IMH Fundazioaren egitasmoa: pertsonen konpromisoak, erakundearen arrakasta

Bestetik, kudeaketa-plana dugu. Euskarari lotutako helburuak eta ekintzak IMHren eta prozesu bakoitzaren kudeaketa-planean txertatuta daude, eta urtean hirutan egiten zaie jarraipena, gainontzekoei bezala. Beraz, urtean hiru aldiz aztertzen dugu, helburuak lortu diren, desbideraketarik gertatzen ari den, eta, horrela bada, hartu beharreko ekintza zuzentzaileak adosten ditugu.

Gainera, enpresa planak aurrekariak izan ditu: “Gurean bai” egitasmoan parte hartu zuten, D eredua 2000 urtean abiatu zen, badira euskararekin aktibatuta dauden pertsonak… Hain zuzen ere, ikasleen demandak gora egitea, eta, ondorioz, gero eta irakasle euskaldun gehiago izatea erabakitzailea da eta izango da prozesu honetan.

Erakundetzea:

teoria sistemikoak kontuan hartuta, pertsonen ohituretan aldaketak lortzeko, inguruneko aldagaietan ere eragin behar da, eta pertsona horiek osatzen dituzten lantaldeak eta egiturak ere landu behar dira. IMHren kasuan, bi bide erabili ditugu

Izan ere, ekipoaren %25k egin du ikastaroren bat, normalean, erabilera helburu bati lotuta, edo erdal hiztunak planari lotzeko helburuarekin: eskolak euskaraz emateko beldurra galdu, itzulpenak, oinarrizko komunikazioa euskaraz, hizkuntza eskakizuna lortu… Autoikaskuntza edo bakarkako ikastaroak dira gehienak; orduz laburrak, eta eraginkorrak.

IMHren esperientziatik ondoriozta dezakegu, erabilera-planak azkartu eta eraginkorragoak egiteko, 7 programei garrantzia ematea komeni dela. Lanaren iparra erabilera izango da, baina oso garrantzitsua da pertsonak motibatzea eta plana erakundetzea. Hain zuzen ere, horregatik diogu, pertsonen konpromisoak erakundearen arrakasta dakarrela.

SARRERA

Makina Erremintaren Institutua [IMH] Elgoibarren kokatuta dago. Berrikuntza teknologikorako zentroa da, eta prestakuntza teknikoa ez ezik, teknologiaren hedapenaren eremuan ere dihardu.
91 langile ditu, eta erdi zein goi mailako Lanbide Heziketako ikasketak emateaz gain, Lanbide Heziketa Iraunkorra eta Okupazionala, eta IMH Ingeniaritza eredu berritzailea eskaintzen ditu . Horiekin batera, langileen gaitasunen kudeaketari lotutako aholkularitza ematen die enpresei (INCRESS), nazioarteko proiektuak garatzen ditu (Malasia, Txina, Txile…), eta hezkuntza eredu eta metodologia berriak ikertu eta garatzen ditu.

BAT aldizkariaren 51. zenbakian, “Lanbide Heziketa eta Euskara” dosierraren barruan, Makina Erremintaren Institutuaren GOAZEN plana aurkeztu genuen. Bertan, 2003ko diagnostikoaren datuez gain, proposatutako interbentzio eredua deskribatu, 2004 kudeaketa-planaren laburpena egin, eta Gogoeta Estrategikoaren aurreneko emaitzak azaldu genituen.
Ale honetan, berriz, orain arteko ibilbidearen emaitzak aurkeztu, eta horretan lagungarri izan zaizkigun gakoen inguruko hausnarketa egingo dugu.

EMAITZAK NEURTZEKO BIDEAK

Bi bidetatik lortzen ditugu planaren bilakaera ezagutzeko lagungarri zaizkigun datuak:
Batetik, IMHko langileei galdetegia pasatzen zaie erabilera datuen berri eta planari buruzko iritzia jasotzeko. Erantzunak izena dakarrenez, langilez langile azter daiteke, eta ez ditugu kontuan izaten alde egindakoen edo iritsi berrien erantzunak, ezin baitira alderatu.
Bide hori hautatu dugu, bestelako ahozko neurketarik-eta egin gabe, eraginkorra bezain erraza delako. Jakin badakigu, horrelako inkestetan nolabaiteko desbideraketa gerta daitekeela, izan ere, inkestatuaren joera izaten da bere ustez galdetzaileak entzun nahi duena esatekoa. Hala eta guztiz ere, gainontzeko sistemek ere izaten dituzte desbideraketak, eta azken finean, datu zehatzak lortzea zaila denez, joeretatik ateratzen ditugu ondorioak. Gainera, konfiantza giroan egiten denez, ez dago gezurra esateko premiarik.


Bestetik, kudeaketa-plana dugu. Euskarari lotutako helburuak eta ekintzak IMHren eta prozesu bakoitzaren kudeaketa-planean txertatuta daude, eta urtean hirutan egiten zaie jarraipena, gainontzekoei bezala. Beraz, urtean hiru aldiz aztertzen dugu, helburuak lortu diren, desbideraketarik gertatzen ari den, eta, horrela bada, hartu beharreko ekintza zuzentzaileak adosten ditugu.

GOAZEN EGITASMOAREN EMAITZAK

Aipatutako bi iturriak erabilita, 2003ko udazkenetik hona, IMHn aurrerapauso garrantzitsuak egin direla esan dezakegu. Jarraian ikusiko ditugu esanguratsuak izan daitezkeen datu batzuk: ahozko eta idatzizko erabilerari, hizkuntza paisaiari, eta zerbitzu hizkuntzari buruzkoak.

Erabilera

IMHko langileen %58k lehen baino euskara gehiago egiten duela aitortu du.
Egiten ez dutenek ere horrela antzeman dute, izan ere, langileen %81k uste du lehen baino gehiago egiten dela.

Ahozko erabilera: Ahozko erabileraren adierazleak %6 egin du gora, hau da, langileen %40k aitortu du ahoz beti edo gehiago egiten duela euskara .

Idatzizko erabilera: Idatzizko erabileraren adierazleak %2 egin du gora, hau da, langileen %20k aitortu du idatziz beti edo gehiago erabiltzen duela euskara.


Erregistroz pasatzen diren dokumentuen azterketa eginda, nabarmena da euskara hutsean edo bi eletan irteten diren dokumentuen gorako joera.
Oraindik plana abiatu gabe zegoenean, 2002 eta 2003 urteetan, egoera ona zen, eta plana abiatu zenetik, hobera egin du nabarmen.
2002 urtetik 2004 urtera %11 egin du gora adierazleak.

Hizkuntza paisaia

Tailerreko makinekin plan honen hitoetako bat ematen ari da une honetan. Plana abiatu zenean, ez zegoen euskaraz erabil zitekeen CNC makinarik. Une honetan, programa euskaratzerik duten makina guztiek, FAGOR makinek alegia, hala dute. Hau da, 11 makinen programak aldatzen ari gara, hala nahi duten ikasleek parametro bat aldatuta euskaraz, gaztelaniaz, edo ingelesez erabiltzerik izateko.

Zerbitzu hizkuntza

Arlo guztietan gora egiten ari da. 2003 urtea baino lehen, Hasierako Lanbide Heziketako D ereduan izan ezik, ez zen formaziorik edo aholkularitzarik ematen euskaraz. Azken urtean:

  • -GARATU programako 3 ikastaro eman dira euskaraz, eta beste 3 daude hitzartuta.
  • -OSALANen ikastaro 1 eman da euskaraz.
  • -Lanbide Heziketa Iraunkorrak, lehenengo aldiz, ikastaroak euskaraz eskaini dizkie 800 enpresari. Horietako 22k interesa azaldu dute.
  • - 4 aholkularitza proiektu garatu ditu INCRESSek euskaraz.

ARRAKASTAREN GAKOAK

Arrakastaren gako nagusiak bi dira:
Batetik, erakundearen ezaugarriak dira; eta bestetik, erabilitako metodologia integrala. Azter ditzagun:

1. Ezaugarriak

IMH osatzen duten pertsona gehienek atxikimendu handia dute enpresarekin, eta enpresak pertsonen partehartzea sustatzen du: helburuak adostu egiten dira, proiektuka lan egiten ohituta daude... Enpresa aurreratua da kulturalki.

Gainera, enpresa planak aurrekariak izan ditu: “Gurean bai” egitasmoan parte hartu zuten, D eredua 2000 urtean abiatu zen, badira euskararekin aktibatuta dauden pertsonak… Hain zuzen ere, ikasleen demandak gora egitea, eta, ondorioz, gero eta irakasle euskaldun gehiago izatea erabakitzailea da eta izango da prozesu honetan.

2. Erabilitako metodologia integrala: Ahizeren 7 programak

51. zenbakian azaldu genuen, Ahize hizkuntza-aholkularitzako teknikarion iritziz, helburu nagusia erabilera sustatzea bada ere, planak aurrera egiteko, beste sei arlo ere landu behar dituela: motibazioa, erakundetzea, ezagutza, komunikazioa, finantziazioa eta jarraipena.

Motibazioa: euskara planetan pertsonekin egiten da lana: estrategiak eraginkorrak izateko, norberak egunerokotasunean egiten duen horretan gauzatu behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da:

  • Informazio nahikoa izatea: egoera ezagutu, beharra sentitu eta aldatu nahi izan.
  • Hautemateak eta sentimenduak landu: aurreiritziak, beldurrak-eta gainditzeko.

Horregatik bi ildo landu ditugu:

1. Beharra ikustarazi: aldaketa abiatu ez bagenu, gaur egun gaizki geundeke; etengabeko aldaketa; duela hamar urte non ginen, hamar urte barru non izango garen…
2. Zuzeneko harremana pertsonekin: 16 elkarrizketa diagnostikoa egiteko; 46 elkarrizketa Ahozkolore mintzagrama egiteko; 30 elkarrizketa HLHko helburuak adosteko; euskara eskolen arautegia adosteko, eragindako guztiekin elkartu; kudeaketa-planaren jarraipena egiteko, urtean hiru bilera, buruz buru, prozesu bakoitzeko arduradunarekin…

Erakundetzea: teoria sistemikoak kontuan hartuta, pertsonen ohituretan aldaketak lortzeko, inguruneko aldagaietan ere eragin behar da, eta pertsona horiek osatzen dituzten lantaldeak eta egiturak ere landu behar dira. IMHren kasuan, bi bide erabili ditugu:

1. Hizkuntza politika onartu eta hamar urterako bisioa adostu. Hor ateratako ideiak txertatuko dira une honetan lantzen ari den estrategia-plan berrian.
2. Erakundearen eta prozesu bakoitzaren ohiko helburuei eta ekintzei ematen zaien trataera eman euskarari lotutakoei.

Ezagutza: garai batean normalizazio lortzeko giltzarritzat jotzen zena, bitartekoa da gurean, baina pisua duena. Izan ere, ekipoaren %25k egin du ikastaroren bat, normalean, erabilera helburu bati lotuta, edo erdal hiztunak planari lotzeko helburuarekin: eskolak euskaraz emateko beldurra galdu, itzulpenak, oinarrizko komunikazioa euskaraz, hizkuntza eskakizuna lortu… Autoikaskuntza edo bakarkako ikastaroak dira gehienak; orduz laburrak, eta eraginkorrak.

Komunikazioa: proiektuari buruzko ezagutza zabaldu eta IMH barruan prestigioa emateko asmoarekin landu dugu, horrek erakundearen eta langileen atxikimendua indartzen duelakoan. Eskuartean duzun artikulu hau, eta honi buruz intranetean bidalitako mezua dituzu horren adibide. Horrez gain, Cluster del Conocimiento eta Ikaslan foroetan parte hartu dugu, Udalarekin batera prentsaurrekoa eman genuen urteko emaitzak aurkezteko, herri-administrazioak gonbidatu ditugu proiektua bertatik bertara ezagutzeko…

Finantziazioa: elkarlanerako bideak landu ditugu herri-administrazioekin; lehen esan bezala, proiektuaren itzala zabaltzeko, eta jasotako laguntzarekin prozesua azkartzeko. Egitasmoak une honetan lau iturritatik jasotzen du laguntza:

1. Elgoibarko Udala: hasieratik lagundu gaitu, 3.000 eta 6.000 euro arteko laguntza urtero.
2. Gipuzkoako Foru Aldundia: 60.000 euroko laguntza 2005 urtean.
3. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza: aholkularitza lana egin dute proiektuaren hasieratik eta Gogoeta Estrategikoan parte hartu. Aurtengo deialdian fundazioak onartu dituzte. Ez da esleipena argitaratu oraindik.
4. Ulibarri programa: Irakasle bat liberatu dute astean 6 orduz teknikari lana egiteko. Era horretan, proiektuaren helburuetako bat lortuko dugu hurrengo urtean: IMH autonomoa izatea eta etxe barruko baliabideak erabiltzea GOAZEN egitasmoa garatzeko.

Jarraipena: prozesu bakoitzaren jarraipena noiz, nork, eta nola egingo duen ezarrita izateak, tarteka egunerokotasunetik urrundu, eta epe luzeagoko ikusmiran jartzea ahalbideratzen du. Horrez gain, herri-administrazioekin hartutako konpromisoek ere behar dute aurreikuspena, eta dagozkion orduak aitortzea, baita proiektuak eskatzen duen kudeaketa orokorrak ere.

Ildo horretan, eta aurretik aipatutakoetan, Planaren koordinatzailearen lana eta Euskara Batzordeko kideena garrantzitsuak dira egitasmoak aurrera egiteko: prozesuei jarraipena egiteko, euskararen aldeko jarrera haragitzeko…

LABURBILDUZ

IMHren esperientziatik ondoriozta dezakegu, erabilera-planak azkartu eta eraginkorragoak egiteko, 7 programei garrantzia ematea komeni dela. Lanaren iparra erabilera izango da, baina oso garrantzitsua da pertsonak motibatzea eta plana erakundetzea. Hain zuzen ere, horregatik diogu, pertsonen konpromisoak erakundearen arrakasta dakarrela.

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Edurne Bilbao,Joseba Mikel Urdangarin
Urtea: 
2005