EAEko ikasleen eskola-giroko euskararen erabilera aztertzen dute ikerketa-ildo zabal eta sakon honen bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak.
Donostian egin da emaitzon aurkezpena eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzaren aldetik Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria Lucia Torrealday eta Soziolinguistika Klusterraren aldetik Iñaki Martinez de Luna ikerketaren zuzendaria.
Hiru dira ikerketaren helburu nagusiak:
- EAEko ikasleen eskola giroko hizkuntza erabilerak –eta bereziki, euskarazko jarduna– zer-nolakoak eta zenbatekoak diren aztertzea.
- Erabilera horien gorabeherak ongien iragartzen dituzten faktoreak identifikatzea.
- Hori guztia kontuan izanik, euskararen erabilera (eskola-munduan) normaltzeko egiten diren ekinaldiei etekinik hoberena nola atera pentsatzeko eta adosteko ebidentzia enpiriko garrantzitsua bildu eta sistematizatzea.
ARRUEn aztertzen diren datuak Ebaluazio Diagnostikoaren baitan jaso izan dira 2011n, 2013n eta 2015en, Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan. Guztira ikasmaila bakoitzean 19.000 ikasle baino gehiagoren datuak jaso dira.
Ikerketan eskola giroko hainbat hizkuntza-erabilera daturen arteko alderaketa egiten da: ikasleen artekoa gela barruan, ikasleen artekoa jolaslekuan, ikasleena irakasleekin gelan, ikasleena irakasleekin gelatik kanpo eta guzti hauetatik elikatuz sortzen den «eskolako erabilera orokorra» indizea. Solaskide eta eremu desberdinen arabera ematen den hizkuntza-erabilerak alderatzeaz gain, datuak ikasleen hamarnaka ezaugarrirekin gurutzatuta aztertzen dira gaur aurkeztutako txostenetan. Bereziki nabarmentzekoa da ARRUE ikerketaren ibilbidean lehen aldiz izaera longitudinaleko azterketa egin ahal izan dela: denboran zehar gizatalde berak izandako bilakaera aztertu da. Izan ere, 2011n LMH4n neurtu ziren ikasleak dira 2015ean DBH2n neurtu diren berberak, neurri handian.
Ikusi agerraldiko PRENTSA-OHARRA
ikusi agerraldiaren BIDEOA
Ikusi ikerketaren ezaugarri eta emaitza guztiak xehetasunean: TXOSTEN TEKNIKOA