Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Euskara Kirolkide

Euskara Kirolkide proiektuaren abiapuntu  D ereduko kirola (2016-2018) ikerketa-proiektua da. 2018. urtean amaitutako ikerketa horren ondorioetan agertu zen, besteak beste, kirol klubak euskararentzako gune babestu bilakatzeko beharra, gazteen eskolaz kanpoko aisialdian euskarak presentzia handiagoa har dezan. Gune babestu hori sortzeko, ordea, funtsezkoa da kirolak oso bereak dituen ezaugarriak kontuan izatea esku-hartzeak diseinatzean.

Zein neurri hartu behar lituzkete klubek euskararen babesgune izateko? Erronka horri heldu nahi dio Euskara Kirolkide ikerketa aplikatuak. Azken finean, euskara-gazteak-kirola hirukoteak osatzen duen eremua hobeto ezagutu nahi du, bertan esku-hartzeak diseinatu ahal izateko. Zehazki, honako helburu hauek ditu 2020-2022 urte bitartean garatuko den ziklok:

  1. Kluba euskararen babesgune gisa definitzea. Euskararentzako kirol-aisialdi babestua zertan datzan zehaztea, kirol kluben ikuspegitik.
  2. Definizio hori kirol eremuan parte hartzen duten eragileekin edo protagonistekin kontrastatzea edo testatzea:
    1. Klubaren zuzendaritza-taldearen eta bertako laguntzaileen nahiz langileen errealitateetara hurbiltzea babesgunearen kontzeptu hori.
    2. Entrenatzailearen figurari dagokionez, kluba euskararentzako babesgune izateko beharrezkotzat jotzen dituzten baldintzak, elementuak edo baliabideak hautematea.
  3. Euskararen babesgune izateko norabidean, kirol klubentzat baliagarri izan daitezkeen material edo tresna praktikoak sortzea.

2020an, nagusiki, Euskara Kirolkide ikerketa aplikatuaren ziklo berria definitu da, proiektuaren sustatzaileen eta babesle-partaideen artean.

Helburu nagusia da kirol kluba euskararen babesgune gisa definitzea, hau da, euskararentzako kirol aisialdi babestua zertan datzan zehaztea, kirol kluben ikuspegitik. Gainera, definizio hori kirol eremuan parte hartzen duten eragileekin eta protagonistekin kontrastatuko da, eta, babesgune izateko bide horretan, kirol klubentzako proposamen praktikoak irudikatuko dira.

Literatura zientifikoaren azterketa egin da eta gazteak eta euskarari buruzko oinarri teoriko-kontzeptual eguneratua osatu da, arreta berezia ipiniz aisialdiaren eta kirolaren eremuari. Era berean, ikerketa-ziklo berriko landa-lanean parte hartuko duten kirol klubak hautatu eta egitasmoan parte hartzeko proposamena luzatu zaie.

Horrez gain, “D ereduko kirola” ikerketa-ekintzan esku-hartzerako erabilitako materiala kirol klubek aplika dezaten prestatzeko bideaz egin da gogoeta. Horretarako, irailean mintegia antolatu zen alorreko profesionalekin batera, eta ekarpen guztiekin irudikatu da kirol taldeetako dinamiketan eragiteko tresna praktikoa.

Proiektuaren oinarri gisa baliatzen ari den Lanketa Teoriko-Kontzeptualaren txostena irakurgai dago.

Zuzendaria: Jone Miren Hernandez (EHU)
Bulegoko langileak: Maialen Iñarra Arregi
Partaideak Nekane Jauregi eta Beñat Egues (GFA- Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza)

Oihana Zunzunegi (GFA- Kirol Zuzendaritza)

Jon Aizpurua (EJ- Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)

Joseba Bujanda eta Endika Muruamendiaraz (EJ- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza)

Estiñe Astorkia (Artez)

Aritz Olagoi (Kirolean Euskaraz)

Babesle-laguntzaileak     Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza

Menua