Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Euskararen indar- eta ahulezi-printzak Iparraldean aztergai Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 118. zenbakian

Argitaratu berri da Ipar Euskal Herriko euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko Bat Soziolinguistika Aldizkariaren zenbaki monografikoa. Bertan irakurgai diren egileak eta artikuluak honakoak dira:

Jean-Baptiste Coyos. Euskararen indarrak eta ahuleziak gaur egun Ipar Euskal Herrian: hizkuntza-bizindarra

Artikuluan euskararen bizindarra ebaluatzeko adierazle sozialak aztertzen dira euskararen ezagutza, erabilera eta betetzen dituen funtzioak eta erabilera esparruak, hiztunen jarrerak, onarpen publikoa eta botere publikoen politikak, besteak beste.

Eneritz Zabaleta Apaolaza. Zein lege babes hizkuntza politikarentzat Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan?

2000 hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko anbiziozko politikak onartu dira Iparraldean, baina egunerokoan txertatzeko talkak sortzen dira frantsesaren monopolioa antolatu duen ordenamendu juridikoarekin. Euskararen politikak babesteko ezinbestekoa da lege erreforma bat, baina Frantziako identitate konstituzionala goitik behera aldatu beharra ezinbestekoa litzateke.

Xan Aire. Motibazio sozialaren printzak, ikastetxetik plazara

Zerk motibatzen gaitu euskara esparru sozial guztietan erabiltzeko, Ipar Euskal Herrian? Artikuluak galdera horren inguruko pistak eta korapiloak abordatzen ditu, ikastetxeetako eremu espezifikoan eta jendarteko eremu hedatuagoan kokatuz.

Xantiana Etxebest. Euskara eta irakaskuntza

Euskarak irakaskuntzan duen garrantzia edo euskarazko irakaskuntzak duen garrantzia desberdinak dira baina biak nahitaezkoak dira. Egoera diglosiko honek erakusten digu  hezkuntza behar dela hizkuntzaren biziarazteko eta hizkuntza behar dela euskaldunen hezkuntza biziarazteko.

Argia Olçomendy. Euskararen lekua Ipar Euskal Herriko goi mailako irakaskuntzan

Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian ikasten duten ikasleen kopurua beti goiti ari da ikasketa gune frankotan banatuak. Euskal kostaldea gune erakargarria bilakatu da, bere formakuntza eskaintzaren hedatzen ari da eta leku frankotako ikasleak ikasketen egitera heldu dira. Artikuluan aztertuko da zein den euskarak duen lekua formakuntza horretan.

Eguzki Urteaga. Euskararen presentzia eta aukerak. Iparraldeko unibertsitate-testuinguruan

Gaur egun, Iparraldeko unibertsitate-testuinguruan, euskararen presentzia urria bada ere, garatzeko aukera esanguratsuak ditu: euskararen ezagutzak gora 16-24 urtekoen artean, lurraldearen nortasun propioa garatzen ari da eta ikasleen eskaera geroz eta handiagoa delako, eta, Iparraldeko unibertsitate-eskaintza garatzeko borondatea agertu duelako. Baina, aukera horiek praktikara eramateko, ezinbestekoa da irakasleak euskaraz trebatzea eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzea.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN