Erabileraren Kale Neurketa. Ibilbidea eta metodologia

Ikerketa honen berezitasuna inon egotekotan metodologian dago. Izan ere, behaketa bidezko datu-bilketa da; alegia, orain artean erabilerari buruzko datuak inkesta bidez jaso badira ere (eta hala egiten da Euskal Herrian administrazioak burutzen dituen datu-bilketa guztietan, zentsuan zein Inkesta Soziolinguistikoan), ikerketa honetan zuzeneko behaketa erabiltzen dugu

Garai hartan honako hausnarketa egin zuen EKBk Neurketaren garrantzia azpimarratzerakoan "“Neurketa garrantzitsua da bi arrazoirengatik: batetik, gure hizkuntzaren diagnostikoa osatzeko falta zitzaigun daturik garrantzitsuena delako segur aski, eta bigarrenik neurketaren beraren tamainagatik: Euskal Herrian 10.000 biztanletik gorako 53 udalerri dago, eta berorietan biltzen da biztanleria osoaren bi heren baino gehiago"

Berrikuntza aldagaien azterketan gertatu zen. Bigarren neurketa honetan adinaren aldagaiaz gain talde tamainaren aldagaia ere aztertzen da, alegia, hitz egiten ari direnak bikoteka, hirukoteka, laukoteka, boskoteka, edo talde handiagoan doazen. Talde tamainaren araberako datuak J.L Alvarez Enparantzaren eredu matematikoa aztertzeko erabiliko dira

160 udalerri horietan 254.914 pertsona neurtu ziren, eta datu-bilketa lanean 734 neurtzaile aritu ziren. Herrietako ibilbideak, 1993ko neurketako berberak izan ziren, oro har. Zoriz aukeratutako herri txiki berrietan ibilbideak 93ko neurketan erabilitako irizpideen arabera zehaztu ziren

Kale Neurketan jasotako datuek zera adierazten dute: neurketa egin den tokian eta unean (egunean eta orduan) zenbat lagun ari den euskaraz (edo erdaraz) hitz egiten. Hau da, zenbat hitz egiten den euskaraz une eta leku horretan. Ez du esan nahi, beraz, horiek bakarrik hitz egiten dutenik euskaraz, izan ere, pertsona horiek berak, beste une eta beste toki batean, euskaraz hitz egin baitezakete. Erabilera, azken batean, ez da norberaren erabakira mugatzen den fenomenoa, alegia, norberaren baitakoak ez diren ezaugarriek ere baldintzatzen dute hizkuntz hautua

kide guztien datuak jasoko dira, eta entzun diren pertsonek darabilten hizkuntza guztiei aplikatuko zaie, normalean elkarrizketa hizkuntza bakarrean gertatzen baita

Haurren presentziaren aldagaia ere oso interesgarria da. Neurketarik egin gabe intuitiboki esan genezake euskararen erabilera areagotu egiten dela haurrak presente badira. Baina interesgarria da eragin hori ¾euskararen erabilera areagotze hori¾ kuantifikatzea eta aurrera begira bilakaera aztertzea

Erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak (173 udalerrietakoak) bildu ondoren, bi ariketa egin dira:

1. Udalerri bakoitzean neurtutako pertsona kopuruari, bertako hiztun-komunitate osoaren pisua emango zaio.

2. Hego Euskal Herrian biztanleria-tamainaren eta ezagutzaren araberako sortu diren 12 tipologietan, bakoitzean neurtutako %10aren batezbestekoa gainontzeko %90ari aplikatuko zaio.

SARRERA

Euskal Herriko Kale Neurketak, Euskal Herri osoan, eremu publikoan ¾kalean¾, euskararen ahozko erabilera neurtzen du. Estreinakoz 1989an egin zen neurketa hori, geroztik lau urtean behin errepikatu da. Hamabi urte igaro ondoren, beraz, IV. Kale Neurketa burutu dugu. Orain arteko hiru Neurketak Euskal Kultur Batzarraren (EKB) zuzendaritzapean egin dira. EKB desagerturik SEI Elkarteak hartu du bere gain euskararen egoera zertan den aztertzeko ezinbestekoa den ikerketa hau.

Esan bezala, hamabi urteko ibilbide luzea du Euskal Herri mailako Kale Neurketak. Aurretik, Siadecok burutu zituen kale neurketak, Gipuzkoa osoan (1983) eta Ipar Euskal Herriko barnealdean. Aitzindaritza lan horien ostean, proiektu hau sortzeko ahalegin eta ekarpen handiak egin zituzten Siadecok berak metodologiari dagokionean (Iñaki Larrañaga eta Kike Amonarriz buru), unibertsitateko zenbait irakaslek erabilerari buruzko teorizazioan (J.L. Alvarez Enparantza “"Txillardegi"  eta Xabier Isasi), eta Euskal Kulturaren Batzarrak proiektuari maila orotako babes eta laguntza "ogistikoa" eskainiz. Bihoakie bada, horiei guztiei gure esker ona euskararen osasuna diagnostikatzeko lanari eta, oro har, euskal soziolinguistikari egindako ekarpen garrantzitsu honengatik.

Ikerketa honen berezitasuna inon egotekotan metodologian dago. Izan ere, behaketa bidezko datu-bilketa da; alegia, orain artean erabilerari buruzko datuak inkesta bidez jaso badira ere (eta hala egiten da Euskal Herrian administrazioak burutzen dituen datu-bilketa guztietan, zentsuan zein Inkesta Soziolinguistikoan), ikerketa honetan zuzeneko behaketa erabiltzen dugu. Beste modu batera esanda, inkesta bidez, norberak bere buruari aitortzen dion erabilera maila jasotzen da; hau da, erabilera aitortua edo subjektiboa deitu ohi dena. Kale Neurketan, berriz, inkestetan ez bezala, mintzatzen ari denari ez zaio ezer galdetzen, entzun eta hizkuntza jasotzen da modu objektiboan.

Eskuartean dugun ikerketan datu-bilketa metodoa aipagarria bada, aztergai duen eremua ere oso da garrantzitsua, izan ere, Euskal Herri osoa hartzen baitu. Neurketaz gain, “"Euskararen Jarraipena" Inkesta Soziolinguistikoa da Euskal Herri osoa aztertzen duen ikerketa bakarra. Beraz, bi ikerketok batera aztertuz gero, aukera paregabea dugu erabileraren egoera ongi ezagutzeko.

Gauzak horrela, hamabi urteko esperientziak Erabileraren Neurketari sendotasun teoriko eta metodologikoa eman dio. Gaur egun, Neurketaren eta inkestaren bidezko datuak eskura ditugula, Euskal Herria aitzindari izan bide da mundu mailan erabileraren ezagutzari dagokionean. Ez da, guk dakigula, halako azterketarik egin beste inon. Eta esandakoaren adierazle da gure esperientziak Katalunia, Galizia edo Gales-en sortu duen ikusmina.

HAMABI URTEKO IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOAK

Esan bezala, erabilera neurtzeko metodoaren sortzailea Siadeco Ikerketa Taldea dugu. 1981ean nabarmendu zuten Siadecon erabilera neurtzeko premia. Urte horretako EAEko zentsuan jaso ziren estreinakoz euskararen inguruko datuak. Datu horiek hizkuntza-gaitasunari buruzkoak ziren eta lau kategoriatan bildu ziren: mintzamena, ulermena, irakurmena eta idazmena.

Jasotako datuen izaerak eta kalitateak bi kezka eragin zituen, nagusiki. Batetik, arestian esan dugun bezala, datuak subjektiboegiak ziren, esate baterako,"“ongi" hitz egitea batzuek eta besteek ezberdin balora zezaketen ¾horrelakoetan gainera errealitatea "“baikortzeko" joera dago¾. Eta, bestetik, gaitasun-maila, besterik gabe, ez zen nahikotzat jotzen euskararen egoeraren diagnosi osatua egiteko.

Hain zuzen ere, kezka horiek eraginda, eta zeuden hutsuneei erantzuteko, sortu zen Kale Erabileraren Neurketa. Testuinguru horretan, Siadeco Ikerketa Taldeak erabilera neurtzeko metodoa landu zuen. 1983an, Gipuzkoako Diputazioari proposamen bat aurkeztu ondoren, Gipuzkoako udalerri guztietan Euskal Herrian Euskaraz Taldearen laguntzarekin neurketak egin ziren. Orduko ikerketa hartan bi datu jaso ziren: zenbatek egiten zuen euskaraz eta zenbatek gazteleraz.

1989an Euskal Kultur Batzordeak ¾EKBk¾ Euskal Herriko udalerri handienetan (10.000 biztanletik gorako udalerrietan) erabileraren neurketa burutzea erabaki zuen. Siadecori agindu zion egiteko hori, eta urte horretan bertan Lehenengo Kale Neurketa burutu zen.

Ondoren, lau urtean behin egin dira Kale Neurketak; iaz burutu zen laugarrena. Guztiek oinarri metodologiko bera badute ere ¾alegia, Euskal Herri osoaren azterketa eta behaketa bidezko datu-bilketa¾ ikerketa osatu eta lortzen diren emaitzak hobetze aldera, neurketa batetik besterako egokitzapenak gauzatu dira. Hori bai, Neurketa guztietan datu-bilketa modu berean errepikatzea ezinbestekoa da.

1989KO KALE NEURKETA

Erabileraren lehenengo Neurketa 1989ko azaroaren 8an (asteazkena) eta 11n (larunbata) burutu zen; 10.000 biztanletik gorako Euskal Herriko herri guztietan.

Garai hartan honako hausnarketa egin zuen EKBk Neurketaren garrantzia azpimarratzerakoan "“Neurketa garrantzitsua da bi arrazoirengatik: batetik, gure hizkuntzaren diagnostikoa osatzeko falta zitzaigun daturik garrantzitsuena delako segur aski, eta bigarrenik neurketaren beraren tamainagatik: Euskal Herrian 10.000 biztanletik gorako 53 udalerri dago, eta berorietan biltzen da biztanleria osoaren bi heren baino gehiago". [1]

Hainbat arazo izan zirela medio, 10.000 biztanletik gorako herri horietatik lautan ezin izan zen neurketarik egin: Leioan, Burlatan, Tafallan eta Miarritzen. Horiez gain, Angelun, ikerketa egin bazen ere, oso jende gutxi neurtu zen, eta bertako datuak ez ziren aintzakotzat hartu. Azkenik, Zumarraga eta Urretxu herri bakar gisa kontsideratu ziren. Beraz, guztira, 47 udalerri neurtu ziren 1989ko Lehenengo Kale Neurketa horretan.

47 udalerri horietan 2.010.500 biztanle inguru bizi ziren; Euskal Herri osoko biztanleriaren %69,57, hain zuzen. Hasierako asmoa 2.010.500eko multzo horren %20a neurtzea zen, baina guztira 329.860 lagun izan ziren neurtuak; 10.000 biztanletik gorako herri guztien biztanleriaren %16,41, beraz. Dena dela, datuak prozesatzerakoan %20ra ponderatu ziren emaitzak, ehuneko horretara iritsi ez ziren herrietan.

47 udalerrietako ibilbide guztietan sei ordutan 500 neurtzaile inguru aritu ziren datuak biltzen. Erabilera indizeak adin-taldeka neurtu ziren. Horretarako lau adin-talde osatu ziren: haurrak (2-14 urte), gazteak (15-24 urte), helduak (25-64 urte) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak).

1993KO KALE NEURKETA

Bigarren Kale Neurketa, lehenengoa burutu eta lau urtera egin zen, 1993ko azaroaren 10ean eta 13an, hain zuzen.

Lehenengo Neurketarekin alderatuaz udalerri gehiago aztertu ziren: 5000 biztanletik gorako udalerri guztiak, Angelu salbu; eta, 5000tik beherako udalerri kopuruaren %10. Horretarako udalerri txiki horiek bi multzotan sailkatu ziren biztanle kopuruari dagokionez, eta sei multzotan euskaldunen portzentajeari dagokionez; 12 tipologia ezberdin, beraz. Tipologia bakoitzari dagokion herri kopuruaren %10a zozketa sistemaz aukeratu zen.

Ikus dezagun 12 tipologia horiek nola sortu diren:

Herri tamainaren arabera

Euskararen ezagutzaren arabera

1000 biztanletik beherakoak

%0-%10 euskaldun

1001-5000 biztanle bitartekoak

%10,01-%25 euskaldun

 

%25,01-%50 euskaldun

 

%50,01-%75 euskaldun

 

%75,01-%90 euskaldun

 

%90,01-%100 euskaldun

 

Nolanahi ere, estimazio horiek guztiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako soilik balio dute; Lapurdin Nafarroa Beherean eta Zuberoan herri bakoitzeko euskaldunen portzentajerik ezagutzen ez denez, ezinezkoa baita metodo hori erabiltzea. Horrenbestez, 1993ko Kale Neurketan 112 udalerri neurtu ziren, orotara 275.335 pertsona.

Gainontzean, aurreko neurketako irizpide bertsuak erabili ziren, hau da, asteazkenean eta larunbatean, hiru neurralditan, eta 89ko ordutegi berean egin ziren neurketak.

Berrikuntza aldagaien azterketan gertatu zen. Bigarren neurketa honetan adinaren aldagaiaz gain talde tamainaren aldagaia ere aztertzen da, alegia, hitz egiten ari direnak bikoteka, hirukoteka, laukoteka, boskoteka, edo talde handiagoan doazen. Talde tamainaren araberako datuak J.L Alvarez Enparantzaren eredu matematikoa aztertzeko erabiliko dira.

1997KO KALE NEURKETA

Hirugarren Kale Neurketa 1997ko azaroaren 12an (asteazkena) eta 15ean (larunbata) burutu zen. Hiru neurraldi horietan, aurreko Neurketetako ordutegi berak erabili ziren.

Bigarren Kale Neurketaren aldean, bada aipatu beharreko berrikuntzarik. Batetik, bi aldagai berri aztertu ziren: sexua eta haurren presentzia. Bestetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan neurtu beharreko herrien aukeraketa egitean, bertako egoera soziodemografikoari egokitutako irizpideak baliatu ziren, eta ondorioz 1000 biztanletik gorako herri guztiak neurtu.

Euskal Herriko Hegoaldean, 1993ko irizpide berak hartu ziren: 5000 biztanletik[2] gorako herri guztiak neurtu ziren, eta 5000 biztanletik beherako herri kopuru osoaren %10. Lagin horren aukeraketa hiztun kopuruen eta euskaldun kopuruen tipologien arabera egin zen. Beraz, orotara 160 udalerri neurtu ziren: Araban 8, Bizkaian 37, Gipuzkoan 36, Nafarroa Garaian 40, Lapurdin 31, Nafarroa Beherean 6, eta Zuberoan 2.

160 udalerri horietan 254.914 pertsona neurtu ziren, eta datu-bilketa lanean 734 neurtzaile aritu ziren. Herrietako ibilbideak, 1993ko neurketako berberak izan ziren, oro har. Zoriz aukeratutako herri txiki berrietan ibilbideak 93ko neurketan erabilitako irizpideen arabera zehaztu ziren. Kasu gutxi batzuetan ibilbidea aldatu egin zen, herrietako arduradunak hala eskatuta, 93koa egokia ez zelako, edota lau urtetan herriko egoera eta herritarren ohiturak aldatu zirelako.

2001EKO KALE NEURKETA

Udalerrien aukeraketa aurreko irizpideaz baliatuz egin da, hau da, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian 5000 hiztunetik gorako udalerri guztiak neurtu dira, eta hemendik beherako %10. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 1000 hiztunetik gorako udalerri guztiak neurtu dira. Horrez gain, hamar bat udalerri txikietan (5000tik beherakoetan) bertakoen iniziatibaz neurketak egin dira, horietan tipologiaren batezbestekoa aplikatu beharrean datu erreala erabili da (ikus ponderazioen atala). Beraz, guztira 173 udalerri neurtu dira: 11 Araban, 42 Bizkaian, 41 Gipuzkoan, 31 Lapurdin, 41 Nafarroa Garaian, 4 Nafarroa Beherean eta 3 Zuberoan[3]. Udalerri horietan orotara 241.708 pertsona neurtu dira. Ikus dezagun beheko taulan neurtutako pertsona kopurua lurraldez lurralde:

Lurraldeak

Neurtutako pertsona kopurua

Araba

21.936

Gipuzkoa

83.935

Nafarroa Garaia

32.466

Bizkaia

94.107

Lapurdi

8.090

Nafarroa Beherea

786

Zuberoa

388

Euskal Herria

241.708

NEURTUTAKO HERRIEN KOKAPEN GEOGRAFIKOA

 

 

METODOLOGIARI BURUZKO AZALPENAK

Behaketa bidezko datu-bilketa

Arestian esan bezala, euskararen erabilera neurtzeko metodoa behaketa zuzena da, ez inkesta. Hiztunak neurketaren momentuan erabiltzen duen hizkuntza jasotzen da zuzenean, ezer galdetu gabe. Neurtzaileak ibilbidean zehar topatzen duen jendeak darabilen hizkuntza jasotzen du, neurketak irauten duen bitartean. Hiztunak ez daki inongo momentutan behatua izan denik, eta neurtzaileak hiztunaren joera naturala jasotzen du. Era honetara inkestaren bidez jasotako datuen subjektibotasuna saihesten da, emaitza fidagarriagoak lortuz.

Hortaz, kalean entzuten diren elkarrizketak neurtzen dira, eta neurtzaileek jasotzen dituzten datuek entzun eta zenbatu diren pertsona horiek leku eta une horretan zein hizkuntza zerabilten adierazten dute, ez besterik . Horrek ez du esan nahi, “"horiek bakarrik direnik euskaraz egiten dutenak, baizik eta hori dela euskararen erabilpenaren proportzioa; alegia, ez dugu jakingo zenbatek egiten duen, baizik eta batez beste, zenbat egiten den euskaraz une eta leku bakoitzean".[4]

Kale Neurketan jasotako datuek zera adierazten dute: neurketa egin den tokian eta unean (egunean eta orduan) zenbat lagun ari den euskaraz (edo erdaraz) hitz egiten. Hau da, zenbat hitz egiten den euskaraz une eta leku horretan. Ez du esan nahi, beraz, horiek bakarrik hitz egiten dutenik euskaraz, izan ere, pertsona horiek berak, beste une eta beste toki batean, euskaraz hitz egin baitezakete. Erabilera, azken batean, ez da norberaren erabakira mugatzen den fenomenoa, alegia, norberaren baitakoak ez diren ezaugarriek ere baldintzatzen dute hizkuntz hautua. BAT Aldizkariko 9. Alean (1993), SIADECOren artikuluan, ezaugarri horiei erabilpenaren erregularitateak deitu zitzaien. Gogora ditzagun han esandakoak:

Egoera minorizatuan dauden hizkuntzen erabilpena erregularitate batzuen barnean gertatu ohi da. J.A. Fishman eta Ll. V. Aracilek markatutako bideari jarriki, honela formula genezake arazoa: zein baldintza bete behar dira bi pertsonen artean euskaraz egin dezaten?

· Hitz egiten duenak euskaraz jakitea.
· Jakinda ere, euskaraz egin nahi izatea.
· Solaskidea euskalduna izatea (bat baino gehiago badira, denek jakitea, banaka batzuk besterik ez baitira horrelako egoeratan ere euskaraz egiten dutenak).

Aipatu baldintza horietako bakar batek huts egiten badu, automatikoki, hiztunak erdarara pasako dira. Baldintza horietaz gain, badira beste batzuk, hizkuntza aldaketa eragin edo laguntzen dutenak, nahiz eta beren eragina erabakigarria ez izan:

· Hitz egiten duenak, solaskideak euskaraz badakiela jakitea; normalean zalantzaren bat baldin badago erdara erabiltzen baita.
· Gaia arrunt xamarra eta ez teknikoa izatea, bestela gaitasun-faltaz edo esan nahi dena behar den zehaztasunez uler dadin, hizkuntzaz aldatu egin baitaiteke.
· Harremana ahozkoa izatea. Idatzizkoa bada, euskaldun askok oraindik ere erdara erabiltzen baitu.

Erregularitate hauek garbikien harreman afektibo-pertsonaletan ematen dira, bestelako esparruetan (administrazioa, lan mundua, komunikabideak, etab.) kanpo-aldagaiek ere zerikusi handia baitute hizkuntza portaeretan.

Erabileraren Kale Neurketak, kalean edo leku publikoan gauzatzen diren harremanak jasotzen ditu, eta horiek normalean izaera afektibo-pertsonala dute. Beraz, familiakoen artean, lagun artean, normalean elkar ezagutzen dutenen artean gertatzen dira, eta ondorioz zalantza faktorea desagertu egiten da. Gaiei dagokienean, normalean arrunt xamarrak izaten dira, alegia, egunerokotasunari loturikoak.

Neurketa egunak eta orduak

2001eko Neurketa azaroaren 7an eta 10ean egin da, hiru neurralditan: EAEn eta Nafarroa Garaian asteazkenean 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egun horietan arratsaldetan 16:00etatik 18:00etara eta goizean 10:00etatik 13:00etara. Hiru neurraldietan 750 neurtzaile inguru aritu dira datu-bilketa lanean.

Ibilbideak

Espazio publikoa aztertuko dugu, hau da, kalea. Kalea baita espazio neutralena; hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-joera, eta pentsaera ezberdinetako jendea topatuko dugun espazioa hain zuzen. Beraz, leku irekiak neurtuko ditugu: kalerik jendetsuenak, plazak, parkeak, jolastokiak, karrikak, etab. Toki itxiak: tabernak, bizilekuak, zerbitzu publikoak, lantegiak, ikastetxeak etab. neurketatik kanpo geratuko dira.

Udalerri bakoitzean ibilbide bat (edo gehiago) zehaztuko da (dira) herri tamainaren arabera. Oro har, 15.000 hiztunetik[5] beherako udalerrietan ibilbide bakarra neurtuko da, hortik gora 10.000 biztanleko ibilbide bat gehituko da[6]. Esate baterako, Bermeon (16.907 hiztun) bi ibilbide neurtuko ditugu eta Irunen (54.167) lau ibilbide.

Neurtzaileak, neurketak irauten duen ordutan, jira eta buelta ibiliko dira ibilbideetan zehar datuak biltzen. Normalean ibilbideak neurketa batetik bestera errepikatu egiten dira, lau urtetan herriko kale jendetsuenei dagokienez aldaketarik ez bada behinik behin, izan ere, gune berriak sortu badira ¾espazio urbanizatu berriak eraiki direlako¾ ibilbideak egokitu egingo dira.

Datu-bilketa

Neurtzaileak ibilbidean zehar entzuten dituen elkarrizketak neurtuko ditu, nahiz kasu askotan ez dituen elkarrizketan parte hartzen duten kide guztiak hizketan entzungo. Dena den, kide guztien datuak jasoko dira, eta entzun diren pertsonek darabilten hizkuntza guztiei aplikatuko zaie, normalean elkarrizketa hizkuntza bakarrean gertatzen baita. Gerta liteke tarteka beste hizkuntza bateko hitzak edo esaldiak sartzea –egiaz, sarritan gertatzen da hori- baina elkarrizketan beti hizkuntza bat gailentzen da, eta hori da elkarrizketa-hizkuntza bezala jasoko duguna. Hala bada, elkarrizketan parte hartzen duten kide guztiak (hiztun zein entzule gisa) kontsideratuko dira neurtuak.

Neurtutako aldagaiak

Neurtutako pertsonek erabiltzen duten hizkuntza jasotzeaz gain lagun horien zenbait ezaugarri ere jasoko dira, hala nola, adina, talde tamaina, sexua eta hiztunen artean haurrik badagoen ala ez.

Adin taldeak
Lau adin talde bereizi dira: haurrak (0-14 urte), gazteak (15-24 urte), helduak (25-64 urte), eta adinekoak (65 urtetik gorakoak). Neurtutako pertsonen adina estimatuko du neurtzaileak , beti ere, ezer galdetu gabe.
Talde tamaina
Neurtutakoak bikoteka, hirukoteka, laukoteka, boskoteka edo talde handiagoan doazen jasoko dugu. Datu horiek J.L Alvarez Enparantzak -Txillardegik- sortutako eta Xabier Isasi Balantzategik garatutako eredu matematikoa lantzeko erabiliko dugu.
Sexua
Sexuaren aldagaiari dagokionean, besterik gabe, neurtutakoa emakumezkoa ala gizonezkoa den jasoko da
Haurren presentzia
Haurren presentziaren aldagaia ere oso interesgarria da. Neurketarik egin gabe intuitiboki esan genezake euskararen erabilera areagotu egiten dela haurrak presente badira. Baina interesgarria da eragin hori ¾euskararen erabilera areagotze hori¾ kuantifikatzea eta aurrera begira bilakaera aztertzea.
Bi eredu landu dira haurren presentzia aztertzeko:

I. 97ko Kale Neurketan, neurtu zen lehenengo aldian aldagai hori, hiru kategoriatan bildu ziren emaitzak:

· Adin taldeak nahastu gabe: haurren arteko elkarrizketa; gazteen arteko elkarrizketa; helduen arteko elkarrizketa; edo zaharren arteko elkarrizketa.
· Adin taldeak haurrekin nahastuta: haur eta gazteen artean; haur eta helduen artean; haur, gazte eta zaharren artean; etab.
· Adin taldeak nahastuta baina haurrik gabe: gazte eta helduen artean; gazte, heldu eta zaharren artean; etab.

Esan bezala, eredu honekin neurtu zen estreinakoz haurren presentzia. Horrela jakin genuen haurrak egonez gero, oro har, erabilera %47an areagotzen zela.

Dudarik gabe emaitza interesgarria bada ere, ezin dugu jakin elkarrizketa horietan haurrak daudenean zuzenean beraiekin hitz egiten duten ala ez. Hau da, badakigu haurrak presente daudela baina ez elkarrizketan parte hartzen duten ala ez. Esate baterako, guraso batzuk topatzen baditugu haur batekin, hirugarren kategorian neurtuko ditugu “"adin taldeak haurrekin nahastuta". Baina ez da gauza bera ama eta aitaren arteko elkarrizketa, edota ama eta haurraren artekoa. Hutsune horri aurre egiteko bigarren eredua landu da.

II. 2001eko Kale Neurketan erabili dugu bigarren eredu hau. Lehenik eta behin, aurreko ereduarekin lortutako emaitzak alderatu ahal izatea lehenetsi dugu. Hau da, emaitzei dagokienez, bi kategoria nagusiak izango ditugu “"haurren presentzia ez" eta "“haurren presentzia bai". Eta azken honetan haurrak mintzakide diren ala ez jasoko dugu. Beraz, ondoko kategoria hauek izango ditugu:

· Haurren presentziarik ez: nagusien arteko elkarrizketa.
· Haurren presentzia bai:
- Haur/Nagusi/Haur arteko elkarrizketa: haur eta gazteen arteko elkarrizketa; haur eta helduen artekoa; haur, heldu eta adinekoen artekoa; etab. Beraz, atal honetan elkarrizketan partehartze zuzena duten kideak bakarrik neurtu dira.
- Haurren arteko elkarrizketa
- Nagusien arteko elkarrizketa (haurrak ez dira mintzakide): esate baterako, haurrak helduekin daude baina elkarrizketa helduen artean ematen da.

Dudarik gabe, euskararen erabileraren diagnosirako, haurren presentzia ez ezik, horiek mintzakide diren ala ez neurtzea ere oso baliagarria zaigu.

Ponderazioak

Erabileraren IV. Kale Neurketaren emaitzak (173 udalerrietakoak) bildu ondoren, bi ariketa egin dira:

1. Udalerri bakoitzean neurtutako pertsona kopuruari, bertako hiztun-komunitate osoaren pisua emango zaio.
2. Hego Euskal Herrian biztanleria-tamainaren eta ezagutzaren araberako sortu diren 12 tipologietan, bakoitzean neurtutako %10aren batezbestekoa gainontzeko %90ari aplikatuko zaio.

Hortaz, ponderazio horiek eginda, Euskal Herriko udalerri guztien datuak izango ditugu, bakoitzak biztanleria tamainaren araberako pisua duela.

Emaitzen fidagarritasuna

Kale Neurketak hamabi urteko ibilbidea du eta dagoeneko metodoa aski kontrastatua dago. Emaitzak adierazgarriak dira eskualde, lurralde eta Euskal Herri mailan. Ez ordea udalerri mailan, udalerri gehienetan jasotako elkarrizketa kopurua ez baita nahikoa ondorioak ateratzeko.

Dena den, emaitzak sinesgarriak badira ere, horrek ez du esan nahi interpretazio guztiak hala direnik. Interpretaziorako bi ohar hartu behar dira kontuan: batetik, kaleko elkarrizketetan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtu da (eta ez zenbat euskaldunek hitz egiten dugun euskaraz); bestetik, portzentaia zehatzak baino esanguratsuagoa da urtetan datuek erakusten duten joera.

[1] BAT Soziolinguistika aldizkaria, 3/4 alea (1991).

[2] Biztanleriaz aritzerakoan hiztunak hartu dira kontuan, hau da, bi urte edo gehiago dituen biztanlea.

[3] Nafarroa Beherean eta Zuberoan sei udalerri besterik ez ditugunez neurtu, Iparraldeko hiru lurraldeak ez dira bereiziko, eta Iparraldeko datuez arituko gara.

[4] BAT Soziolinguistika aldizkaria, 3/4 alea (1991).

[5] Bi urteko edo gehiagoko biztanleak hartzen ditugu hiztuntzat.

[6] Salbuespen batzuk badira, esate baterako, Pasaiari tamainaren arabera (17.003 hiztun) bi ibilbide dagozkion arren, hiru ibilbide neurtuko dira beste hainbeste gune daudelako.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Olatz Altuna
Urtea: 
2002