Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Bizkaiko hizkuntza aniztasunaren mapa aurkeztu da ama hizkuntzaren nazioarteko egunaren bezperatan

Bizkaian dauden Hizkuntzen inguruko ikerketa aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, eta proiektua gidatu duten Xabier Aierdi eta Belen Urangak; zehazki Soziolinguistika Klusterrak Aldundiaren eskariz egindako lanaren ondorioak jasotzen dituen txostena. Azterketa euskara, gaztelania eta ingelesa ez diren hizkuntzen errealitatea ezagutzea izan du helburu. Bilbao diputatuak azpimarratu duenez “Bizkaian ditugun hizkuntza guztiak ditugu aberasgarri, eta nahiko genuke gainera guzti horiek euskara ere etxeko sentitzea, edota zubigile ikustea, euskarara hurbiltzeko gogoa eta ilusioa izatea, eta beraien hizkuntzekin batera euskara bera ere beraientzat hartzea.”

2019. urtean Bizkaian 115.686 biztanle ziren jatorria atzerritarra zutenak, biztanleriaren %10. Horietatik 93.878 biztanle (%81,1) dira hogei estatu nagusitatik etorritakoak. Horien artean, gaztelania jatorri hizkuntza ofiziala duten hamar estatu dira: Kolonbia, Bolivia, Paraguai, Nikaragua, Venezuela, Ekuador, Peru, Argentina, Honduras eta Kuba; orotara, 50.230 biztanle.

Jatorri estatuaren araberakoa da Bizkaiko hizkuntza aniztasuna. Hiztun gehien dituzten hamar hizkuntzek 1.400 hiztun baino gehiago dauzkate eta, horietako hiruk, 10.000 biztanletik gora. Gaztelania aparte utzita, Espainiar estatuko beste hizkuntzek presentzia handia daukate Bizkaian: 25.697 biztanlek dute galiziera jatorri hizkuntza gisa eta katalana 7.018 biztanlek.

Marokotik eta Aljeriatik etorritako biztanleak kontuan hartuz, arabierak ere presentzia esanguratsua du Bizkaian. Arabiera eta Tamazight jatorri hizkuntza gisa daukate 13.435 biztanlek.

Jatorria Portugalen edo Brasilen duten biztanleak, berriz, 5.793 dira eta portugesa dute jatorri-hizkuntza gisa.

Halaber, ondorengo jatorri-hizkuntzetako bat daukaten biztanleen kopurua altua da Bizkaian: errumaniera (11.119), mandarin txinera edota kantonera (4.159), frantsesa (2.529), baita Senegalen jatorria duten Wolof, fula edota serer hizkuntza (hiru horien artean 3.259); bestalde, Nigeriatik etorritakoak Jorubera, igboera eta hausa hizkuntzak dituzte, orotara 1.877 hiztun eta Pakistanetik etorritakoen hizkuntzak (Urdu eta Punjabera) 1.477 biztanlek hitz egiten dituzte.

Azkenik, ez dira ahaztu behar jatorri-lurraldeetako hizkuntza ofizialak ez direnak, horiek presentzia txikia daukaten arren.

Jatorri atzerritarra duen populazioaren artean, leku eta presentzia berezia du gaztelania lehen hizkuntza duten biztanle kopuruak (55.592).

Orotara 120 hizkuntza inguru hitz egiten dira Bizkaian, jatorri-hizkuntzen aniztasuna kontuan izanik:

  • Europako hizkuntza ofizialak (galegoa, katalana, portugesa, alemana, errusiera, italiera, georgiera, moldaviera, poloniera, bulgariera, bielorrusiera, suediera, albaniera, greziera, lituaniera, txekiera, hungariera, armeniera, serbiera, daniera, norvegiera, finlandiera, kroaziera, letoniera, esloveniera, azerbaijanera…),
  • Ez ofizialak (erromantxea, flandesera, frisiera, galesera edota eskoziako edo irlandako gaelikoa, besteak beste);
  • Amerikan jatorria duten guarania, kitxua, ketxua, aimara, ingelesa, nahuatl, mapudungun.
  • Afrikatik etorri diren kikongo, lingala, swahili, fula, soninkera, wolofera, amarhera, sothoera, swaziera, jorubera, igboera, fula, bubiera, sekiera, moorea, diolera, akanera, fang, bubiera, kombo, mandinkera, pulaarera, besteak beste.
  • Asiatik nepalera, bengalera, indi, asamera, bodoera, vietnamera, japoniera, indonesiera, kazakhera, persiera, paxtunera, mongoliera, malaysiera, besteak beste.
  • Ozeaniatik Maoriera, fijiera, tagalo, samoera…
  • Bizkaiko Eskualdeak kontuan hartuta, gaztelania eta euskara alde batera utzita, hauek dira atzerriko hizkuntzen presentzia:
  • Bilbo Handian eta Arratia-Nerbioin gehien hitz egiten diren hizkuntzak arabiera eta tamazight dira (Maroko eta Aljeria): atzerritar jatorriko biztanleen % 32 eta %49,9ren hizkuntzak dira, hurrenez hurren.
  • Durangaldean, Gernika-Bermeon (bereziki) eta Enkarterrin, berriz, presentzia handia du errumanierak: atzerritar jatorriko biztanleen % 34, % 61,4 eta % 34,2ren hizkuntzak dira, hurrenez hurren.
  • Plentzia eta Mungian, portugesa jatorri hizkuntza duten biztanle ugari daude: atzerritar jatorriko biztanleen % 30en hizkuntza da.
  • Lea-Artibain, presentzia handia dute Senegaleko hizkuntzek (wolof, fula, serer…): atzerritar jatorriko biztanleen % 47,3ren hizkuntza da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN