Euskal Herria, soziolinguistika eta kale neurketa

Gaurko egoeran eta aurrerapausoak bilatu behar ditugu derrigorrezkoa da euskaldunon kopurua handitu eta erabilerarako testuingurua sortzea, baldintza positiboak garatzea: egoerak ez du gehiagorako ematen eta gaurkoan jarraituz gero beheranzko joerak indartuz joan daitezke, gizarte eta politika joera indartsuak medio

Euskararen aldeko herri mugimendutik egoera orokor honen aurrean jarri dugun estrategia normalkuntza plangintza estrategikoak garatzea da: euskararen normalizazio osoa Euskal herri osoan esparru guztietan, gizarte eragileak inplikatuz eta berauen aldaketa soziolinguistikoa bultzatuz, herriz herri normalizazio plangintza orokorrak garatuz

Alde batetik zera azpimarratu behar genuke, gure herriaren berreuskalduntzea helburu estrategikotzat dugun guztiontzat hizkuntza politikak ere maila horretako garrantzia daukala eta horren azpiegituraren atal batek egoera soziolinguistikoaz arduratu behar duela. Ikerketa soziolinguistikoak kokapen bat edo beste izango du, eta dauka gaur ere, dauzkagun hizkuntza politikakoetako helburuen arabera.

Ildo horretan, lehendabizi agerian jarri beharrekoa da Euskal Herriak gaur oraindik ez duela horrelako azpiegiturarik, nahiz eta bere beharra argia izan hizkuntzaren egoera arrisku bizian den herri batentzat. Horrekin lotuta ere, agerian utzi beharko genuke lurralde hauetan diharduten unibertsitateek soziolinguistikari eman izan dioten garrantzia eskasa : departamentu batzuetako pertsonen arduran gelditu eta hortik bideratu izan dira ekimen apurrak(ikastaroak,...). Euskararen aldeko mugimenduak, eta oro har euskalgintzak askotan jo behar izan du soziolinguistikara, gure errealitatea ezagutzeko asmoz eta bere kasa sortu behar izan ditu bitartekoak horri erantzuteko. Hala ere, beti bezala bitarteko gutxiz, baina herri ekimenak erantzun dio alor honi ere: hor dugu kale neurketa eta Soziolinguistika Institutua sortzeko asmoa.

Hala ere garbi dago gure herriaren behar honi erantzun instituzionala ere eman beharra dagoela eta poliki bada ere gure herria osoki egituratzen joateko ahaleginak abian jartzen diren neurrian (Udalbiltzaren asmoa) beharra plazaratu eta erantzunak eskatu behar ditugu, orain arte modu zatikatuan hainbat erakundek bideratu dituzten ikerketak Euskal Herri osoko ikusmiratik aztertzen hasteko, ikusmira hori falta baita gaur.

Bestaldetik argitu behar da ere gaur arte gure herri zatitu honen erakunde administratiboek ikerketa soziolinguistikoa beren politika zuritzeko erabili izan dutela eta erabiltzen dutela: EAEko administrazioak funtsean irakaskuntzaren bidezko ahaleginak ekarri duen euskaldunen kopuruaren handitzea azaltzeko erabili du, jakina EAEko hiru lurraldeetan, Nafarroan eta Iparraldean mantentzea eta galera bizia baino ez baitago.

Hala ere, 90erako, herri ekimenak egin azterketek erakusten zuten euskalduntze indarraren motelaldia , batez ere helduen euskalduntzearen ekarpen gero eta txikiagoa erakutsiz. Ez alperrik hamarkada osoan zehar, administrazio autonomiko sortu berriak, indartsu ari zen herri ekimena (AEK) suntsitzen saiatu zen.

Irakaskuntzatik zetorren ezagutzaren handitzeak ez zuela bere horretan erabileraren handitzea ekartzen argi geldituz joan zen 80.eko hamarkadan zehar. Erabilerak bere baldintzak eskatzen dituela, hizkuntza politika batek sortu eta garatu behar dituen baldintzak, normalkuntzarako plangintza orokorra funtsean. Aldarrikapen hau herri ekimenak 80.eko hamarkadan zehar plazaratu bazuen ere, inolako erantzun instituzionalik ez zuen izan. 90. hamarkadan berriz, eta eskola inguruan erabilera indartzeko hamaika ahalegin jarri ondoren, gizartearen eragina ume eta gazteen hizkuntz erabileran agerian gelditu da, eta hamarkadaren bukaera aldera planteatzen da erabileraren arazoari erantzuna emateko biziberritzeko plangintza bat, zeinak berriz ere euskalgintzaren aurrean politika bat saltzeko eta herri ekimena indargetzeko egina dirudien, orain arte azaldu duen seriotasun eskasa ikusita .

Azkenik, erabilera neurketek agerian jarri dute euskararen presentzia sozial txikia gaurko testuinguru soziolinguistikoan, nahiz eta gaurko euskaldunon kopuruarekin alderatuta fideltasun maila handia erakutsi. Honek berriz ere agerian jartzen du euskararen aldeko diskriminazio positiboa sortzeko beharra jendarteko erabileran ere: lehentasuna hainbat lanetan, kuotak derrigortu komunikabideetan, hizkuntza politika ezarri zerbitzuetan, etab.

Gaurko egoeran eta aurrerapausoak bilatu behar ditugu derrigorrezkoa da euskaldunon kopurua handitu eta erabilerarako testuingurua sortzea, baldintza positiboak garatzea: egoerak ez du gehiagorako ematen eta gaurkoan jarraituz gero beheranzko joerak indartuz joan daitezke, gizarte eta politika joera indartsuak medio: herri honetan euskararik gabe lasai bizi daitekeenaren sentipena indartuz doa, gaztelaniaren birsorkuntza bitartekoak indartsu ari dira, migrazio sozialak eta demografia ez daude euskararen alde.

Euskararen aldeko herri mugimendutik egoera orokor honen aurrean jarri dugun estrategia normalkuntza plangintza estrategikoak garatzea da: euskararen normalizazio osoa Euskal herri osoan esparru guztietan, gizarte eragileak inplikatuz eta berauen aldaketa soziolinguistikoa bultzatuz, herriz herri normalizazio plangintza orokorrak garatuz. Soziolinguistikaren ekarpena une honetan horretan jarri beharko genuke, plangintzen metodologian sakonduz eta neurketa sistema eraginkorrak aukeran jarriz, honen gaineko ikerketak era bultzatuz.

Administrazioak berak hainbat tokitan jarritako plangintza mugatu horiek: administraziorako perfil eta erabilera planak batez ere, neurketa zorrotza eskatzen dute, izan ere, arlo horretan garatu den politika eta metodologiaren gabeziak begi bistan dira edozeinentzat, ez dute aurrerapauso errealik ekarri administrazioaren funtzionamenduan eta gaztelaniaren, eta honen sustatzaileen, mendetasun politiko izugarria erakusten dute.

Ekin diezaiogun bada Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ikerketa lana nazio ikuspegiz antolatzeari, aldarrikatu dezagun benetan euskararen aldeko politika positiboa arloz arlo, eta bitartean gara dezagun modu ahalik eta txukunean arlokako eta herrietako normalizazio plangintza ahalik eta gehien, horien inguruko ikerketa soziolinguistiko aberatsa eta eraginkorra eginez.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Juan Mari Mendizabal
Urtea: 
2002