Urriaren 1ean Frisiako NHL-Stenden Unibertsitateko hezkuntza arloko 20 ikasle eta irakasle baino gehiagoko taldeak bisita egin du Martin Ugalde Parkera, Soziolinguistika Klusterraren lana ezagutzeko. Euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorraren berri eman diete Soziolinguistika Klusterreko ikerlari Paula Laitak, Miren Otxotorenak eta Imanol Larrea zuzendariak. Horrez gain, euskara biziberritzeko ikergunearen oinarriak, antolakuntza, lan-moldeak eta ikerlerroak ezagutzeko aukera izan dute. Frisiar bisitarien interes gune nagusia hizkuntza gutxituaren biziberritzean hezkuntza-eremuak joka dezakeen papera zenez, Euskal Herriko hezkuntza sistemen deskribapenak eta Soziolinguistika Klusterrak arlo horretan aurrera eramaten dituen proiektuen aurkezpenak hartu dute bileraren zatirik handiena.


Arreta berezia eskaini zaio ingurune erdaldunetako eskoletan ahozko komunikazioa lantzen duen Berba-lapiko proiektuari. Azken zortzi urteetan ikerketa mailan, esperientzia pilotu mailan eta inplementazio mailan eman diren urratsak ezagutu zituzten eta frisieraren inguruan jorratu ahal izateko aukerak aztertu zituzten.
Taldeak Euskal Herrian egin dituen egunetan ikastetxeak eta hainbat unibertsitatetako hezkuntza fakultateak ezagutzeko baliatu du aukera.