarenetik jaso du 1998tik hona. Arlo sozial eta pribatuko eragileek Bai Euskarari Akordioa sinatzearekin autoafirmazio kolektibo masibo baten modura baina ekintza sinboliko huts bezala abiatu zena, ondoko urteetan hizkuntz konpromisoen betetze zehatz bihurtzen ari da Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoaren bitartez.

Harrigarria da, beste behin ere, nolatan arlo pribatuko eta kontzientzia euskaltzale apaleko entitate asko ari diren egiten, ustez euskaltzale direnek zuzendutako administrazio eta administrazio-atal askok egiten ez dituzten urratsak. Instituzioen erreferentzialtasuna funtsezkoa den gai honetan, ez da ulertzen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren betetze ia hutsala administrazioaren atal asko eta askotan. Osakidetzarekin gertatu dena, hogei urtez planik gabe izan ondoren, eta EBPN onartu zenetik lau urtetara, erakunde horren euskalduntzea horrenbeste urtez atzeratzen duen lan deialdia argitaratzea da errealitate horren adierazlerik larrienetakoa.

Gizartean euskarak gero eta presentzia "“publiko" handiagoa duen neurrian (bai arlo publikoan eta bai pribatuan), erakunde sozial, pribatu eta publikoen urrats horien hedatze masibotik espero daiteke, eta batez ere presentzia gero eta handiago horren ondorioz, norbanakoek beren bizitza pribatuan ere gero eta gehiago erabiltzea. Horra hor, nire ustez, norbanakoen euskararen erabilera —eta, bide batez, gizarte erabilera orokorra— nabarmen areagotzeko biderik eraginkorrena.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joxe Jabier Iñigo
Urtea: 
2002