NAFARROA OINEZ: 25 URTE

1972an, Estatu Batuetatik iritsi berria zen Iosu Erguin beasaindarrak ideia bat proposatu zuen ikastolentzako dirua lortzeko, baina jendeak erotzat jo zuen. Gizon horrek Ameriketan ikusia zuen ongintzako zenbait erakundek festa bat antolatzen zutela beren gizarte beharrak asetzeko. Festak hainbat ikuskizun izaten zituen. Ibilbide bat sortuta, partehartzaile bakoitzak diru kopuru bat ematen zuen kilometro bakoitzeko.

Nafarroako Ikastolen Elkartean administrazio erkidego horretan dauden gizarte ekimeneko hamalau ikastola dira bazkide eta, horiez gain, udal titularitatea duen bat ere bai, Baztangoa, alegia.

Aldi berean, elkarte hori Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan sarturik dago. Hasieratik beretik, ikastolak dira festaren jabeak eta haiek erabakitzen dute batzarraren bidez bere erabilera edo lagapena.

Sortu zen une beretik, festa honetan gizartearen sektore guztiek auzolanean parte hartu dute. Balio soziologiko handia du kultur eta gizarte mailatako jendea eskutik helduta eta urte osoan lanean ikusteak. Azken buruan, bakoitzak barrenean daukan hoberena ematen du seme-alabak hezteko, bai eta euskara eta euskal kultura bultzatzeko ere.

Berako Labiaga ikastola atakan sartua dago, Bortzirietako hezkuntza ingurunea bezala. Luzaro ari dira borrokan, aspaldidanik lan etengabean; proiektu batean sinesten dute eta horren aldeko ahalegin gaitzean dihardute haizearen kontra. Horregatik, ikastola horrek kudeatuko du Oinez hau, merezia dute eta.

1.- SORRERA

Sortu ziren une beretik, ikastolek jatorrizko bekatu bi egin zituzten: legetik kanpo egotea eta esku artean bitarteko oso gutxi izatea.

Lehenbiziko arazo hori konponduta dago Euskal Herriko mendebaldean eta iparraldean, eta espero dezagun Nafarroan ere laster konpontzea.

Hutsetik eta erakunde ofizialen laguntzarik gabe jaio zen herri mugimenduak (erakundeek ederki oztopatuta, esan beharko genuke) finantza-tresna berria behar zuen eta hortik sortu ziren pixkana-pixkana ikastolen aldeko festak.

1972an, Estatu Batuetatik iritsi berria zen Iosu Erguin beasaindarrak ideia bat proposatu zuen ikastolentzako dirua lortzeko, baina jendeak erotzat jo zuen. Gizon horrek Ameriketan ikusia zuen ongintzako zenbait erakundek festa bat antolatzen zutela beren gizarte beharrak asetzeko. Festak hainbat ikuskizun izaten zituen. Ibilbide bat sortuta, partehartzaile bakoitzak diru kopuru bat ematen zuen kilometro bakoitzeko.

Horra amerikarren asmakizuna eta guretzat, egia esan, koka-kola bera baino garrantzitsuagoa. Bada, hori izan zen ikastolen aldeko festaren jatorria. Horrela, 1977ko urriaren 1ean Kilometroak izeneko festaren lehen ekitaldia egin zen Beasainen: 1980ko ekainaren 8an, lehen Ibilaldia Durangon; 1981eko ekainaren 20an, lehen Nafarroa Oinez Altsasun; urte horretan berean, irailaren 13an, Araba Euskaraz Gasteizen eta, azkenik, euskal geografia osatzeko, Herri Urrats sortu sen Senperen (Lapurdi) 1991ko maiatzaren 12an.

Jesus Atxa ikastolen bultzagilea izan da eta beren historiaren kontatzailea ere bai. Bada, Atxa jaunak esanik badakigu Altsasuko Eneko Aritza ikastola joan den mendeko 1971/72 ikasturtean lotu zitzaiola bideari. 39 ikasle zituen 150 m2ko etxabe batean. Hileko kuota 100 pezeta ziren eta andereñoen nomina 8.000 pezeta. Gero, Udalak 20 mila m2 laga zizkien Basomutur izeneko tokian. Lursail haien gainean ikastolaren proiektua oinarritu zen 16 milioi eta erdi pezetatan eta 1979ko irailaren 15ean inauguratu zen.

Diru aldetik ez zebilen, ordea, batere ongi. Hori zela eta, Gipuzkoan ikastolak finantzatzeko erabiltzen zuten eredua ekarri zuten Nafarroara. Horra nola jaio zen lehenbiziko Nafarroa Oinez eguna.

Hasierako urteetan, parte-hartzaile bakoitzak konpromisoa hartzen zuen halako prezio batean hainbat kilometro egiteko, eta enpresek eta erakundeek horietako kilometro batzuk laguntzen zituzten diruz.

Parte-hartzaileen artean, Rayo esaten dioten Lizarragabengoako euskaltzale baten balentria nabarmendu beharra dago (ez da etxarriarra, ondokoa baizik). Izan ere, Ramon Arratibelek bost mila kilometro baino gehiago egin ditu parte-hartze guztiak kontuan hartuta.

Jose Ramon Anda artistak egin zuen lehenbiziko logoa Oihua izenarekin. Jose Ramon festaren ohiko laguntzailea da. Lehendabiziko leloa hauxe izan zen: NAFARTARREN HIZKUNTZAGATIK DENOK ALTSASURA.

Antolaketa lanetan 1.250 lagun aritu ziren, 120 osasun langile eta hiru anbulantziarekin batera. Guztira, 30.000 lagun inguru bildu ziren, 4.500 oilasko jan, 16.000 ogitarteko eta 240 kilo sardina, bai eta 600 litro ardo edan ere.

Azken finean, esperientzia eder-ederra, urte hartatik hona urtero arrakastaz egin dena, eguraldiak zenbaitetan batere lagundu ez badu ere.


II.- 25 EKITALDIAK

Etenik gabe, ekitaldi hauek egin dira:

1irudiaMariñelarena

 

III.- FESTAREN EZAUGARRIAK

Festaren ezaugarrien artean, hona nabarmenenak:

1) NIEren festa (NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA)

Nafarroako Ikastolen Elkartean administrazio erkidego horretan dauden gizarte ekimeneko hamalau ikastola dira bazkide eta, horiez gain, udal titularitatea duen bat ere bai, Baztangoa, alegia.

Aldi berean, elkarte hori Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan sarturik dago. Hasieratik beretik, ikastolak dira festaren jabeak eta haiek erabakitzen dute batzarraren bidez bere erabilera edo lagapena.

Hautapenari ekiteko, lehenik Batzorde bat eratzen da, proiekturik premiazkoenak edo proiektu estrategikoak aukeratzeko, inbertsioari begira dauden beharrak irizpidetzat hartuta.

Ez dezagun ahaztu zein den ikastolen finantza-eredua: Inbertsioa - Oinez sarrerak = Epe luzerako hipoteka mailegua. Ikastolak kooperatibak dira eta bazkideek beren partaidetzak hurrengo belaunaldientzako higitzen dituzte.

Bazkideen ekarpenei esker, eta urtero festan parte hartzen duten milaka eta milaka euskaltzaleei esker, bai eta bankuen interes interesatuari esker ere, Nafarroako ikastolek 42 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egin dituzte azken urteotan (ia 7 mila milioi pezeta).


2) Herriaren festa herriarentzat auzolanean

Sortu zen une beretik, festa honetan gizartearen sektore guztiek auzolanean parte hartu dute. Balio soziologiko handia du kultur eta gizarte mailatako jendea eskutik helduta eta urte osoan lanean ikusteak. Azken buruan, bakoitzak barrenean daukan hoberena ematen du seme-alabak hezteko, bai eta euskara eta euskal kultura bultzatzeko ere.

3) Euskalduntasuna

Festaren ardatz nagusia da. Dena hizkuntzaren eta kulturaren inguruan egiten da. Ez soilik festaren egunean, baizik eta urte osoan. Izan ere, ikastolak konpromisoa hartzen du urtebetez denetariko jarduerak antolatzeko helburu hori bultzatzeari begira. Jarduera horiek ez dira egiten dirua ateratzeko, eta defizita sortzen dute.

4) Beste kulturak: elkar bizitza eta errespetua

Festaren egunean lekua uzten da beste kultura eta hizkuntza batzuk ere ordezkatuak egon daitezen.

5) Ibiltaria

Urtero proposamenak jasotzen ditugu, festarako esparru finko bat sortzeko. Horrek diru emaitza hobeak ekarriko lituzke berekin eta antolaketa ere errazagoa izanen litzateke. Dena dela, Nafarroako aniztasuna bere aberastasunik handienetakoa da eta herrialde hori goitik behera erakustea lan garrantzitsua eta pozgarria da.

6) Guztion proiektua

Festan biltzen diren gehienak nafar herritarrak dira (hirutik bi) eta gainerakoak Euskal Herriko beste herrialdeetakoak, gipuzkoarrak bereziki. Administrazio mugak eta hizkuntza eremu guztiak gainditzen dituen festa da, eta denak batzen gaitu gure arbasoengandik datozen hizkuntzaren eta kulturaren aldeko ahaleginean.

IV .- 25. URTEMUGA

Arestian esan dugun bezala, Nafarroa Oinezaren lehen ekitaldia Altsasun egin zen. Horretaz gain, beste arrazoi batzuk ere izan ziren 2005eko Nafarroa Oinez Altsasuko ikastolaren esku uzteko: Eneko Aritza ikastolak eraikin berria behar zuen, 0tik 6ra urteko haurrak hartzeko; eta ikastola horrek eta Sakana osoak gaitasun handia dute antolaketarako.

Eguna pasatuta, ebaluazioaren emaitzetan esan da 25. urtemugako Oineza historikoa izan zela, hots, urteurrena ospatzeko modurik hoberena. Parte-hartzaile kopuruari buruzko zenbakitan sartu gabe –ziurrenik inoizko kopururik handiena-, maila izugarri handia izan da antolaketari, partaidetzari, eta garbitasunari dagokienez.

V .- 26.a ABIAN

Berako Labiaga ikastola atakan sartua dago, Bortzirietako hezkuntza ingurunea bezala. Luzaro ari dira borrokan, aspaldidanik lan etengabean; proiektu batean sinesten dute eta horren aldeko ahalegin gaitzean dihardute haizearen kontra. Horregatik, ikastola horrek kudeatuko du Oinez hau, merezia dute eta.

Gainera, hortxe dago 1994ko Oinezaren oroitzapen mingotsa, zorigaiztokoa, poliziaren ekintzak erreka zolara bota baitzuen. Beraz, horra beste arrazoi bat Berako ikastolari bere gaitasuna eta ilusioa itzultzeko.

Datorren urriaren 19a egun gogoangarria izanen da, berriro arrakastatsu gertatuko baitira euskararen aldeko ekimena eta elkartasuna, eta leloa hauxe: BAIETZ ORAINGOAN

VI.- 26 ETA ASKOZ ERE GEHIAGO

Nafarroa Oinez ongi dabil osasunez. Horra Nafarroa Oinez egunaren azken ekitaldiaren partaidetza, horren erakusgarri. Eta hortxe dago Bera aldean aurtengoa prestatzeko dagoen ilusioa ere.

Nafarroako ikastolek jakin badakite festa hau haratago doala, ikastolen festa izateaz gain euskararen festa ere badela, Korrika eta SORTZEN-IKASBATUAZ erakundearen festarekin batera, jakina.

Etorkizuna hiru aspekturen mendean dago:

Lehena da beharra izatea eta, ondorioz, ahalegin hori egiteko prest dauden ikastolak egotea. Hori ziurtatua dago, hainbat ikastolak eskatu dutelako.

Beste aspektu bat kalitatearena da. Xede horretarako, NIEn batzorde bat eratu da, festan hobetu beharrekoa lantzeko.

Eta, azkenik, ez da ahaztu behar ikastolek izan behar duten eta duten erantzukizuna, euskaltzale guztien proiektua kudeatzeko.

Horrenbestez, inolako zalantzarik gabe esan dezakegu: 26 ETA ASKOZ ERE GEHIAGO.

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Pello Mariñelarena
Urtea: 
2006