Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Gazteen hizkuntza errealitatea aztertuko da Euskal Soziolinguistika Jardunaldian urriaren 28an

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egingo da, Eskoriatzan, eta goiz eta arratsaldeko egitaraua izango du.

Hainbat ikerketa eta esku hartzeren emaitzak eta ondorioak aurkeztuko dira, gazte eta nerabeen artean euskararen biziberritzearen alde egiteko erronkak identifikatzeko asmoz.

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen urteroko zitan euskal soziolinguistikaren inguruan diharduten ikerlari, teknikari eta ekintzaileen topaketarako aukera izango da.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldien hamabigarren edizioa Eskoriatzan egingo da urriaren 28an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldiak aukera emango du gazte eta nerabeen esparruan euskararen biziberritzearen ikuspegitik aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak ezagutu eta lantzeko. Presentzialki parte hartu edo streaming bidez jarraitu nahi dutenek izena eman dezakete soziolinguistika.eus/jardunaldia web orrian.

Egitarauari dagokionez, hiru bloke nagusitan banatuko da:

Lehenengo zatian, Soziolinguistika Klusterraren hiru proiektutan oinarritutako hitzaldiak izango dira. Lehendabizi, Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia ikerketaren emaitzak aurkeztuko dira. Ikerketaren txostena iraila amaieran kaleratu berri da eta Jardunaldian lehen aldiz aurkeztuko dute Jone Miren Hernandez eta Olatz Altuna ikerlariek jendaurrean. Bigarren hitzaldia Arrue proiektuaren ingurukoa izango da. Soziolinguistika Klusterrak 15 bat urte daramatza eskola-giroko hizkuntza erabilera ikertzen eta bide horretatik ateratako hainbat irakaspen plazaratuko dituzte Iñaki Martinez de Luna eta Maialen Iñarrak. Hirugarren hitzaldian, Soziolinguistika Klusterrak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean garatzen duten Berba-lapiko proiektuaren ingurukoa izango da. Agurtzane Azpeitia, Idurre Alonso eta Olatz Bengoetxeak euskararen ezagutza baxueneko ingurune soziolinguistikoetako ikastetxeetan ahozko komunikazioan eragiten duten hainbat gako izango dituzte mintzagai.

Bigarren blokean hamar ikerketa eta esku-hartze proiekturen aurkezpen laburrak izango dira. Bi paneletan antolatuta egongo dira. Aisialdia, hezkuntza, kirola, unibertsitatea eta kulturgintzaren eremutik, besteak beste, gazteen eta nerabeen hizkuntza praktikak, gaitasunak eta bizipenak ulertzeko baliabide izango dira aurkezpen hauek. Eremu akademikoko eta aplikatuko ikerlari eta eragileak arduratuko dira beren ikerlanak eta esperientziak kontatzeaz.

Azkenik, jardunaldia borobiltzeko, mahai-ingurua egingo dute hiru ikerlarik. Jone Miren Hernandez (Euskal Herriko Unibertsitatea), Jone Goirigolzarri (Deustuko Unibertsitatea) eta Pablo Suberbiolak (Soziolinguistika Klusterra) gazteen errealitate soziolinguistikoari erreparatuz, euskararen biziberritzerako erronka nagusiak eta lehentasunezko eginbeharrak identifikatzeko saiakera egingo dute. Egunean zehar aurkeztutako ikerketa eta ideiak oinarri, gaiari ikuspegi integraletik helduko diote solasaldian.

Jardunaldian izena emateko epea zabalik da, urriaren 23a arte. 55 euroko prezioa du matrikula arruntak; 40 euroko prezio murriztua dago ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat; streaming emanaldira sarbidea lor daiteke 15 euroren truke.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN