Erabileraren Neurketa. Adin– Taldeen Bilakaera

Eszeptikoenek hamaikagarrenez deskalabrurik handiena iragarriko dute; baikorrenek edozein emaitza, baita negatiboa bada ere, ontzat emango dute hamaika argudiorekin sendotuz bere iritzia. Tartean, berriz, orotarik

Eremu erdaldunetan euskaraz mintzatzeak berez duen zailtasunari oztopo berriak jarri zaizkio diskurtso xenofoboa indarrean dagoen zonaldeetan (Araba, Nafarroa Garaia). Izan ere, horrek euskal hiztunari hizkuntza "“minoritarioan" mintzatzeko erronka are gaitzagoa egiten dio

gaztetxoen erabilera ohituretan aldaketa nabarmenak gerta daitezen oztopo linguistiko (ezintasuna), kultural (kultur estereotipo arrakastatsuenak erdarazkoak) eta ideologiko (euskal kultura eta euskaldunekiko gutxiespena zenbait eremutan) nabarmenak daudela

Euskaraz eskolatuak izan arren (euskaldunak %44.7), inguru erdaldunaren eragina (guraso erdaldun elebakarrena batez ere) handia da haurren kasuan (erabilera % 19,0), eta horrela uler daiteke gaitasuna handitu arren hazkunde erritmoa gazteena baino makalagoa izatea

Gipuzkoa eta Bizkaian, gorako joera nagusi bada ere, azpimarratzekoa da Bizkaiarenak direla talde guztietan igoerarik indartsuenak. Bizkaiaren kasuan, halaber, haurren eta gazteen hazkundea ia parekoa da (%29 eta %28, hurrenez hurren)

Hiriburuen artean alderatzen hasita, argazkiak oso dira desberdinak. Azpimarratzekoa, beharbada, joera orokorraren kontra bada ere, gazteen erabilerak Gasteizen ez duela aurrerakuntzarik (%0) eta Bilbon atzera egiten duela (-%12)

Ezagutza eta erabileraren arteko alderik txikiena zonalde euskaldunetako haurren artean gertatzen da. Haurrena parekatzea lortzen dute gazte eta helduek, ez gainditzea. Bigarren multzoko herrietan (ezagutza %59 eta %30), berriz, korrelazioan emaitzarik altuena, oro har, helduen artean gertatzen da, badirudi, adin talde hau dela hizkuntza identitatea eta erabilera ohiturak sendoen dituen taldea

Hazkunde tasari erreparatuz, berriz, zonalderik euskalduneneko eskualdeen artean azpimarratzekoa da Gernika-Bermeo eta Deba Garaiaren hazkunde tasa indartsua gazte eta helduen artean

Goierri (ezagutza %59.3, haurrak %85,4 eta Arrati-Nervioi (ezagutza %56.5, haurrak %80.7) eskualdeen bilakaera orokorra kezkatzekoa da. Izan ere, euskaldunak nagusi izan arren, erabilera txikitu egin da, eta beraz hazkunde tasa negatiboa da

Gazteek oro har erakutsi diguten hazkunde indarra azpimarratzekoa da, are gehiago, zonalderik gaztazkatsuenetan ere indar hori bizirik egotea benetan adierazle indartsua da. Ez dugu, ordea, gazteenen hazkundearekin itsutu behar

komenigarria litzateke gutxienik hiru ikerlerro zabaltzea. Bata haur eta helduen arteko korrelazioaz eta berau indartzeko aukerez; bestea gazteen joeraz, batez ere, egoerarik egokiena eta desegokiena bizi dituzten zonaldeetan zer gertatu den ezagutzeko; eta hirugarrena atzerakada orokorra egin duten eskualdealdeetan gertatu dena ikertzeko

SARRERA

Euskararen egoera eta bilakaera jarraitzeko neurtzen diren adierazleen artean adin taldeena da, seguruaski, ikusmin gehien pizten duena. Urteek eta egindako bideak erakutsi digute, ordea, honelakoetan ez dagoela “"magia" egiterik. Arraia eta ogia mugagabe biderkatzen ziren egunak urrun daude historian.

Erabileran eragin nahian ari garenok badakigu, edo behar genuke jakin, ez garela magoak. Metafora egoki baten bila jarrita, erabileraren soroan ari dena lorazainaren pareko zerbait dela esan dezakegu (eguraldiaren eta urte sasoien arabera, pazientzia handiz erein, ureztatu, kimatu, ongarria eman eta politiki poliki gure baratza eremu bizi eta osoa izan dadin lan egiten duena).

Asko gara hizkuntzaren berreskurapen eta normalizazio prozesuari erreparatzen diogunak. Neurtaldiak egiteko sasoia iristen denean gutariko bakoitzak bere "“kiniela" egiten du, ezagutzen dituen adierazleetan ikusten duenarekin emaitzak aurreratuz. Eszeptikoenek hamaikagarrenez deskalabrurik handiena iragarriko dute; baikorrenek edozein emaitza, baita negatiboa bada ere, ontzat emango dute hamaika argudiorekin sendotuz bere iritzia. Tartean, berriz, orotarik.

Gaiari gertutik jarraitzen dion orok, ordea, badaki lau urteko epean ez dela miraririk gertatzen. Badaki epe horrek aurreko neurtaldian agertzen hasitako joerak bere horretan jarraitzen duten ala aldatzen ari diren ikusteko lagungarri izango zaizkigula. Eta beraz, konfirmazioaren itxaropenez / beldurrez hartzen ditugu datuok. Lau urte hauetan eragin duten faktoreen norabideari erreparatuko diogu lehen–lehenik, eta hurrengo urteetan zuzendu beharreko joerak zein diren irudikatzen saiatuko gara ondoren.

ERABILTZEA, NAHI IZATEA BAINO ASKOZ GEHIAGO DA

Dagoeneko badakigu erabiltzeko ez dela aski nahi izatea, ez eta gai izatea ere. Gai izatea ezinbestekoa da; ukipen egoeran nahi izateak ere berebiziko garrantzia du. Gakoa, ordea, AUKERAN dago.

Gure eguneroko eginkizunetan, ezinbestekoak diren jarduera horietan, euskaraz mintzatzeko zenbat aukera izaten dugu? Horien artean zenbat dira agerikoak, publikoak, hots, gizarteko arauek babestua eta gizabanakoek praktikaren bidez jarritakoak? Aukera horiek "“hipotetikoak" izateak ezer gutxi balio digu. 2001 urtean egindako neurketak utzitako emaitzak ulertzeko galdera nagusia, beraz, honako hau delakoan nago: Euskaraz mintzatzeko zenbat aukera berri eskaini zaio euskal hiztunari azken lau urteotan?

Lau urte hauetan egindako bidearen bilana eginez gero, esan daiteke, Euskal Herrian plazaratu diren aukera berriak ez direla aldaketa nabarmen bat eragiteko modukoak izan. Eremu geografikoa eta jarduera esparruaren arabera, euskaraz mintzatzeko giroa eta aukerak ugaritu / murriztu egin dira.

Zenbait esparrutan aukerak berriak sortu dira azken urteotako joerari jarraituz (haurren aisialdian batik bat), nahiz eta honen parean erdarazko aukerak ere ugaritu egin diren. Erdarazko aukera berri hauek, gainera, hedapen indar eta erakargarritasun handiagoa izan dute, oro har, euskarazkoek baino.

Eremu erdaldunetan euskaraz mintzatzeak berez duen zailtasunari oztopo berriak jarri zaizkio diskurtso xenofoboa indarrean dagoen zonaldeetan (Araba, Nafarroa Garaia). Izan ere, horrek euskal hiztunari hizkuntza "“minoritarioan" mintzatzeko erronka are gaitzagoa egiten dio. Euskaldunok badakigu elkarrizketa hizkuntza “"negoziatzeko" lehen hitza euskaraz egitea berez zaila baldin bada, are gaitzagoa dela urrats hori “"markatutako" egoeran egitea.

Beraz, eta gure gaiari dagokionez, galde diezaiogun gure buruari: Adin taldeei erreparatuz, zertan aldatu zaie talde horietako hiztunei euskaraz mintzatzeko aukeren merkatua? Aukera berriak sortu al dira? Berariaz erabilera bultzatzea helburu duten ekimenak jarri al dira abian? Eta kontrako norabidean doan indarrik egin al da? Nori zuzendua?…

Euskararen berreskurapena eta normalizazioa helburu izan duten ekimen gehientsuenen hartzaileak haur eta gazteak izan dira aspaldian. Gure baitan belaunaldi berri bat heziaz euskararekiko atxikimendu errotuago eta sendoago bat izango duen belaunaldi baten itxaropenez bizi izan gara. Badakigu, nonbait, gazteenen ohitura eta joeretan eragitea errazagoa dela heldunenetan eragitea baino. Baina, esaera zaharrak ederki dio, atzeak erakusten omen du aurrea nola dantzatu. Hots, gazteenek helduenen bideari jarraitzen diote hein handi batean. Sorgin gurpil horren joera aldatzeko, beraz, ez dirudi aski denik gazteenei zuzendutako ekimenak abian jartzea eta helduak ahaztea.

Lau urte hauetan, beraz, zer gertatu da adin taldeen erabilera ohituretan eragiteko modukoa? Ikuspegi makroskopiko batetik aipatzekoak dira, besteak beste, Europa mailan kultur eta hizkuntza aniztasuna gorde eta zaintzeko joeraren sendotzea[1]; Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroan identitate aldarrikapena indarzeahizkuntzari protagonismo berezia aitortuz; Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian, berriz, espainoltasun linguistiko, kultural eta politikoaren proiekzio publikoa hedatzea.

1997–-2001. urteen arteko tartean zer egin da euskal hiztunek hizkuntza erabilera ohiturak aldatu edo indartu zitzaten? Famili trasmisioa indartu egin al da gazteleraz bizi diren familietan? Banketxeek (edo auto saltzaileek) euskararen erabilera areagotzeko berebiziko ahaleginik egin al dute? Eta administrazioan "“lehenengo hitza euskaraz" dei genezakeen kanpainarik egin al da?… Gure gaiari erreparatuz, adinez helduak diren euskaldunek eguneroko eginkizunetan euskaraz mintzatzera bultzatu dituen aukera berriekin egin al dute topo? Eta haurrek euskarazko kantu eta telesailak gaztelerazkoak baino nahiago izan al dituzte? Gazteek, berriz, “"gazte marka" duen produktu kulturalen artean topatu al dute euskaraz lehiakor denik? Gure gizartean itzala eta ospea duten herritarrek euskaraz mintzatzeko orain arte baino jarrera indartsuagoa eta euskaltzaleagoa erakutsi al dute?…

ADIN TALDEAK, MENDEBALDEKO GIZARTEAREN FRUITU

Egindakoa eta egin gabe utzitakoa ebaluatzeko garrantzitsua da aintzat hartzea mendebaldeko gizarteak daraman joera. Azpimarratzekoa da, esaterako, adinaren araberako taldekatzea zeinen sendoa den. Hau da, haur eta gazteek eguneko ordu gehienak bere adin berekoekin ematen dituzte, eskolan ez bada jolasean, eta jolasean ez bada era bateko edo besteko ikastaroetan. Bergauza esan behar da helduei edo adinekoei buruz. Taldekatze horrek ondorio ugari izaten du, tartean kultural eta linguistikoak. Horrek, besteak beste, talde barneko komunikazio eta erabilera ohiturak mugatzen ditu (“"gure artean horrela hitz egiten dugu!" esaldia ezaguna zaigu, ezta?). Oso litekeena da, eta horrelako kasu ugari ezagutzen dugu, gazte bat euskaraz mintzatzea bere guraso eta irakasleekin eta erdaraz, berriz, bere ikaskide eta lagunekin. Zer esango dugu, berriz, enpresa bateko lankideen arteko hizkuntza ohiturez, edo ezezagunekin mintzatzeko helduok ditugun joerez.?

Etorkizuna Aurreikusten 99, Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara (Mtz. de Luna (zuz.), 2000) izeneko ikerketan, hamaika datu interesgarriren artean, nabarmen ikusten da gaztetxoen erabilera ohituretan aldaketa nabarmenak gerta daitezen oztopo linguistiko (ezintasuna), kultural (kultur estereotipo arrakastatsuenak erdarazkoak) eta ideologiko (euskal kultura eta euskaldunekiko gutxiespena zenbait eremutan) nabarmenak daudela. Ikerketa horrek berak, halaber, erakusten digu gutxiengoa direla euskararen kontrako sentimendua adierazten dutenak edo euskararen desagerpena aldarrikatzen dutenak (adierazle honen bilakaerari ere jarraipena egin beharko zaio, euskararen kontrako diskurtsoa ederki ari baitira elikatzen azken hilabeteotan).

Estibaliz Amorrortuk, unibertsitateko ikasleen artean egindako ikerketa baten berri emanez (Estibaliz Amorrortu, 2001) honakoa zioen: “"Euskara ez da gaitzesten harreman pertsonaletarako baina hobesten ere ez, eta euskara hizkuntza minorizatua izanda, erraza izango da lagunartean erdarara jotzea". Ikerketa horrek berak agerian jartzen du ikertutako gazte euskaldun horien arteko harremanean euskara ez dela esanguratsua elkartasun mailan, hots, euskaldun izatea ez dela esanguratsua kidetasuna sentitzeko ingurukoekin. Datu honek, aurrekoak eta neurketak utzitako emaitzek adin talde honetan gertatzen dena hobeto ulertzen lagunduko digute.

DATURIK ESANGURATSUENAK

EH mailan

Haur, gazte, helduen artean erabilerak gora egin du azken lau urteotan (+1.3, +1,7 eta +0,5 puntu hurrenez hurren). Adinekoen artean, berriz, behera (-% 0,5). Bilakaeraren norabidea, beraz, espero zen horixe da, hiru adin talde gazteenak aurrera eta zaharrenak atzera.

Hazkundearen erritmoa, ordea, makaltzen ari da. Horixe ikusten dugu neurtaldi batetik bestera:

Hazkunde tasaren bilakaera (urtealdi bakoitzak utzitako emailtzak alderatuz):
  • 1989-1993: + % 11.11 handitu zen batezbeste erabilera
  • 1993-1997: + % 9.16 handitu zen batezbeste erabilera
  • 1997-2001: + % 5.34 handitu zen batezbeste erabilera

Erabilera hazten ari den taldeetan (haur, gazte eta heldu) igoera etengabekoa izan da neurtaldiz neurtaldi. Dena den, azken neurtaldian hazkunde tasa orokorra %4 izan baldin bada, gazteen artean % 14 izan da, haurren artean % 7 eta helduen artean % 3. Adinekoen artean, berriz, -%7koa. Beraz, proportzioan gazteen eremuan handitu da gehien erabilera. Honek ez du esan nahi, ordea, talderik euskaldunena denik!

Datu hauei begira jarrita, gure arreta deitzen dute zenbaitek. Besteak beste, gazteen hazkunde tasa deigarria da, batez ere gainerako adintaldeen gainetik dagoelako (haurrena halako bi da eta helduena halako lau). Agerikoak dira, bestalde, hazkunde honen arrazoiak, izan ere lehen haurrak izandakoak gazte izatera iristen ari diren neurrian erabilera ohitura berriak ari dira txertatzen adin talde honetan. Eta horrek erabileraren hazkundea eragiten du. Dena den, oraindik orain, gazteen artean euskara ezagutza (% 34.2) eta erabileraren (%13.6) arteko korrelazioa 0.4koa da. Ez dirudi, beraz, ezagutza maila hori, gazteen erabilera suspertzeko beharbestekoa denik.

Zer esan, berriz, haurren erabileraz? Zer dela-eta da haurren hazkunde tasa gazteenaren erdia? Euskaraz eskolatuak izan arren (euskaldunak %44.7), inguru erdaldunaren eragina (guraso erdaldun elebakarrena batez ere) handia da haurren kasuan (erabilera % 19,0), eta horrela uler daiteke gaitasuna handitu arren hazkunde erritmoa gazteena baino makalagoa izatea. Baina, hala baldin bada, zer esan nahi du honek, euskarazko erabilera ohiturak sendotzeko kozkortu bitartean itxaron behar dela? Erabilera maila hori haurraren inguruak (guraso eta senideek) eragiten ote du? Hots, haur gehienak euskaraz eskolatuak izan arren, eskolaz kanpoko bizimodua hein handi batean erdaraz bizi duten bitartean, euskararen erabilera areagotzeko aukerarik ez dagoela erakusten digu honek.

Haurren erabilera % 19koa izan zen 2001ean eta, batezbeste, ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa 0.4koa zen. Eremu geografiko batetik bestera errealitatea asko aldatzen bada ere (aurrerago ikusiko dugu), aurrerantzean zein aukera dago talde honetan erabileraren hazkundea bizkortzeko eta korrelazioa handitzeko? Bi gertaera horiek adieraziko digute haurren arteko erabilera ohituretan euskarak presentzia handiagoa duela eta dakienak erabili egiten duela. Galdera honen atzean, bistan da, gure ahaleginen kontrako norabidean doan datu bat dago, haurren erabileraren hazkunde tasaren makaltzea (1989-1993: +%10.6 / 1993-1997: +%6.1 / 1997-2001: +%7.3). Non, eta, normalizazio ahalegin nagusien hartzaile eta, itxuraz, hizkuntza ohiturak egokitzeko malgutasun gehien duen giza taldean.

Helduen taldean neurketak agerian jarri duen igoerak arteko hazkundean izango zuen eraginik belaunaldi euskaldunen inkorporazioak. Hau ote da, ordea, helduen erabilera handitzea ekarri duen eragile bakarra? Zenbatekoa izan ote da euskaraz eskolatutako haurren presentziak eragindakoa? Hots, kasu askotan ez ote da haurra bera izan helduen erabileraren areagotzea bultzatu duena? Galdera hauei erantzutea ez da erraza eskura ditugun datuekin, baina agerian uzten dute galderari erantzuteko bide bat.

Herrialde mailan[2]

Herrialdez herrialde adin taldeen erabilera aztertzen jarrita, bi multzo nabarmen bereizi behar dira: Nafarroa Garaia eta Araba alde batetik eta Gipuzkoa eta Bizkaia bestetik.

Nafarroa eta Araban hazkunde tasa negatiboa izan dute haurrek, helduek eta adinekoek. Gazteek, berriz, positiboa:

Hazkunde tasak Araba eta Nafarroa Garaian. 1997-2001 urteen artekoa

Eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Araba

- % 19

+ % 3

- % 6

- % 34

Nafarroa Garaia

- % 6

+ % 7

- % 2

-% 17

1. taula

Arestian aipatu dugu, Euskal Herri mailan haurren erabilera aztertzen ari ginela, haurren erabilera-maila gurasoek eragindakoa izan zitekeela. Hots, haurren askoren ingurua oso dela erdalduna (bi herrialde hauetan batez ere) eta, beraz, talde hauetan ezagutza maila gora-behera (Araban %34.26 eta Nafarroa Garaian %18.25), gazteleraz mintzatzeko arauan ari direla gizarteratzen eskolatik kanpoko eremu nagusietan. Bi herrialde hauetan azken urteotan euskararen sozializazioaren kontrako diskurtsoa eta ekinbideak abian jarri direnez, pentsatzekoa da honek guraso zenbaiten erabilera zapuztuko zuela eta, bidenabar, beren seme-alabena.

Gazteen erabilera tasa positiboa da, ez soilik bi herrialde hauetan, baita Bizkaia eta Gipuzkoan ere. Joera orokor baten aurrean gaude, beraz. Bi taldeon artean, ordea, diferentzia, ezagutza mailarekin loturik, hazkunde tasan dago. Izan ere, Araba eta Nafarroa Garaian, hurrenez hurren, hazkunde tasa % 3 eta %7koa izan da eta Bizkaia eta Gipuzkoan % 18 eta %16koa.

Dena den, herrialdeen arteko diferentzia hauei erreparatuz, azpimarratzekoa da Araba, batezbesteko hazkunde erritmotik oso urrun dabilela eta Gipuzkoaren hazkunde tasa denetan indartsuena dela. Gipuzkoako erabilera Bizkaikoaren pare badago ere, gazteen artean euskaldun kopurua bikoitza da eta horrek hazkundearen proportzioa are esanguratsuagoa egiten du. Datu honek "masa kritikoaren" beharra adierazi dutenen iritzia sendotzen du (Xabier Isasi, 2000).Izan ere, Gipuzkoak ezagutza ia % 60koa duelarik, hazkunde erritmo handienetakoa baitu, Bizkaiako hazkundeak baino nabarmen handiagoa.

Gipuzkoa eta Bizkaian, gorako joera nagusi bada ere, azpimarratzekoa da Bizkaiarenak direla talde guztietan igoerarik indartsuenak. Bizkaiaren kasuan, halaber, haurren eta gazteen hazkundea ia parekoa da (%29 eta %28, hurrenez hurren). Gipuzkoaren kasuan, berriz, gazteak dabiltza indartsuen (%16) eta haurren hazkunde proportzioa laukoiztuz. Ez da erraza ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioari erreparatuz desberdintasun hori azaltzea. Izan ere, Gipuzkoan haurren ezagutza %74.24 izanda, erabilera %43,7 da (bien arteko korrelazioa: 0.6). Gazteen ezagutza, berriz, %59,6 izanda, erabilera %32.6 da (bien arteko korrelazioa 0.5). Beraz, zer dela eta dago alde hau taldeon hazkunde tasaren artean Gipuzkoan?

Lanaren hasieran esan dugu lau urte hauetan, ez eta aurrekoetan ere, ez dela erabilera ohiturak aldatzeko ekinbide orokorrik indarrean jarri. Beraz, Gipuzkoan euskararen bidera etorri direnak inguru euskaldunetan bizi direla pentsatu beharko dugu. Hots, etorkizunean erdaraz mintzo diren taldeetan eragin ezean, erabilera goia jotzera iristen ari dela pentsatzen hasi beharko dugu.

Hazkunde tasak Bizkaia eta Gipuzkoan. 1997-2001 urteen artekoa

Eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Gipuzkoa

+ % 4

+ % 16

+ % 2

- % 6

Bizkaia

+ % 29

+ % 28

+ % 10

+ % 1

2. taula

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioari erreparatuz, korrelaziorik altuena herrialderik euskaldunenetan gertatzen da eta joera bertsua dute adin talde guztiek. Ondorio hau bat dator Olatz Altunak emaitzak aztertzerakoan aurkitutako datuekin, hau da zenbat eta euskaldun gehiago, proportzioan orduan eta erabilera handiagoa. Beraz, lan honen hasieran esandakoa ekarri behar dugu hona: adin taldeen ezagutza bermatu arren; adin taldeei kultur jarduerak euskaraz eskainita ere, hizkuntza erabilera arauari dagokionez, adinez taldekide izateak baino eragin handiagoa du inguruko gizartearen joerak, baita adin taldearen beraren baitako ohituretan ere.

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa. 1997 eta 2001 urteen artekoa

Eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Gipuzkoa

0,6

0,5

0,6

0,5

Bizkaia

0,4

0,3

0,5

0,5

Araba

0,1

0,2

0,3

0,1

Nafarroa garaia

0,5

0,5

0,7

0,6

Hego Euskal Herria

0,4

0,4

0,5

0,5

3. taula

Hiriburuak

Hiriburuen artean alderatzen hasita, argazkiak oso dira desberdinak. Azpimarratzekoa, beharbada, joera orokorraren kontra bada ere, gazteen erabilerak Gasteizen ez duela aurrerakuntzarik (%0) eta Bilbon atzera egiten duela (-%12). Hipotesi bat baino gehiago formula liteke datu hauekin. Agerian uzten du, ordea, hiriburu izaera, urbanotasuna alegia, ez dagoela zuzenean euskararen galbidearekin loturik (Donostia eta Iruñea lekuko). Eta, hiriburuetan badagoela euskararen kontra egiten duen indar bat (kultura urbanoa, euskaldunen sarearen ahultasuna…). Interesgarria litzateke diferentzia hori zertan datzan argitzea. Euskaldunen proportzioari ote dagokio? Sare sozialen trinkotasunari?

Bitxia bada ere, Gasteizen helduen erabilerak gora egiten du (+0.5 puntu), Donostian ere bai (+1.1 puntu), eta aldiz, Bilbon ez da horrelako fenomenorik ikusten (–0.2 puntu). Hau zeri zor zaio? Helduen populazioa jatorri soziolinguistikoari dagokionez desberdina ote da? (Alegia, Gasteizko euskaldun gehienak beste eskualdetatik etorritako "euskaldun “zaharrak" direla, kontzientzia eta konpromiso maila altuagoa dutenak, eta Bilbon, aldiz, honelako populazioak ez duela horrenbesteko indarrik?).

Iruñean eta Donostian haur eta gazteen erabilerak gora egiten badu ere, Iruñeako hazkundean, haurren joera Euskal Herrian batezbeste dagoenaren gainetik dago (%9ko hazkunde tasa) eta, aldiz, gazteena oso azpitik (%1). Beraz, hemen ere, ondorioen bila joz gero, pentsatu beharko dugu, erabilera aukerak haurren munduan daudela (eta helduek gogoz eusten diotela euskaraz mintzatzeko joerari) eta gazteenean gauzak ezer gutxi aldatu direla. Donostiako hazkundea nabarmena da haur eta gazteen eremuetan. Gazteen hazkundeak, ordea, haurrena bikoiztu egiten du (%35 eta %17 hurrenez hurren). Gogora herrialde osoari erreparatuz, proportzioa laukoitza dela.

Adinekoen jaitsiera nabarmena da hiriburu guztietan, aipatzekoa da, ordea, Iruñean eta Gasteizen ia erabat desagertu dela (erabilera %0.20 eta %0.31 da hurrenez hurren).

Erabileraren hazkunde tasa hiriburuetan. 1997-2001 urteen artekoa

Eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Gasteiz

-25%

0%

20%

-67%

Donostia

17%

35%

9%

-10%

Bilbo

26%

-12%

-6%

-32%

Iruñea

9%

1%

-17%

-92%

4. taula

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioari erreparatuz, herrialdeez esandakoa berretsi behar dugu hiriburuen kasuan. Hiriburuen artean, Gasteiz da, oro har, korrelaziorik baxuena duena. Bilbon ere, gazteen kasuan egoera gainerako adin taldeena baino kaskarragoa da.

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa hiriburuetan. 1997-2001 urteen artekoa

Eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Gasteiz

0,1

0,2

0,3

0,1

Donostia

0,5

0,4

0,5

0,2

Bilbo

0,3

0,2

0,4

0,1

Iruñea

0,3

0,3

0,4

0,0

5. taula

Eskualdeak

Lan hau egiteko bazterrean utzi ditugu laginik txikiena zuten bost eskualdeak (Arabako ibarrak, Arabako mendialdea, Errioxa arabarra, Nafarroa erdialdeko ekialdea eta Erribera garaia).

Ezagutzaren arabera hiru multzotan sailkatu ondoren (batezbeste ezagutza %100 eta %60 bitartean dutenak, %59 eta %30 bitartean dutenak eta %29 eta %5 bitartean dutenak), multzo hauetan ezagutza eta erabileraren harteko aldea eta bakoitzaren hazkunde tasa kalkulatu ditugu.

Ezagutza eta erabileraren arteko alderik txikiena zonalde euskaldunetako haurren artean gertatzen da. Haurrena parekatzea lortzen dute gazte eta helduek, ez gainditzea. Bigarren multzoko herrietan (ezagutza %59 eta %30), berriz, korrelazioan emaitzarik altuena, oro har, helduen artean gertatzen da, badirudi, adin talde hau dela hizkuntza identitatea eta erabilera ohiturak sendoen dituen taldea, eta beraz, gazteleraren bultzadaren aurrean egonkorrena. Zonalde erdaldunenetan gertaera hori are nabarmenago ikusten da.

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa:

Ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa eskualdeetan. 1997 eta 2001 urteen artekoa

 

eskualdea

haurrak

gazteak helduak

adinekoak

Ezagutza %100 - %60

Markina-Ondarroa

0,9

0,8

0,8

0,8

Urola-Kostaldea

0,8

0,8

0,7

0,8

Gernika-Bermeo

0,8

0,6

0,7

0,8

Tolosaldea

0,7

0,6

0,6

0,6

Deba Garaia

0,7

0,6

0,6

0,6

Ipar-mendebaldea

0,6

0,7

0,5

0,7

           

Ezagutza

%59 - %30

Goierri

0,6

0,6

0,5

0,5

Deba Beherea

0,6

0,6

0,6

0,6

Arrati Nerbioi

0,4

0,4

0,5

0,6

Plentzia-Mungia

0,4

0,3

0,5

0,6

Durangaldea

0,5

0,4

0,5

0,6

Donostialdea

0,5

0,4

0,5

0,3

Bidasoa Beherea

0,3

0,3

0,4

0,5

Gorbeia Inguruak

0,5

0,5

0,5

0,6

           

Ezagutza %29- %5

Kantauri Arabarra

0,1

0,1

0,2

0,1

Bilbo Handia

0,3

0,2

0,4

0,2

Arabako Lautada

0,1

0,2

0,3

0,1

Pirinioaldea

0,3

0,4

0,5

0,2

Enkartazioak

0,1

0,0

0,6

0,1

Iruña

0,3

0,2

0,5

0,1

Estellerria

0,2

0,4

0,7

0,6

6. taula

 

Hazkunde tasari erreparatuz, berriz, zonalderik euskalduneneko eskualdeen artean azpimarratzekoa da Gernika-Bermeo eta Deba Garaiaren hazkunde tasa indartsua gazte eta helduen artean (Gernika Bermeon gazteak + %24 eta helduak +%20). Urola-Kostaldean eta Nafarroako Ipar Mendebaldean, ostera, hazkunde tasa negatiboa izan dute haur eta helduek (Urola-Kostaldean haurrek -%7 eta helduek -%9). Honek arestian haurren erabilera ohituretan helduek duten eraginaz esan duguna baieztatzen duelakoan gaude. Hots, helduek atzera egiten duten eremuetan haurrek ere beste hainbeste egiten dute. Hori Nafarroako Ipar Mendebaldean, bizi duten erasoak eraginda, ulergarria izan daiteke, ez da, ordea, oso ulergarria Urola-Kostaldean gertatzen dena.

Bigarren zonaldean gazteen taldea da, oro har, hazkundean indartsuen dabilena. Aipatzekoa da, ordea, bigarren taldeko eskualdeen artean zenbaitek duen hazkunde indarra. Durangaldea eta Plentzia-Mungia inguruan haur, gazte eta helduen artean erabilerak izan duen handitzeko indarra nabarmena da (ikus taula). Dena den, hazkunde joera horren ondoan aipatzekoa da ezagutza eta erabileraren artean dagoen korrelazioa bi eskualde horietan ez dela talde bereko gainerako eskualdeena baino hobea, eta gazteen kasuan, Plentzia-Mungian, baxuenetakoa (0.3).

Multzo honetako eskualdeetan, herrialde eta hiriburuetan bezalaxe, haur eta helduen erabileraren artean dagoen lotura agerian dago. Horien artean behera egin dutenak:

- Goierri (Helduak -%14, haurrak -%8)
- Arrati-Nervioi (Helduak -%17, haurrak -%25)
- Gorbeia inguruak (Helduak -%29, haurrak -%17)

Goierri (ezagutza %59.3, haurrak %85,4 eta Arrati-Nervioi (ezagutza %56.5, haurrak %80.7) eskualdeen bilakaera orokorra kezkatzekoa da. Izan ere, euskaldunak nagusi izan arren, erabilera txikitu egin da, eta beraz hazkunde tasa negatiboa da. Hipotesi mailan esan daiteke bi eskualde hauek, baserrialdea oso zabala eta euskalduna izan arren, jarduera industrialei eta hiriburuarekin lotzen diren errepideen ondoan egonik, kanpoko populazio asko hartzen dutela eta horrek, hein batean erdararen nagusitasun araua (F.X. Vila, 1998) indartzen duela.

Zonalderik erdaldunenean (Ezagutza %29 eta %5 bitartean) denetarik ikusiko dugu, hazkunde tasa positibo eta negatiboak daude. Ez da, erraza, ordea, lagin horren txikiak ditugun eskualdeetan ondorio zehatzak ateratzea. Ondorio argia da, ordea, haur eta helduen erabileraren artean korrelazio nabarmena dagoela. Helduak atzentzen direnean haurrek ere beste hainbeste egiten dute. Eta aldi berean, gazteak dira, zonalde hauetan ere erabileran sasoitsuen dabiltzanak.

 

eskualdea

Haurrak

Gazteak

Helduak

Adinekoak

Ezagutza %100 - %60

Markina-Ondarroa

2%

7%

-2%

-7%

Urola-Kostaldea

-7%

1%

-9%

-10%

Gernika-Bermeo

8%

24%

20%

-2%

Tolosaldea

5%

1%

2%

-9%

Deba Garaia

10%

7%

11%

-2%

Ipar-mendebaldea

-11%

20%

-4%

-4%

           

Ezagutza

%59 - %30

Goierri

-8%

13%

-14%

-25%

Deba Beherea

16%

51%

32%

7%

Arrati Nerbioi

-25%

1%

-17%

-12%

Plentzia-Mungia

19%

38%

5%

-2%

Durangaldea

4%

40%

10%

33%

Donostialdea

9%

26%

5%

-5%

Bidasoa Beherea

-1%

51%

28%

24%

Gorbeia Inguruak

-17%

7%

-29%

-8%

           

Ezagutza %29- %5

Kantauri Arabarra

-15%

55%

-52%

16%

Bilbo Handia

79%

16%

14%

14%

Arabako Lautada

-23%

0%

19%

-63%

Pirinioaldea

-39%

-17%

-54%

-48%

Enkartazioak

61%

27%

120%

0%

Iruña

17%

3%

4%

-89%

Estellerria

-43%

25%

-27%

0%

           

7. taula

ONDORIOAK

Gazteek oro har erakutsi diguten hazkunde indarra azpimarratzekoa da, are gehiago, zonalderik gaztazkatsuenetan ere indar hori bizirik egotea benetan adierazle indartsua da. Ez dugu, ordea, gazteenen hazkundearekin itsutu behar. Izan ere, ezagutza maila orokorrak ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioan berebiziko eragina duen neurrian, badirudi adin talde guztietan erabilera aukerak eta ohiturak sendotuko dituen ekimenak abian jarri ezean nekez lortuko dela ezagutzatik erabilerarako urratsa ematea. Haur eta helduen kasuan ageri agerian dagoen loturak, behin eta berriro ikusi duguna, norabide hori adierazten digu.

Haur eta helduen erabilera ohiturez ari garela, ordea, esan beharrekoa da, zenbait eremutan ikusi dugu atzerakada benetan kezkatzekoa dela. Atzerakada hori zerk eragin duen galdetu beharko diogu geure buruari. Argi dago, ordea, geroan lan indartsuagoa egin beharko dela gurasoen jarrera eta ohiturak landu eta hauek seme-alabentzat hizkuntza eredu egokiagoa gerta daitezen. Gaur gaurkoz helduen artean multzo batek (zein ezaugarri dituen aztertu beharko) euskararen erabileran atzera egin du eta horrek berehalako eragina izan du haurren erabileran.

Izan ere, eta adin taldeak gogoan ditugula, badirudi erabilera ohiturak ez dituela hiztunaren adin-taldeak finkatzen. Beraz, haur eta gazteen artean ezagutza maila gorena dugun eskualdeetan ere, nekez lortzen da ezagutza eta erabileraren arteko korrelazioa handiagoa izatea. Zer egingo dugu datozen urteetan korrelazio hori handiagoa izan dadin?

Adinekoen bilakaera, berriz, espero zen moduan negatiboa da. Dena den, eskualde guztietan beherakada ez da neurri berekoa eta zenbaitetan errekuperazio zantzuak ere badaude. Beraz, errekuperazio bidea erakutsi duten eskualde horietan euskararen aldeko erabilera ohiturak indartu edo itzalpetik atera direla pentsatzen hasi beharko dugu.

Neurketa honek normalkuntza lana behar den oinarri zientifikoa hartuta egin dadin gaur gaurkoz esku artean ez ditugun datuak eskuratzea eskatzen du. Hori dela eta komenigarria litzateke gutxienik hiru ikerlerro zabaltzea. Bata haur eta helduen arteko korrelazioaz eta berau indartzeko aukerez; bestea gazteen joeraz, batez ere, egoerarik egokiena eta desegokiena bizi dituzten zonaldeetan zer gertatu den ezagutzeko; eta hirugarrena atzerakada orokorra egin duten eskualdealdeetan gertatu dena ikertzeko.

BIBLIOGRAFIA

Mtz. de Luna, I. (zuz.), (2000): Etorkizuna Aurreikusten 99, Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Amorrortu, E. (2001): Elkartasuna eta estatusa hizkuntza jarreretan: euskararen erabilera aurreikusten in BAT 40, 79-86. or).

Isasi, X. (2000): Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta normalkuntza In BAT 36, 11-25. or.)

Vila i Moreno, F.X. (1998): Konjuntzio-eredua eta hizkuntz erabilera Santa Coloma de Grameneten, in BAT 26, 83-92. or)

 


 

[1] Hizkuntzen urteak ederki erakutsi badigu ere, hizkuntza hegemonikoek ez dutela bere botere esparrua utzi nahi.

[2] Azterketa hau egiteko ez ditugu Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereako datuak aintzat hartu, egin nahi dugun moduko lana egiteko adin talde bakoitzean neurtutako pertsona kopuruari murritzegia iritzi diogulako.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2002