Hizkuntza politika eta hizkuntza eskubideak Nafarroako Administrazioan

Nafarroan indarrean dagoen ordenamendu juridikoa ez da tresna egokia hizkuntza eskubideen egoerari buruzko balorazioak edota ebaluazioak egiteko. Are gehiago, egungo ordenamendu juridikoaren araberako balorazioa ez litzateke hizkuntza eskubideen egoeraren isla erreala eta objektiboa.

Lege horrek zenbait garapen izan zuen, eta horietarik azkena 29/2003 Foru Dekretua izan da. 372/2000 Foru Dekretuaren araudi klonikoa eta euskalgintzak zein gizarteak horrenbeste arbuiatua. Ez du merezi Dekretu horren azterketa sakona egitea hizkuntza eskubideen urraketak ahalbideratzen dituela egiaztatzeko. Hala ere, ekar ditzagun zenbait artikulu, Dekretu horren espiritua islatzeko bada ere

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna (1992) erabili izan da helburu horretarako, baina ez da eskubideak jasotzen (edota aitortzen) dituen Ituna; aitzitik, ikuspegi kulturala duen tresna da, eta kultura babesteko tresnatzat hartu izan da. Hortaz, Itunak ez ditu aitortzen edota babesten hiztunen edo komunitateen talde eskubideak; aitzitik Estatuek hizkuntza horiekiko errespetua garatzeko betebeharrak ezartzen ditu, besterik gabe.

Puntu honetara iritsirik, Behatokiaren aburuz hizkuntza komunitate guztien eskubideak berdintasun-irizpidetik aitortzen dituen dokumentua izan badela adierazi behar dugu. Hala ere, oraindik Nazio Batuen Erakundeak, ez eta bestelako instituzioak ere, ez du bere egin eta ez dauka arau edo erregelamendu izaerarik: Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. (2002).

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, 2002an Nafarroan zituen langileen artean batek besterik ez zuen euskararen derrigorrezko ezagutza, Trafiko Zuzendaritzako itzultzailea hain zuzen ere. Bestalde, Nafarroako Gobernuko langileei dagokienez, 2001ean onartutako plantillaren arabera, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko langileak kontuan hartu gabe langileriaren %1 inguruk du euskararen derrigorrezko ezagutza.

Idatziko informazio zein jakinarazpenen eremuan aipatzekoa da azken bost urteetan izandako inboluzioa. Lehenik eta behin gogoratu behar dugu, gaur egun legeak ezarritako eremu misto zein ez-euskalduneko herritarrek ez dutela aitortuta legez hizkuntza eskubidea ikuspegi pasiboari dagokionez. Hori dela eta, herritar horiei helarazten zaizkien jakinarazpen oro gaztelania hutsean egoten da.

Hau da, Arartekoak legearen irakurketa positiboa egiteko eskatu izan die administrazioei, alegia, euskara ere erabiltzeko aukera dagoenean, hori baliatzeko eskatu die. Administrazioek, aldiz, euskara baliatzea aukerazkoa denez, ez erabiltzeko hautua eginen dutela adierazi dute.

Hortaz, eraman dezagun eztabaida eskubideen eremura, hor ez baitago esaterik Nafarroako Gobernuak nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituenik. Are gehiago, hizkuntza eskubideak urratzen dituen ordenamendu juridikoaren garapen gero eta murriztaileagoa jorratuz doala froga dezakegu. Hortaz, guztion lana da geure diskurtsoetan hizkuntza eskubideak erdigunean kokatzea, eta gure azterketak irizpide horietan oinarritzea.

1. ZEIN HIZKUNTZA ESKUBIDE?

Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntza politikaren eta hizkuntza eskubideen bermearen uztartzeak badu funtsezko zailtasun bat: zein dira nafarren hizkuntza eskubideak? Izan ere, aitortzen ditugun eskubideen araberako balorazioak edo ebaluazioak egin ahal izango ditugu, eta beraz, zein irizpide aplikatu, oso balorazio desberdinak (eta guztiak baliozkoak) atera ahal izango ditugu.

Asko eta luze mintzo gintezke nafarrei aitortu beharreko hizkuntza eskubideez, eta akaso artikulu oso bat idatz liteke horretaz. Hala ere, bada, neure ustez, oso printzipio argia: Nafarroan indarrean dagoen ordenamendu juridikoa ez da tresna egokia hizkuntza eskubideen egoerari buruzko balorazioak edota ebaluazioak egiteko. Are gehiago, egungo ordenamendu juridikoaren araberako balorazioa ez litzateke hizkuntza eskubideen egoeraren isla erreala eta objektiboa.

Nafarroan indarrean dagoen ordenamendu juridikoak Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan izango luke lehen erreferentzia, Estatu zein Europa mailako legeria alde batera utzirik. Aipaturiko Legearen bederatzigarren artikuluan jasotakoaren arabera: gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere eremu euskaldunetan izaera ofiziala izango du. Kontuan harturik ofizialtasunak hizkuntza eskubideak bermatzeko betebehar juridikoak ezartzen dituela, legearen lehen erreferentzia horretan, dagoeneko, hizkuntza eskubideak urratzeko bideak zabaldu zirela ondoriozta genezake.

Ikuspegi zabalago bati eutsi nahi izanez gero, ofizialtasunik gabe hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak abian jar daitezkeela edota Legeak aipatzen duen eremu euskaldunaren definizioa lurralde osoari zabal lekiokeela pentsa dezakegu, baina azken hamarkadek aski garbi utzi dute hori ez dela izan Nafarroan aurrera eraman den politikaren ezaugarria. Erdipurdiko babes juridikoak ahalbideratu izan ditu hizkuntza politika gero eta murriztaileagoak.

Hortaz, Nafarroako Administrazioaren hizkuntza eskubideen egoera ezin balora daiteke ordenamendu juridikoaren lehen erreferentzia den LORAFNA legetik, horretan bertan ezarri zelako nafarren arteko bereizkeriak ahalbideratzeko lehen urratsa.

LORAFNAk agertzen zuen ofizialtasun partzialaren garapena Euskararen Legeak ezarri zuen 1986an. Horrela, Nafarroako herri batzuetan euskararen koofizialtasuna ezarri zen eta Nafarroako eremurik handienean ez zitzaion status hori aitortu hizkuntzari.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 2.1. eta 6. artikuluek ezarri zuten herritar guztiek dutela gaztelania eta euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea. 2.2. artikuluak Nafarroa osoko hizkuntza ofiziala gaztelania dela ezarri zuen. Hala ere, artikulu horrek berak euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza koofiziala dela ezarri zuen, baina Nafarroako eremu euskaldunean, horixe baitzen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluak jasotakoa.

• Legeak ezarritako eremu euskaldunean herritarrei hizkuntza eskubideak era aktiboan eta pasiboan aitortu zitzaizkien. Hau da, administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea, bai eta administraziotik erantzuna euskaraz jasotzekoa ere.
• Legeak ezarritako eremu mistoan herritarren hizkuntza eskubideak era aktiboan aitortu zitzaizkien; ez, ordea, pasiboan. Hartara, administrazioak herritarrekin dituen harremanetan ez dago aitortuta hizkuntza eskubidea, eta ondorioz, ez eta horren bermea ere.
• Legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean herritarrei eskubideak aitortu ez, baina aukera ematen zaie euskaraz zuzentzeko. Aukera eta ez eskubidea, izan ere, euskaraz zuzenduz gero, itzulpena eska dakiekeelako.

Hortaz, Lege horren arabera ere ezin dugu hizkuntza eskubideen egoeraren balorazio zuzena egin, hizkuntza eskubideen urraketak ahalbideratzea propio jasotzen duelako.

Lege horrek zenbait garapen izan zuen, eta horietarik azkena 29/2003 Foru Dekretua izan da. 372/2000 Foru Dekretuaren araudi klonikoa eta euskalgintzak zein gizarteak horrenbeste arbuiatua. Ez du merezi Dekretu horren azterketa sakona egitea hizkuntza eskubideen urraketak ahalbideratzen dituela egiaztatzeko. Hala ere, ekar ditzagun zenbait artikulu, Dekretu horren espiritua islatzeko bada ere:

13. artikulua.
Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen zerbitzuek erabiltzen dituzten barne inprimakietan eta paperetan idazpuruak eta menbreteak gaztelaniaz idatziko dira.
16. artikulua.
1. Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen bulego, langela eta egoitzetako errotuluak, paperen idazpuru eta menbreteak, zigilu ofizialak eta gainerako identifikazio nahiz seinalizazio elementuak gaztelaniaz idatzi beharko dira.
2. Xedapenak, oharrak, argitalpenak, iragarkiak eta mota guztietako publizitatea gaztelaniaz izanen dira.

Horrelako artikuluak ikusirik, euskararen erabilera arautzeko Foru Dekretua barik, euskararen erabilera debekatzeko Foru Dekretua dela ondoriozta daiteke, eta, beraz, ez dago hizkuntza eskubideen egoeraren diagnosia Dekretu horretan oinarritzerik.


2. HORTAZ, ZEIN BALORAZIO?

Gaur egun Nafarroan indarrean dagoen ordenamendu juridikoa, beraz, ez da oinarri egokia herritarren hizkuntza eskubideei buruzko baloraziorik egiteko, ordenamendu horrek berak ahalbideratzen eta, zenbait kasutan, arautzen dituelako urraketok.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hausnarketa handia egin behar izan zuen Euskal Herriko euskal hiztun guztiak babestuko zituen oinarri juridiko bat aurkitu behar izan zuenean. Izan ere, euskaldun guztien hizkuntza eskubideak aitortzen dituen dokumenturik ez dago indarrean.

Nazioarteko standardetan ere ez dugu horretarako estaldurarik. Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna (1992) erabili izan da helburu horretarako, baina ez da eskubideak jasotzen (edota aitortzen) dituen Ituna; aitzitik, ikuspegi kulturala duen tresna da, eta kultura babesteko tresnatzat hartu izan da. Hortaz, Itunak ez ditu aitortzen edota babesten hiztunen edo komunitateen talde eskubideak; aitzitik Estatuek hizkuntza horiekiko errespetua garatzeko betebeharrak ezartzen ditu, besterik gabe.

Hala ere, aipatu behar dugu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Espaniako Estatuak hartutako konpromisoen inguruan zabaldutako gomendioetan, eta Nafarroako lurraldeari dagokionez, legeak ezarritako eremu mistoan babes handiagoa emateko aukerak aztertzeko eskatu zuela.

Bilatzen ari garen irizpideak, beraz, ez ditugu aurkituko Euroitunean, izan ere, hizkuntza eskubideak ez ditu jasotzen eta gerta liteke Estatuak hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatuta ere, eskubideen urraketak izatea.

Puntu honetara iritsirik, Behatokiaren aburuz hizkuntza komunitate guztien eskubideak berdintasun-irizpidetik aitortzen dituen dokumentua izan badela adierazi behar dugu. Hala ere, oraindik Nazio Batuen Erakundeak, ez eta bestelako instituzioak ere, ez du bere egin eta ez dauka arau edo erregelamendu izaerarik: Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. (2002).

Ez dugu Deklarazio horren sorrerari buruzko azalpenik emango; bai ordea, gaur egun bizi duen egoerarena. Izan ere, Deklarazioa onartu eta hurrengo urteetan, Federico Mayor Zaragoza UNESCOn zegoela, jarrera irekia izan bazen ere, Koichiro Maatsura jaunak idazkaritza hartu zuenetik interlokuziorik ez da egon eta beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte azken helburua lortzearren: UNESCOk gomendioa egin diezaiola Nazio Batuen Erakundeko Asanblada Orokorrari Hizkuntza Eskubideen Nazioarteko Ituna edota Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren osagarri gisa onartzeko.

Hori guztia kontuan harturik, bai eta dokumentuaren sorrera aldian parte hartu zuten adituen maila ere, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala Nafarroako administrazioan hizkuntza eskubideen egoera baloratzeko tresna egokia dela uste du Behatokiak, are gehiago, herritarren arteko bereizkeriarik sortzen ez duen corpus juridikoa da.

Gainera, gogoratu beharko genuke dokumentu hori ez dela berria Nafarroan. 1997ko maiatzaren 8tik 10era bitartean Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babestutako sinposioa izan zen Iruñean: Hizkuntza politikak, Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa Unibertsalaren ildoan. Bitxia bada ere, sinposioan Miguel Sanz jaunak parte hartu zuen irekiera saioan.

3. HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EGOERA ADMINISTRAZIOAN

Ondoren, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotzen dituen printzipioetan oinarriturik, Nafarroako administrazioan gaur egun dagoen hizkuntza eskubideen egoeraren isla jaso nahi izan dugu:

Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka jarduketa judizial eta administratiboak, dokumentu publiko eta pribatuak, eta erregistro publikoetan egindako inskripzioak lurraldeko hizkuntza propioan egiten direlarik, baliozkoak eta eraginkorrak izan daitezen, eta inork alega ahal izan ez dezan hizkuntza hori ez dakiela.

Behatokiak kudeatu dituen espedienteetan sarritan egiaztatu ahal izan dugu hori ez dela betetzen Nafarroako Administrazioan. Are gehiago, aipagarria da, esaterako, Nafarroako Gobernuak kontratazio esleipenetarako lehiaketetara igorri beharreko dokumentazioa gaztelaniaz egon behar dela agintzea. Hau da, euskararen erabilera ofiziala debekatu egiten du Nafarroako Gobernuaren politikak.

Bestetan, herritarrei ez, baina dokumentuak euskaraz igorri dituzten toki administrazioei erantzun egin zaie Herri Administrazioko departamentutik eta gaztelaniaz ere igortzeko agindu zaie.

Horrek agerian uzten du eskubide zein lege urraketa ez ezik hizkuntzaren erabileraren ezkutuko debekua ere ezartzen dela.

Hizkuntza komunitate bateko edozein kidek eskubidea du bere hizkuntzan erlazionatzeko eta atenditua izateko hizkuntza hori propiotzat duen lurraldean bere baitan duten botere publikoen, eta administrazio-dibisioen zerbitzuen aldetik, zentrokoak, lurraldekoak, tokikoak ala lurraldez gaindikoak diren.

Nafarroako erakundeek ez dute inoiz administrazioa euskalduntzeko inolako plangintzarik diseinatu, eta herritarrak egokitu zaion profesionalaren arabera jaso ahal izan du zerbitzua euskaraz.

Kontratazio berriei dagokienez, lanpostuei euskararen ezagutza ezarri edo euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzeko orduan ere justu kontrako norabidean doa Nafarroako Gobernuak euskararen desagertze sozialerako onartutako Dekretua.

Behatokiak egiaztatu ahal izan du artikulu horrek aitortzen duen eskubidea sistematikoki urratzen dela bai Nafarroako Gobernuko Administrazio Zentraletik, bai eta Espainiako Estatuako Nafarroan dituen erakundeetatik ere. Tokiko administrazioan, berriz, ez dago orokortzerik eta azterketa berezitua beharko luke.

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, 2002an Nafarroan zituen langileen artean batek besterik ez zuen euskararen derrigorrezko ezagutza, Trafiko Zuzendaritzako itzultzailea hain zuzen ere. Bestalde, Nafarroako Gobernuko langileei dagokienez, 2001ean onartutako plantillaren arabera, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko langileak kontuan hartu gabe langileriaren %1 inguruk du euskararen derrigorrezko ezagutza.

Datu horiek kontuan harturik ez da arraroa gertatzen Behatokiak egindako diagnosiak jasotzen duena. Horrela, ahozko zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea txiripaz izaten ahal den gertaera da; ez, ordea, Nafarroako Gobernuak edota Espaniako Estatuak daramaten politikaren ondorioa.

Euskarazko zerbitzua eskaini ezin duen langileria kontratatzea ez da izan Nafarroako Gobernuak aurrera eraman duen politika bakarra; are gehiago, euskaraz funtzionatzen duten guneetan langile elebakarrak sartu izan ditu. Horren adibidea da, esaterako, Leitzako Institutuarekin izandako jarrera. D ereduko institutua izanik eta irakasle, langile, guraso zein ikasleen arteko harremanak euskaraz izanik, bertara bidali duten atezain berriari ez diote eskatu euskararen ezagutza. Edota Lorenzo Goikoa ikastetxe publikoan gertatutakoa, izan ere, D ereduko haurrak zaintzeko kontratatu dituzten begiraleak elebakarrak izan dira.

Zerbitzuak euskaraz ezin jasotzeko politikak administrazioaren eremu guztietara hedatu izan dira Behatokiak aztertutako kasuak kontuan harturik. Txantrean, esaterako, zerbitzua euskaraz jaso nahi izan duen herritarrari ezin izan diote eskubide hori bermatu mediku elebidun bakarrak paziente-kupoa beterik duelako. Leitzan ere mediku elebiduna zegoen lanpostura mediku elebakarra igorri zuen Departamentuak eta, beraz, lehenago euskaraz zein gaztelaniaz zerbitzua emateko gai zen medikuak orain gaztelaniaz besterik ezin dezake eman.

Etxarri-Aranazko sexu hezitzailearen kasua ere antzekoa izan da. Aipaturiko langilea ikastetxez ikastetxe ibiltzen zen ikastaroak ematen, baina gaur egun ez dago ikastaro horiek euskaraz jasotzerik, ez eta lanpostu horri dagozkion beste zerbitzu guztiak ere. Esan gabe doa, Sakanan gaur egun matrikulatuta dauden ikasle gehienak D ereduan daudela.

Lehen, lanpostu hori betetzen zuen langilea elebiduna izanik, euskal zein erdal hiztunek balia zezaketen nahi zuten hizkuntza; orain, berriz, euskara baliatu nahi dutenek ez dute aukerarik.

Adibide horiek kontuan harturik, aski garbi ikusten da zein izan den Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak urratzeko erabili duen politika zuzena.

Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka eskura izateko eta eskuratzeko bere hizkuntza propioan, hizkuntza hori nongoa den eta bertako lurraldeari dagozkion harremanetarako dokumentazio ofiziala, paperean, euskarri informatikoan edo beste edozeinetan.
Botere publikoek eskura izan behar dituzte eta jendeari eskaini, lurralde-hizkuntza bakoitzaren lurraldeei dagozkien zerbitzuetan delako hizkuntzan idatziriko formularioak, inprimakiak eta ereduak paperean, euskarri informatikoan edo beste edozeinetan.

Idatziko informazio zein jakinarazpenen eremuan aipatzekoa da azken bost urteetan izandako inboluzioa. Lehenik eta behin gogoratu behar dugu, gaur egun legeak ezarritako eremu misto zein ez-euskalduneko herritarrek ez dutela aitortuta legez hizkuntza eskubidea ikuspegi pasiboari dagokionez. Hori dela eta, herritar horiei helarazten zaizkien jakinarazpen oro gaztelania hutsean egoten da. Bestalde, legeak ezarritako eremu ez-euskalduneko herritarrei hizkuntza eskubidearen ikuspegi aktiboa ere ez die aitortzen legeak.

Hala ere, murrizketa horretaz gain, Nafarroako Gobernuak legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrei ere ez die hizkuntza eskubidearen alde pasiboa bermatzen, eta azken urteetako bilakaeran eremu horretan kokatutako herriei, erakundeei, zein instituzioei bidaltzen zaien dokumentazio oro gaztelania hutsean dago. Horrela, Gobernuak legeak ezarritako eremu euskalduneko toki administrazioekin ere antzeko jarrera izaten du. Hainbat toki administrazio ditugu horren adibide argienetako bat. Nafarroako Gobernuak 2003an gaztelania hutsean igortzen zion dokumentazio guztia udal bati. Euskaraz igortzeko eskaturik, Gobernuak indarrean jarritako lege murriztaileen babesa aipatu zuen, eta, beraz, gaztelania hutsean bidaltzen jarraitu zuen.

Funtzionamendua euskaraz egiten duten hainbat eskolarekin ere antzeko jarrera izan du Nafarroako Gobernuak eta sistematikoki gaztelania hutsean igorri izan dizkie jakinarazpen guztiak, eta zenbaitetan ikastetxeek igorritako euskarazko dokumentazioa ez du onartu Gobernuak.

Herritarren eskura jarritako hainbat inprimakitan, formulariotan, eta inkestetan ere Nafarroako Gobernuak ez dio erreparatu legeak ezarritako ofizialtasun murritzari ere. Horrela, euroari buruzko informazioa, Estatistika Institutuak bidalitako inkestak, laguntzak eskatzeko inprimakiak... gaztelania hutsean besterik ez ditu argitaratu, horien hartzailea zein eremutakoa den kontuan hartu gabe.

Horrekin batera, Nafarroa osoan zabaldu beharreko liburuxkak edota eskuorriak gaztelania hutsean argitaratzeari ekin dio Gobernuak azken urteotan: PADI programa, legionellari buruzko eskuorria, osasun liburuxkak, tratu txarrei buruzko informazio-orriak eta abar luze bat.

Kasu horietan guztietan Arartekoak berak behin baino gehiagotan agertu izan du indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren horrelako interpretazio murriztaileak ez direla zilegi, eta gomendioak luzatu dizkio hainbat departamenturi gutxiagotze politikak bazter ditzan. Horren aurrean, departamentuetako buruek muzin egin diete gomendioei eta ordura arteko irizpideei eutsiko dietela berretsi izan dute. Hau da, Arartekoak legearen irakurketa positiboa egiteko eskatu izan die administrazioei, alegia, euskara ere erabiltzeko aukera dagoenean, hori baliatzeko eskatu die. Administrazioek, aldiz, euskara baliatzea aukerazkoa denez, ez erabiltzeko hautua eginen dutela adierazi dute.

Antzeko egoera gertatzen da Administrazioaren web gune ofizialetan: Gobernuaren web gune nagusiak, Kirol Institutuaren web guneak, bai eta Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendaritzarenak ere, gaztelaniazko bertsioak besterik ez dituzte.


Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka toki-izen autoktonoak finkatzeko, gordetzeko eta berrikusteko. Toki-izen horiek ezingo dira arbitrarioki ezabatu, ez aldatu ez eta egokitu; era berean, ezin izango dira ordeztu gorabehera politikoen edo bestelako aldaketen karian.

Biziki aipagarria da Nafarroako Gobernuak euskarazko toponimo ofizialak hizkuntza paisaiatik desagertzeko aurrera eraman duen politika bortitza. Horrela, euskarazko toponimoak desagerrarazi egin ditu bide-seinale berri guztietatik.

Horren aurrean, berriki, 2006ko otsailaren 15ean, Nafarroako Arartekoak iritzia agertu zuen eta gomendioa luzatu zion Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio departamentuari Nafarroako errepideetako bide seinaleak jartzerakoan –edo aldatzerakoan–, aipaturiko seinaleetan herriaren bi izenak islatzeko. Arin baino arinago erantzun duen Gobernuak, bide-seinaleetan gaztelaniazko toponimoa besterik erabiliko ez duela esanez.

4. ONDORIOAK

Artikulu hau irakurritakoan ez dut uste inor harritu denik. Hau da, ez dut uste orriotan azaldutakoa informazio berria izan denik eta Nafarroako Gobernuko administrazioan egun hizkuntza eskubideen egoerari buruzko ustekabeko daturik edo jarrerarik azaldu denik. Alde horretatik ekarpenik ez da egin dokumentu honen bidez.

Hala ere, berriz ere erreparatu nahiko nioke hasieran azaldutako ideiari, alegia, defini ditzagun zein diren nafar euskaldunei aitortu beharreko eskubideak, eta horren ostean, azter dezagun hizkuntza eskubideak bermatzeko abian jarritako politika (edota abian jarri beharko litzatekeena). Eskubideen bermeaz barik bestelakoez hitz egiten badugu –sustapenaz, bultzadaz...-, arrisku handiak izan baitaitezke.

Duela bizpahiru urte, Europako erakunde bateko aditu batek esandakoa ekarri nahi nuke gogora. Nafarroako egoeraz egiten genuen irakurketaren berri emandakoan, zera adierazi zuen: “Ez dago horrenbeste kexatzerik, Gobernu honek milaka euro erabiltzen ditu euskara sustatzeko. Beste herrialde batzuetan nahiko lukete horrelako inbertsioak izatea”. Horren ondorioz, ez genuen esaterik Nafarroako Gobernuak euskara sustatzen ez zuenik. Egia esan, arrazoirik ez zitzaion falta. Gustatu ala gustatu ez, Nafarroako Gobernuak sustatu egiten du euskara. Ikuspegi hotzenean errealitatea da.

Hortaz, eraman dezagun eztabaida eskubideen eremura, hor ez baitago esaterik Nafarroako Gobernuak nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituenik. Are gehiago, hizkuntza eskubideak urratzen dituen ordenamendu juridikoaren garapen gero eta murriztaileagoa jorratuz doala froga dezakegu. Hortaz, guztion lana da geure diskurtsoetan hizkuntza eskubideak erdigunean kokatzea, eta gure azterketak irizpide horietan oinarritzea. Horrela eginez gero, inork ezin izanen du kontrakoa esan. Hau da, nola frogatu hizkuntza eskubideak bermatzen direla?

Edozein hizkuntza politika abian jartzeko orubea ondo berdindu behar da. Herritarrei zein eskubide bermatu behar diegun definiturik soilik eraman ahal izango dugu aurrera hizkuntza politika orekatua. Gaur egun, Nafarroan hori ezin gerta daiteke Legeak berak orubearen eremu bat eraikitzeko beharra besterik ez duelako ezartzen, eta orubearen zatirik handiena enpresa eraikitzailearen esku uzten duelako, horrek guztien oinarrizko eskubideak urratzen baditu ere.

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Paul Bilbao
Urtea: 
2006