PAPEREZKO OHARRAK

Gaur egun, euskarazko hamabi herri aldizkari argitaratzen dira: astekari bat, beste hamabostekari bat, lau argitalpen hilabeteko maiztasunaz, beste hiru hilabetean behin argitaratzen direnak eta bi urtekari. Urtean, guztira ia 500.000 ale kaleratzen dituzte guztien artean”. “Euskarazko herri aldizkari gehienek zenbait ezaugarri nagusi dituzte: kultur edota euskara taldeek bultzatutakoak dira eta gehienak doan banatzen dira”.

Gakoa, nire ustez, hori baita. Nafarroan euskarazko prentsa irla txikiez osatutako errealitate bat da. Hori ez da ez ona ez txarra. Errealitate soila. Kontua, nire ustez, komunikatze bideak jorratzean datza, komunikazio hori izatea nahi badugu behintzat. Artxipelago bat eratu nahi dugun edo orain arte bezala bakoitzak ahal duena egiten jarraitzeko asmoa duen da etorkizunean adostu beharko duguna.

Horrez gain, nabarmentzekoa da duela gutxi abian jarri den Nafar-Press deituriko proiektu berria. Horren inguruan bildu dira ildo soziala oinarritzat duten tokiko proiektu komunikatiboak, euskaldunak, elebidunak, eta gaztelaniazkoak. Hizkuntzaren kontua salbu, bertan sortutako dinamikak kontuan izan beharko ditugu, euskararen suspertze lanean orain arte zeresan handia izan duen hainbat hedabide bertan baitago.

Berriro ere planteamendu bateratuak jorratzen saiatu beharko genukeela ondoriozta daiteke, batez ere proiektu bakan gisa eskaini ezin ditugun baina hazteko beharrezkoak ditugun produktuak eta proiektuak sortzeari dagokionez. Horixe da globalizazioaren ondorioz sortutako joko-mahaiko erregela berriei aurre egiteko ikusten dudan aukerarik onena: bakoitzak bere erritmoari, dinamikari, eta autonomiari eutsiaz elkarlanerako gune eraginkor bat sortzea.

Iazko asmoa gure proiektua are ezagunagoa egitea izan zen eta egunero saiatzen gara Nabarraren familia pixka bat handitzen. Zailtasunak, ordea, nabariak dira eta jakin badakigu, gainera, oztopo horiek gainditzen saiatzen ez garela bakarrak gure inguruan. Euskal prentsaren arazo soila ere ez da. Aisialdi moduak izugarri aldatu dira azkenaldi honetan, askotan paperezko euskarriaren kalterako.

Berez, gaur egun edozein zabalkunde prozesu baldintzatzen duen bi osagarri nagusi ditu Nabarra aldizkariak: euskaraz eginikoa da eta kultura gaietan espezializaturik dago. Jakina, modu horretako proiektua zabaltzea –euskal irakurle militantearen figura gainbeheran dugula ezagun izanik gainera– bereziki konplikatua dugu, baina emaitzak lortzen direnean poza bikoitza izaten da. Pixkana apurtzen joan garen beste harresietako bat gure izenaren ondorioz Nafarroarekin soilik erlazionatzen gintuztela da, gure esparru naturala Euskal Herria izanik.

Maila honetako argitalpen bati justizia egiteko, ondorengo lerrootan agertzen diren iritziak Nafarroako euskarazko komunikabideetan hasi berria den pertsona batenak direla argitu beharra dago. Imajina ezazue paraxutista bat landa batean erori berri dela eta, inguruaren miaketa egin ondoren, lehen ondorioak atera eta erabakiak hartzen hasten dela. Testu hau paraxutista horren lehen txostena litzateke.

Orain, beste imajinazio ariketa bat: irudikatu Galizia aldeko nekazaritza gune bat. Bertan egonik, atentzioa ematen duen gauzetako bat etxeen sakabanaketa da. Bakoitzak bere landan eraikitzen du etxebizitza eta hurrengo bizilaguna ahalik eta urrutien badago, hobe! Horixe da paraxutistari lurrera iritsi bezain laster atentzioa eman zion lehen gauza. Galiziar paraje baten antzera sumatu dituela, oro har, bertako komunikabideak: isolaturik eta elkarlanerako zailtasun handiekin. Lan honetan euskarazko prentsara mugatuko naizenez, esan beharra dut esparru horretan egoerari buelta emateko saiakerak badaudela jadanik abian, nahiz eta oraingoz errealitatea egitasmoen nahia baino askoz gordinagoa den. Euskarazko nafar prentsari buruz arituko naizenez, beharrezkoa deritzot ezaugarri nagusiak bertara ekartzeari, aipua egiteko bada ere. “Azken 20-25 urteotan herri komunikabideak asko ugaritu dira, mundu osoan bezalaxe, Nafarroan. Gaur egun, euskarazko hamabi herri aldizkari argitaratzen dira: astekari bat, beste hamabostekari bat, lau argitalpen hilabeteko maiztasunaz, beste hiru hilabetean behin argitaratzen direnak eta bi urtekari. Urtean, guztira ia 500.000 ale kaleratzen dituzte guztien artean”. “Euskarazko herri aldizkari gehienek zenbait ezaugarri nagusi dituzte: kultur edota euskara taldeek bultzatutakoak dira eta gehienak doan banatzen dira”. (Petriati, 2006)

Petriatik esandakoari ezer gutxi gehitu dakioke. Gehienez, aldizkari horien hedadura nagusia Nafarroaren iparraldean dela, alegia, euskal hiztun gehien dagoen tokian. Bestalde, badira euskarazko proiektuen osagarri izaten saiatzen diren proiektu elebidunak. Esaterako, Iruñerrian argitaratzen diren Aldapa (Alde Zaharra), Txantrea Auzolan (Txantrea), Ibaialde (Burlata, Atarrabia eta Uharte) eta Ostoki (Antsoain).

Banakako esperientzia horien emaitza kasu batzuetan nabarmentzeko modukoa da. Ttipi-Ttapak, adibidez, alor multimedia jorratzen duen egitasmo interesgarria du abian. Euskal Herri osoko komunikabideei buruz eginiko txosten batean, “Nafarroan herri-komunikabideen arloan dinamismorik handiena” erakutsi duen taldea dela dio (Urrutia, Zabaleta eta beste, 2004). Argi dago, beraz, Nafarroako euskarazko prentsan tokiko aldizkariek berebiziko protagonismoa dutela eta azken urteetan bilakaera garrantzitsua izan dutela. Gainera, informazio baliagarria emateko eta, ondorioz, euskara jendearengan hurbiltzeko tresna egokia direla agerian utzi dute. Baina hori nahikoa al da? Bermatzen al du horrek euskal prentsaren etorkizuneko jarduera? Ezezkoan nago.

Aipatutako hedabide andana horrek ez du izan elkarlanerako ­egoeraren araberakoa edo estrukturala- gaitasun handirik orain arte. Agian, egon dira esperientzia jakin batzuk, baina ez dira erreferentzialak izan. Panorama hori aldatzen ari da azken urte pare honetan egin diren ekimenei esker, baina isolamendu sentsazio horrek bere horretan dirau.

Susmo hori baieztatu egin zitzaidan urtarrilaren erdialdera Nafarroako euskarazko komunikabideek Iruñeko San Cernin elkartean egin genuen prentsaurrekoan. Bertan, Nafarroako Gobernuak azken urteotan komunikabide euskaldunekin izandako jarrera salatu zen. Baina, nire ustez, ekimen horren balorerik handiena hainbat eragilek elkar ezagutzeko eta gaiarekin loturiko euren kezkak agertzeko edukitzea izan zen.

Prentsaurrekoaren ondoren batzuk bat etorri ginen nafar exekutiboak zuen jarreraz gain gure arteko komunikazioan gabezia handiak zeudela ikusteko orduan. Gakoa, nire ustez, hori baita. Nafarroan euskarazko prentsa irla txikiez osatutako errealitate bat da. Hori ez da ez ona ez txarra. Errealitate soila. Kontua, nire ustez, komunikatze bideak jorratzean datza, komunikazio hori izatea nahi badugu behintzat. Artxipelago bat eratu nahi dugun edo orain arte bezala bakoitzak ahal duena egiten jarraitzeko asmoa duen da etorkizunean adostu beharko duguna.

Ni, gutxienez, aipaturiko artxipelago horren zantzuak izango dituzten harremanak eratzearen aldekoa naiz eta horretarako urrats batzuk ikusten ditut, batzuk jadanik jorratu bidean direnak, besteak etorkizuneko helburu izan beharko luketenak:

a) Elkar ezagutza landu eta talde-lana garatu. Paradoxikoa badirudi ere, UPNk eta Nafarroako Gobernuak euskarazko prentsa itotzeko darabilten estrategiak ahalbideratu zuen elkarrekin San Cerningo ekitaldi publikoa egiteko ekimena sortzea, eta, horrez gaindi, elkarren arteko komunikazioa sendotzen hasteko konpromisoa jarri zen mahai gainean. Administrazioak euskal prentsarekin duen jarrera aztertu eta erantzun bateratua emateko elkarlanaren esperientzia badago jadanik Arabari, Bizkaiari, eta Gipuzkoari dagokionez. Nafarrak dira orain talde hori osatzen joateko asmoa agertu dutenak. Nafarroako Gobernuak batu duena ez beza itsukeriak bana.

b) Irla isolatuetatik artxipelago bat sortzera. Agertutako asmoak zertan geratuko diren jakitea ez da erraza, baina, emaitzarik emango balu, artxipelago bat sortzeko atarian gaudela esan genezake. Jadanik baditugu filosofia jakin baten inguruan biltzeko saiakerak. Topagunearen altzoan dauden tokiko euskarazko aldizkarien esperientzia adibide bat da. Horrez gain, nabarmentzekoa da duela gutxi abian jarri den Nafar-Press deituriko proiektu berria. Horren inguruan bildu dira ildo soziala oinarritzat duten tokiko proiektu komunikatiboak, euskaldunak, elebidunak, eta gaztelaniazkoak. Hizkuntzaren kontua salbu, bertan sortutako dinamikak kontuan izan beharko ditugu, euskararen suspertze lanean orain arte zeresan handia izan duen hainbat hedabide bertan baitago. Edozein kasutan, artxipelagoa sortzeak oinarri-oinarrian bi gauzatarako balio beharko liguke. Alde batetik, bakoitzak bere irakurleak eta publizitatea ­duen merkatua- bateratuz, etekin hobeak lortzeko mekanikak sortzeko. Bestetik, gure merkatuari buruz argibide gehiago emango dizkigun ikerketak egiteko baliabideak bultzatzeko. Ez pentsa erraza denik. Baliabide berdinekin etekin hobeak lortzen ez badira, nekez erdiesten da proiektu multzo bat norabide berean jartzea. Artxipelago bat sortzeak iragarki gehiago edo iragarle garrantzitsuagoak lortzeko bidea ekarri beharko luke, irla izan beharrean talde izanik iragarki hori bezero potentzial gehiagorengana iritsiko dela eskaintzea baitago. Baina gauza bat izaten dira hasierako aurreikuspenak eta beste bat ondoren lortzen diren emaitzak. Betoak, krisialdiak, interes kontrajarriak, kontuan hartu beharreko “ezustekoak” izaten dira.

c) Proiektu berrietarako lurreratze pista. Elkarlana arrakastatsua izanik, proiektu berriak sortzeko eta garatzeko baldintzak sortzea litzateke hirugarren urrats nagusia. Denen ahotan dabil Iruñerrirako euskarazko egunkari bat sortzeko asmoa. Topagunean edo Nafar-Pressen sortzen diren dinamikek, egokiak izanez gero, proiektu berriak jorratzeko aukera eman beharko lukete. Horretarako, bigarren urratsean aipatutako inguruaren azterketa baliatu daiteke. Hala ere, badago, nire ustez, urrats honetan bete beharreko oso baldintza garrantzitsu bat: sortzen diren proiektu berriek merkatu zabalagora iristeko balio beharko lukete, orain arte abian daudenen bideragarritasuna kolokan jartzea nahi ez baldin badugu behintzat.

Urrats horiek beteko balira, ondoren etor liteke euskararen komunikabideen kontinentea sortzeko saiakera. Alegia, euskarazko komunikabideen produkzioa egitasmo eta kapital metatuak izango dituen talde antzeko batean zentralizatzea. Egun dugun egoera kontuan izanda ez zait iruditzen ur handi horietan sartzeko flotatzailerik dugunik. Gainera, ekoizpen guztia burmuin handi batean zentralizatzeko komenigarritasunari buruzko eztabaidak beste artikulu bat betetzeko moduko mamia eskaintzen du. Beraz, honaino aipaturiko hiru urrats horien inguruko saiakerak eginez gero, datozen urteotan nahikoa lan izango dugu.

Orain arte egindako azterketa barnera begira eta gutxieneko batasun edo koherentzia aldarrikatuz egin dut; zergatik? Ingurura begiratuz gero aukerak hortxe begi aurrean ikusteko modukoak badira ere mehatxu edo erronkak izugarriak direlako. Kanpora begira, gure proiektuen biziraupena bermatzeko bi bide nagusi daude: merkatua ­bere gordintasun osoarekin- eta erakundeak ­gordintasunik ez kasu honetan, Nafarroaren kasuan denak erre-erre eginda baikaude-. Lehenengoari dagokionez, eta publizitateari buruzko hausnarketa komertzialen eskuetan utziko dudalarik, argi dago merkatua hor dagoela baina gero eta zailagoa dela merkatu horretan barneratzea. Militantziaren irakurleria gero eta eskasagoa dela barneratua du hainbatek. Kontua da jakitea ea horretaz garaiz konturatu garen. Aisialdi moduak azkenaldi honetan zenbat aldatu diren ere kontuan izan beharko dugu, moduak eta tresnak. Gero eta eduki ikusgarriagoa gero eta euskarri modernoagoetan eskaintzea da joera, eta sabaiak ez du mugarik. Bezeroek, jakina, gero eta gehiago eskatzen dute.

Nafar Gobernuari buruz, harrigarria irudituko bazaizue ere, ezer gutxi esateko asmoa dut. Soilik gogorarazi soziolinguistikaren ikuspuntutik hizkuntza baten etorkizunaz zehazten diren hiru zutabeak (Nafarroako euskarazko komunikabideak, 2006):

a) Hizkuntza baten biziraupena ziurtatzeko, horren erabilera soziala bermaturik egon behar da.

b) Bermaturik ez dagoenean, bere erabilera soziala sustatzeko, babesteko, saritzeko, eta bermatzeko tresnak jarri behar dira.

c) Hori egiten ez duenak, modu kontziente edo inkontzientean, hizkuntza horren desagerpena sustatzen edo bilatzen du.

Hori irakurrita, nahikoa. Egungo Nafar Gobernuak ez du euskara maite eta gure jarduerak ezin du, une honetan behintzat, hor direnen politika egiteko modua baldintzatu. Beraz, haiei begira egonda denbora galtzeko gogo gutxi. Apurrak banatzen jarrai dezatela, baina gutxienez ez gaitezen apur gutxi horiengatik gure artean mokoka ibili. Hori da legealdi hau amaitu bitartean bi aldeen arteko harremanari eskatzen diodan gauza bakarra.

Testuinguru horretan berriro ere batasunerako deia egin behar dela iruditzen zait. Berriro ere planteamendu bateratuak jorratzen saiatu beharko genukeela ondoriozta daiteke, batez ere proiektu bakan gisa eskaini ezin ditugun baina hazteko beharrezkoak ditugun produktuak eta proiektuak sortzeari dagokionez. Horixe da globalizazioaren ondorioz sortutako joko-mahaiko erregela berriei aurre egiteko ikusten dudan aukerarik onena: bakoitzak bere erritmoari, dinamikari, eta autonomiari eutsiaz elkarlanerako gune eraginkor bat sortzea.Testuaren hasieran irudikatu dugun paraxutistak lurrera iritsi baino lehen ikusi du kostaldetik zetorren uholdea eta bere koadernoan azken ohar hau jarri du: “Olatuak zanpatu baino lehen, surf egiten ikasi behar dugu”.

100 BAT LERRO MILA GALDERARI ERANTZUTEKO

Behin, Euskal Herriko egunkari ezagun bateko promozio arduradunari Nabarra aldizkaria mutur parean jarri ziotenean, begiradatxo bat bota eta honokoa galdetu omen zuen: “Honek zertarako balio du?”. Norbaiti galdera iraingarria irudituko zaio, baina horixe da askotan geure buruari egiten dioguna, nahiz eta seguru asko galderaren intentzioa promozio-egilearenarekin alderatuz oso bestelakoa izango den. Bost urte bete ditu proiektu honek eta, askotan nor garen, norantz goazen, eta zer egin nahi dugun bezalako galdera sasi-transzendentalei erantzutea erraza ez den arren, gaur egun Nabarraren egitasmoa nahiko finkatua dagoela esan daiteke.

Nabarrak bi garai nagusi izan ditu orain arte. Lehenengo hiru urte eta erdian, edozein proiektuk behar duen sortze eta sustraitze prozesua ongi baino hobeki bete zuen. Harpidedun kopuru egokia lortu zuen tarte horretan eta proiektuak bere sustraiak errotu zituen. Duela urte eta erdi inguru, sustraitze horri jarraipena ematea jarri zen helburutzat eta orain urrats horretan gaude.

Gaur egun lau zutabe nagusiren gainean ari gara jorratzen gure egitasmoa:

1- Gaien tratamendu berezia: Nabarraren asmoetako bat euskal prentsan, beste edozein lekutan, aurkituko ez diren moduko planteamenduak egitea izaten da. Ez hobea ez txarragoa, baina Nabarraren zigilutxoa izan dezala. Horrek formatuei eta gaien edukiei buruzko hausnarketa ekarri zuen bere garaian. Gaur egun, kontakizunak, erreportaje formatu anitzak, kolaborazio espezializatuak… eskaintzen ditugu. Horrez gain, edukien aldetik interesgarriak edo deigarriak iruditzen zaizkigun kultura eta gizarte kontuetan oinarritutako gaiak lantzen ditugu. Biek bat egiten badute are eta hobe.

2- Perspektiba: Aurrekoarekin zerikusi handia du. Hilabetekaria izanik, gaiek eta horiek plazaratzeko moduek hilabetekari baten izanarekin harreman handiagoa izaten saiatzen gara. Bi arrazoi izan dira bi aukera horiek baliatzeko. Lehenengoa, jadanik euskal prentsan eguneroko eta asteroko informazioarekin zerikusia duten proiektuek euren esparru eta formatu informatiboan eskaintza zabala eta kalitatezkoa eskaintzen dutela. Beraz, ez du zentzu handirik baratze horretan gehiegi ereiteak. Bigarrena, gaur egun informazioaren oparotasunean eta behin-behinekotasunean oinarritutako sistema daukagula aurrean. Testuinguru horretan beharrezkoa ikusten genuen denboraren eta distantziaren aldeko apustua egitea eta informazio jario horri guztiari zentzua eta perspektiba ematen saiatzea. Askotan ez baita erraza datuen oihanean muina non dagoen jakitea. Horixe da Nabarrak egin dezakeen ekarpenik garrantzitsuenetakoa.

3- Ideiak: Behin perspektiba hartuta, ideiak zabaltzeko eta sorrarazteko asmoa izaten du Nabarra aldizkariak. Datuen hoztasuna gainditu eta eduki iradokitzaileak nahi izaten ditugu zabaldu, espiritu kritikoa eta aktiboa bultzatu nahian. Etorkizunean gure arteko bizimodua egokiagoa izan ahal izateko baliagarriak izan daitezkeen bideak aurkitzeko argitxoak jarri nahi ditugu guztion artean.

4- Zubi-lana: Hainbat espresio kulturalen –eta artistikoen- eta gizartearen arteko distantzia areagotu egin da azken urteotan. Beste modu batera esanda, artearen izaera eraldatzaileak eta abangoardistak indarra galdu du bere atalik komertzialenaren eta elitistenaren mesedetan. Hori da behintzat bertatik egiten dugun analisia. Nabarraren asmoa kulturaren eta artearen hartzaileen eta egileen arteko zubi-lana egitea da. Oraingoz, paperezko euskarrian egileei eman diegu testigantza eta behin-behineko kolaboratzaileen eta kolaboratzaile finkoen multzo txukuna sortu dugu –Joseba Sarrionandia, Juanma Bajo Ulloa, Eider Rodriguez, Lander Garro, Jabier Muguruza, Aizpea Azkorbebeitia, Patxo Telleria, Tere Irastortza, Karlos Linazasoro…-. Zubi-lan horretan aurrerantzean irakurleei eman nahi diegu protagonismo handiagoa. Horretarako, gure webgunea, www.nabarra.com, erabili nahi dugu, euskarri mota horren malgutasuna baliatuz.


Nabarrak sekulako edukiak eginez gero ere, ez gara inor ondoren kanpoko harrera ona ez bada. Hari horri tiraka, hastapenetan eginiko zabalkunde lanak oinarri sendoa ekarri zion aldizkariari. Iazko asmoa gure proiektua are ezagunagoa egitea izan zen eta egunero saiatzen gara Nabarraren familia pixka bat handitzen. Zailtasunak, ordea, nabariak dira eta jakin badakigu, gainera, oztopo horiek gainditzen saiatzen ez garela bakarrak gure inguruan. Euskal prentsaren arazo soila ere ez da. Aisialdi moduak izugarri aldatu dira azkenaldi honetan, askotan paperezko euskarriaren kalterako.

Geuk modu kontzientean ezarri genituen gure mugak. Berez, gaur egun edozein zabalkunde prozesu baldintzatzen duen bi osagarri nagusi ditu Nabarra aldizkariak: euskaraz eginikoa da eta kultura gaietan espezializaturik dago. Jakina, modu horretako proiektua zabaltzea –euskal irakurle militantearen figura gainbeheran dugula ezagun izanik gainera– bereziki konplikatua dugu, baina emaitzak lortzen direnean poza bikoitza izaten da. Pixkana apurtzen joan garen beste harresietako bat gure izenaren ondorioz Nafarroarekin soilik erlazionatzen gintuztela da, gure esparru naturala Euskal Herria izanik.

Baina dena ez da iluntasuna. Iruñerritik Euskal Herrira begira eginiko produktu gehiegi ez dago. Nabarra bera da horren adibide bakarrenetakoa, baina jadanik ozen esan dezakegu Nafarroatik beste herrialdeetara produktu duin eta interesgarriak plazaratzeko nahiko indar metatu dela. Esan dezakegu, halaber, proiektu hori ahalbideratzen duen erakundeak, Nabarreria argitalpen kudeaketa taldeak, jadanik eskarmentua baduela kontrako egoerak kudeatzen. Bizkaian edo Gipuzkoan zuen burua otsoaren ahopean ikusten baduzue… Nafarroan zintzurrean gabiltza bueltaka. Judoko maisuek bezala, gure beharrak bertute bihurtzea lortzen dugun heinean, proiektuak gero eta sendotasun nabariagoa erdietsi du. Aldi berean, Nabarra bezalako egitasmoek bost urte irautea Euskal Herrian arlo kulturalean eta sozialean masa kritiko esanahitsua dagoelako bermea da.

Baina ez gara gure zilborrera begiratze hutsarekin konforme geratuko. Etorkizunera begira gehiago eta hobe egitea da –edo beharko litzateke- asmoa, nahiz eta, gizakioi gertatzen zaigun moduan, helburua bizirautea izaten denean planteamendu sakonagoetarako tarte txikia geratzen den.

Testu honen azterketa, ikus daitekeenez, kanpora eta barrura begira egina dago. Bestela esanda, aldizkariaren kalitatea eta hedapen ahalmena dira balantza batean jarri beharreko bi atalak, gurea bezalako proiektu bati beti aurpegiratzen baitzaio aipaturiko balantza horren alde baterako edo besterako joera. Hedapen handia lortuz gero beti entzuten baita mamiaren kalitatea komertzialagoa bihurtzearen lepotik egin izan dela. Oso eduki mamitsuak eta ederrak eginez gero, beti egongo da jende gutxirengana iristen delako aitzakia. Horixe da gure eguneroko gurpil zoroa.

 

BIBLIOGRAFIA

Petriati, Garbiñe (2006); “Euskarazko prentsa idatzia Nafarroan: garrantzia euskararen erabileran”; Gara-Berria.

Zabaleta, Iñaki; Urrutia, Santi; Gutierrez, Arantza; Xamardo, Nikolas; Mendizabal, Antxon. Euskarazko Komunikabideak eta kazetaritza: egoera, ardatzak eta pisu erlatiboa, Bilbo, 16. orrialdea.


Nafarroako euskal komunikabideek emandako prentsaurrekoa. Iruñea, 2006/01/19

 

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Mikel Lizaso
Urtea: 
2006