Eusko soziolinguistika: hiru iturriak. Balioztapen kritikoa

Hiru eragiketa-motak jarraipena izateko, aldian behin egiteko asmoarekin sortu ziren. Ez bakarrik bilakaera aztertzeko xedez. Informazio-bilketako zorroztasun metodologiko eta teknikoaz gain, baitezpadakoa da —zientifikoki baliozkoa izango bada— informazio hori konparagarritasunaren bahetik igarotzea. Konparagarritasuna, beste iturri batzuekin ez ezik, denborako beste une batzuekin ere. Egiaz, hirugarren datu-bilketa izan arte, ez daiteke datu baten kalitatea eta haren esplikagarritasuna zehaztea

Hiru metodoek ere, behar bezala aplikatuta (horrek, azken bi kasuetan, inkestatzaileen prestakuntza zabala eta zehatza eskatzen du, bai eta landa-lanaren kontrol zorrotza ere), kalitateko informazioak eman ditzakete. Literatura zientifikoa ez ohi da bat etorri metodo baten edo bestearen ontasunei buruz. Hala ere, garbi izan behar dugu, beti, formularioa norberak betetzeak izaera subjektiboa duela betiere (badakigu arabarrek euren euskara-jakintzak neurriz gain balioztatzeko joera dutela, eta gipuzkoarrek, ordea, neurriz behera balioztatzekoa). Inkestek, aitzitik, galdera-sail zabalagoez eta iragazkiez, informazio objektiboagoa jaso ohi dute. Esan dezagun berriz ere: agente «behatzaile»ak ondo hezteak eta bilketa-lana zehatz-mehatz prestatu eta kontrolatzeak, inondik ere, datu objektiborik onenak eskain ditzake, hirugarren bilketa-teknikaren bidez

esan dezagun azken 20 urte honetan ia beste inon ez bezalako aberastasuna duen datu-bankua eratu dela, askotarikoak baina osagarriak —eta, kasu askotan, egiaztagarriak— diren iturriak erabiliz

Dagoeneko ezagut dezakegu euskararen errealitatea

«Euskalduna euskara bidegabe esesten duten neurrian bere hizkuntzari indar handiagoz atxikitzea, arrotzak euskarari buruzko interesa erakutsi eta esaldiren batzuk lardaskatzen dituenean poztea, arrotzari hizkuntzaren berezitasun eta ezaugarri guztiak —eta, batez ere, euskal hitz gehienetan sartuta dauden esanahien sekretua— esplikatzen saiatzea, oso naturala da.»

Wilhem von Humboldt. «Los vascos».

Hitz haietatik guganaino, 200 urtetik gora igaro dira. Aldi horretan, apenas izan den Euskal Herriko hizkuntzen eta euskal gizartearen arteko harremanak aztertzeko saio sistematikorik, joan den mendeko azken laurdena arte. Baieztapen hau egitean, badakigu, jakin, harreman horiei buruzko jakintzaren oinarrietako asko ondorengo hauek landu zutela: Bonaparte printzeak, Irigaraik edo Irizarrek —euren mapekin—, Luis C. Nuñezek, Joan Mari Torrealdaik, Maria Jose Azurmendik eta, bereziki, SIADECO taldeak.

Administrazio autonomoa garatzearekin eta Soziolinguistika zientzia gisa haztearekin berarekin batera, joan den mendeko 80ko hamarkadan jaio ziren, euskararen gizarte-gertaeraren inguruan, kontzeptuzko funtsaz eta oinarri enpirikoaz hornitutako jakintza-corpus bat eratzeko lehenengo saiakera serioak. Euskararen egoera zehatz deskribatzeko eta haren etorkizuna antolatzeko asmoarekin ez ezik, haren gizarte-funtzioen, esku hartzen duen kultura- eta gizarte-prozesuen azterketaren ikuspegitik ere.

Jakintza-corpus hori eratzeko, kontzeptualizatzeaz, lan-hipotesia definitzeaz eta ikerketa-metodologiak lantzeaz gain, informazioa bildu da Euskal Herriko gizartean; bai eta euskal kulturaren unibertso sinbolikoan parte hartzen dutenen artean ere (ez ditzakegu alde bat utzi euskotar emigratzaileak, Penintsulako beste alde batzuetara edo Penintsulatik kanpora joan direnak).

Jarraian, zehazki deskribatuko dugu gure ustez eusko soziolinguistikaren liburutegi enpiriko edo estatistikoaren hiru zutabeak diren horiek. Hainbat izango lirateke haren geletako alde noblean onartzeko irizpideak: kontzeptualizazio eta metodologia agerikoa eta argia, aldian behingo bilketa, eta gutxieneko biztanle- eta espazio-eremua. Zutabeez mintzatuko gara, ez eraikinaz. Bazterrean utziko ditugu, baina ahaztu gabe, SIADECOk 70eko hamarkadaren erdialdean egindako funtsezko azterlanak; Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 80ko hamarkadaren hasieran euskarari buruzko jarreren gainean egindako azterketa; eta espazio-, gai- edo biztanleria-eremu murritzeko beste hainbat eta hainbat azterlan.

Informazio-bilketako hiru eragiketa nagusiri buruzko gutxieneko deskribapena eta balioztapena egingo dugu, estatistika-metodologiaren ikuspegitik. Hiru eragiketa hauek dira: biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak (BIETZ); inkesta soziolinguistikoa (ISL), Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egina; eta EKB-SEI taldeak euskararen kaleko erabilerari buruz egindako azterketa.

Iturri horien euskarri diren kontzeptu- eta teoria-egituren kritika saihestu eta hizkuntzalaritzaren nahiz gizartearen ikertzaileen esku utzita, esan dezakegu hiru bilketa-eragiketek euskaldun- eta/edo euskotar-komunitatearen eremurik handiena hartu nahi dutela euren baitan. Alde batetik, bai ISLak eta bai EKB-SEIren azterlanak Euskal Herriko hiru erkidegoak hartzen dituzte kontuan: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. BIETZek, aldiz, lehenengo biak besterik ez dituzte aintzat hartu, kontuan izanda euskararen lehenbiziko zentsuak, 1981ekoak, ez zuela Nafarroa aztertu. «Laugarren erkidegoa», diasporakoa edo emigratzaileena, hiru iturrien neurketetatik at geratu da.

Hiru eragiketa-motak jarraipena izateko, aldian behin egiteko asmoarekin sortu ziren. Ez bakarrik bilakaera aztertzeko xedez. Informazio-bilketako zorroztasun metodologiko eta teknikoaz gain, baitezpadakoa da —zientifikoki baliozkoa izango bada— informazio hori konparagarritasunaren bahetik igarotzea. Konparagarritasuna, beste iturri batzuekin ez ezik, denborako beste une batzuekin ere. Egiaz, hirugarren datu-bilketa izan arte, ez daiteke datu baten kalitatea eta haren esplikagarritasuna zehaztea.

Bost urtero dugu zentsu-informazioa: 1981, 1986, 1991, 1996 eta, laster, 2001ekoa. ISLa ere bost urtean behin egiten da, zentsuekin batera: 1991, 1996 eta 2001. EKB-SEIren azterketa, berriz, maizago egiten da, lau urtez behin: 1989, 1993, 1997 y 2001. Estreinako aldiz, hiru iturrietako emaitzak alderatu ahal izango dira, denbora-erreferentzia berbera dutela.

Ikerketaren biztanleria-eremua da landutako iturriak gehien bereizten dituen ezaugarrietariko bat: BIETZek familia eta biztanle egoiliar guztiak hartzen dituzte; ISLak aztergai dituen biztanlerien lagin adierazgarri bat (5.000 gizabanakokoa) hartzen du; eta, azkenik, EKB-SEIk behaketa-egun eta -orduen (asteazken arratsaldeak eta larunbat goiz-arratsaldeak) eta behatzaileen ibilbideen lagin mistoa egin ohi du (zuzendua eta ausazkoa) 173 udalerrikoa, azken bilketan 241.708 lagunen datuak jasota.

Lehenengo kasuan, ez dago laginketa-errorerik (bai, ordea, eduki- eta estaldura-erroreak). Errore hori neurgarria da edozein laginketa-inkestatan (ISL). Hirugarren kasuan, ezinezkoa da erabilitako laginaren adierazgarritasuna zuzenean balioztatzea. Hiru kasuetan ere, kontuan hartu behar dira aipatutako gabeziak, batez ere zenbat eta murritzagoak izan aztergai diren taldeak.

1986az geroztik, Eustatek zentsu-informazioaren —besteak beste, euskarari buruzko informazioaren— balidazio-azterketak egin izan ditu. Hartara, jasotako erantzunen sendotasuna neurtu nahi izan da (badakigu, konparazio batera, biztanleen %20 gaizki sailkatuta daudela hizkuntza-gaitasunaren aldagaian, dutena baino jakintza handiagoa edo txikiagoa dutela adierazi dutelako). Gainera, estaldura balioztatzen da (ea pertsonak behin baino gehiagotan zenbatu diren edo behin ere zenbatu ez diren).

Bilketa-metodoa ere erruz egiaztatzen da: BIETZak formularioa norberak betetzea dute oinarri (pertsonek inolako presiorik gabe erantzuten dute, edo ez dute erantzuten); ISLak, bereziki prestatutako langileek egindako inkestatzea (bada «bertaratze-presio» bat); eta EKB-SEIk, berriz, zehar-behaketaren metodoa darabil. Hiru metodoek ere, behar bezala aplikatuta (horrek, azken bi kasuetan, inkestatzaileen prestakuntza zabala eta zehatza eskatzen du, bai eta landa-lanaren kontrol zorrotza ere), kalitateko informazioak eman ditzakete. Literatura zientifikoa ez ohi da bat etorri metodo baten edo bestearen ontasunei buruz. Hala ere, garbi izan behar dugu, beti, formularioa norberak betetzeak izaera subjektiboa duela betiere (badakigu arabarrek euren euskara-jakintzak neurriz gain balioztatzeko joera dutela, eta gipuzkoarrek, ordea, neurriz behera balioztatzekoa). Inkestek, aitzitik, galdera-sail zabalagoez eta iragazkiez, informazio objektiboagoa jaso ohi dute. Esan dezagun berriz ere: agente «behatzaile»ak ondo hezteak eta bilketa-lana zehatz-mehatz prestatu eta kontrolatzeak, inondik ere, datu objektiborik onenak eskain ditzake, hirugarren bilketa-teknikaren bidez.

Azkenik, beharrezkoa da eragiketen edukia balioztatzea. Azken iturritik (EKB-SEI) hasita, ikerketaren eremua euskarak kalean benetan duen erabilerara mugatzen da; lurraldea (Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea) eta lau adin-talde handi (2-4 urte, 15-24, 25-64 eta 65etik gora) dira gainerako analisi-aldagaiak.

Zentsuek, 1981ekoaz geroztik, hizkuntza-gaitasuna jaso dute (ulermen-, hizketa-, irakurketa- eta idazketa-mailak); 1986an, ama-hizkuntza gehitu zitzaien; eta 1991n, etxean hitz egiten den hizkuntza. Ezaugarri horiekin batera, gehieneko espazio-desagregazioa dugu (eraikin, kale… bakoitzeko informazioaren berri eman da). Orobat, bada hizkuntza-informazioa bildutako gainerako gizarte- eta demografia-aldagaiekin (sexua, adina, egoera zibila, ikasketak, lanbidea, jaioterria, eta abar) elkartzeko aukera. 1991z geroztik, BIETZek, gainera, euskararen familia-transmisioko azterketak egitea ahalbidetzen dute.

ISLa da euskararen gizarte-gertaeraren kasuistika zabalen biltzen duen eragiketa: gizarte- eta demografia-datuak ez ezik, hor jasota geratzen dira hizkuntza-gaitasuna (euskaraz, espainieraz eta frantsesez), hizkuntzei lotutako familia-giroa, elkarrizketatuen kontaktuko hizkuntza-komunitateak, lan-giroa, hedabideak, euskarari buruzko interesa eta jarrerak, kultura-nortasuna, eta beste. Zentsuek espazio- eta talde-analisi xehekatua egiteko aukera eskaintzen dute (biztanleria osoa aztertzen da); ESLak, berriz, gaika ezin konparatuzko sakontasunaz aztertzea ahalbidetzen du.

Ondorio gisa, esan dezagun azken 20 urte honetan ia beste inon ez bezalako aberastasuna duen datu-bankua eratu dela, askotarikoak baina osagarriak —eta, kasu askotan, egiaztagarriak— diren iturriak erabiliz. Iturriek eurek, haietatik eratorritako literaturak, eta antolatzaile edo parte-hartzaile lanetan aritu garen eztabaidagune eta biltzarrek, garbi erakusten dute eusko soziolinguistika adin nagusira heldua dela. Dagoeneko ezagut dezakegu euskararen errealitatea.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Jesus R. Marcos
Urtea: 
2002