Aurrera, baina oraindik asko egiteke

Kale Neurketaren azken datuek ere bost puntuko jaitsiera erakusten dute: gazteen erabilera %14koa da, umeena %19koa den bitartean. Hala ere, adin talde guztietan urteetan zehar izandako bilakaera ikusiz gero, gazteak dira gorakada esanguratsuena jasan dutenak, bost puntutakoa, hain zuzen ere

Jakin badakigu hiztun komunitateak aurrera egiteko ondo egituratuta egon behar duela eta Euskal Herriko hiriburuetan hori gertatzea ez da erraza, euskaldunen portzentajea dela eta. Hala ere, euskal hiztun komunitate handi bat izateak aukerak zabaltzen ditu hiztun horiek elkartu eta proiektu interesgarriak aurrera eramateko

Euskararen Erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak lasaitasun apur batekin begiratzeko astia izan dugun ostean, ez gara jarriko datu guztiak aipatzen, aurreko orrietan egin duten bezala. Hausnarketa txiki bat egitearekin konforme. Ia bi orrialde hauetan interesgarria den zerbait esateko moduan gauden.

EMAITZEN GIZARTERATZEA

Gertutik begiratuta behintzat, inoiz baino hobeto zaindu da Kale Neurketa honetan emaitzen argitaratzea. Alde batetik, datuak argitaratu aurretik, ondo hausnartu da zein datu egin publiko eta baita, datu horiei buruz egin beharreko hausnarketa ere. Kale Neurketaren metodologia ezagututa, ondorio batzuk ateratzeko beharrezko ditugu, alde batetik, lagin esanguratsu bat izatea, eta bestetik, nolabaiteko segida bat lortzea. IV. Neurketa honetan, aukera egokia sortu da horretarako. Hala ere, zorionez, aurre egin zaio datu desglosatu guztiak emateko tentazioari. Hainbat udal txikitan Euskal Herri mailarako diseinaturik dagoen Kale Neurketak erabili nahi dituzte beraien udalerriko egoeraren argazki bat izateko, eta horrek ondorio okerrak ekar ditzake, neurketarentzat berarentzat eta batez ere metodologiarentzat.

Beste alde batetik, inoiz baino ahalegin handiagoa egin dela dirudi emaitzak gizartearen arlo zabalenera iristeko. Zabalpen handiko komunikabideetan datuak agertu dira modu oso ulerterrazean eta horrek, oinarrizko informazioa zabaltzeko aukera ematen du. Euskalgintzaren inguruan gabiltzanok suposatzen dugu Euskaltzaindiak euskararen corpusaren inguruan ezartzen dituen oinarrizko arauak ezagutzen ditugun bezala euskararen statusaren oinarrizko datuak ere ezagunak direla. Hala ere, ezustekoak handiak izan ohi dira. Euskarekiko nolabaiteko "“kezka" daukaten 20-24 urte arteko gazteekin frogatxo bat egiteko aukera izan dugu. Bertan, euskararen ezagutza eta erabilera altuena dutenetik txikienera Euskal Herriko probintziak ordenatzeko eskatu genien. Eta emaitzak eman ostean, beraien harridura handia izan zen.

Beraz, behar-beharrezkoa dugu Kale Neurketarena bezalako datu esanguratsuak eskuartean izatean, ahalik eta modu sinple eta eraginkorrenean gizarteratzea, euskararekiko nolabaiteko sentsibilizazioa lortu ahal izateko informazioa helarazteko beharrezkoa baitugu.

GAZTEAK: ETORKIZUNA HOR DA!

Emaitza nagusiak begiratzearekin bat, bakoitzari aspektu batek egingo dio dei. Niri, buruan neukan ideia batek eta herriko datuetan ere ikusteko aukera izan dugunak eman dit: gazteetan euskararen erabilerak gora egiten jarraitzen du. Badakigu, umeetatik gazteetara salto bat ematen dela. Kale Neurketaren azken datuek ere bost puntuko jaitsiera erakusten dute: gazteen erabilera %14koa da, umeena %19koa den bitartean. Hala ere, adin talde guztietan urteetan zehar izandako bilakaera ikusiz gero, gazteak dira gorakada esanguratsuena jasan dutenak, bost puntutakoa, hain zuzen ere. Honek euskararen erabileraren inguruko topiko zahar bat apurtzera garamatza: euskara ez da soilik umeen hizkuntza. Ume ugarik gazte izatera pasatzen direnean ere euskara erabiltzen jarraitzen dute. Horrek bide ugari zabaltzen ditu.

Haur izatetik gazte izatera pasatzen garen garaian, hizkuntza ohiturak mantentzearen garrantzia behin eta berriz azpimarratu da. Orain erronka, ohitura hori heldu garaira zabaltzea izango da eta horrela, familia hizkuntza ere (eta ez soilik familian haurrekin hitz egiteko erabiltzen den hizkuntza) euskara izatea.

Bukatzeko, gazteek euskara gero eta gehiago erabiltzeak esangura berezi bat ere badu: gizarte prestigioarena. Gazteengan hautematen dira hobekien gizartean arrakastatsuak izaten diren ereduak, eta ez hizkuntza ereduak soilik.

DATU ABSOLUTUAK

Kale erabileraren datuak gehienbat ehunekotan edo portzentajeetan ematen dira, eta egia esan, horrela bilakatzen dira esanguratsu. Hala ere, Euskal Herrian euskararen erabilera %13.5ekoa soilik dela irakurtzean, gutxi batzuen artean gutxi batzuk garela konturatzen gara. Eta egia esan, hori ez genuke burutik kendu beharko. Hala ere, datu absolutuetara ekarriz gero datu horiek bi katu ere ez garela konturatzen gara. Hiztun komunitate gisa badugu nolabaiteko pisua eta ezin dugu berau baztertu.

Hori ikusteko, Euskal Herriko hiriburu batzuk har ditzakegu adibide gisa. Esaterako, Bilbon egindako neurketan euskararen erabilera %4.6koa da. Hori datu absolutuetara eramanez gero, 16.247 euskal hiztun daudela Bilbon esan daiteke. Horrek, euskal hiztun kopuru garrantzitsu bat biltzen dela Bilbon erakusten digu, beharbada beraien arteko komunikazioa eta ezagutza oso erraza ez bada ere. Donostian, euskararen erabilera azken neurketaren arabera %15.8koa da: euskal hiztunak 27.459 lirateke.

Jakin badakigu hiztun komunitateak aurrera egiteko ondo egituratuta egon behar duela eta Euskal Herriko hiriburuetan hori gertatzea ez da erraza, euskaldunen portzentajea dela eta. Hala ere, euskal hiztun komunitate handi bat izateak aukerak zabaltzen ditu hiztun horiek elkartu eta proiektu interesgarriak aurrera eramateko.

AMAITZEKO: NEURKETA ADIERAZLE GISA

Ez ditut hausnarketa hau amaitzeko datu nagusienak aipatuko. Hala ere, komentatu nahiko nuke zerbait Kale Neurketaren metodologiak adierazle bezala daukan baliagarritasunaz. Uste dut hizkuntza baten egoera ezagutzeko behar beharrezkoak diren adierazleak eta Kale Erabileraren Neurketatik ateratzen diren datuek euskarak normalizazioaren bidean duen lekua ikusteko pista handiak ematen dizkigutela. Hizkuntza baten normalizazioaren azken helburua bere erabilera da eta erabilera horrek esparru ugari baditu ere (formala-informala, ahozkoa-idatzizkoa), ahozko erabilera informala oso adierazle berezia da. IV. Kale Neurketaren datuek erakutsi digute euskararen egoera hobetuz doala (leku batzuetan, behinik behin), bere abiadura mantsotuz badoa ere eta oraindik ere egiteko duguna asko dela.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Olatz Olaso
Urtea: 
2002