Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Hizkuntza gutxituen biziberritzeari buruzko mintegia Kanadako doktoregai eta ikerlariekin

Soziolinguistika Klusterreko hainbat kidek mintegia egin zuten Kanadatik etorritako 40 ikerlari eta doktoregairekin. Pierre Elliott Trudeau Fundazioak Euskal Herriko, Katalunia eta Espainiako hainbat interes-guneetara bidaia antolatu du berak emandako beka bat jaso duten pertsonekin. Bidaian zehar euren ikerketa-lana eta mundu-ikuskeran aberasgarri gerta daitezkeen gaiak ezagutzeko eta jorratzeko bisitak eta lan-saioak egin dituzte.

Urtarrilaren 19an, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen hizkuntza-gutxituen biziberritzeari buruzko goiz osoko mintegia. Saioaren antolatzaileak Lorna Williams (University of Victoria) eta Paula Laita (Soziolinguistika Klusterra) ikerlari doktoreak izan ziren. Parte hartzaileak partekatze-zirkuluan (sharing circle) bildu ziren. Hezkuntza indigenan oinarritutako metodologia baliatu zen, hainbat erritu eta praktika berezirekin kideen artean ezagutzak, esperientziak eta iritziak trukatzeko. Hitza hartu zuen Paula Laitak, bere ibilbide pertsonaletik abiatuz eta Kanadako Nenqayni ch’ih (Tŝilhqot’in hizkuntza) Yuneŝit’in komunitatean egindako hizkuntza-plana eta ikerketa azalduz [ikusi aurkezpena]. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohi Paul Bilbaok Europako hizkuntza-gutxituen egoeraren ikuspegi panoramikoa eman zuen eta euskararen aldeko gizarte mugimenduaren deskribapenarekin osatu [ikusi aurkezpena]. Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larreak euskara biziberritzeko ikergunearen ezaugarri nagusiak eta jarduteko modua azaldu zituen [ikusi aurkezpena]. Eta Lorna Williamsek Kanadako herri indigenen hizkuntza-errealitateak euskararenarekin eta Europako hizkuntza gutxituenarekin duen loturaz bere hausnarketak plazaratu zituen.

Lorna Williams doktorea Hezkuntza Indigena eta Linguistikoko irakasle emeritua da Victoriako Unibertsitatean eta Kanadako Hezkuntza eta Hizkuntza Ikerketako batzorde-burua da. Indigenen hizkuntzak suspertzeko programak garatu zituen, irakaskuntza eta ikaskuntza praktika tradizionalak erabiliz. Bere ikastaroak ere iraultzaileak izan ziren pedagogia indigena, buruzagi espiritualak eta ezagutzaz arduratzen zirenak sartzeagatik. Kanadan hizkuntzak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua indartzen ekarpen handia egin du. Victoriako Unibertsitatean, Hizkuntza Indigenak Biziberritzeko Gradu eta Master tituluen garapena abiatu zuen, baita Komunitate Indigenetan Aholkularitza Masterrarena ere. Halaber, Columbia Britainiarreko maisu-maistren hezkuntza-programa guztiek derrigorrez eman beharreko Indigenen Hezkuntza ikastaroa sortu eta ezarri zuen. 2020ko abenduan Kanadako Ordenarekin saritu zuten. 2022ko abenduaren 13an Nazio Batuen Erakundearen Parisko egoitzan 2022-2032 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada abiatzeko egindako ekitaldian hitza hartu zuen pertsonetako bat izan zen.

Honela mintzatu da, Martin Ugalde Kultur Parkean egindako mintegiari buruz: «Today we made such profound connections between people. We heard the stories of the Basque language and people, their resolve and commitment to their language and world, we learned of the European and world context of the language and we learned of the connections to Canada in the work to revitalize and to keep the language strong. It is important to share these stories of strength in communities of kindness.»

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN