
Gazteek hizkuntzarekin duten harremana euskal soziolinguistikaren arreta-gune nagusietakoa da gaur egun, lehenago izan den bezala. Batetik, gazteengan sumatzen diren joeren bidez etorkizuna aurreikusteko borondateak ezartzen du arreta hori. Bestetik, belaunaldien arteko talkak eta desberdintasunek interesa eta jakinmina pizten dute. Hamaika dira gaiarekin zuzenean edo zeharka lotutako ikerketak, argitalpenak eta jardunaldiak; baina, hala ere, gehiago jakiteko eta hausnartzeko beharra zein grina ez dira agortzen.
Gazteen testuinguruan eta bizimoduan kokatzea aurrez egin beharreko ezinbesteko ariketa da, haien hizkuntza errealitatearengan fokua gerturatu baino lehen. Talde edo gizarte-sektore bezala dituzten ezaugarriei erreparatu dakiekegu lehenik; eta pertsona bezala dituzten ohiturei, harremanei eta pentsaerei, ondoren. Hizkuntzekin, eta bereziki euskararekin, duten harremanari erreparatzerakoan, hizkuntza-gaitasunak, hizkuntza-praktikak eta hizkuntza-ideologiak aztertzea litzateke, besteak beste hurbilpenerako bidea.
2023ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian 14 eta 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeari eskainiko diogu. Hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak eta bizipen horietatik eraikitzen dituzten euskararen gaineko diskurtsoak ezagutzeko eta elkarrekin hausnartzeko topaketa izango da Jardunaldia.
Nola ikusten dute gazteek euskararen egoera? Nola kokatzen dira auzi horren baitan? Zein toki du euskarak euren identitatean? Zein bizipen baikor eta ezkorrekin lotzen dute? Nola ikusten dute euskararen aldeko mugimendu soziala eta kulturala? Nola baloratzen dute erakunde publikoen jarduera? Zer diote helduon diskurtsoez? Nola iristen zaizkie? Nola proiektatzen dute etorkizuna?
Galdera horien eta gehiagoren inguruan jardungo dugu Jardunaldian bilduko garen soziolinguistika ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle eta euskararen aldeko ekintzaileok datorren apirilaren 25ean Hendaiako Gaztelu aretoan. Hitzaldi, aurkezpen, tailer parte hartzaile eta mahai-inguruez osatutako egitarauak gaiari ertz askotatik heltzeko aukera eskainiko du.
OHARRA. Data aldaketa:
Jardunaldia martxoaren 23an zen egitekoa, baina atzeratu eta beste data batera pasa da. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia. Edonola ere, data berri bat iragartzeko moduan gaude: APIRILAREN 25EAN EGINGO DA EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA. Lehen bezala, goizeko 9:15etatik 17:00ra Hendaiako Gaztelu Aretoan.
Lehendik izena emanda dauden pertsonen izen-ematea mantendu egingo da. Beraz, ez da beharrezkoa apirilaren 25eko jardunaldian parte hartzeko asmoa duenak ezer egitea. Apirilaren 25ean jardunaldian parte hartzeko aukerarik ez duenak eta izen-ematea bertan behera utzi behar duenak mezu bat bidali behar du kluster@soziolinguistika.eus helbidera. Bertatik kudeatuko dira ordainketen itzulera eta fakturekin lotutakoak. Era berean, data berri honetan parte hartu nahi duen jendea hartzeko, izen-emateko aukera berriro zabaldu da eta apirilaren 20ra arte zabalik izango da.
Jakitun gara abisu hau azken unean emateak ekar ditzakeen ondorioez, baina neurri handi batean antolakuntzaren esku ez dauden arrazoien ondorio denez, ulertuko duzuelakoan. Edozein iruzkin edo zalantzarekin jar zaitezte Soziolinguistika Klusterrarekin harremanean.
9:15- | Irekiera
Hendaiako Herriko Etxea, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Jaurlaritza, Soziolinguistika Klusterra |
9:30- | Ipar Euskal Herriaren egoera datutan
Eneko Gorri (Plazara Kooperatiba) |
10:15- | Gazteen gaineko zenbait ikerketaren gakoak
Miren Artetxe (Euskal Herriko Unibertsitatea) |
11:15 | ATSEDENALDIA |
11:45 | Esperientzien bideo-bilduma
Seaska, Euskarabentura, Libertimenduak, Euskal Herria Zuzenean, Geruzak, Hezten eta Emun |
12:15 | Talde-ariketa |
13:30 | BAZKARIA |
14:30 | Mahai-ingurua: gazteak mintzo
Euskararekiko profil eta ibilbide desberdineko 5 gazte |
16:00 | (Gazteen) hizkuntza-ideologiaz mintzatuko gara?
Jaime Altuna (Euskal Herriko Unibertsitatea) |
17:00 | Itxiera |