Euskararen Kale Erabilera Bizkaian

azken urteotan bizkaieraren alde egin diren ekimenek eragin positiboa izan dute, gure irudiko, bizkaitarren euskararen kale-erabileran. Gozategi taldearen Emaidazu mosutxue abesti arrakastatsuaren atzetik, ugariak izan dira mendebaldeko euskarari oihartzuna eta prestigioa eman dioten jarduerak

lehenengo eta behin nabarmentzen dena da, haurren presentziak eragin positiboa duela euskararen erabileran. Haurrak aurrean dauden kasuen %18,1ean euskaraz hitz egiten da. Aldiz, haurrik gabeko egoeretan erabilera %8,6ra jaisten da

gazte bizkaitarren artean ere handitu egin da euskararen erabilera (%8tik %9,5era). Eta horren arrazoietariko bat da, gure irudiko, gero eta gazte elebidun gehiago dagoela eta, beraz, euskaraz hitz egiteko aukerak ere ugaritu egin direla

Sexua eta adina gurutzatzen baditugu ere argi ikusten da emakume haur, gazte eta helduek adin bereko gizonezkoek baino erabilera apur bat handiagoak dituztela

Emakume gazteek (%10) gizonezko gazteek (%7,7) baino gehiago hitz egiten dutela euskaraz ulertzeko, aipagarria da 1999. urtean egin zen Euskal Herriko Gaztetxoak eta Euskara ikerketan adierazten zena: ...badirudi tradizioz emakumezkoek ardura handiagoa izan ohi dutela hizkuntza ezberdinekiko –are gehiago hizkuntza minorizatu eta gutxituen kasuan-. Era berean, jarrera baikorragoa agertu ohi dute bai hizkuntza ikaskuntzan sakontzeko, bai hizkuntzek adierazten duten kultura ezagutu eta lantzeko garaian. (...) Orokorrean, beraz, neskatoek hizkuntzarekiko identifikazio handiagoa erakutsi eta euskararen aldeko jarrera sendoagoa azaldu dute

Euskararen erabilerak aurrera egitearen arrazoi bakarra umeak direla diogu zeren, ezin dugu ahaztu euskararen kale-erabilera haurren artean igo dela bakarrik. Bilboko gazteen, helduen eta adinekoen artean erabilerak atzera egin du 1997. urtetik

Sexua eta adina gurutzatzen baditugu ere, argi ikusten da ia adin-talde guztietan Bilboko emakumeak gizonezkoak baino gehiago hitz egiten dutela euskaraz

Bizkaiko datuak aztertzerakoan nagusirik gabe dauden haurren euskararen erabilera ez zela asko jaisten ikusten genuen ( %21,5etik %19,9ra), baita Bizkaiko umeen artean euskaraz hitz egitea gero eta errotuago zegoela ere. Ezin dugu gauza bera esan Bilbori buruz. Izan ere, haurren euskararen erabilera asko jaisten da nagusirik gabe daudenean (%11,7tik %2,6ra)

Etorkizunean erabilerak gora egingo duela esateko beste arrazoi bat ere bada globalizazioak sortzen duen nahas-mahasaren eta ulertezineko egoeren aurrean ezagutzen ditugun eta neurri batean kontrola ditzakegun eremuetarako itzultzeko joerak indartzen ari direla, eta horrek berrindartu egiten duela hurbileko taldeen (lagunak, norbere hizkuntza, familia, herri nortasuna, erlijioa...) eta tokian tokiko identitateen beharra

2001. urtean egindako neurketen arabera, gutxi gora-behera hamar bizkaitarretik batek (%11) euskaraz hitz egiten du kalean. Zentzu honetan, Euskal Herriko herrialdeen artean, Bizkaia tarteko egoeran dago euskararen erabilerari dagokionez, izan ere, bizkaitarrak gipuzkoarrak (%29,9) baino erdaldunagoak dira, baina arabarrak (%3,3), nafarrak (%6,7) eta iparraldekoak (%5,8) baino euskaldunagoak.

Bizkaitarren %18 edo %19 euskalduna dela kontuan hartzen badugu, gutxi gora-behera Bizkaiko biztanleriaren %7-8 euskalduna da baina ez du hitz egiten euskaraz kalean. Gogoratu egin behar da, 1991. urteko zentsuko datuetan oinarritzen den II. Soziolinguistikazko Maparen arabera, bost urtetik gorako bizkaitarren %19 euskalduna dela eta, aldiz, 1996. urteko Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren arabera %18,1.

Kalean erdaraz hitz egiten duten euskaldunen kopurua adierazgarria bada ere, apurka-apurka gora doa euskararen erabilera Bizkaiko kaleetan. 1. taulan ikus daitekeen bezala, 1989. urtetik 2001.era %8,1etik %11ra igo da euskaraz hitz egiten duten bizkaitarren ehunekoa. Gainera, 1997. urtean egin zen kale neurketako datuekin alderatzen badugu, Bizkaian beste herrialdeetan baino gehiago igo da erabilera. Zehazki, 1997. urtetik 2001.era %9,7tik %11ra igo da kalean euskaraz hitz egiten dutenen ehunekoa; hau da, %1,3 igo da. Garai berean Araban, Nafarroan eta Iparraldean euskararen erabilera jaitsi egin da, eta Gipuzkoan gertatu den igoera %0,7koa izan da.

1. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BIZKAIAN 1989. URTETIK 2001.ERA (%)

1989

8,1

1993

9,1

1997

9,7

2001

11

Bizkaian gertatu den euskararen erabileraren igoera azaltzeko hiru arrazoi nagusi daude, gure ustez:

  • - Lehenengo eta behin, kontuan izan behar da urtez urte euskarazko irakaskuntza ereduetan ikasten duten umeen kopurua handitzen joan dela; eta horrekin batera, baita euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua ere. 1996ko Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren arabera, euskaraz egiteko gai diren bizkaitarren kopurua %16,5etik %18,1era pasatu da 1991. urtetik 1996.era; II. Soziolinguistikazko Maparen arabera, aldiz, 1986tik 1991. urtera %17tik %19ra igo da euskaraz dakitenen ehunekoa. Honela, bada, euskaldunen kopurua handitzen joan den heinean, ugaritu egin dira euskaldunekin topo egiteko eta, beraz, euskaraz aritzeko aukerak.
  • - Bigarrenik, pentsatzekoa da euskararen alde egin diren ekintzek (Kontseiluak bultzatutako euskararen inguruko XXI. Mendeko Akordioa, euskara elkarte eta komunikabideen Topaguneko Bizkaiko 16 elkartek Emon bostekoa euskerari lelopean bultzatutako ekimena, Korrika...) indartu egin dutela euskararekiko jarrera positiboa, eta horrek erabileraren igoera bultzatu duela.
  • - Azkenik, azken urteotan bizkaieraren alde egin diren ekimenek eragin positiboa izan dute, gure irudiko, bizkaitarren euskararen kale-erabileran. Gozategi taldearen Emaidazu mosutxue abesti arrakastatsuaren atzetik, ugariak izan dira mendebaldeko euskarari oihartzuna eta prestigioa eman dioten jarduerak. Besteak beste, gogoratzekoak dira 2000. urtean sortutako Bizkaia izeneko Euskaldunon Egunkariaren gehigarria eta honen ildotik sortutako bizkaierari buruzko kezkak kontsultatzeko Bizkaieraren Web Orria, bertsolari bizkaitarren artean euskalkiaren erabilera sustatzeko ekintzak eta Labayru Euskaltegiak edo Mendebaldea Elkarteak antolatutako hitzaldi eta jardunaldiak.

Era honetako ekintzek prestigioa eman diote bizkaierari, eta horrek eragin positiboa izan du, gure iritziz, euskararen kale-erabileran. Izan ere, ezin da ahantzi bizkaitarrek konplexu handiak dituztela batuaren aurrean, batez ere ulermen arazoak dituztelako, eta ondorioz, ohikoa dela norbere euskalkia baztertzea, gaztelaniaren mesedetan. Konplexuak uxatzen joan diren neurrian, mendebaldeko euskararen erabilera handitu egin da ez bakarrik kalean, baita herri-aldizkari (Durangaldean zabaltzen den Anboto aldizkariak, adibidez, euskara batua eta bizkaiera erabiltzen ditu) herri-irrati eta Bizkaiko herrietako kale-iragarkietan ere.

Erabileran eragina izan dezaketen aldagai soziodemografikoak aztertzen baditugu, lehenengo eta behin nabarmentzen dena da, haurren presentziak eragin positiboa duela euskararen erabileran. Haurrak aurrean dauden kasuen %18,1ean euskaraz hitz egiten da. Aldiz, haurrik gabeko egoeretan erabilera %8,6ra jaisten da.

Azpimarratzekoa ere bada 1997. urtetik zenbat igo den euskararen kale erabilera haurrak aurrean daudenean. Lau urtetan %10,4tik %18,1era igo da euskararen erabilera haurren aitzinean.

2. TAULA: EUSKARAREN ERABILERA BIZKAIAN, HAURREN PRESENTZIAREN ARABERA 1997 ETA 2001. URTEETAN (%)

 

HAURRAK AURREAN DAUDENEAN EUSKARAREN ERABILERA

HAURRAK AURREAN EZ DAUDENEAN EUSKARAREN ERABILERA

1997

10,4

6,7

2001

18,1

8,6

Belaunaldien arteko harremanak aztertzen baditugu ere, argi ikusten da haurrekin euskaraz egiteko joera dagoela. Kasuen %21,5ean nagusien eta haurren arteko harremanak euskaraz dira. Hau da, 10 bizkaitarretik bik euskaraz hitz egiten du umeekin.

Euskararen aldeko kanpainek euskara transmititzearen eta babestearen garrantzia hedatu dute, eta horrek eragin positiboa izan du haurrekin dauden nagusien euskararen erabilera handitzerakoan. Euren artean gaztelaniaz hitz egiten duten bikote askok ere euskaraz hitz egiten diete umeei. Areago, umeei euskaraz berba egin behar zaiela dioen planteamenduak gero eta indar gehiago du euskal gizartean. Inolako beldurrik gabe esan daiteke, hortaz, umeak direla euskarak dituen bultzatzaile eta eragile garrantzitsuenak.

3. TAULA: BELAUNALDIEN ARTEKO HARREMANAK ETA EUSKARAREN ERABILERA BIZKAIAN 2001. URTEAN (%)

 

HAUR-NAGUSI ERABILERA

HAUR-HAUR ERABILERA

2001

21,5

19,9

Haurren arteko erabilera aztertzen denean, bestalde, datu positibo bat agertzen zaigu: nagusirik gabe dauden haurren arteko euskararen erabilera ez da asko jaisten. Zehazki, %21,5etik %19,9ra jaisten da. Datu honek erakusten du umeen artean gero eta errotuago dagoela euskaraz hitz egitea. Inork bultzatu edota eragin gabe ere kasuen %20an ume bizkaitarrak euskaraz aritzen dira elkarrekin daudenean.

Adin-taldeen arteko ezberdintasunak aztertzen baditugu, lehenengo ohartzen garena da euskararen erabilerak gora egin duela adin talde guztietan. Dena dela, igoerarik nabarmenena haurren artean gertatu da. Haur bizkaitarren euskararen erabilera beste herrialdeetako haurrena baino gehiago igo da 1997. urtetik 2001. urtera. Lau urte hauetan, Bizkaiko haurren artean %3,7 igo da euskararen erabilera. Gipuzkoan eta Iparraldean, aldiz, igoerak %1,5 eta %0,3koak izan dira. Araban eta Nafarroan haurren euskararen erabilera jaitsi egin da.

4. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BIZKAIAN, ADIN-TALDEKA 1989. URTETIK 2001. ERA (%)

 

HAURRAK

GAZTEAK

HELDUAK

ADINEKOAK

1989

9,1

6,6

6,8

12,8

1993

11,7

7,8

7,6

12,3

1997

12,8

8

8,5

10,9

2001

16,5

9,5

9,3

11

Haurren artean izandako igoera honen arrazoi garrantzitsuena da, gure ustez, D eta B ereduetan ikasten duten umeen kopurua gora doala urtetik urtera. 2002ko ikasturtean, adibidez, euskara hutsezko eredua (D eredua) da ikaslerik gehien jaso duen aukera Bizkaian. Euskaraz dakitenen masa kritikoa Araban, Nafarroan eta Iparraldean baino gehiago hazten den heinean, euskara erabiltzeko aukerak ere beste herrialde hauetan baino gehiago ugaritzen dira.

Gipuzkoan baino gutxiago bada ere, gazte bizkaitarren artean ere handitu egin da euskararen erabilera (%8tik %9,5era). Eta horren arrazoietariko bat da, gure irudiko, gero eta gazte elebidun gehiago dagoela eta, beraz, euskaraz hitz egiteko aukerak ere ugaritu egin direla. Bestalde, pentsatzekoa da bizkaierari prestigioa emateko egindako saioek eragin positiboa izan dutela adin-talde honetan. Gaur egungo gazte bizkaitarrek ordu asko egiten dituzte batua ikasten, baina hitz egiterakoan gurago izaten dute euren herriko euskara erabili. Ondorioz, gero eta arruntagoa da gazteek antolatzen dituzten ekimenetan bizkaiera edo norbere herriko euskara erabiltzea (Adibidez, Urgabe talde bizkaitarrak Hi bizi hadi diskoaren kantuetan euskara batua eta bizkaiera tartekatu ditu). Zentzu honetan, mendebaldeko euskararen aldeko saioek prestigioa eman diote eurengandik hurbil dagoen euskarari, eta horrek eragin positiboa izan du gazte bizkaitarren erabileran.

Helduen artean ere igo da euskararen erabilera (%8,5etik %9,3ra). Euskararen aldeko kanpainek zein bizkaieraren aldeko saioek eragina izan dute, gure iritziz, adin-talde honen euskararen erabilera igotzerakoan. Bestalde, seme-alabek euskara gehiago erabiltzeak helduengan eragina duela pentsa genezake. Hau da, haur bizkaitarren euskararen erabileraren gorakadak helduen erabilera bultzatu du.

Aipagarria ere bada Bizkaiko adinekoen artean gertatu den igoera. Zehazki, %10,9tik %11ra igo da adinekoen euskararen erabilera. Igoera oso txikia bada ere, adierazgarria da zeren 1989. urtetik adin talde honetan zegoen beheranzko joera gelditu egin dela erakusten digu. Beste adin taldeetan gertatu bezala, umeen artean gertatutako euskararen erabileraren igoerak eta euskararen aldeko kanpainek eragina izan dute, gure ustez, adin-talde honetan zegoen beheranzko joera gelditzeko.

II. Soziolinguistikazko Maparen arabera Bizkaiko 65 urtetik gorakoen artean %23 euskalduna da eta Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren (1996) arabera %20. Hortaz, gutxi gora-behera 65 urtetik gorako bizkaitarren %9-12ak euskaraz daki baina ez du hitz egiten. Hau da, nagusien artean euskaraz dakitenen baina erabiltzen ez dutenen ehuneko adierazgarria aurkitzen dugu. Gure irudiko, horren arrazoi garrantzitsuena da frankismoaren ondorioak gehien pairatu zuen adin-taldea dela. Hau da, Franco agintean egon zen garaian euskararen aurka hartutako erabakiek, ezarritako zigorrek eta bultzatutako desprestigio kanpainek eragin sakona izan dute adin talde honen gaur eguneko euskararen erabileran.

Sexuen arteko ezberdintasunei dagokionez, emakumezkoen erabilera (%11,5) gizonezkoena (%11,2) baino apur bat altuagoa dela ikusten dugu. Emakumezkoen artean, gainera, erabilerak gizonezkoen artean baino igoera handiagoa izan du 1997. urtetik 2001.era. Hain zuzen ere, emakumezkoen artean %1,5eko igoera gertatu da eta gizonezkoen artean %1,1ekoa.

5. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BIZKAIAN, SEXUAREN ARABERA 1997. URTEAN ETA 2001. EAN (%)

 

EMAKUMEZKOAK

GIZONEZKOAK

1997

10

10,1

2001

11,5

11,2

Sexua eta adina gurutzatzen baditugu ere argi ikusten da emakume haur, gazte eta helduek adin bereko gizonezkoek baino erabilera apur bat handiagoak dituztela.

6. TAULA: EUSKARAREN ERABILERA BIZKAIAN, SEXUAREN ETA ADINAREN ARABERA 2001. URTEAN (%)

 

EMAKUMEZKOAK

GIZONEZKOAK

HAURRAK

20,1

18,5

GAZTEAK

10

7,7

HELDUAK

9,6

9

ADINEKOAK

10,4

11,1

Emakume haur, gazte eta helduek gizonezkoek baino erabilera altuagoak izatearen arrazoietariko bat da, gure iritziz, oraindik ere emakumeek gizonezkoak baino lotuago daudela etxeko esparruari. Arlo publiko eta pribatuaren arteko banaketatik abiatuz, oraindik ere emakumeak gizonezkoak baino lotuago daude arlo pribatuari. Euskara arlo pribatuan publikoan baino gehiago erabiltzen dela kontuan hartzen badugu (Soziolinguistikazko Inkestaren arabera bizkaitar euskaldunen %67ak euskaraz hitz egiten du seme-alabekin), ulertzekoa da arlo pribatuari gehiago lotuta daudenek euskaraz gehiago hitz egitea. Beste berba batzuekin esanda, emakumeek etxean denbora gehiago ematen dutenez, harreman gehiago dute euskararekin, eta ondorioz, gehiago hitz egiten dute euskaraz, baita kalean daudenean ere.

Emakume helduen kasuan, gainera, pentsatzekoa da gizonezkoek baino denbora gehiago ematen dutela seme-alaben zainketan, eta ondorioz, denbora gehiago egiten dutela euskaraz hitz egiten. Euskaldunen artean umeei euskaraz egiteko joera dagoen heinean, umeekin denbora gehiago pasatzen dutenek gehiago hitz egiten dute euskaraz. Gogoratu, haurrak aurrean dauden kasuen %18,1ean euskaraz hitz egiten dela, eta, aldiz, haurrik gabeko erabilera %8,6ra jaisten dela.

Emakume gazteek (%10) gizonezko gazteek (%7,7) baino gehiago hitz egiten dutela euskaraz ulertzeko, aipagarria da 1999. urtean egin zen Euskal Herriko Gaztetxoak eta Euskara ikerketan adierazten zena: ...badirudi tradizioz emakumezkoek ardura handiagoa izan ohi dutela hizkuntza ezberdinekiko –are gehiago hizkuntza minorizatu eta gutxituen kasuan-. Era berean, jarrera baikorragoa agertu ohi dute bai hizkuntza ikaskuntzan sakontzeko, bai hizkuntzek adierazten duten kultura ezagutu eta lantzeko garaian. (...) Orokorrean, beraz, neskatoek hizkuntzarekiko identifikazio handiagoa erakutsi eta euskararen aldeko jarrera sendoagoa azaldu dute.

Adinekoen artean aldatu egiten da aurreko adin-taldeetan ikusi dugun joera. Hau da, adineko gizonezkoak (%11,1) emakumezkoak (%10,4) baino apur bat euskaldunagoak dira. Gure hipotesia da frankismoak euskararen aurka bultzatutako ekimenek gizonezkoengan baino eragin handiagoa izan zutela emakumeengan, eta horrek eragina duela gaur eguneko erabileran. Askotan entzun izan dugu baserriko emakumeek gizonezkoek baino errazago baztertzen zutela euskara kalera jaisten zirenean.

EUSKARAREN ERABILERA BILBON

Bilbon Bizkaia osoan baino gutxiago hitz egiten da euskaraz (Bizkaian %11 euskalduna da eta Bilbon % 4,6). Euskaldunen ehunekoa Bizkaia osoan baino txikiagoa den heinean (%9,7 Bilbon eta %19 Bizkaian), gutxiago dira euskaraz harremanak egiteko edota euskara erabiltzeko aukerak. Zenbaki absolutuetan euskaraz dakitenen kopurua handia bada ere (II. Soziolinguistikazko Maparen arabera 34.487 euskaldun daude Bilbon), Bilboko euskaldunak galdu egiten dira erdararen itsaso zabalean. Hala ere, Bilbo Gasteiz (%2,8) eta Iruñea (%2,5) baino euskaldunagoa da; hori bai!, Donostia (%15,8) baino erdaldunagoa da.

Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea aztertzen badugu, ikusten duguna da Bilboko biztanleriaren %5ak euskaraz dakiela baina ez duela kalean erabiltzen. Hau da, Bilboko biztanleen %9,7ak euskaraz daki baina erabilera %4,6koa da. Zentzu honetan, bilbotarrak bizkaitarrak baino erdaldunagoak direla esan badugu ere, azpimarratzekoa da apur bat txikiagoa dela euskaraz jakin eta kalean hitz egiten ez dutenen ehunekoa (gogoratu Bizkaitarren %6-7ak euskaraz jakin arren ez duela kalean hitz egiten). Agian, Bilboko euskaldunek bizkaitarrek baino euskararen aldeko kontzientzia apur bat handiagoa dute, hain zuzen ere euskaraz aritzeko arazo gehiago dituztelako.

Neurketek argi erakusten dute, bestalde, apurka-apurka bada ere, euskararen erabilera gora doala Bilbon. 1989. urtetik 2001. era %2,5etik %4,6ra igo da Bilboko kaleetan euskaraz berba egiten dutenen ehunekoa. Azken lau urteotan gertatu den igoera ia-ia ohartezina bada ere (%4,5etik %4,6ra), Iruñean eta Gasteizen ez bezala, erabilerak goranzko joera duela erakusten du.

7. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BILBON 1989. URTETIK 2001. ERA (%)

1989

2,5

1993

4,3

1997

4,5

2001

4,6

Euskararen erabileraren goranzko joera azaltzeko arrazoi bakarra da, gure ustez, urtetik urtera euskarazko irakaskuntza ereduetan ikasten duten umeen kopurua handitzen dagoela, eta ondorioz, baita euskaraz hitz egiteko gai diren umeen kopurua ere. Guraso askok umeei euskaraz hitz egiteko edota umeen artean euskararen erabilera sustatzeko joera duten heinean, umeak dira euskaraz gehien berba egiten dutenak.

Euskararen erabilerak aurrera egitearen arrazoi bakarra umeak direla diogu zeren, ezin dugu ahaztu euskararen kale-erabilera haurren artean igo dela bakarrik. Bilboko gazteen, helduen eta adinekoen artean erabilerak atzera egin du 1997. urtetik.

8. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BILBON, ADIN-TALDEKA 1989. URTETIK 2001. ERA (%)

 

HAURRAK

GAZTEAK

HELDUAK

ADINEKOAK

1989

3

2,3

2,4

2,4

1993

5,2

6,1

3,2

3,8

1997

6,9

5,1

4,4

1,8

2001

8,7

4,5

4,2

1,2

Hiru dira, gure irudiko, Bilboko gazte, heldu eta adinekoen artean euskararen erabilerak atzera egiteko arrazoiak:

- Alde batetik, gutxi dira euskaraz harremanak egiteko aukerak. Euskaraz aritzeko esparru eta ekintza erakargarri gutxi sortu da Bilboko euskaldunenentzat, bereziki gazteentzat. Hezkuntzaren ondorioz euskaraz dakitenen kopurua handitzen joan bada ere, ez dira handitu gazteei zuzenduriko euskarazko ekimenak. Umeei zuzenduriko ekintzak apurka-apurka ugaritzen joan diren heinean (jaietako pailazoak, gabonetako ekintzak, ikuskizunak...) ezer gutxi eskaini zaie gazte euskaldunei.

  • - Gauza bera esan daiteke helduei buruz. Hau da, bilbotar helduek euskaraz aritzeko aukera gutxi dute. Euskara ondo hitz egiten dutenen kopurua handitzen badago ere, ez dira ugaritu euskara erabiltzeko esparruak. Kafe Antzokiak eta Kalderapeko bezalako euskal-txokoek euskararentzako esparru libreak sortzen lan eskerga egiten badute ere, oro har, euskalgune gutxi daude Bilboko euskaldunen artean euskarazko harremanak sustatzeko. Zentzu honetan, 1991. urtean Bilbon egin zen ikerketa soziolinguistikoan Txepetx-ek zioena oraindik ere egia dela esan daiteke: Nunca ha habido tantos euskaldunes en Bilbao como hay actualmente, ni con un grado tan alto de conocimiento del idioma, y sin embargo nunca ha estado el Euskera tan aislado socialmente como lo está en la actualidad (49. orr.).
  • - Adinekoen erabilerari dagokionez, azkenik, Bizkaiko datuak aztertu ditugunean esan dugun gauza bera aipatu behar dugu. Alegia, frankismo garaian euskararen aurka hartutako neurriek eragin sakona izan zuten bizkaitarren artean, bereziki hiriburuan bizi zirenen artean. Horri gehitzen badiogu adinekoek ez dituztela euskaraz aritzeko inolako elkargunerik edota euskarazko ekintzarik ulertzekoa da adinekoen euskararen kale-erabilera hain urria izatea, eta azken urteotan jaistea (%1,8tik %1,2ra).

Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunei dagokionez, Bilboko emakumezkoek gizonezkoek baino euskararen erabilera apur bat altuagoa dute. Gainera, 1997. urtetik Bilboko emakumezkoek (%4tik %5,2ra) gizonezkoek (%4,2tik %4,7ra) baino gehiago handitu dute euskaraz aritzeko joera.

9. TAULA: EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA BILBON, GENROAREN ARABERA 1997. URTEAN ETA 2001. EAN (%)

 

EMAKUMEZKOAK

GIZONEZKOAK

1997

4

4,2

2001

5,2

4,7

Sexua eta adina gurutzatzen baditugu ere, argi ikusten da ia adin-talde guztietan Bilboko emakumeak gizonezkoak baino gehiago hitz egiten dutela euskaraz. Helduen kasuan gizonezkoen euskararen erabilera apur bat handiagoa bada ere, haurren, gazteen eta adinekoen artean emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz.

10. TAULA: EUSKARAREN ERABILERA BILBON 2001. URTEAN, SEXUAREN ETA ADINAREN ARABERA (%)

 

EMAKUMEZKOAK

GIZONEZKOAK

HAURRAK

14,3

11,2

GAZTEAK

5,8

3,9

HELDUAK

4

4,4

ADINEKOAK

1,5

1,3

Arestian esan bezala, emakumezkoek gizonezkoek baino euskararen erabilera handiagoa izatearen arrazoietariko bat da, gure iritziz, etxean kalean baino euskara gehiago erabiltzen dela, eta ondorioz, etxean denbora gehiago pasatzen dutenek, emakumeek alegia, euskararekin harreman gehiago dutela, eta horrek kale-erabileran ere eragina duela.

Gainera, Bilbon ere haurrak aurrean daudenean haurrik gabe baino gehiago hitz egiten da euskaraz. Emakumezkoek gizonezkoek baino denbora gehiago pasatzen dutenez haurrekin, altuagoa da emakumeen euskararen erabilera.

11. TAULA: EUSKARAREN ERABILERA BILBON, HAURREN PRESENTZIAREN ARABERA 1997. URTEAN ETA 2001. EAN

 

HAURRAK AURREAN DAUDENEAN EUSKARAREN ERABILERA

HAURRAK AURREAN EZ DAUDENEAN EUSKARAREN ERABILERA

1997

6,1

4,8

2001

6,9

2,3

Haurren presentziak eragin positiboa du, inolako zalantzarik gabe, euskararen erabileran. Haurrak aurrean dauden kasuen %6,9an (Bizkaian kasuen %18an zen) euskaraz hitz egiten da. Aldiz, haurrik gabe erabilera %2,3ra jaisten da.

Belaunaldien arteko harremanak aztertzen baditugu ere, argi ikusten da haurrei euskaraz egiteko joera dagoela. Kasuen %11,7an euskaraz egiten dira nagusien eta haurren arteko harremanak.

12. TAULA: BELAUNALDIEN ARTEKO HARREMANAK ETA EUSKARAREN ERABILERA BILBON

 

HAUR-NAGUSI ERABILERA

HAUR-HAUR ERABILERA

2001

11,7

2,6

Bizkaiko datuak aztertzerakoan nagusirik gabe dauden haurren euskararen erabilera ez zela asko jaisten ikusten genuen ( %21,5etik %19,9ra), baita Bizkaiko umeen artean euskaraz hitz egitea gero eta errotuago zegoela ere. Ezin dugu gauza bera esan Bilbori buruz. Izan ere, haurren euskararen erabilera asko jaisten da nagusirik gabe daudenean (%11,7tik %2,6ra). Ume bilbotarrentzat oso zaila da erdaraz inguraturiko eremuan euskaraz aritzea motibatzen ez dituen norbait aurrean ez dagoenean. Erdara indartsuegi dago Bilbon haurrek egoerari buelta eman eta euskaraz berba egiten hasteko.

LABURPEN GISAKO ONDORIO BATZUK

Euskararen kale-erabilerak gora egin du Bizkaian adin-talde guztietan. Elebidunen kopuruaren igoerak, euskararen aldeko kanpainek eta bizkaieraren alde egin diren ekimenek eragin positiboa izan dute bizkaitarren euskararen kale-erabileran.

Hala ere, Bizkaian erabilerak gora egitearen arrazoi garrantzitsua da, gure ustez, urtez urte D eta B ereduetan ikasten duten umeen kopuru handitzen joan dela. Euskarazko ereduetan matrikulatzeko joera ikasturtez ikasturte errepikatzen ari dena izaki, ez dago ukatzerik benetako bilakaeraren seinale dela. Jarrera politiko edo modetatik kanpo dago Bizkaian umeak euskarazko hezkuntza ereduetan matrikulatzea. Eta horrek euskararen erabilera handitzen joango dela pentsatzera eramaten gaitu. Alegia, euskaraz dakitenen kopurua handitzen doan heinean, euskaraz aritzeko aukerak ere ugaritu egingo dira, eta ondorioz, baita euskararen erabilera ere.

Etorkizunean erabilerak gora egingo duela esateko beste arrazoi bat ere bada globalizazioak sortzen duen nahas-mahasaren eta ulertezineko egoeren aurrean ezagutzen ditugun eta neurri batean kontrola ditzakegun eremuetarako itzultzeko joerak indartzen ari direla, eta horrek berrindartu egiten duela hurbileko taldeen (lagunak, norbere hizkuntza, familia, herri nortasuna, erlijioa...) eta tokian tokiko identitateen beharra (Castells, 1996-1997). Globalizazioak dakarren kulturak estandarizatzeko joera orokorrek tribaltasun berriak eta hurbilean dugunarekiko atxikimendu handiagoak ekarriko dituzte gure gizarteetara (Maffesoli, 1990); eta horrekin batera, baita norbere hizkuntzarekiko eta euskalkiarekiko atxikimendu handiagoa ere.

Euskararen kale erabilerak Bilbon ere gora egin du. Hala ere, igoera hau umeen artean gertatu da bakarrik. Gazteen, helduen eta adinekoen artean euskararen erabilerak atzera egin du 1997. urtetik. Zentzu honetan, euskararen alde egin diren ekimen eta kanpainek bilbotarren euskararekiko jarrera positiboa indartu dutela pentsa badaiteke ere, hori ez da erabileran islatu. Izan ere, Bilbotarrek euskaraz aritzeko edota harremanak egiteko aukera gutxi dute. Are gehiago, euskaraz aritzeko esparru liberatuak eta euskarazko ekimen erakargarriak sortzen ez badira saila izango da erabilera handitzea, eta gaur eguneko egoera soziolinguistikoari buelta ematea. Beste berba batzuekin esanda, etorkizunean euskararekiko atxikimendu afektiboa eta irakaskuntzaren bitartez euskaraz dakitenen kopurua handitzen joango badira ere, euskararen erabilerak ez du Bilbon aurrera egingo euskararen inguruan produktu eta elkargune erakargarriak sortzen ez badira.

AIPATUTAKO LIBURURUAK

- Castells, M. (1996-1997): La era de la información, Alianza, Madril.

- Bilboko Udala. Euskara Zerbitzua (1991): Euskara Bilbon. Bilboko Udala.

- Eusko Jaurlaritza (1998): II. Soziolinguistikazko Mapa. Eusko Jaurlaritzaren Argitarapen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz.

- Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundea (1996): Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta. Euskararen Jarraipena II.

- Maffesoli, M. (1990): El tiempo de las tribus. Icaria, Bartzelona.

- Martinez de Luna eta Kontxesi Berrio-Otxoa (zuzendariak) (2000): Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko Gaztetxoak eta Euskara. Argitaratzailea: Iñaki Martinez de Luna.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Bizkaia
Egilea(k): 
Patxi Juaristi
Urtea: 
2002