2001eko kale neurketak, kezkak eta erronkak

Euskararen erabilerari dagokion bi errealitate ditugu, batak, emendatzearen mantsotzeagatik kezka emanda ere, baikor uzten ahal gaituena, eta bertzeak kezka baizik ematen ez diguna

Hondar kale neurketek emandako datuak aztertzeak zirrara gazi-gozoak eman dizkit. Zirrara gozoa, orain bitartean, neurketaz neurketa, Euskal Herri osoari dagokion erabilera datua igo baita, oso igoera apala izanda ere, eta gainera, euskararen erabileraren igoera hori gizarte talde gazteenetan gertatu da.

Zirrara gazia, aldiz, azken neurketaldiak erakutsi bezala, igoera mantsotu baita eta ez dirudi mantsotze edo galgatze hori gertaera puntuala denik. 1989ko neurketalditik heldu den joera da.

Euskal Herri osoari dagokion datu orokorraren azpian bi erabilera eredu agertzen zaizkigu, biak oso ezberdinak eta beren joeretan egonkorrak:

Alde batetik, neurketaz neurketa erabilera tasa emendatzen ari diren lurraldeak: Gipuzkoa eta Bizkaia; eta bertze aldetik, hamabi urtez (lau neurketaldietan, 1989kotik 2001ekoa bitartean) atzeraka egiteko baizik beraien erabilera tasa mugitu ez dutenak: Araba, Nafarroa Garaia eta Iparraldea.

Bi ereduen arteko ezberdintasuna soilik euskararen ezagutza tasan datzala pentsatzea legoke, baina ez da hori, nire idurikoz, azalpen bakarra, nahiz eta guziz bat etorri ezagutza berretu bitartean erabilera tasan emendatze larririk ezin espero dugula diotenekin. Euskararen aldeko politika ausartik ezak ere badu zerikusia aitzin ez egite horretan, Iparraldea kasu.

Batzuek, bi eredu horietan bi abiadura edo bi erritmo ikusi dituzte. Nik, berriz, aztertutako datuetan ez dut elementurik ikusi Araba, Nafarroa Garaia eta Iparraldearen kasuetan abiaduraz solasteko bide eman diezaguketenik. Euskararen erabilerari dagokion bi errealitate ditugu, batak, emendatzearen mantsotzeagatik kezka emanda ere, baikor uzten ahal gaituena, eta bertzeak kezka baizik ematen ez diguna.

Ez dakit kontsolamendurik hartzen ahal den emaitzak anitzez ere apalagoak izan litezkeela pentsatzearekin, soziolinguistika matematikoak erakutsi bezala, probabilidade matematiko hutsez espero litekeen tasa baino altuagoa baita euskaldun jendeak egiten duen euskararen erabilera.

Araban neurtutako tasaren karitik hartzen dut nik arrangurarik handiena, aitzin egiteko baldintza objektibo aunitz izaki, ez baitu erdietsi belaunaldi berrien ezagutzak izan duen igoera haien erabilera tasan islatzea.

Nafarroan eta Iparraldean euskaldunek ez dute beraien birsortze soziokulturalerako ez eta beraien buruaren hautemateko ere aldeko egoerarik. Ez dute tokiko hizkuntzaren status ofizialak eman diezaiekeen guttienezko babesik hezkuntzan edo zerbitzu publikoetan. Halere, erabilerak bere aurreko tasari eutsi dio eta hor bai aurkitu dut baikorki baloratu beharreko xehetasuna. Araban ordea, goibelago dagerkigu errealitate hori. Beherakada ere objektibatu dute kale neurketek, ustez aurrekoek baino egoera hobea duen lurraldean: ofizialtasuna; euskarazko haur, lehen eta bigarren hezkuntzaren eskaintza bermatuta, e.a.

Egoera kezkati egoteko modukoa da, bai eta hausnarketaldi sakonak egiteko ere. Hemendik aitzin datorkigunak ez dakigu noraino ahalbidetuko digun euskal hizkuntz komunitatearen birsortzea, ugaltzea eta sendotzea. Ezegonkortasun politiko orokorra dago, Euskal Herrian nola Euskal Herritik kanpo. Euskarak ez du babes juridikoa bere lurralde historiko osoan, eta gainera, Euskal Herrian berean euskararen kontrako jarrera instituzionalak ditugu. Bertzalde, gurera honez gero heldu diren eta helduko diren etorkinak kontuan izanda, luze gabe, euskal hizkuntz komunitatearen ttipitze portzentuala izanen dugu, Nafarroa Garaiaren kasuan hagitz kontuan izatekoa izan daitekeena.

Nire ustez, garbi agertzen da tokiko hizkuntza ahularen aldeko politika ausart, deliberatu edo irmorik gabe ezin izanen dela, ez abian diren bi lurraldeen erritmoa azkartu, ez eta deus aitzindu ez dutenen lehen aurrerakada ahalbidetu ere.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Paula Kasares
Urtea: 
2002