Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Itzulinguru

Itzultzaile neuronalen erabilera hizkuntza-jarduera arautuetan: Distortsioak, gatazkak, egokitzapenak eta berrikuntzak

Hizkuntza-teknologien azken aldiko garapenak pertsonen eguneroko bizimoduan aldaketak ekarri dituzte eta hurrengo urteetan are aldaketa handiagoak ekarriko dituztenaren ustea oso zabaldua dago. Adimen artifizialaren bidetik, pertsonen gero eta jarduera gehiago teknologiak mediatizatuak izango dira. Hizkuntzei dagokienez ere eragina berebizikoa izango dela aurresan daiteke. Hizkuntza gutxituaren ikuspegitik, euskara egoera soziolinguistiko zaurgarrian dagoela kontuan harturik, era honetako aldaketa global eta sakonen eragina hil ala bizikoa izan daiteke. Euskararen biziberritzearen eta soziolinguistikaren begietatik, beraz, hizkuntza teknologien eragina, teknologia hauen aplikazioa eta erabilerak interes biziko aztergaiak dira. Proiektu hau bide horretatik proposatutako ikerketa-ekintza egitasmoa da.

Aztergaia

Gaur egun euskaraz nahiko garapen teknologiko maila aurreratua duelako eta gizarteko testuinguru arrunt eta anitzetan baliatzen den tresna delako, proposatzen da aztergaia izatea itzultzaile neuronalen inpaktua euskararen erabilera aplikatu kasuetan. Hala ere, egitasmo hau ildo orokorrago baten abiapuntu gisa ulertzen da. 18 hilabeteko epean itzultzaile neuronalarekin egingo den esperientzia hau, aurrerago adimen artifizialaren bestelako aplikazioak eta hauen efektu soziolinguistikoak aztertzeko oinarri izango da. Beste hizkuntza teknologia batzuk agertu eta, neurri batean, gizarte-bizitzan errotu ahala, hauen erabilera moduak eta dituzten ondorioak monitorizatzeko ildoa iraunkortzea beharrezko ikusten da, teknologia hauen berrikuntza eta inpaktua esanguratsua eta etengabea izango dela aurreikusten dugun heinean.

Helburuak

  1. Itzultzaile neuronalek gizarte testuinguru desberdinetako jarduera-sistema arautuetan eragiten dituzten eraldaketak, erabilerak, ahalmen berriak eta berrikuntza disruptiboak zein diren zehaztea.
  2. Hainbat esku hartze diseinatzea eta proban jartzea, jarduera-mota bakoitzean itzultzaile neuronalaren erabilera egokia, erosoa eta eraginkorra egiteko xedez.
  3. Identifikatzea zein diren landu beharreko ahalmen berriak eta arau berriak, euskara biziberritzearen ikuspegitik, itzultzaile neuronala maila praktikoan erabiltzeko.

Egitasmoa

Gaur egun gizarteko eremu desberdinetan (enpresak, administrazioa, osasungintza, bigarren hezkuntza, unibertsitatea, euskaltegiak eta hedabideak) itzultzaile neuronala nola erabiltzen den eta euskararen erabileran zein ondorio dituen aztertuko da alde batetik. Beste alde batetik, itzultzailea erabiltzeko modu desberdinak praktikan jarriko dira proban denetariko 25 erakunde baino gehiagotan. Ondoren 25 esku hartze horietan gertatutakoaikusitakoa eta ikasitakoaren gainean hausnarketa egingo da. Proiektuaren azken emaitza, egindako azterketa eta esku hartzeetatik eratorriko dena, itzultzaile neuronala egoki, gure mesedetan, erabiltzeko irizpide eta gomendioak izango dira. Euskararen erabilerari, hizkuntza-kalitateari eta erakundeen funtzionamenduari positiboki ekarpena egiten dien tresna izan dadin itzultzailea erabiltzeko moduak proposatuko dira.

Garapen Taldea:

  • Asier Basurto Koordinazioa (Soziolinguistika Klusterra)
  • Eduardo Apodaka Zuzendaritza eta Asier Amezaga (Innoklab – UPV/EHU)
  • Maddi Etxebarria, Amaia Jauregi eta Leire Lizarralde (Elhuyar)
  • Josu Aztiria (Orai adimen artifizialeko zentroa)
  • Aitor Ogiza (AEK)
  • Natalia Elvira (Osakidetza)
  • Beñat Erezuma (EJ Hezkuntza Saila – Berritzeguneak)
  • Igor Astibia eta Iñaki Lasa (Hekimen)

Babesleak:

  • Eusko Jaurlaritza. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
  • Bizkaiko Foru Aldundia. Euskara Zuzendaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia. Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza