Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Berba-lapiko proiektua

“Komunikaziorako konpetentzia praktikoa eta eraginkorra eskuratzeko” bidea egiteari (Heziberri 2020) heldu nahi zaio ahozko hizkuntza ardatz duen egitasmo honetan, ulertuta hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarrituta eraiki daitekeela. Era berean, “Tolosako laborategia” ikerketako eskarmentua baliatzen ari da trebakuntza-ikerkuntza honetan. Zehazki, testuinguru erdaldunetan ikasleen ahozko hizkuntzaren gaitasunari eta erabilerari buruz ikertu nahi da. Material berria sortu nahi da eta ikasleen komunikaziorako konpetentzietan sakondu, irakasleen prestakuntzarekin uztartuta. Hiru urteko proiektuan, hainbat metodologia probatuko dira; hala, ikasturte honetan Sekuentzia Didaktikoa (Schneuwly et al., 1993, 1998) metodologiaren gainean egin da ikerketa-lana. Testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako Lehen Hezkuntzako 5. mailarako bi Sekuentzia Didaktiko diseinatu, inplementatu eta baloratuko dira.

2017ko udazkenean, Berba-lapiko programa abiatu zen, testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan kokatuta dauden ikastetxeetan ahozkoaren gaineko ikerketa garatzeko helburuz. Ulertuta hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarrituta eraiki daitekeela, testuinguru erdaldunetan ikasleen ahozko aurrerapenetan eragiten duten adierazleak bilatu nahi dira, material berria sortu eta ikasleen komunikaziorako konpetentzietan sakondu, irakasleen prestakuntzarekin uztartuta.

2020an batetik, Hizkuntza-errutinen metodologia Lehen Hezkuntzako (LH) 3. mailan frogatu da eta emaitzak aztertu ziren. Bestetik, aurreikusita zegoen udaberrian LHko beheko mailetan ere ikerketa burutzea, baina, covid-19a tarteko, esku-hartze guztiak bertan behera geratu ziren. Hori dela-eta, lehentasuna eman zitzaion ikerketa honetako emaitzak nola zabaldu antolatzeari. Era berean, LHko beheko mailetarako material didaktikoak sortzen jarraitu zen.

2021ean metodologietako bat (Hizkuntza-errutinaren metodologia) Lehen Hezkuntzako 2. mailan frogatzeko lanak abiatu ziren. Dena den, COVID-19a tarteko, esku-hartze horiek eten egin behar izan ziren eta 2022/2023 ikasturterako prestaketei ekin zitzaien. Era berean LH1. mailako ikasleen ahozko konpetentzien diagnosia abiatu zen. Berba-lapiko proiektua antzeko testuingurutan dauden ikastetxeetara nola hedatu aztertu zen, gainera.

2022 urteari dagokionez, batetik, hasiera-hasieratik martxan zegoen ikastetxeetan (Rontegi Eskola eta Muskizko ikastola) ikerketari amaiera eman zitzaion LH1.zikloan. Aurrerantzean, ikastetxe horietan Berba-lapiko egitasmoa txertatuta geratu da.

Bestetik, bi ikastetxe horietan lehenago probatu eta garatutako metodologiak EAEn antzeko testuinguruan dauden 17 ikastetxetara hedatu ziren. Horretarako, Hezkuntza saileko Hizkuntza Normalizaziorako Aholkulariekin elkarlanean eskolei prestakuntza eta gertuko jarraipena eskaini zitzaien. Proiektua pausoz pauso hasi zen txertatzen eskola berrietan, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan.

Hirugarrenik, 17 ikastetxe horietako batzuk ikerketa berri batean parte hartu zuten: Berba-lapiko 2.0. Irakasleengan eta ikasleengan proiektua inplementatu ondorengo inpaktua eta aldaketak neurtzeko helburuz.

 

Zuzendaria: Agurtzane Azpeitia (MU-HUHEZI)

Soziolinguistika Klusterreko lantaldea: Olatz Bengoetxea, Paula Laita, Isabel Godinez, Lander Ilarraz eta Arantza Egiguren.

Laguntzaileak: Berritzeguneetako aholkulariak, EHUko ELEBILAB iker-taldeko kideak

Babeslea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila