ELKARGIREN EUSKARA PLANA: 2 URTEKO ESPERIENTZIA

Elkargik 2003ko maiatzean diseinatu zuen bere Euskara Plana, Elhuyar Aholkularitzaren gidaritzapean, eta urte bereko irailean jarri zuen martxan. Euskararen erabilera bultzatzeko plan hau hasiera batean Donostiako bulegoan jarri zen abian, aurrerago beste delegazioetara zabaltzeko asmoarekin.

Helburuan argi ikus daitekeenez, bezeroari nahi duen hizkuntzan (euskaraz edo gaztelaniaz) zerbitzua emateak du pisu nabarmenena helburuan, eta ez da harritzekoa; izan ere, Elkargiren bezero asko euskaldunak dira, eta bezero horientzat gertutasuna eta konfiantza eragiten duen faktorea da euskara.

Baina bezeroei begirako helburu hauek lortzeko, ezinbestekoa ikusi du Elkargik euskaldunek barruko lanetan euskara erabil dezaten eragitea eta langileen euskararen ezagutza hobetzea eta, batez ere, langileen motibazioa bultzatzea.

Elkargik instituzionalki euskara hainbat esparrutan erabiltzea jarri du helburu; esaterako, bezeroei iristen zaizkien komunikazioetan, ekitaldi publikoetan, langileek erabiltzen dituzten dokumentu eta tresna informatikoetan, langileentzako barne-komunikazio orokorretan... Helburu horiek guztiak berariazko lantaldeetan landu dira eta irizpide zehatzak finkatu dira. Irizpide horiek enpresaren jardun instituzionalean txerta daitezen Hizkuntza Politikarako Eskuliburuan integratu dira. Eskuliburu horretan, hizkuntzari dagozkion irizpide guztiak biltzen dira.

Langile guztien planarekiko atxikimendua lortzeko aldaketa-prozesuak dakartzan zailtasunak eta beldurrak esplizitu egitea eta argitzea beharrezkoa da, langileen artean dauden sentsibilitateak aintzat hartuz, komunikazioa eta parte-hartzea bultzatuz, langileentzat zuzendaritza erreferentzia eta eredu bihurtuz, eta, aldi berean, urratsak astiro eta sendo eginez. Euskararen motibazioa bultzatzeko, ondoko ekimenak eta praktikak dira aipagarrienak

Euskararen erabilera areagotzea enpresarentzat apustu estrategikoa izatea; alegia, enpresaren estrategian, berez, txertatua egotea. Euskara, Elkargiren kasuan, balio erantsi argia da. Elkargik enpresa gisa duen estrategiaren norabide berean doa, alegia, euskara lanean integratzeak Elkargik enpresa gisa dituen hazkunde-helburuak lortzen laguntzen dio.

Hizkuntz ohituren aldaketak erakundean bertan aldaketak eragiten ditu, eta horiekiko erresistentziak edonoiz eta edonon sortzen dira. Beraz, eta jakinik hizkuntza aldatzeko prozesuak luzeak izan ohi direla, garrantzitsua da enpresako kideek prozesuarekiko duten motibazioari eta tentsioari eustea, emaitzak uneoro ikusaraziz, egindako ahaleginaren neurrikoak direla erakutsiz, adostasun berriak sortuz...

SARRERA

Artikulu honetan Elkargi, E.G.E.ren Euskara Planaren berri emango dizuegu, batez ere euskararen presentzia eta erabilera instituzionala finkatzeko eta erabilera pertsonala bultzatzeko egindakoak azalduz.

ZER DA ELKARGI, E.G.E

Elkargi, E.G.E. (Elkarrekiko Garantia Elkartea) 1980an sortu zuten hainbat enpresabururen artean, helburu nagusia hauxe izanik: enpresei bankuen finantzazioa lehentasunezko kondizioetan lortzea; alegia, enpresek, batez ere txikiek, beren kabuz lortuko lituzketen baldintzak hobetzea, Elkargi, E.G.E.k banku eta enpresen artean bitartekaritza eginez.

25 urte hauetan, asko hazi da Elkargi. Horrela, gaur egun 8.700 enpresa bazkide ditu, batez ere ertainak eta txikiak. Enpresa hauek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, eta Errioxan daude, batik bat.

Gaur egun bi dira Elkargik enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuak. Batetik, abalak daude; bestetik, finantza¬ arloko aholkularitza eta trebakuntza eskaintzen die enpresei, ikastaroak antolatuz (gai zehatzez eta iraupen laburrekoak zein graduatu ondokoak) finantzak kudeatzeko software-produktuak sortu, enpresetan ezarri eta kudeatzen irakatsiz (kostuen kudeaketa, Altxortegia kudeatzeko Sistema Integrala...).

70 langile baino gehiago ditu Elkargik bere bost bulegoetan. Bulego nagusia Donostiakoa da, eta bertan 40 langilek egiten dute lan. Donostiako bulegoan daude kokatuta Elkargiren zerbitzu nagusiak, bai zuzendaritzari dagozkionak, zein administrazioa, informatika edota sail bakoitzeko zuzendariei dagozkienak ere.

ELKARGIREN EUSKARA PLANA: ABIAPUNTUA

Elkargik 2003ko maiatzean diseinatu zuen bere Euskara Plana, Elhuyar Aholkularitzaren gidaritzapean, eta urte bereko irailean jarri zuen martxan. Euskararen erabilera bultzatzeko plan hau hasiera batean Donostiako bulegoan jarri zen abian, aurrerago beste delegazioetara zabaltzeko asmoarekin.

Plana abiatzean, euskararen egoera ezagutza aldetik, ona zen, gehienek ulertu eta hitz egiten baitzuten. Horrela, Donostiako delegazioko langileen %70 gai zen euskaraz hitz egiteko, eta horietatik erdia baino gehiago euskaldun alfabetatuak ziren. Erdaldunei dagokienez, berriz, hiru erdaldunetatik bik nolabaiteko ulermen-maila bazuten. Sailez sail, ordea, egoera oso desberdinak zeuden. Horrela, bezeroekin harreman zuzena duen sailetako batean, erdiek baino ez zuten euskaraz hitz egiten.

Erabilerari dagokionez, irudi korporatiboan eta kanpo-komunikazioan, euskara kasu zehatz batzuetan erabiltzen zen (Elkartearen aldizkarian, urteko memorian...), baina ez era sistematizatuan. Barrura begira, berriz, idatzizko euskarri ia guztiak (inprimakiak, dokumentazioa...) gaztelania hutsean zeuden eta beraz, idatzizko harreman ia guztiak gaztelania hutsean ziren. Ahozkoan, baziren zenbait pertsona beren presentziarekin euskara zerbait erabilarazten zutenak, baina normalean gaztelaniaz ziren harreman gehienak.

HELBURU NAGUSIA

Elkargik honako helburua finkatu zion bere buruari: “ELKARGI, E.G.E.ren Gipuzkoako egoitzan euskararen erabilera areagotu egin da lan-hizkuntza gisa hiru urteren buruan, eta zerbitzu-hizkuntzarako euskara aukera gisa bermatu da”.

Helburuan argi ikus daitekeenez, bezeroari nahi duen hizkuntzan (euskaraz edo gaztelaniaz) zerbitzua emateak du pisu nabarmenena helburuan, eta ez da harritzekoa; izan ere, Elkargiren bezero asko euskaldunak dira, eta bezero horientzat gertutasuna eta konfiantza eragiten duen faktorea da euskara.

Baina bezeroei begirako helburu hauek lortzeko, ezinbestekoa ikusi du Elkargik euskaldunek barruko lanetan euskara erabil dezaten eragitea eta langileen euskararen ezagutza hobetzea eta, batez ere, langileen motibazioa bultzatzea.

EGITURAKETA

Garapen-faserako, ondoko egitura iraunkorra izan du orain artean Elkargiko Euskara Planak:

Batetik helburukako lantaldeak osatu dira, gai bakoitzeko pertsona inplikatuekin. Lantalde hauetan hamalau langilek hartu dute parte. Lantalde hauen iraupena mugatua da: helburua landu eta prozedura sortu eta segimendua antolatu bitartekoa. Lantalde bakarrari aurreikusten zaio hiru urteko iraupena: motibazioa lantzeko taldeari, hain zuzen.

Bestetik, Euskara Batzordea Zuzendaritzako kideez osatuta dago, helburuen arduradun nagusi eta entitatearen norabidearen arduradun diren heinean. Planaren lehen bi urteetan Euskara Batzordeak taldeen lana aztertzea, onartzea eta koherentzia ematea zuen egiteko nagusi. Gaur egun, batez ere HPE (Hizkuntza Politikarako Eskuliburua) kudeatzea da bere eginkizuna.

Horrez gain, ikastaldeak antolatu dira Elkargin bertan, bai euskalduntzeko, bai alfabetatzeko, baita laneko euskara teknikoa lantzeko ere.

EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA INSTITUZIONALA: HIZKUNTZA POLITIKARAKO ESKULIBURUA

Elkargik instituzionalki euskara hainbat esparrutan erabiltzea jarri du helburu; esaterako, bezeroei iristen zaizkien komunikazioetan, ekitaldi publikoetan, langileek erabiltzen dituzten dokumentu eta tresna informatikoetan, langileentzako barne-komunikazio orokorretan... Helburu horiek guztiak berariazko lantaldeetan landu dira eta irizpide zehatzak finkatu dira. Irizpide horiek enpresaren jardun instituzionalean txerta daitezen Hizkuntza Politikarako Eskuliburuan integratu dira. Eskuliburu horretan, hizkuntzari dagozkion irizpide guztiak biltzen dira.

Eskuliburu horren komunikazioa eta zabalkundea bereziki zaindu da. Sail bakoitzean eskuliburuaren ale bat dago eta intranetean beste bat. Horrez gain, langileengan eragin handiena duten prozedurak azaltzeko batzarrak egin dira, bai langile guztiekin, bai langile multzo zehatz batzuekin.

Eskuliburua kudeatzea Planaren Koordinatzailearen eta Euskara Batzordearen ardura da, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz. Prozedura guztien betetze-maila urtero-urtero neurtzen da. Hala ere, zenbait prozedura bereziki behatzen dira, Elkargirentzat duten garrantziagatik. Horrela, bezeroei bidaltzen zaizkien komunikazio guztiak kanpo-ikuskatzaile batek jasotzen ditu, eta araua betetzen duten aztertzen du ikuskatzaileak, araua betetzen ez duten komunikazioak erregistratzen ditu eta neurri zuzentzaileak proposatzen ditu.

Ahalegin berezia egin da Hizkuntza Politikarako Eskuliburua ere Elkargiko jardueraren iparra zehazten duten dokumentuekin koherentzian jartzeko. Horrela, irudiarekin eta kanpo-komunikazioko elementuekin zerikusia duten prozedurak Elkargiren Irudi Korporatiboko Eskuliburuan integratu dira, eta Elkargiren Plan Estrategikoan Euskara Planeko helburuari egiten zaio erreferentzia.

Bi urteotan helburu bakoitzean aurrerapen maila desberdina lortu da, helburuaren egingarritasunaren eta lehentasunaren arabera, batez ere. Horrela, bezeroekiko eta gizartearekiko kanpo-komunikazioko helburuak ia bere osotasunean bete dira, Elkargirentzat lehentasunezkoa baita kanpo-komunikazioa. Hurrengo taulan jasotzen dira helburuz helburu izandako lorpen nagusiak:

IRUDI KORPORATIBOA
Errotulazioa %100 ele bietan eta euskarak lehentasuna du.
Papeleriako osagaiak %100 ele bietan eta euskarak lehentasuna du.
Lehen hitza telefonoz eta aurrez aurreko harreran Landu gabe. Hala ere, harrera nagusia behintzat, gaur egun, euskaraz egiten da
BARNE-HARREMANAK
Barneko inprimakiak %100 ele bietan eta euskarak lehentasuna du (80 inprimaki bildu eta itzuli ziren)
Barne dokumentazioa %10 ele bietan eta gainerakoak euskarara itzultzeko edo euskaraz sortzeko prozedura finkatuta (Iturria, enpresako 20 dokumentu erabilienak)
Langileek darabilten softwarea Langileek darabilten software garrantzitsuena ele bietan jarri da. Gainerako softwarea euskaraz izan dadin irizpideak finkatuta daude. Euskarazko software estandarra aukeran dute langile guztiek.
Idatzizko barne-komunikazioak Intraneteko pantaila eta berrien %100 ele bietan eta eguneratuta.
E-postako mezu orokorren %77 ele bietan.
Ahozko komunikazioa Laneko bileretarako irizpideak finkatuta. Bileren %20 euskaraz egiten da.
KANPO-HARREMANAK
Ekitaldi publikoak Ekitaldi garrantzitsuenetan (Batzar Nagusiak, Enpresaburuen Topaketak…) euskararen presentzia ziurtatuta ahoz. Idatzizko euskarrietan ele bietan eta euskarak lehentasuna du.
Kanpo-agerkariak Web gunea eta Elkarbide aldizkariak ele bietan. Memoriak, katalogo korporatiboak... ele bietan, eta euskarak lehentasuna du.
Bezeroei idatzizko komunikazioak %100 ele bietan egiten dira EAEn.
Zerbitzuak Landu gabe
GIZA BALIABIDEAK
Kontratazioak Landu gabe
Euskara eskolak Ikasteko aukerak eta baldintzak finkatuta. Trebakuntza Plana landu gabe
Euskara ohiko trebakuntzan Landu gabe

EUSKARAREN ERABILERA PERTSONALA ETA MOTIBAZIOA

Elkargiko Zuzendaritzak behin eta berriro azpimarratu du Instituzionalki Elkargik euskara bere jardunean integratzeko egindako apustuak, ezinbestean langileen babesa behar duela; alegia, enpresak argi izan arren beharrezkoa dela euskara bere jardunean integratzea, eta beraz, zenbait lan euskaraz ere egitea, hori ez dela nahikoa, eta ezinbestekoa dela erabaki horrekin langileek bat egitea. Langile guztien planarekiko atxikimendua lortzeko aldaketa-prozesuak dakartzan zailtasunak eta beldurrak esplizitu egitea eta argitzea beharrezkoa da, langileen artean dauden sentsibilitateak aintzat hartuz, komunikazioa eta parte-hartzea bultzatuz, langileentzat zuzendaritza erreferentzia eta eredu bihurtuz, eta, aldi berean, urratsak astiro eta sendo eginez. Euskararen motibazioa bultzatzeko, ondoko ekimenak eta praktikak dira aipagarrienak:

  • Zuzendaritzaren parte-hartzea eta lidergoa: Euskara Batzordea Elkarteko Zuzendariek osatzen dute (Zuzendari Nagusiak eta sail bakoitzeko zuzendariek) eta zuzenean parte hartzen dute lantalde guztietan. Zuzendaritzako kide ia guztiek euskara-eskoletan ere parte hartzen dute.
  • Komunikazioa: Euskara Planaren komunikazioa bereziki zaindu da. Intranetaren bidezko komunikazioaz gainera, zuzeneko komunikazioak erabili dira. Elkartearen tamainak ahalbideratzen duenez, banakako komunikazioak zein langile guztien batzar orokorrak egin dira Euskara Planaren martxa komunikatzeko edo gai zehatzetan beraien ekarpenak biltzeko. Batzar orokor hauetan zuzendariak dira planaren berri ematen dutenak, planak erakundean duen integrazioaren eta garrantziaren erakusgarri.
  • Langileen parte-hartzea: planeko egituretan langile ehuneko handi batek hartu du parte, bai klaseen bai lantalde eta Euskara Batzordearen bidez. Horrez gain, gainerako langileak planean inplikatzeko ekimenak abiatu dira:
      • Sailez saileko mintzagramak (erabilera-matrizeak): saileko langile guztiekin bilerak egiten dira urtean bitan, koloreen bitartez ahozko harremanen egoera baloratzeko eta konpromisoak hartzeko.
      • Hizkuntz jarrerak lantzeko saioak: sail bakoitzeko langile guztiekin hizkuntz jarrerak eta jokabideak lantzeko saioak egiten ari gara. Saio hauen bitartez norberaren jarrerak kontziente bihurtu, elkar ezagutu eta talderako hizkuntz arau berriak adosten dituzte.
      • Euskaraz komunikatzeko identifikazioa: bai mahai gaineko potoen bidez, bai posta elektronikoan eta telefono-zerrendan, euskaraz komunikatu nahi duten pertsonek beren burua identifikatu zuten.
      • Terminologi zerrendak, euskaraz lan egiteko orri lagungarriak, lehiaketak…

Motibaziora eta erabilerara bideratutako lan honek eman ditu epe laburrean bere lehen emaitzak. Ikus erabilerari buruz ditugun adierazleen bilakaera:

ARRAKASTARAKO GAKOAK

Euskararen erabilera “instituzionalean” eta langileen erabilera “pertsonalean” emaitza oso onak eskuratu ditu Elkargik. Hori horrela izateko, hainbat gako daude, gure ustez:

  • Euskararen erabilera areagotzea enpresarentzat apustu estrategikoa izatea; alegia, enpresaren estrategian, berez, txertatua egotea. Euskara, Elkargiren kasuan, balio erantsi argia da. Elkargik enpresa gisa duen estrategiaren norabide berean doa, alegia, euskara lanean integratzeak Elkargik enpresa gisa dituen hazkunde-helburuak lortzen laguntzen dio.
  • Helburu eta praktiken arteko koherentzia. Planak enpresari zer ematen dion argi edukitzeak erraztu egiten du planaren helburuak argi izatea, eta horren araberako praktika sortzea; alegia, finkatutako helburuak enpresaren interesaren araberakoak dira eta planean hartzen diren neurriak, berriz, helburu horien araberakoak.
  • Zuzendaritzaren inplikazioa. Planak enpresarentzat duen garrantziaz jabetzen dira eta, beraz, zuzendari gisa dagokien neurrian inplikatzen dira. Horrez gain, jakitun dira beren inplikazioak langileengan duen eragin motibatzaileaz.
  • Planak bere helburuak lor ditzan behar beste baliabide jarri dira, bai ekonomikoak bai pertsonalak.
  • Motibazioa handitzeko lan intentsiboa egin da. Langile guztiengana iristeko ahalegina egin da. Enpresaren tamainak (langile aldetik), lan-dinamikak (txandaka ez lan egiteak) eta jarritako baliabideek posible egiten dute motibazio-lana langile guztiengana iristea eta lan horren eraginkortasuna handiagoa izatea.

ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Planak oraindik 2 urteko ibilbidea baino ez duenez, baditu etorkizunerako hainbat erronka:

  • Tentsioari eta motibazioari eustea: kontziente izan behar dugu erakunde batean hizkuntza aldatzeko prozesuak aparteko ahalegina eskatzen duela. Hizkuntz ohituren aldaketak erakundean bertan aldaketak eragiten ditu, eta horiekiko erresistentziak edonoiz eta edonon sortzen dira. Beraz, eta jakinik hizkuntza aldatzeko prozesuak luzeak izan ohi direla, garrantzitsua da enpresako kideek prozesuarekiko duten motibazioari eta tentsioari eustea, emaitzak uneoro ikusaraziz, egindako ahaleginaren neurrikoak direla erakutsiz, adostasun berriak sortuz...
  • Euskara laneko hizkuntza bihurtzea: euskarak oraindik toki txikia du Elkargiko lanean, eta gauzarik sinpleena euskaraz egiteko ohitura sortzen badabil ere, lanik gehiena gaztelaniaz egiten da. Euskaldunek euskaraz egin dezaten lortu beharra dago, horretarako alferrikako elebitasuna saihestuz, euskaraz soilik egin daitezkeen lanak eta zirkuituak identifikatuz. Horretarako funtsezkoa izango da bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko urratsa egitea, horrek eragingo baitu zenbait lan euskaraz egin beharra. Ezinbestekoa izango da bezeroek euskarazko zerbitzuak erabil eta eskatu ditzaten era egokian gonbidatzea eta animatzea.
  • Zuzendaritzaren inplikazioari eustea: Plana martxan dagoen bi urte hauetan ahalegin berezia egin du zuzendaritzak planean parte hartuz. Inplikazio horri eustea garrantzitsua izango da Planak aurrera egiteko, betiere kontuan hartuz neurri berekoak izan beharko dutela Planak enpresari egiten dion ekarpena eta zuzendaritzari eskatzen zaion inplikazioa.
  • Enpresak bere kabuz bidea egitea: Planaren garapeneko bi urte hauetan Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izan du Elkargik. Aurrera begira, ordea, helburua da Elkargik berak euskararen erabilera kudeatzea eta horretarako kudeaketa hori sistematizatzea giltzarria izango da; alegia, Hizkuntza Politikarako Eskuliburua tresna erabilgarria izatea, entitateak bere kabuz kudeatu ahal izateko.

Ea guztion artean dena lortzen dugun.

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Axier Baglietto
Urtea: 
2005