


Soziolinguistika Klusterrak urriaren 7tik 9ra bitartean Lleidan egin den Ideoling2 – International Symposium of Language Ideologies and Attitudes kongresuan parte hartu du. Iñigo Beitiak Aldahitz ikerketaren baitan uler-saioak metodologia garatzeko lanekin lotutako komunikazioa aurkeztu du: “From barrier to bridge: Shifting Basque Language Ideologies through a Comprehension-first program (Uler-saioak)”.
Aurkezpen honetan, Uler-saioetan ibilitako parte-hartzaileek euskararekiko garatutako hizkuntza-ideologia aldaketak izan dira hizpide. Hain zuzen, 2024ean Aldahitz ikerketa-proiektuaren barruan landutako «Euskarara Hurbiltzea» lan-ildoan jasotako datu eta ondorioak aurkeztu dira.
Kongresu honetan diziplina ezberdinetako ikerlariak (soziolinguistika, hezkuntza eta pedagogia, linguistika aplikatua…) batu dira, hizkuntza-ideologien azterketa aintzat hartuta. Hizkuntza eta ideologien arteko gurutzaketak errealitate ezberdinetan nola jazotzen diren ezagutzeko aukera aberatsa izan da. Kongresuan aurkeztu diren hitzaldi eta komunikazioen artean nabarmendu dira Rob Lowe (Ochanomizu University), Nicola McLelland (University of Nottingham), Joan Pujolar (Universitat Oberta de Catalunya) eta Nicos Sifakis (University of Athens) hizlari nagusiak; eta euskararen inguruko ikerketetan oinarritutako hainbat komunikazio ere aurkeztu dira. Amaiera, berriz, Catalunyako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilariak, Xavier Vila jaunak, eman dio.

