“Komunikaziorako konpetentzia praktikoa eta eraginkorra eskuratzeko” bidea egiteari (Heziberri 2020) heldu nahi zaio ahozko hizkuntza ardatz duen egitasmo honetan, ulertuta hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarrituta eraiki daitekeela. Era berean, “Tolosako laborategia” ikerketako eskarmentua baliatzen ari da trebakuntza-ikerkuntza honetan. Zehazki, testuinguru erdaldunetan ikasleen ahozko hizkuntzaren gaitasunari eta erabilerari buruz ikertu nahi da. Material berria sortu nahi da eta ikasleen komunikaziorako konpetentzietan sakondu, irakasleen prestakuntzarekin uztartuta. Hiru urteko proiektuan, hainbat metodologia probatuko dira; hala, ikasturte honetan Sekuentzia Didaktikoa (Schneuwly et al., 1993, 1998) metodologiaren gainean egin da ikerketa-lana. Testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako Lehen Hezkuntzako 5. mailarako bi Sekuentzia Didaktiko diseinatu, inplementatu eta baloratuko dira.
2017ko udazkenean, Berba-lapiko programa abiatu zen, testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan kokatuta dauden ikastetxeetan ahozkoaren gaineko ikerketa garatzeko helburuz. Ulertuta hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarrituta eraiki daitekeela, testuinguru erdaldunetan ikasleen ahozko aurrerapenetan eragiten duten adierazleak bilatu nahi dira, material berria sortu eta ikasleen komunikaziorako konpetentzietan sakondu, irakasleen prestakuntzarekin uztartuta.
2020an batetik, Hizkuntza-errutinen metodologia Lehen Hezkuntzako (LH) 3. mailan frogatu da eta emaitzak aztertu dira. Bestetik, aurreikusita zegoen udaberrian LHko beheko mailetan ere ikerketa burutzea, baina, covid-19a tarteko, esku-hartze guztiak bertan behera geratu dira. Hori dela-eta, lehentasuna eman zaio ikerketa honetako emaitzak nola zabaldu antolatzeari. Era berean, LHko beheko mailetarako material didaktikoak sortzen jarraitu da.
Zuzendariak: Agurtzane Azpeitia eta Idurre Alonso (HUHEZI)
SL Klusterreko langilea: Olatz Bengoetxea
Partaideak: Rontegi eskola, Muskizko ikastola, Berritzeguneetako aholkulariak, EHUko ELEBILAB iker-taldeko kideak
Babeslea: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Saila