Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Berba-lapiko eta Berbekin proiektuen gaineko aurkezpenak Eskola Hiztun Bila jardunaldietan

Eusko Jaurlaritzaren Ulibarri programaren baitan EAEko ikastetxeetako hizkuntza normalkuntza teknikari eta irakasleei zuzenduta urtero antolatzen diren Eskola Hiztun Bila jardunaldien 2022ko edizioa Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egin dira urriaren 25 eta 26an. Bertan, besteak beste, tokia izan dute Soziolinguistika Klusterraren bi proiektuk.

Alde batetik, “Berba-lapiko: Lehen Hezkuntzan ahozkoan eragiteko egitasmo bat” aurkeztu dute Muskizko Ikastolako eta Rontegiko ikastetxeko arduradunek. Berba-lapiko proiektua 2017an abiatu zenetik egindako ibilbide oparoaren berri eman dute: Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarren mailara bitartean ekintza-ikerketa bideratu da, oso testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan kokatutako ikastetxeetan ahozkoan aurrera egiteko adierazleak bilatuz. Muskizko ikastolako Xabier Cabodevilla zuzendariak eta Xabier Villanueva irakasleak Lehen Hezkuntzako 3. zikloan izandako esperientziaren berri eman dute. Rontegiko ikastetxeko Agueda Larrazabal irakasleak, aldiz, Lehen Hezkuntzako 1. zikloan egindako ikerketan izandako eskarmentua partekatu du.

Beste alde batetik, Bergaran garatutako Berbekin proiektuaren harira, “Berbekin, Urrezko txantxangorria: Ahozkotasuna helburu, harremanak erdigunean” aurkezpena egin dute Mariaren Lagundia Ikastolako zuzendari Nagore Muruak eta irakasle Maite Iñarrak. Urrezko Txantxangorriaren bitartez, irakasleei edozein irakasgaietan ahozko-elkarrekintza sustatzeko bideak lantzen dira eta egunerokotasunean harremanen zaintzari eta giro goxoari tokia egiten zaie. Urrezko Txantxangorriak oinarrian du Berbekin ikerketa-proiektua; Soziolinguistika Klusterrak 2017-2020 urteen artean Bergarako zenbait ikastetxerekin batera garatutakoa. Hizkuntzaz besteko irakasgaietan euskararen ahozko erabileran eragiteko praktika onuragarriak identifikatu ziren.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN